Eurovision Abesti Lehiaketa
Eurovision Abesti Lehiaketa Eurovision Song Contest Concours Eurovision de la Chanson | |
---|---|
Mota | Abesti lehiaketa |
Sorrera | 1956ko maiatzaren 24a |
Sortzailea | Marcel Bezençon |
Iraupena | Finala: 3 ordu t'erdi - 4 ordu |
Hizkuntzak | Ingelesa eta frantsesa |
Ekoizlea | Europako Irrati-Telebista Batasuna |
Banatzailea | Eurovision |
Webgunea | Webgunea |
Eurovision Abesti Lehiaketa edo Eurovision (ofizialki ingelesez Eurovision Song Contest eta frantsesez Concours Eurovision de la Chanson) 1956an hasita urtero ospatzen den Europa mailako abesti lehiaketa da. San Remoko Abesti Lehiaketan oinarrituz sortua izan zen. Bertan Europako Irrati-Telebista Batasunaren kide diren herrialde ugarik hartzen dute parte beraien telebista publikoen bitartez. Herrialde partaide bakoitzak abesti bat aurkezten du, saioan zuzenean kantatua izango dena, eta beste herrialdeen ordezkaritzen artean botoak banatzen ditu, lehiaketako abesti gustukoena aukeratua izan dadin.
Kirol txapelketez aparte, munduan ikusle gehien lortzen dituen telebista saioetako bat da. Europaz gain munduko beste zenbait lekutan ere telebistaz ematen da, besteak beste Txina eta Estatu Batuetan. Australian bereziki jarraipen nabarmena du, eta honen ondorioz 2015an ezohikoz Australia parte hartzera gonbidatu zuen Europako Irrati-Telebista Batasunak. 2000 urtetik, lehiaketa Internet bidez ere jarraitu daiteke.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1950. hamarkadan, Europako Irrati-Telebista Batasunak Europako herrialdeak elkartuko zituen "entretenimendu arin telesaio" bat sortzeko komitea antolatu zuen. 1955an Monakon egindako bilera batean, Marcel Bezençon telebista suitzarreko buruak nazioarteko abesti lehiaketa bat proposatu zuen, Sanremoko kantu jaialdian oinarriturik. 1956ko maiatzak 24an gauzatu zen lehen edizioa, Luganon.
Zentzu hertsian lehiaketa osatzen duten kantetaz gain, Eurovisionen beste askotariko ikuskizun eta jarduerak ematen dira: ospatzen den hirian, jarraitzaileentzako merkataritza-eremuak instalatzen dira, eta baita EuroVillage eremua ere, non lehiaketa pantaila erraldoietan segi daitekeen. Lehiaketaren aurreko igandean, alfonbra gorriarekin irekiera zeremonia ospatu ohi da, eta emanaldietan herrialde ospatzailearen kultura ikusarazten duten saioak, lehiaketaren historiari lotutako emanaldiak eta artista gonbidatuen ikuskizunak ere txertatzen dira. Hauen artean aipatzekoak dira Madonna, Justin Timberlake, Cirque du Soleil, Aqua edo Riverdance irlandar dantza.
Kultura musikalean izandako eragina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kasu askotan, Eurovisionen parte hartzeak artista ugarirentzat musika-industrian leku bat segurtatzea suposatu du, haien herrialdean, eskualdean zein globalki. Azken hau izan da, adibidez, ABBA, Céline Dion, Julio Iglesias, Olivia Newton-John, Domenico Modugno edo Måneskinen kasua. Azken urteotan, sare sozialen laguntzarekin ere, lehiaketako kanta ugari biralizatu egin dira, hala nola, Getter Jaaniren "Rockefeller Street" (Estoniaren ordezkaria 2011an), Duncan Laurenceren "Arcade"[1] (Herbehereentzat irabazlea 2019an) edo Rosa Linnen "Snap"[2] (Armeniaren ordezkaria 2022an).
Lehiaketatik pasatu diren beste izen lokalki edo mundialki ezagunak Franco Battiato, Al Bano, Svitlana Loboda, Nana Mouskouri, Raphael, T.A.T.u., Las Ketchup, Polina Gagarina, France Gall, Plastic Bertrand, Cliff Richard, Bonnie Tyler, Cascada, Kate Ryan, Katrina and the Waves, Engelbert Humperdinck, Patricia Kaas, Umberto Tozzi, Lena, Manizha, Dana International, Dima Bilan, Loreen, Lordi, Lulu, Toto Cutugno, Sergio Dalma, Carola Häggkvist, Secret Garden, Charlotte Perrelli, Eleni Foureira, Ricchi e Poveri, Conchita Wurst, Salvador Sobral, Mahmood, Mia Martini, Hadise, Baccara, Anna Vissi, Ani Lorak, Sergey Lazarev, Zeljko Joksimovic, Samira Saïd, Tajci eta Ofra Haza dira.
Kritikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lehiaketak kritika ugari jasotzen ditu, bai musikaren kalitate ikuspuntutik, eta bai herrialdeen arteko lotura politiko, kultural eta demografikoek sailkapenean omen duten eraginagatik 2000 eta 2010ko hamarkadetan bereziki.
Musikari dagokionez, abesti partaide gehienak pop erraz eta itsaskorrenetik ateratzen ez direla leporatzen zaio lehiaketari, izan ere herrialde oso ezberdinetako ikusleen oniritzia lortzea dute helburu. Askotan hala nola deigarritasuna lortzeko musikarekin zerikusirik ez duten antzezpenak edo trikimailu ikusgarriak erabiltzea ere egotzi zaie maiz partaideei.
