Jevgeni Prigozhin
Jevgeni Viktorovitx Prigozhin[1][2] —errusieraz: Евге́ний Ви́кторович Приго́жин— (Leningrad, Errusia, 1961eko ekainak 1 – Tver oblasta, Errusia, 2023ko abuztuaren 23a) errusiar oligarka izan zen,[3] mertzenario-burua eta, 2023an bera buru izan zuen matxinada arte, Errusiako lehendakari den Vladimir Putinen konfiantzazko laguna.[4] Ezaguna zen "Putinen chef" ezizenarekin ere, Kremlinari zerbitzu ematen zioten jatetxeen eta catering-konpainien jabe baitzen.[5]
Sobietar Batasunean kondenatua izan ondoren, kontrolpean izan zuen konpainia-sare bat, Wagner Taldea izeneko mertzenario-konpainia errusiarra barne, estatuak babestuta; bai eta Estatu Batuetako 2016ko eta 2018ko hauteskundeetan interferentzia izatea leporatu zieten hiru konpainia ere.[6][7] Bellingcat, The Insider eta Der Spiegel mendebaldar hedabideek (Errusia aurkaritzat duen NATOko herrialdeetakoak) 2022an egindako ikerketa baten arabera, haren jarduerak "oso integratuta daude Errusiako Defentsa Ministerioaren eta haren inteligentzia-besoaren, GRUaren, baitan".[8]
Hil baino bi hilabete lehenago, 2023ko ekainean, Errusiako Defentsa Ministerioaren aurka matxinatu zen, bere indarrak Errusiara mugitzearekin batera.[9][10]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jevgeni Prigozhin Leningraden jaio zen, egungo San Petersburgon, 1961eko ekainaren 1ean. 1981ean, 20 urte zituelarik, 13 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, lapurreta eta iruzurra egotzirik. 1990ean, espetxetik irten zelarik, saltxitxa-ogitartekoak saltzen hasi zen amarekin eta aitaordearekin batera, Leningradeko Aprashakako merkatuan. Sobietar Batasuna desegin ondoren, negozioa handitu eta enpresa berriak sortu zituen.[11]
1990eko hamarkadan, supermerkatuen, kasinoen eta jatetxeen negozioetan sartu zen. 1997an, Uharte Berria, Neva ibaiaren gaineko jatetxea, ireki zuen, hiriko jantoki modakoenetako bat bihurtu zena. 2001ean, bazkaria zerbitzatu zien Vladimir Putini eta Jacques Chirac Frantziako presidenteari, eta George W. Bush AEBetako presidentearen anfitrioia izan zen 2002an. 2003an, Putinek urtebetetzea ospatu zuen Uharte Berrian. Era horretan hasi zen Prigozhinen eta Putinen arteko harremana.[12] Ondoren, Concord catering konpainia sortu zuen, Armadari eta herrialdeko ikastetxe publikoei otorduak emateko kontratuak lortu zituena.[11]
2010eko hamarkadan, Wagner Taldea sortu zuen.[13][14][15] 2022ko irailaren 26an adierazi zuenez, taldea 2014ko maiatzean eratu zuen, Errusiako Indar Armatuei Donbasseko gerran laguntzeko. Onarpen hori bideo biral batek eragin zuen, zeinetan Prigozhin bera agertzen baitzen Mari El-eko espetxe batean presoak errekrutatzen; zehazki, askatasuna emanen zitzaiela agintzen zien, sei hilabetez Wagner Taldearekin lan egiten bazuten.[16]
Denbora askoan ukatu zuen Estatu Batuetako hauteskundeetako errusiar interferentzian izandako eginkizuna. Hala ere, 2022ko azaroan, lan horietan zeukan erantzukizuna onartu zuen, bai eta jarraitu egingo zutela esan ere.[17] 2023ko otsailean, Interneteko Ikerketa Agentziaren fundatzailea eta epe luzeko kudeatzailea zela adierazi zuen; errusiar enpresa horri lineako propaganda-ekintzak egitea leporatu izan zaio.
Prigozhinek, bere enpresa eta bazkideekin batera, Estatu Batuen zigor ekonomikoak eta kargu penalak jaso dituzte; izan ere, Erresuma Batuan, oraindik ere zigorren pean izendatutako pertsona da.[7][18] FBIk 250.000 eurorainoko saria eskaini zuen Prigozhin atxilotzera daraman informazioagatik.[19][20] 2020ko urrian, Europako Batasunak (EB) haren aurkako zigorrak jarri zituen, Libian Wagner Taldearen jarduerak finantzatu izanagatik. 2022ko apirilean, EBk zigor gehiago ezarri zizkion Ukrainako errusiar inbasioan izandako zereginagatik.[21]
2023ko ekainean, Errusiako gobernuaren kontrako Wagner Taldearen matxinada zuzendu zuen, eta Rostov Don hiria kontrolpean hartu. Krisia Prigozhin Bielorrusian aterpetuz baretu zen, Aliaksandr Lukaxenkarekin hala adostuta.[22] Vladimir Putinek ondorioak agindu zituen Prigozhinen erreboltarengatik.[23] Bielorrusiatik, Prigozhin Afrikara joan zen gerra kanpainetan aritzera.
