Giovanni Pierluigi da Palestrina
Giovanni Pierluigi da Palestrina | |||
---|---|---|---|
1561eko martxoaren 1a - | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Palestrina, 1525eko irailaren 30a | ||
Herrialdea | Aita Santuen Lurraldea | ||
Heriotza | Erroma, 1594ko otsailaren 2a (68 urte) (68/69 urte) | ||
Hobiratze lekua | San Petri basilika | ||
Familia | |||
Ezkontidea(k) | Lucrezia Gori (en) Virginia Dormoli (en) | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | italiera | ||
Irakaslea(k) | Robin Mallapert Firmin Lebel (en) Giacomo Coppola (en) Giovanni Animuccia Claude Goudimel Robert de Févin (en) | ||
Ikaslea(k) | |||
Jarduerak | |||
Jarduerak | musikagilea, kapera-maisua, musika-irakaslea, organista, abesbatza-zuzendaria eta abeslaria | ||
Genero artistikoa | Pizkundeko musika erlijio-musika meza moteta church music (en) | ||
Musika instrumentua | organoa | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijio-ordena | Frantziskotarren Ordena | ||
Giovanni Pierluigi da Palestrina (Palestrina, Erroma inguruan, 1525eko irailaren 30a - Erroma, 1594ko otsailaren 2a) italiar musikagilea izan zen. Berpizkundeko musikalari garrantzitsuenetakotzat jotzen da.[1] XVI. mendeko musika konposizioko Eskola erromatarraren ordezkari ezagunena da. Eragin iraunkorra izan zuen Europan eliza zein musika profanoaren garapenean, bereziki kontrapuntuaren garapenean. Bere obra polifonia errenazentistaren gailurtzat jotzen da.[2][3]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Giovanni Pierluigi Palestrinako hiribilduan jaio zen,[4] Erromatik gertu, orduan Aita Santuen Estatuen zati bat zena. Aita napolitarren semea zen, Santo Pierluigi, eta amak Palma izena zuen.[5] Ziur aski, 1525eko otsailaren 3an jaio zen. Bere ama 1536ko urtarrilaren 16an hil zen, Palestrina gazteak 10 urte zituenean.
Dokumentuek Erroma lehen aldiz 1537an bisitatu zuela iradokitzen dute. R. Mallapert eta F. Lebel frantses maisuekin egin zituen musikako ikasketak. 1537. urtean, Erromako Santa Maria Maggioreko koru-mutila izan zen eta horri esker musika eta literatura ikasi ahal izan zuen. 1540an, berriro ere Erromara joan zen, Claude Goudimelen eskolan ikasteko. Baita ere Robin Mallapert eta Firmin Lebelekin ikasi zuen.
Palestrinak adin-nagusitasuna lortu zuen musikari gisa, Europa iparraldeko polifonia-estiloaren eraginpean. Estilo horrek Italian zuen nagusitasuna, batez ere, Guillaume Dufay eta Josquin des Prez Herbehereetako bi konpositore eraginkorrei zor zien, beren karreren zati esanguratsu bat bertan igaro baitzuten. Italiak berak polifonian antzeko trebetasuna zuen norbait sortu behar zuen oraindik, Orlando di Lasso, Palestrinari bere lehen urteetan lagundu ziona. Lassok ere paper garrantzitsua izan zuen kontseilari gisa bere estiloaren eraketan.[6]
Kapera-maisua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1544. urtean, Palestrinako katedraleko koru-maisu eta organo-jotzaile. 1551. urtean, berriz, Julio III.a Aita Santu zela, San Pedro basilikako Giulia kaperako kapera-maisu izendatu zuten. 1554. urtean, meza-liburu bat argitaratu zuen. 1547ko ekainaren 12an, bestetik, Palestrina Lucrecia Gorirekin ezkondu zen.[7]
1555ean, Paulo IV.ak debekatu zuen aita santuaren kaperan ezkondutako inor egotea; Palestrinak kargua utzi zuen, eta Letrango San Joan kaperan kapera-maisu izan zen, Lassusen ordez. 1560. urtean, Santa Maria Maggioreko kapera-maisu izan zen, eta 1566etik 1571ra Erromatar Mintegien musika-maisu; aldi berean, Ippolito d´Este kardinalaren kontzertuak antolatu zituen, Tivolin. 1571. urtean, Giulia kaperaren zuzendaritzaren ardura izan zuen berriro, eta Erroman geratu zen bizitzen.