Festibalean irizpide politiko eztabaidagarri batzuk egon direla ere adierazi izan da.[3] Hauetako asko puntuen distribuzioarekin dute zerikusia, salatu izan baita eskualde berdinetako herrialdeek (Eskandinabia, Balkanak, Ekialdeko Europa) puntu gehienak haien artean banatzen dituztela.
Besteetan, politikak eragin garrantzitsuagoak izan ditu lehiaketan, herrialde ezberdinen partaidetzak zailduz. 70. hamarkadan, Zipreko gatazkaren harira, Turkia eta Greziak ez zuten inoiz urte berean parte hartzen. Era berean, Israelen partaidetzak Mediterraneoko herrialde arabiarren partaidetza blokeatu izan du historikoki. Hau bereziki bizi zen 1980ean, non Israelen faltak Marokoren partaidetza bakarra ahalbidetu zuen, eta 2005ean, non Libanok parte hartzeko intentzioa zeukan, baina azkenean uko egin zioten EBUk Israeldar kanta emititzera derrigortu zielako.
Azken urteotan, bereziki famatuak izan dira Ukraina eta Errusiak protagonizatutako gatazkak, hala nola 2017an, lehiaketa Ukrainan ospatu zenean, eta bertako legediaren eraginez errusiar kantariaren sarrera debekatu zenean. Egoera antzekoa bizi izan zen 2022an, non Errusiak Ukrainian eragindako inbasioarengatik Errusia lehiaketatik kanporatu zen. Beste adibideak honakoak dira:
- Austriak 1969ko edizioari uko egin zion, Madrilen ospatutakoa, ez baitzuten "herrialde diktatorial bati mesede egiten zion emanaldi baten parte izan nahi".
- Georgia 2009ko ediziotik kanporatzea. Aurreko urtean Errusiak herrialdean burututako inbasioari erantzun moduan, herrialdeak Stephane & 3G taldea hautatu zuen herrialdea Moskun ordezkatzeko, "We don't wanna put in" kantarekin. Hau Vladimir Putinen kontrako letra bezala antzeman zitekeen, eta EBUren aldatzeko eskaerei kasurik ez egin ondoren, herrialdea lehiaketatik kanporatua izan zen.
- Armeniak 2012 zein 2021eko lehiaketak bertan behera utzi behar izan zituen Azerbaijanekin izandako gatazkengatik: lehena segurtasun arazoengatik, edizioa Bakun ospatzen baitzen, eta bigarrena zuzenean Azerbaijanen erasoek eragindako krisi sozioekonomikoarengatik.
- Ukraina 2015ean erretiratu izatea 2014ko Ukraina ekialdeko gatazka armatuarengatik, Krimearen anexio errusiarra eragin zuena.
- 2021ean Bielorrusiaren kanporaketa. Aurreko urtean, herrialdeak krisi politiko sakona pairatu zuen, Aliaksandr Lukaxenka presidenteak bere bosgarren elekzioak irabazi zituen, organismo askok emaitza hauek zalantzan jarriz. Honek Bielorrusian inoiz ikusitako manifestazio handienak eragin zituen, oposizioaren errepresio bortitzarekin. Honen harira, BTRC estatu telebista kanta pisuki politikoa bidaltzen saiatu zen lehiaketara, eta sarea EBUtik kanporatua izan zen gardentasun falta eta tresna politiko bezala erabiltzeagatik.
Azkenik, herrialdeen arteko erlazioak ez ezik, hauen partaidetza berak zalantzan jarri dira, hala nola Azerbaijan, Errusia, Ukraina, Turkia eta bereziki Israelen kasuetan. Herrialde hauek haien urteroko partaidetzetan eta bereziki lehiaketa ospatzen dutenean haien irudia errepresioetaz, genozidioetaz, gerretaz eta beste ekintza politikoetaz garbitzeko erabiltzen dutela salatu da.
Islada historiko eta geopolitikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehiaketa, askotan, europar historiaren parte aktiboa izan da, eta urte ezberdinetako kantak eta ikuskizunak behatuz, kontinentearen momentuko egoeraren adierazle direla ikus daiteke. Hau ikus daiteke adibidez 90. hamarkadan, Berlingo harresia eta altzairuzko oihalaren erorketarekin, herrialde ugarik laguntasunari, esperantzari eta etorkizunari buruzko kantak bidali baitzituzten, hala nola Alemania 1988 eta 1990ean, Italia 1990ean, Bosnia-Herzegovina 1993 eta 1995ean edo Kroazia 1993ean. Besteetan, lehiaketaren bidez mezu zuzenak bidali izan zaizkie ikusleei. Adibidez, 1974ean, Portugaldar kantaren hasiera Krabelinen Iraultzarekin ekiteko seinalea izan zen, Salazar diktadorea boteretik ateratzea lortu zuena; edo 1993an, Bosnia-Herzegovinako kantaren zati handi bat ikusleei bizkarra emanda kantatu zen, Europak herrialde horretan zirauen gerraren aurrean egiten ari zena salatzeko.
