Edukira joan

Kafe-errota

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kafe-errota
sukaldeko tresneria eta errota

Kafe-errota[1] kafe aleak kafe-makina (kafegailua) erabili aurretik horiek ehotzeko erabiltzen den tresna da; etxeetan zein ostalaritzan erabiltzen da.

XVI. mendean, kafea Europara iritsi zenean sortu zen gailu hau. Iritsi berri zen produktuaren aroma, usain eta zapore guztia mantenduz ehotzea zuen helburu.

Hasiera batean espezieak ehotzeko almaizak egokitu ziren. Almaiza izan zen kafea ehotzeko erabili zen lehen tresna.

Lehen kafe-errotak Europa eta Turkian agertu ziren, aldi berean, XVII. mendean. Turkiako errotatxoak kobrezko edo letoizko zilindro batez osatuta zeuden; harribitxiz apainduak eta ardatz bertikaleko mekanismoaz hornituak.

Frantzian, aldiz, lehen errotatxoak luxuzko modeloak ziren; goi nobleziako aretoetan erabiliak izateko sortuak. Saint-Etienne aparteko eredu horien ekoizpen-gune garrantzitsua izan zen. Aspalditik armen fabrikazioan aplikatutako doitasun-mekanikaren esperientzia oinarri hartuta sortu ziren lehen eredu horiek.

Sailean sortu ziren lehen errotei Luis XIV deitu zieten. Egur zati bakar bateko gorputza zuten, eta horregatik deitzen zitzaien  “monoxyle”. Gehienetan intxaurrondo egurra erabiltzen zen horiek ekoizteko, eta aurrez eskatuta errementariek  egiten zituzten.

Kafearen kontsumoa garatzen zihoan heinean, XVIII. Mendearen erdialdean, lehen kafe errota funtzionalak agertu ziren. Inbutu errota deitu zitzaien zuten itxuragatik. Mahaiari eusteko beso bat zuten. Garaiko eredu ezagunenari hondarrezko erlojua deitu zitzaion (elkarri lotutako bi konok osatzen zuten).

XIX. mendean, industrializazio garaian, hartu zuen ospe gehien kafeak. Garai hartakoa da errota kubikoa deitutako makina famatua. Modelo horrek bakarkako erabilpenerako balio zuen. Errota kubikoen artean, errota flamenkoa izan zen lehena merkaturatzen eta Peogeot errota ondoren (Frantzian, 1840tik aurrera).

Kafe-aleak ehotzea da kafe errotaren funtzioa. Horrela, zapore, usain eta freskotasun paregabea lor daiteke kafea prestatzeko momentuan. Bi ontziz (bat kafe aleak dituena eta bestea kafe ehoa jasoko duena) edo ontzi bakar batez (hortzak erabiliz, ontzi berean birrintzen ditu kafe aleak) osatuta egon daiteke.

Bi sailkapen egingo ditugu kafe-errotekin:

Erabiltzen den indarraren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kafea ehotzeko gailua martxan jartzeko erabiltzen dugun indarraren arabera bi mota ditugu:

ESKUZKO ERROTAK: Erabiltzailearen eskuaren indarrarekin funtzionatzen du. Ez du motorrik, biradera bat baizik; erabiltzaileak hartu eta birarazi behar du kafe-aleak eho ahal  izateko. Tresna artisauagoa da,  kafe errotak elektrikoak  baino motelagoa.

ERROTA ELEKTRIKOA: Motor batez hornituta dago. Motor honek ahalbidetuko du, oso modu eraginkorrean, kafe-aleak ehotzea.

Erabiltzen den tresneriaren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kafea ehotzeko erabiltzen den tresneriaren araberako sailkapenean, beste bi aukera ditugu:               

HORTZ-ERROTAK: Tresna azkarra eta eskuragarria da. Azkar egiten du bere lana, baina kafe aleak eho beharrean txikitu egiten ditu. Ondorioz, adituek diote kalitate baxuagoko kafea lortzen dela  hauts horretatik.

HARRI-ERROTAK:  Elkarren kontra bi harri igurtziz egiten du bere lana. Kafe-aleak modu uniformean prentsatu eta birrintzeaz arduratzen da. Aldi berean, ehotzearen lodiera zehatza hautatzeko aukera ematen du; hori oso garrantzitsua da, lortu nahi den kafe mota bakoitzak, ehotzeari dagokionez, lodiera jakin bat eskatzen baitu.

Kafe-makina eta prestaketaren araberakoa izango da kafe ehoak beharko duen lodiera. Ez da berdina kafe espres bat prestatzeko lodiera eta italiar kafegailuan beharko dena.

Adituen esanetan usain, zapore eta aroma osoa gordetzeko oso garrantzitsua da kafe eho berriarekin egitea infusioa. Berehala erabiliko ez bada, kafe-hautsa ontzi ilun eta itxi batean gorde beharko da, bere ezaugarriak galdu ez ditzan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskalterm: [Hipermerkatuetako Produktuak Hiztegia] [2009]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]