Hunberto I.a Italiakoa
Hunberto I.a Savoiakoa (italieraz: Umberto Rainerio Carlo Emanuele Giovanni Maria Ferdinando Eugenio; Turin, 1844ko martxoaren 14a – Monza, 1900eko uztailaren 29a), izengoitiz Ona (italieraz: il Buono), Italiako erregea izan zen 1878tik 1900era. Viktor Emmanuel II.aren semea eta ondorengoa izan zen. Politikan Italian sozialismoa heda ez zedin ahalegindu zen. Bere aurka antolatutako atentatu batzuetatik ihes egin bazuen ere, Bresci anarkistak hil zuen[1].
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hunberto I.a, Piemonteko printzea, Turinen jaio zen, Piamonte-Sardinia erresumako hiriburuan. Viktor Emanuel Savoiakoaren eta Maria Adelaida Habsburgo-Lorrenakoaren semea izan zen. Massimo Taparelli, Azeglioko markesa, eta Pasquale Stanislao Mancinik izan zuten Hunberto printzearen heziketaren ardura. 1858tik aurrera, karrera militarrari ekin zion, kapitain mailatik hasita. Italiaren Independentzia Gerretan parte hartu zuen: 1859an Solferinoko guduan egon zen, eta 1866an gertatutako Custozako porrotan dibisio militar baten buru izan zen, nahiz eta borrokan zuzenean ez zuen parte hartu. Azken gudu horretan, soldaduen biziak salbatzeko izan zuen jokabide erabakigarriak entzute handia eman zion[2].
1868an Margarita Teresa Savoiakoa lehengusinarekin ezkondu zen. Bikoteak seme bat izan zuen, Viktor Emanuel (1869-1947)[2]. 1878ko urtarrilaren 9an, Viktor Emanuel aitaren heriotzaren ondoren, Italiako errege bihurtu zen, Hunberto I.a izenarekin. 1900eko uztailean, Monzara (Lombardia) joan zen, kirol-ekintza batera. Uztailaren 29an, afaldu ondoren, Gaetano Bresci anarkistak bost tiro emanda hil zuen. Ezusteko heriotzaren ondoren, Viktor Emanuel semeak oinordetu zuen Italiako tronua. Hunberto Erromako Agriparen Panteoian ehortzi zuten.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
- ↑ a b Umberto I[Betiko hautsitako esteka] Global.britannica.com
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hunberto I.a Italiakoa |