Era berean, aretoan lehiaketa behatzen ari den publikoaren erreakzioek honen islada dira. Aipatzekoa da 90. hamarkadan, Europa ekialdeko herrialdeak lehen aldiz parte hartzen zutenean, txalo luze eta animo oihuak entzun zitezkeen kantak hasi baino lehen. Hauek herrialde horiek puntuak lortzean errepikatu ohi ziren. Bereziki esanguratsua izan zen 1994an Bosnia-Herzegovinako puntuak ematen ari ziren bitartean aretoak ekindako txaloka zaparrada, Sarajevoko setioa zirauelako momentu horretan. Beste kasu aipagarria 2014 eta 2015ean Errusiaren kantariei egindako txistuak dira, Ukrainako gatazkaren kontestuan.
Aldi bakarrean soilik ez da ospatu, 2020ean, COVID-19 pandemiak eragotzita. Azkenik, mundu osoan musika eta dantzari lotutako emanaldi ugari inspiratu ditu, hala nola Junior Eurovision Abesti Lehiaketa, Eurovision Dantza Lehiaketa eta formatu beraren esportazioari esker, Estatu Batuetan[4], Kanadan, Asian zein Latinoamerikan[5] lehiaketaren bertsioa adaptatzea.
Identitatea eta LGBT kolektiboarengan inpaktua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eurovisionek bere espazio kultural propioa segurtatu du urteen poderioz. Esate baterako, kitsch identitateraren inguruan erreferentzia ugari aurkitzen dira, eta pop kulturan inpaktu handia du, elementu kulturalak (bereziki musika eta dantza) eta modernotasun internazionala aldi berean erakusteko daukan gaitasuna ugaritan goraipatuz. Gaur egun, lehiaketak jarraitzaile ugari dauzka bereziki sare sozialetan, eta LGBT mugimenduaren barruan bereziki maitatua da. Izan ere, LGBT identitateen adierazpenerako bozgorailu garrantzitsua bihurtu da, bereziki 1998an, lehen irabazle transexuala izan zuenean (Israeleko Dana International) eta 2014ean, lehen drag queen irabazlearekin (Austriako Conchita Wurst). LGBT mugimenduarekiko izan duen jarrerak herrialde askotan polemikak piztu dituzte, hala nola Turkia zein Hungariaren partaidetza eta emititzeak bertan behera uztea[6].
Aurrerapauso teknologikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egoera historikoa ez ezik, lehiaketak urte guzti hauetan zehar emandako aurrerapen teknologikoak islatzen ditu, bereziki ikus-entzunezko komunikazio, emanaldien produkzio eta telekomunikazioko arloetan. Hauetako garrantzitsuenak koloreetako irudiak (1968), satelite bidezko emanaldia (1985), telefono bidezko bozka publikoa (1998), internet bidezko streaming-a (2000) eta irudi definizio altua (2007) edo sare sozialen bidezko emanaldia (2016) izan dira, adibidez.
Formatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Partaideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1956an ospaturiko lehen edizioan herrialde bakoitzak bi kanta aurkeztu zitzakeen, baina bigarren ediziotik hasita herrialde partaideen zenbakia hasi zen heinean, herrialde bakoitzak kanta bat bakarrik aurkeztu dezake. 1990. hamarkadatik aurrera, aldaketa politikoen ondorioz, Europa ekialdeko herrialde gehienek parte hartzeko interesa adierazi zuten, gau bakar baterako partaide kopurua handiegia izanik. Hori zela eta, partaide kopurua bakoitzak aurreko urteetan lortutako emaitzen arabera murriztea erabaki zen, emaitza txarrak lortutako herrialdeak kanpoan utziz. Hala ere, 2004 urtean parte hartu nahi zuten herrialde kopurua hain handia zen non txapelketa bi gauetan banandu behar izan zen denei lekua emateko: finalaurrekoa eta finala. Europa mendebaldeko herrialdeak sistemak ekialdeko herrialdeak laguntzen dituela kexu ziren haien kopuru handiagoa zela eta, 2008an sistema berriz aldatzea erabaki zen, bi finalerdirekin. Finalerdi bakoitzetik hamar herrialde pasa daitezke final handira. Horrez gain, herrialde antolatzailea (normalean aurreko urteko irabazlea) eta Big 5 delako herrialdeak (Alemania, Espainia, Erresuma Batua, Frantzia eta Italia) finalerako zuzenki sailkatuak daude, azken bost hauek Europako Irrati-Telebista Batasunari ematen dioten ekarpen handiagoagatik.
2008, 2011 eta 2018 izan dira partaide gehien izan dituzten urteak, 43 partaiderekin. Gutxienez behin 52 herrialdek egin dute agerraldia. Hurrengo taulan lehen partaidetzaren arabera zerrendatzen dira:
Urtea | Lehen partaidetza |
---|---|
1956 | Alemania[a 1], Belgika, Frantzia, Herbehereak, Italia, Luxenburgo, Suitza |
1957 | Austria, Danimarka, Erresuma Batua |
1958 | Suedia |
1959 | Monako |
1960 | Norvegia |
1961 | Espainia, Finlandia, Jugoslavia |
1964 | Portugal |
1965 | Irlanda |
1971 | Malta |
1973 | Israel |
1974 | Grezia |
1975 | Turkia |
1980 | Maroko |
1981 | Zipre |
1986 | Islandia |
1993 | Bosnia-Herzegovina, Eslovenia, Kroazia |
1994 | Errumania, Errusia, Eslovakia, Estonia, Hungaria, Lituania, Polonia |
1998 | Ipar Mazedonia |
2000 | Letonia |
2003 | Ukraina |
2004 | Albania, Andorra, Bielorrusia, Serbia eta Montenegro |
2005 | Bulgaria, Moldavia |
2006 | Armenia |
2007 | Georgia, Montenegro, Serbia, Txekia |
2008 | Azerbaijan, San Marino |
2015 | Australia |
- ↑ 1990 arte batzuetan Mendebaldeko Alemania bezala aurkeztua, beti ere Alemaniako Errepublika Federala ordezkatuz. Alemaniako Errepublika Demokratikoa ez zen inoiz partaide izan.
