Gianni Agnelli
Giovanni Agnelli (Turin, 1921eko martxoaren 12a - Turin, 2003ko urtarrilaren 24a), ezagunagoa Gianni Agnelli gisa, italiar enpresaburua eta Fiat enpresaren akziodun nagusia izan zen.
Edoardo Agnelli eta Virginia Bourbon del Monte printzesaren zazpi seme-alabetan bigarrena. Bere aitona Giovanni Agnellik Fiat auto-lantegia sortu zuen, 1899an. 1945ean Fiat enpresaren Administrazio Kontseiluaren lehendakariorde izendatu zuten, eta 1966an lehendakari. Bere anaia Umbertorekin batera, bultzada berria eman zion Fiat enpresari, munduko industriaren buruan kokatu zuen, eta haren inguruan urtean hogeita lau milioi euro fakturatzen dituen 569 elkartez osatutako inperioa sortu zuen.
Lehen urteak oso onak izan baziren ere, 70eko hamarkadaren amaieran krisialdi larria bizi izan zuen. Brigada Gorriek Fiateko zenbait zuzendari hil zituzten, eta sindikatuekiko arazoen ondorioz, lantegia itxita egon zen hilabetez. Baina Agnellik bere tesi neokapitalistak inposatu zituen azkenean, zeinaren arabera enpresa baita langilearen etekin nagusia. 90eko hamarkadaren amaieran bere 270.000 langileetatik 65.000 taldearen akziodun bilakatu ziren, eta Agnellik enpresaren etekinen araberako soldata-igoera negoziatu zuen sindikatuekin. Industria birmoldatu eta lanpostu asko galdu ondoren, amaitu zen, azkenean, krisialdia. Kanpo-harremanetan ere lan handia egin zuen Agnellik. 1976. urtean Fiaten % 13 saldu zion Muammar al Kadafiri, Estatu Batuekiko adiskidetasuna galdu gabe. Berea izan zen, gainera, Sobietar Batasunean kokatu zen lehen mendebaldeko auto-lantegia. Bere enpresetan 10.000 produktu inguru egiten dira, bihotzeko balbuletatik hasi eta gas-turbinetaraino. Tartean defentsarekin eta armekin zerikusia duten produktuak egiten dira, eta elikagaien sektorean eta kredituenean ere sartuta daude. Agnellik menderatzen zuen, Italian, autoen merkatua, izan ere, Lancia, Alfa Romeo, Autobianchi eta Ferrari markak ere berak kontrolatzen zituen. 1996an, 75 urte bete zituenean, utzi zuen Agnellik Fiaten zuzendaritza. Turingo Juventus futbol-taldearen mezenas eta ohorezko presidentea izan zen, eta hiri bereko La Stampa eta Milango Corriere della Sera egunkarien jabea.
1991z geroztik, biziarteko senatari izan zen, Francesco Cossiga presidenteak izendatuta. Agnellitarrek Fiat taldearen %40 kontrolatzen dute, eta munduko 50 familia aberats eta boteretsuenen artean daude.
Giovanni Agnelliren zuhaitz genealogikoaren laburpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gianni Agnelli |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/1/9 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.