Hannes Alfvén
Hannes Alfvén (Norrköping, Suedia, 1908ko maiatzaren 30a - Djusholm, Suedia, 1995eko apirilaren 2a) suediar astronomo eta fisikaria izan zen.
Fisikako Nobel saria jaso zuen 1970. urtean plasmei (ioi positibo eta negatiboak dituzten gasei) eta plasma horiek eremu magnetiko eta elektrikoetan duten portaerari buruz egin zituen ikerketengatik. Oinarrizko fisika, astronomia, astrofisika eta kosmologia landu ditu. Aurora polarraren fenomenoa, eguzkiak eta lurraren eremu magnetikoak jaulkitzen dituzten partikulen elkarreraginaren bidez azaltzen duen teoria bat proposatu zuen. Marte eta Jupiterren artean planeta bat sortzeko saioak huts egin ondoren gelditu ziren hondakinak izan daitezkeela asteroideak iradoki zuen. Unibertsoa materiaz adina antimateriaz osatuta dagoela bermatzen duen teoria bat garatu zuen. Eguzki-sistemaren barruan momentu angeluarraren banaketa azaltzen saiatu direnetako bat izan zen.
"Alfvénen uhinak" aurkitu zituen: plasmetan uhin magnetohidrodinamikoak zeudela iragarri zuen 1942. urtean. Bere ideiak izarretako plasmei eta izarretako erreaktoreei aplikatu zaizkie, eta bultzada handia eman diete plasma-konfinamendu magnetiko deiturikoaren bidez fusio nuklear kontrolatua egiteko ikerketei.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]