Ordezkarien hautaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herrialde bakoitzeko telebista publiko erakundeak bere kabuz erabakitzen du herrialdeko ordezkaria hautatzeko prozesua. Herrialde batzuetan, ez dago prozesu finkorik eta telebista erakundeak aldatu egiten du urte gutxiro: telebista erakundeak artista bat aukeratzeko barne-erabakia har dezake, abesti lehiaketa propio bat antolatu dezake, edota talent show formatuko lehiaketa bat erabili dezake. Herrialde batzuetan abesti lehiaketa nazionalak existitzen dira, batzuk Eurovision bezain errotuak, irabazlearen saria Eurovisionera joatea delarik: Melodifestivalen Suedian, Dansk Melodi Grand Prix Danimarkan, Melodi Grand Prix Norvegian, Uuden Musiikin Kilpailu Finlandian, Festival da Canção Portugalen, Söngvakeppnin Islandian, EMA Eslovenian, Dora Kroazian, Eesti Laul Estonian, A Dal Hungarian, Supernova Letonian, edo Festivali i Këngës Albanian, besteak beste. Italian, Eurovision sortzeko eredu izan zen Sanremoko kantu jaialdia ordezkari italiarra aukeratzeko modu bezala erabili izan ohi da, 2015etik aurrera Sanremoko garaileak Eurovisionera joateko aukera irabazten duelarik.
Irabazlearen hautaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urteetan zehar sistema ezberdinak erabili dira garailea hautatzeko. 1975. urtetik aurrera irabazlea herrialde guztien artean erabakitzen da: bakoitzak lehiakideen artean 12 puntu ematen dizkio gustukoenari, 10 puntu bigarren gustukoenari, 8 puntu hirugarrenari, 7, 6, eta horrela puntu bat eman arte hamargarren gustukoenari. Herrialdeek ezin dizkiote punturik eman bere buruari.
2016. ediziotik aurrera , herrialde bakoitzak bi aldiz ematen ditu 12, 10, 8-1 puntu. Herrialdez herrialdeko epaimahai bakoitzak, alde batetik, eta ikusleen telebozketak, bestetik, guztiz bereizita, 12, 10, 8-1 puntu ematen ditu. Horrela, herrialde bakoitzak bi aldiz ematen ditu 12, 10, 8-1 puntu.
1997 arte puntu hauek herrialde bakoitzeko epaimahai batek ematen zituen soilik, baina urte hartan zenbait herrialdetan ikusleen bozketak ordezkatu zuen epaimahaia puntuen banaketa, telefono bidezko bozketa erabiliz. 1998tik 2008ra herrialde gehienen puntuak telefono eta sms bidezko boto bidez erabakitzen ziren, eta 2009tik hasita, telefono bidezko botoari musika munduan lanean ari den epaimahai baten botoa gehitu zitzaion. Bi hauek kontuan hartuta, sailkapen bateratu bat sortu eta hori aurkezten zen. Honela egiteko arrazoia aurretik aipatutako teleboto-lagun horren eragina sailkapen "objektiboago" batekin konpentsatzea izan zen.
Hala ere, epaimahaiarekin zein telebotoarekin emaitza ona baino ez nahikoa lortzen zuten kantek puntu asko galtzen zituztela ikusi zen, eta emaitzak kanten popularitatearen adierazle ez osoa zirela erabaki zen. Horregatik, 2016tik hasita, herrialde bakoitzeko ikusleen bozketa eta epaimahairena %50ean jasotzen dituen sailkapen bakar bat kalkulatu beharrean, epaimahai eta ikusle bozketa bakoitzaren puntuak bereizita gehitzen dira.
Azkenik, herrialde ugarik puntu berdinak lortzeko kasuan, hau hausteko arauak badaude. Hauek 1969an ezarri ziren, urte horretako lehiaketan 4 herrialdek (Espainia, Erresuma Batua, Frantzia eta Herbehereak) puntu berdinak lortu baitzituzten. Ordura arte araurik ez zegoenez, laurak irabazle izendatu ziren. Hala ere, orduz geroztik, bi eredu egon dira berdinketak hausteko:
- 1970 eta 2015 artean, 12 puntu gehien lortutako herrialdea gailentzen zen. Hauen kopuru berdina jaso izatekotan, 10 puntuen kopurua begiratzen zen, eta horrela puntuetan behera joanez herrialde bat besteekiko gailendu arte.
- 2016tik, herrialde gehienengandik puntuak jaso dituena kontsideratzen da garaile, haren kanta populazio anitzagoari gustatu zaiolakoan.
Arau hauei esker, beste irabazpen bat erabaki izan da, 1991koa hain zuzen. Lehiaketan, Suediak zein Frantziak 146 puntu lortu zituzten. Hortaz, jasotako 12 puntuak begiratu ziren, baina bakoitzak 4 aldiz jaso zituenez, 10 puntuak izan ziren irabazlea erabaki zutenak: Suediak halako 5 jaso zituen, eta Frantziak, aldiz, 2.