2023ko abuztuaren 24an zabaldu zenez, Prigozhin istripuz hil zen bezperan Moskutik aireratu hegaldi batean.[24] Mendebaldeko inteligentzia-zerbitzuek eta Joe Biden Estatu Batuetako presidenteak berak istripua espresuki eragin zelako susmoa agertu zuten;[25] CIAk, zuzenean, Putinen mendekua zela iradoki zuen.[26]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «156 Araua - Euskaltzaindiaren Arauak» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
- ↑ Susaeta, Igor. (2023-06-27). «Aliatuak desafio egin dio Putini» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-06-27).
- ↑ The oil field carnage that Moscow doesn't want to talk about. CNN 18 February 2018.
- ↑ «Navalny asks FSB to investigate Putin's cook» Crime Russia.
- ↑ «Thousands of Russian private contractors fighting in Syria» AP News.
- ↑ (Errusieraz) «Право на забвение Евгения Пригожина: Что хочет скрыть о себе ресторатор, обслуживавший президентов России — Meduza» Meduza.
- ↑ a b William Echols. (4 October 2019). «New Sanctions Against 'Putin's Chef' Prompt Latest Russian Election Meddling Denial» Polygraph.info.
- ↑ Bellingcat Investigation Team. (14 August 2020). «Putin Chef's Kisses of Death: Russia's Shadow Army's State-Run Structure Exposed» Bellingcat.
- ↑ (Ingelesez) Trofimov, Yaroslav. (23 June 2023). «Russia Issues Arrest Warrant for Wagner Chief on Charges of Mutiny» Wall Street Journal ISSN 0099-9660..
- ↑ Otaegi Leonet, Julen. «Traizioa» egotzio dio Putinek Wagner talde paramilitarrari. Berria, 2023ko ekainak 24, berria.eus.
- ↑ a b Yevgeni Prigozhin, Putinen "chef" izatetik Errusiako Armadaren etsai izatera. Eitb Albisteak, 2023ko ekainak 24, eitb.eus.
- ↑ MacFarquhar, Neil. Meet Yevgeny Prigozhin, the Russian Oligarch Indicted in U.S. Election Interference. The New York Times, 2018ko otsailak 16, web.archive.org.
- ↑ «Sanctioned Putin Ally Says He Created Russian Mercenary Group» Bloomberg 26 September 2022.
- ↑ «Russian oligarch Yevgeny Prigozhin admits he created the mercenary Wagner Group» Politico 26 September 2022.
- ↑ «Putin's 'chef' Prigozhin admits creating Wagner mercenary outfit in 2014» CNN 26 September 2022.
- ↑ «Russia's Wagner boss: It's prisoners fighting in Ukraine, or your children» BBC News 16 September 2022.
- ↑ «Russia's Prigozhin admits interfering in U.S. Elections» Reuters 7 November 2022.
- ↑ Fitzpatrick, Jim. (7 February 2023). «MPs grill minister over decision to let warlord sue reporter» openDemocracy.
- ↑ «Yevgeniy Vicktorovich Prigozhin - Federal Bureau of Investigation» Federal Bureau of Investigation 9 July 2021.
- ↑ Archived copy. .
- ↑ (Ingelesez) «Switzerland Imposed Sanctions on Wagner Group» European Pravda.
- ↑ «Wagner taldeko burua hil da bere hegazkina Errusian erorita» EITB 2023-08-23 (Noiz kontsultatua: 2023-08-24).
- ↑ (Ingelesez) Said-Moorhouse, Sophie Tanno,Lauren. (2023-08-23). «From Putin's 'personal chef' to rebel: Who is Wagner chief Yevgeny Prigozhin?» CNN (Noiz kontsultatua: 2023-08-24).
- ↑ Berria. (2023-08-24). «Errusiak baieztatu du Wagner taldeko burua hil dela» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-08-24).
- ↑ (Ingelesez) Woodyatt, Uliana Pavlova,Radina Gigova,Amy. (2023-08-27). «Wagner chief Prigozhin confirmed dead by Russian authorities after genetic tests» CNN (Noiz kontsultatua: 2023-08-31).
- ↑ (Ingelesez) «Wagner chief Yevgeny Prigozhin presumed dead after Russia plane crash» BBC News 2023-08-23 (Noiz kontsultatua: 2023-08-31).