Palestrina italiar Errenazimentuko musikagile emankorrenetako bat izan zen. 105 meza inguru idatzi zituen, lau-zortzi ahotsez abestekoak; 250 motete; 35 magnificat; salmoak; letaniak; baita madrigalak ere, erlijiozkoak eta bestelakoak. Polifoniaren maisu handia baitzen, ahots soiletarako kontrapuntuaren musikagile ospetsuena izan zen, bere garaian. Palestrinak ez zuen berrikuntzarik sartu musikagintzan, baina ezin hobeki erabili zituen musikagintzaren ohiko baliabideak.
Palestrina ez zen beti pozik egon Trentoko kontzilioak emandako liturgia sakratuaren berrikuntzekin, hauek bere mezetako batzuk eta beste obra goiztiar batzuk ez-kanoniko bihurtu baitzituzten, testu ofizialetik kanpoko elementu profanoez zipriztinduak. Horregatik, kargua utzi eta Hipolito II. del Este kardinalaren zerbitzura jarri zen, honek bere kapera propioa mantentzen zuelarik. Azkenik, Cappella Giuliaren zuzendaritzara itzuli zen.
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erroman hil zen pleuresiaz 1594ko otsailaren 2an. Palestrina 69 urte bete baino egun bat lehenago hil omen zen. Ohikoa zenez, Palestrina hil zen egun berean lurperatu zuten, Libera me Domine esaldia zuen berunezko plaka bat zuen zerraldo sinple batean. Palestrinaren hileta San Petri basilikan egin zen eta bertako zoruaren azpian lurperatu zuten. Bere hilobia beranduago eraikuntza berri batek estali zuen eta lekua aurkitzeko saiakerek ez dute arrakastarik izan.
Bere lanak Giovanni Maria Nanino eta Gregorio Allegri dizipuluek jarraitu zituzten.[8]
Obra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kontrarreformaren eskakizun berrietara egokitutako lan polifonikoen egilerik adierazgarriena da Palestrina. Urte horietako bere lanak lortutako argitasunagatik nabarmentzen dira, melodia goiko ahotsaren eskuetan utziz eta diskurtsoaren erritmoa zehaztasunez egokituz.
Konposizioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere musika-ekoizpen ia osoa liturgia katolikoari laguntzera bideratutako pieza polifonikoek eta sakratuek osatzen dute. Salbuespena madrigal profano batzuk dira.
Idatzi zituen 105 mezetatik 70 baino gehiago melodia gregorianoen cantus firmus delakoaren gainean konposatuta daude. Aipagarrienen artean, Martzelo Aita Santuaren Meza dugu, Julio III .aren ondorengoa izan zen Martzelo II .ari eskainia; lan horretan bere aurrekoen eta garaikideen estiloaren sintesia egiten du. Eta L'homme armé meza. Gainera, 500 motete inguru egin zituen; ezin da ziur jakin zenbat. Gainera, Salomonen Abestiaren 29 piezak, gutxienez 72 ereserki, bi kantu sakratu (Cantiones sacrae), hamaika letania, 35 magnificat, 68 ofertorio, 49 madrigal sakro, 94 madrigal profano eta lauzpabost kexu-multzo.[9]
Aukeratutako lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Missa Papae Marcelli.
- Stabat Mater
- Missa Aeterna Christi Munera.
- Missa Assumpta est Maria.
- Sicut cervus.
- Peccentem me quotidie.
- Hodie Christus natus est.
- Missa sine nomine, Johann Sebastian Bach musikagilearen gustuko lana.
Balorazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Palestrina oso ospetsua izan zen bizirik zegoela, eta haren ospea eta eragina nabarmen hazi ziren hil ondoren. Johann Sebastian Bachek Palestrinako Mezak lehen liburua ikasi eta eskuz kopiatu zuen, eta 1742an Missa sine nomineren «Kyrie» eta «Gloria» -ren moldaketa propioa idatzi zuen.[10] Felix Mendelssohnek musikari handienen panteoian jarri zuen.
Eskola erromatarreko musika kontserbadoreena bere erara konposatzen jarraitu zen (XVII. mendean Prima praticoa bezala ezagutzen zen), bere dizipuluen eskutik: Asprilio Pacelli, Annibale Stabile, Giovanni Maria Nanino, Ruggiero Giovanelli, Alessandro Romano, Arcangelo Acribille, Teofilo Gargari, Francesco Soriano eta Gregorio Allegri.
1750eko hamarkadan ere, Palestrinaren estiloa erreferentzia zen oraindik motete forman lan egiten zuten musikagileentzat; hori Francesco Barsantiren Sei Antifones lanean ikus daiteke (c. 1750; Peter Welcker-ek argitaratuta, c. 1762). Palestrinaren musika maiz interpretatzen eta grabatzen da, kontrapuntuaren estudioak modeloak ematen baititu.
Operan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hans Pfitznerrek Palestrina opera konposatu zuen; 1917an Bruno Walterren zuzendaritzapean Municheko Printze Erregeordearen Antzokian estreinatu zen. Operak konpositoreak Trentoko kontzilioaren testuinguruan bete zuen papera du hizpide.
Zineman
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 2009: Palestrina - Princeps musicae, Georg Brintrupek zuzenduta. Gaia musikagilearen bizitza eta obra da.[11]
Palestrinaren omenez
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Italiako hiri eta herri asko haien kale baten izena eman diote musikagileari: Milan, Erroma, Florentzia, Cagliari, Trieste. Halaber, Cagliariko musika-kontserbatorioa ere izena darama.
- Espazioan, asteroide batek Palestrina izena du. 1973ko urriaren 27an Freimut Börngenek aurkitu zuen.
- Antartida, Alexandro I.aren uhartean Palestrina glaziarra dago.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ http://www1.euskadi.net/harluxet/
- ↑ Roche, Jerome (1970). Palestrina. Oxford University Press. ISBN 0-19-314117-5.
- ↑ Sadie, Stanley, ed. (1980). «Palestrina, Giovanni Pierluigi da». The New Grove Dictionary of Music and Musicians 20. Londres: Macmillan Publishers Ltd. ISBN 1-56159-174-2.
- ↑ https://www.newadvent.org/cathen/11421b.htm
- ↑ Marvin, Clara (2013). Giovanni Pierluigi da Palestrina: A Research Guide. Hoboken: Taylor and Francis. ISBN 978-1-135-61754-7. OCLC 861081870. [1]
- ↑ Ferris, George T. (2007). Great Italian and French Composers. Dodo Press. 3.-4.or. ISBN 978-1-4065-2375-1.
- ↑ Marvin, Clara (2013). Giovanni Pierluigi da Palestrina: A Research Guide. Hoboken: Taylor and Francis. ISBN 978-1-135-61754-7. OCLC 861081870.
- ↑ Ferris, George T. (2007). Great Italian and French Composers. Dodo Press. 3.-4.or. ISBN 978-1-4065-2375-1.
- ↑ Roche, Jerome (1970). Palestrina. Oxford University Press. ISBN 0-19-314117-5.
- ↑ Leaver, Robin A. The Routledge Research Companion to Johann Sebastian Bach. Taylor & Francis. ISBN 978-1-315-45280-7. [2]
- ↑ https://www.imdb.com/title/tt1611965/
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Palestrina Foundation (Italiakoa).
- Palestrina’s "Dum complerentur" YouTuben: 1971eko kontzertua, by Guildford Cathedral Choir, Barry Roseren zuzendaritzapean.
- Palestrinaren Sicut Cervus grabazioa Coro Nostro delakoak abestua, 2010-04-17.
- Zenbait abestiren audioa.
- Palestrina, princeps musicae – Film by Georg Brintrup (2009) (IMDb)