Arau orokorrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ordezkapen bakoitzeko gehienez 6 pertsona egon daitezke oholtzan.
- Partaide guztiek gutxienez 16 urte beteta izan behar dituzte lehiaketari dagokion urteko abenduak 31an.
- Herrialde bakoitzeko ordezkariek ez daukate zertan lekukoak izan behar, edozein nazionalitate eduki dezaketelarik.
- Abestiek gehienez 3 minutu iraun dezakete.
- Abestietako ahots nagusiak zuzenean kantatu behar dira.
- Aurkeztutako kantak ezin dira argitaratu lehiaketaz aurreko irailak 1 baino lehen.
- Abestiek ezin dituzte mezu politiko edo iraingarriak jaso olerkietan.
- Herrialde irabazleak hurrengo urteko lehiaketa antolatzeko gonbidapena jasotzen du.
Hizkuntzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasiera batean ez zegoen araurik herrialde bakoitzak zein hizkuntzatan abestu behar zuen esaten zuenik, baina Suediak 1965ean ingelesez kantatu zuenez, herrialde bakoitza bere hizkuntza ofizial batean abestera behartu zen. 1973-1976 urte bitartean arau hau ez zen indarrean egon, eta 1999tik aurrera ere ez. Horrela, azken urteotan ordezkapen gehienek ingelesez abesten dute, beste batzuek hizkuntza ezberdinak nahasten dituzten bitartean.
Eurovisionen historia osoan, 64 hizkuntzetan kantatu izan da. Hurrengo taulan aurkezten dira hizkuntza bakoitza ageri zen lehen urtea, hau eraman zuen herrialdea, kantaren izenburua eta artista.
Hizkuntza | Urtea | Herrialdea | Abestia | Artista |
---|---|---|---|---|
Nederlandera | 1956 | Herbehereak | "De vogels van Holland" | Jetty Paerl |
Alemaniera | 1956 | Suitza | "Das alte Karussell" | Lys Assia |
Frantsesa | 1956 | Belgika | "Messieurs les noyés de la Seine" | Fud Leclerc |
Italiera | 1956 | Italia | "Aprite le finestre" | Franca Raimondi |
Ingelesa | 1957 | Erresuma Batua | "All" | Patricia Bredin |
Daniera | 1957 | Danimarka | "Skibet skal sejle i nat" | Birthe Wilke & Gustav Winckler |
Suediera | 1958 | Suedia | "Lilla stjärna" | Alice Babs |
Luxenburgera | 1960 | Luxenburgo | "So laang we's du do bast" | Camillo Felgen |
Norvegiera | 1960 | Norvegia | "Voi voi" | Nora Brockstedt |
Ipar Samiera | 1960 | Norvegia | "Voi voi" | Nora Brockstedt |
Gaztelania | 1961 | Espainia | "Estando contigo" | Conchita Bautista |
Finlandiera | 1961 | Finlandia | "Valoa ikkunassa" | Laila Kinnunen |
Serbiera | 1961 | Jugoslavia | "Neke davne zvezde" | Ljiljana Petrović |
Kroaziera | 1963 | Jugoslavia | "Brodovi" | Vice Vukov |
Portugesa | 1964 | Portugal | "Oração" | António Calvário |
Bosniera | 1964 | Jugoslavia | "Život je sklopio krug" | Sabahudin Kurt |
Esloveniera | 1966 | Jugoslavia | "Brez Besed" | Berta Ambrož |
Maltera | 1971 | Malta | "Marija l-Maltija" | Joe Grech |
Irlandako gaelera | 1972 | Irlanda | "Ceol an Ghrá" | Sandie Jones |
Hebreera | 1973 | Israel | "Ey Sham" | Ilanit |
Greziera | 1974 | Grezia | "Krasi, thalassa kai t'agori mou" | Marinella |
Turkiera | 1975 | Turkia | "Seninle bir dakika" | Semiha Yanki |
Arabiera | 1980 | Maroko | "Bitaqat hub" | Samira Bensaïd |
Montenegroera | 1983 | Jugoslavia | "Džuli" | Daniel Popović |
Islandiera | 1986 | Islandia | "Gleðibankinn" | ICY |
Erromantxea | 1989 | Suitza | "Viver senza tei" | Furbaz |
Napoliera | 1991 | Italia | "Comme è ddoce ò mare" | Peppino di Capri |
Antillar kreolera | 1992 | Frantzia | "Monté la riviè" | Kali |
Korsikera | 1993 | Frantzia | "Mama Corsica" | Patrick Fiori |
Estoniera | 1994 | Estonia | "Nagu merelaine" | Silvi Vrait |
Errumaniera | 1994 | Errumania | "Dincolo de nori" | Dan Bittman |
Eslovakiera | 1994 | Eslovakia | "Nekonečná pieseň" | Tublatanka |
Lituaniera | 1994 | Lituania | "Lopšinė mylimai" | Ovidijus Vyšniauskas |
Hungariera | 1994 | Hungaria | "Kinek mondjam el vétkeimet?" | Friderika Bayer |
Errusiera | 1994 | Errusia | "Vyechniy stranik" | Youddiph |
Poloniera | 1994 | Polonia | "To nie ja" | Edyta Górniak |
Antzinako greziera | 1995 | Grezia | "Pia Prosefhi" | Elina Konstantopoulou |
Bretainiera | 1996 | Frantzia | "Diwanit Bugale" | Dan Ar Braz |
Mazedoniera | 1998 | Mazedonia | "Ne zori, zoro" | Vlado Janevski |
Samogitiera | 1999 | Lituania | "Strazdas" | Aistė |
Asmatutako hizkuntza | 2003 | Belgika | "Sanomi" | Urban Trad |
Letoniera | 2004 | Letonia | "Dziesma par laimi" | Fomins & Kleins |
Katalaniera | 2004 | Andorra | "Jugarem a estimar-nos" | Marta Roure |
Ukrainera | 2004 | Ukraina | "Wild Dances" | Ruslana |
Võroera | 2004 | Estonia | "Tii" | Neiokõsõ |
Keinu hizkuntza | 2005 | Letonia | "The War is Not Over" | Valters & Kaža |
Albaniera | 2005 | Albania | "Zjarr e ftohtë" | Luiz Ejlli |
Tahitiera | 2006 | Monako | "La Coco-Dance" | Sévérine Ferrer |
Bulgariera | 2007 | Bulgaria | "Water" | Elitsa Todorova & Stoyan Yankulov |
Txekiera | 2007 | Txekia | "Malá dáma" | Kabát |
Armeniera | 2007 | Armenia | "Anytime You Need" | Hayko |
Swahili | 2011 | Norvegia | "Haba Haba" | Stella Mwangi |
Udmurtera | 2012 | Errusia | "Party for Everybody" | Buranovskiye Babushki |
Azerbaijanera | 2012 | Bulgaria | "Love Unlimited" | Sofi Marinova |
Georgiera | 2012 | Georgia | "I'm a Joker" | Anri Jokhadze |
Erromaniera | 2013 | Mazedonia | "Pred da se razdeni" | Esma & Lozano |
Krimeako tatarera | 2016 | Ukraina | "1944" | Jamala |
Bielorrusiera | 2017 | Bielorrusia | "Story of My Life" | Naviband |
Sanskritoa | 2017 | Italia | "Occidentali's Karma" | Francesco Gabbani |
Abkhaziera | 2019 | Georgia | "Keep on Going" | Oto Nemsadze |
Amharera | 2020 | Israel | "Feker libi" | Eden Alene |
Sranan Tongo | 2021 | Herbehereak | "Birth of a New Age" | Jeangu Macrooy |
Latina | 2022 | Serbia | "In corpore sano" | Konstrakta |
Yankunytjatjara | 2024 | Australia | "One milkali (One blood)" | Electric Fields |
Bi nabarmen egin behar dira honen harira:
- Taulan, asmatutako hizkuntza ageri zen lehen urtea (2003an, Belgikaren eskutik) besterik ez da adierazten. Hala ere, beste bitan egon dira kantak asmatutako hizkuntzetan, beste hizkuntza bezala sailkatu ahalko liraketeenak: zehazki, Herbehereek 2006ean eta berriz Belgikak 2008an bidalitakoak.
- Era berean, keinu hizkuntza 2005ean ageri zen lehen aldiz. Hau Amerikar keinu hizkuntzan izan zen, baina herrialde bakoitzak berea propioa dauka. Hortaz, beste herrialdeen keinu-hizkuntzak hizkuntza ezberdin bezala sailkatu daitezke. Zehazki, Poloniak 2006ean, Lituaniak 2011an, Serbiak 2015ean eta Frantziak 2019an bidalitako abestiek dauzkate keinu hizkuntzetan zatiak.
Hizkuntza hauetaz gain, dialekto ugari entzun izan dira leihaketan, hizkuntza nagusitik gehiago zein gutxiago desberdintzen direnak.
Dialektoa | Urtea | Herrialdea | Abestia | Artista |
---|---|---|---|---|
Vienera
(Alemanieraren dialektoa) |
1971 | Austria | "Musik" | Marianne Mendt |
Fino-Suediera
(Suedieraren dialektoa) |
1990 | Finlandia | "Fri?" | Beat |
Vorarlbergera
(Alemanieraren dialektoa) |
1996 | Austria | "Weil's dr guat got" | George Nussbaumer |
Estiriera
(Alemanieraren dialektoa) |
2003 | Austria | "Weil der Mensch zählt" | Alf Poier |
Andaluziera
(Gaztelaniaren dialektoa) |
2006 | Espainia | "Un Blodymary" | Las Ketchup |
Dalmaziar kroaziera
(Kroazieraren dialektoa) |
2006 | Kroazia | "Moja štikla" | Severina |
Surzhyk
(Ukraineraren dialektoa) |
2007 | Ukraina | "Dancing Lasha Tumbai" | Verka Serduchka |
Finlandia ekialdeko kareliera
(Finlandieraren dialektoa) |
2010 | Finlandia | "Työlki ellää" | Kuunkuiskaajat |
Gheg
(Albanieraren dialektoa) |
2012 | Albania | "Suus" | Rona Nishliu |
Mühlviertlera
(Alemanieraren dialektoa) |
2012 | Austria | "Woki mit deim Popo" | Trackschittaz |
Chakaviera
(Kroazieraren dialektoa) |
2013 | Kroazia | "Mižerja" | Klapa s Mora |
Greziera pontikoa | 2016 | Grezia | "Utopian Land" | Argo |
Torlakiera
(Serbieraren dialektoa) |
2018 | Serbia | "Nova deca" | Sanja Ilić & Balkanika |
Gainera, lehiaketan agertu ez izan arren, beste hainbat hizkuntza zein dialekto entzun izan dira herrialdeen selekzio-prozesuetan, haien artean Euskara ere. 1999an, Kukumiku taldea Frantzia ordezkatzeko finalista izan zen "Irradaka" euskarazko kantuarekin. Hautatzeko 12 abestitik, Kukumiku 10. postuan geratu ziren.
Hauek dira beste hizkuntza zein dialekto herrialde ezberdinen hautapenetan ageri izan diren lehen kasuak.
Hizkuntza/Dialektoa | Urtea | Herrialdea | Abestia | Artista |
---|---|---|---|---|
Bernako alemaniera
(Alemanieraren dialektoa) |
1977 | Suitza | "Heyho" | Véronique Müller |
Groenlandiera | 1979 | Danimarka | "Faders bøn" | Rasmus Lyberth |
Faroera | 1979 | Danimarka | "Bølgen" | Annika Hoydal |
Suitzako Alemaniera
(Alemanieraren dialektoa) |
1983 | Suitza | "D'Änglischüebig" | Christian Hunziker |
Veneziera | 1997 | Italia | "Papa nero" | Pitura Freska |
Aljeriar arabiera
(Arabieraren dialektoa) |
1999 | Frantzia | "Ihtidael" | Israhn |
Euskara | 1999 | Frantzia | "Irradaka" | Kukumiku |
Mendebaldeko frisiera | 2000 | Herbehereak | "Hjir is it begijn" | Gina de Wit |
Walserera
(Alemanieraren dialektoa) |
2002 | Suitza | "Die Engel tanzen um Mitternacht per te" | Nina Dimitri |
Silesiera | 2008 | Txekia | "Józef, mój kochany" | Čechomor |
Tatarera | 2008 | Errusia | "Qarlığaçlar" | Asılyar |
Mandingera | 2008 | Errumania | "Yeke yeke" | Imba |
Livoniera | 2010 | Letonia | "Rišti räšti" | Kristīne Kārkla-Puriņa |
Lingala | 2010 | Suedia | "Yeba" | Getty Domein |
Luzernako alemaniera
(Alemanieraren dialektoa) |
2011 | Suitza | "Gib nid uf" | CH |
Bavariera
(Alemanieraren dialektoa) |
2012 | Austria | "Einsturzgefohr" | Krautschädl |
Hegoaldeko Samiera | 2015 | Suedia | "Jag är fri (Manne leam frijje)" | Jon Henrik Fjällgren |
Jorubera | 2016 | Finlandia | "Thief" | Clemso |
Tagaloa | 2019 | Errumania | "Army of love" | Bella Santiago |
Gamilaraay | 2020 | Australia | "Together" | Mitch Tambo |
Nordlandeko norvegiera
(Norvegieraren dialektoa) |
2021 | Norvegia | "Nordlyset" | Maria Solheim |
Arbëreshera
(Albanieraren dialektoa) |
2022 | Albania | "Padrejtësi" | Urban Band |
Réuniongo kreolera
(Frantsesaren dialektoa) |
2022 | Frantzia | "Ma famille" | Cyprien Zeni |
Brasildar portugesa
(Portugesaren dialektoa) |
2022 | Portugal | "Mar no fim" | Blacci |
Kinbundu | 2022 | Portugal | "DÉGRÁ.DÊ" | Pongo & Tristany |
Cabo Verdeko kreolera
(Portugesaren dialektoa) |
2022 | Portugal | "DÉGRÁ.DÊ" | Pongo & Tristany |
Galiziera | 2023 | Espainia | "Terra" | Tanxugueiras |
Asturiera | 2023 | Espainia | "Terra" | Tanxugueiras |
Hutsulera
(Ukraineraren dialektoa) |
2023 | Ukraina | "Dovbush" | FIINKA |
Japoniera | 2023 | Estonia | "Tokimeki" | Neon Letters & Maiko |
Helgelandera
(Norvegieraren dialektoa) |
2023 | Norvegia | "Drøm d bort" | Sandra Lyng |
Egoitzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehiaketaren lehen bi edizioak Suitzak eta Alemaniak antolatu ondoren, handik aurrera urte bakoitzeko herrialde irabazleak hurrengo urteko lehiaketa antolatzeko gonbidapena jasoko zuela erabaki zen. Ordundik, herrialde irabazleak sei alditan egin behar izan dio uko hurrengo urteko edizioaren antolaketari:
- 1960: BBCk antolatu zuen Londresen, Herbehereek gastuagatik uko egin ostean. Erresuma Batua hautatu zen egoitza bezala 1959an bigarren postuan gelditzeagatik.
- 1963: BBCk antolatu zuen Londresen, Frantziak gastuagatik uko egin ostean. Bigarren eta hirugarren postuan geratu ziren Monako eta Luxenburgok ere uko egin zioten antolaketari gastuagatik.
- 1972: BBCk antolatu zuen Edinburghen, Monakok ez baitzuen areto aproposik. Monakoko telebistak BBCri pasa zion gonbidapena, aurretik zeukan esperientziagatik.
- 1974: BBCk antolatu zuen Brightonen, Luxenburgok bigarren urtez jarraian irabazi eta gastuagatik uko egin ostean.
- 1980: NOSek antolatu zuen Hagan, Israelek bigarren urtez jarraian irabazi eta gastuagatik uko egin ostean. Horrez gain, aldez aurrez aukeratutako data (apirilaren 19) Memoria Eguna zen Israelen urte horretan. Herbehereek hartu baino lehen beste hainbat telebista-erakundek egin zioten uko antolaketa lanari.
- 2023: EBUk erabaki zuen Ukrainako UA:PBC telebistak ezingo duela lehiaketa antolatu 2022ko Errusiaren Ukrainako inbasioak sortutako segurtasun kezkak direla eta. Bigarren postuan gelditu zen BBCek hartu zuen antolaketa, eta Liverpool hautatu zuen egoitza bezala.
2015an EBUk Australia parte hartzera gonbidatu zuenean, Australiak irabazten badu, Australiar SBS irrati-telebistak hurrengo urteko edizioa Europako hiri batean ekoitziko zuela iragarri zen, bere aukerako EBUko kide aktibo batekin batera.
Garaileak urtez-urte
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ 4 herrialdek puntu kopuru berdina lortu zuten, eta garaian berdinketa deuseztatzeko araurik ez zegoenez, laurak garaile izendatu zituzten.
Garaipenak herrialdeka
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garaipenak | Herrialdea | Urteak |
---|---|---|
7 | Irlanda | 1970, 1980, 1987, 1992, 1993, 1994, 1996 |
Suedia | 1974, 1984, 1991, 1999, 2012, 2015, 2023 | |
5 | Frantzia | 1958, 1960, 1962, 1969[c 1], 1977 |
Luxenburgo | 1961, 1965, 1972, 1973, 1983 | |
Erresuma Batua | 1967, 1969[c 2], 1976, 1981, 1997 | |
Herbehereak | 1957, 1959, 1969[c 3], 1975, 2019 | |
4 | Israel | 1978, 1979, 1998, 2018 |
3 | Norvegia | 1985, 1995, 2009 |
Danimarka | 1963, 2000, 2013 | |
Italia | 1964, 1990, 2021 | |
Ukraina | 2004, 2016, 2022 | |
Suitza | 1956, 1988, 2024 | |
2 | Espainia | 1968, 1969[c 4] |
Alemania | 1982[c 5], 2010 | |
Austria | 1966, 2014 | |
1 | Monako | 1971 |
Belgika | 1986 | |
Jugoslavia | 1989 | |
Estonia | 2001 | |
Letonia | 2002 | |
Turkia | 2003 | |
Grezia | 2005 | |
Finlandia | 2006 | |
Serbia | 2007 | |
Errusia | 2008 | |
Azerbaijan | 2011 | |
Portugal | 2017 |
- ↑ Elkarbanatutako garaipena.
- ↑ Elkarbanatutako garaipena.
- ↑ Elkarbanatutako garaipena.
- ↑ Elkarbanatutako garaipena.
- ↑ Mendebaldeko Alemania.
Behin baino gehiagotan irabazi duten artistak eta abestigileak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hurrengo pertsonek behin baino gehiagotan irabazi dute lehiaketa artista eta/edo abestigile bezala:
Garaipenak | Pertsona | Garaipenak artista bezala | Garaipenak abestigile bezala |
---|---|---|---|
3 | Johnny Logan | 1980, 1987 | 1987, 1992 |
2 | Willy van Hemert | — | 1957, 1959 |
Yves Dessca | — | 1971, 1972 | |
Rolf Løvland | 1995 (Secret Garden taldeko kide bezala) | 1985, 1995 | |
Brendan Graham | — | 1994, 1996 | |
Loreen | 2012, 2023 | 2023 | |
Peter Boström | — | 2012, 2023 | |
Thomas G:son | — |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Lipshutz, Jason; Lipshutz, Jason. (2021-06-10). «Duncan Laurence Has ‘No Idea’ How His Breakthrough Single ‘Arcade’ Keeps Going Viral» Billboard (Noiz kontsultatua: 2022-09-01).
- ↑ (Ingelesez) «Rosa Linn's Snap: Armenia's viral TikTok Eurovision entry charts» BBC News 2022-07-29 (Noiz kontsultatua: 2022-09-01).
- ↑ «Eurovision, gerra edo bakea nahieran» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-05-16).
- ↑ (Ingelesez) American Song Contest. 2022-08-26 (Noiz kontsultatua: 2022-09-01).
- ↑ (Ingelesez) Union (EBU), European Broadcasting. (2022-07-12). «Eurovision Song Contest to launch in Latin America» www.ebu.ch (Noiz kontsultatua: 2022-09-01).
- ↑ (Ingelesez) «Hungary pulls out of Eurovision amid rise in anti-LGBTQ+ rhetoric» the Guardian 2019-11-27 (Noiz kontsultatua: 2022-09-01).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Webgune ofiziala
- (Ingelesez) Esctoday, albiste eta zaleen webgunea
Eurovision Abesti Lehiaketaren edizioak |
1956 •
1957 •
1958 •
1959 •
1960 •
1961 •
1962 •
1963 •
1964 •
1965 •
1966 •
1967 •
1968 •
1969 •
1970 •
1971 •
1972 •
1973 •
1974 •
1975 •
1976 •
1977 •
1978 •
1979 •
1980 •
1981 •
1982 •
1983 •
1984 •
1985 •
1986 •
1987 •
1988 •
1989 •
1990 •
1991 •
1992 •
1993 •
1994 •
1995 •
1996 •
1997 •
1998 •
1999 •
2000 •
2001 •
2002 •
2003 •
2004 •
2005 •
2006 •
2007 •
2008 •
2009 •
2010 •
2011 •
2012 •
2013 •
2014 •
2015 •
2016 •
2017 •
2018 •
2019 •
|
Besteak |