Kapitolioko triada
Triada edo Hiruko kapitolinoa erromatar erlijioko hiru jainko-jainkosa nagusien multzoari ematen zaion izena da. Monarkiaren garaitik, Tarkino Harroaren erregealdian, Kapitolino muinoan[2][3] (latinez Mons/Collis Capitolinus) ezarri zituzten triadaren hiru jainko-jainkosak hauek ziren: Jupiter Optimo Maximoa, Juno eta Minervarekin. Jainko-jainkosa hauek erromatar boterearen sinbolo izatera iritsi ziren[4].
Indoeuropar beste erlijio batzuetan bezala, erromatarren artean jainko-jainkosak hirunaka biltzeko joera nabaria zen, eta joera horren ondorioz, historian jainko-jainkosa desberdinekin osatu ziren hirukoak aurki ditzakegu. Dena den, Kapitolinoko hiruko klasikoa erlijio etruskoan zegoen hirukoa kopiatu zuela esaten da: Tinia eta Uni senar-emaztek eta Menrvak osatua[5][6].
Erromako Kapitolino muinoko tenplua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen triada arkaikoa Jupiter, Marte eta Janok osatzen zuten, baina laster Quirinok Jano ordeztu zuen. Haren kultua garrantzitsua zen, hiru apaiz nagusiei, flamine-ei, emandako izenak adierazten duen bezala: Flamen Dialis Jupiterrena, Flamen Martialis Marterena eta Flamen Quirinalis, Quirinorena.
Triada klasikoari kapitolinoa esaten zitzaion, tenplua Kapitolio muinoan zuelako, Jupiter Optimo Maximoren (edo Jupiter kapitolinoa) tenpluan zuelako, eta Jupiter, Juno eta Minervak osatzen zuten.
Erromako tenplurik garrantzitsuena, Kapitolioan kokatua, Jupiterri sagaratua zegoen eta Estatuaren bizitza politiko eta erlijiosoaren erdigunea zen. Haren leialtasunari fidatzen zitzaizkion Inperioko agiriak eta kontratuak, are gehiago, Estatuaren altxorrak bertan gordetzen ziren.
Tenplu horretara kontsulak joaten ziren beren magistraturaren hasieran sakrifizio bat eskaintzera, eta jeneralak ere joaten ziren gerrara abiatzean eta beren armekin lortutako garaipenak ospatzera eta harrapakina uztera.
Kapitolioan senatua biltzen zen, gerra formalki deklaratu behar zenean, edo bake-tratatuak adostera eta gizonezko hiritar berriak ere joaten ziren gizon-toga (toga viril) hartzean. Azken batean, ekitaldi ospetsuenak egiten ziren tenplu nazionala zen, eta bizitza sozial, politiko eta erlijiosoaren erdigunea. Funtsean, Erromako hiriak zuen espaziorik sakratu eta gurtuena zen.
Tarkinoetako lehenak, Tarkino Priscok (K.a. 616-578), hasi eta Tarkino Harroak (K.a. 534-510), amaitu zuen tenplua eraikitzen. Denbora gutxira, Tarkino Harroa, erromatarren azken erregea, hil eta Errepublika garaia hasi zenez, Errepublika berriaren lehen bi kontsulak izan ziren Valerio eta Horacio inauguratu zuten.
Kapitolioko santutegi horretan, non Iuppiter Optimus Maximus (Jupiter hoberena eta handiena) baitzen nagusi jaun eta jabe, bi kapera zeuden, bata Juno Reginari (Juno Erreginari) eskainia eta bestea Minervari; hiruek Triada Kapitolinoa osatzen zuten, jatorri etrusko-latindarra zuena, izaera hierarkiko nabarmena zuen, eta Triadarako zeremonia komunik ez bazegoen ere, une solemneetan "... Jupiter Optimo Maximo, Juno Regina eta Minerva" esaten zen, erromatar herriarentzat zuten garrantzia adieraziz.
Erromatar erlijio arkaikoan, Martek, gerraren jainkoak eta erromatarren aitak, Quirinok, nekazaritzaren jainkoak eta sabinarren babesleak, eta, azkenik, Jupiterrek osatzen zuten hirukoa. Kasu horretan, Jupiter beste herri latindar batzuekiko harremanen babesle gisa agertze zela uste da (Iuppiter Latiaris). Bina etruriar jatorriko erregeekin, Jupiterren tokia aldatu eta lehen leku gorenera mugitu zuten estatu-erlijioan[6].
Erroma hiritik kanpo
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Italiako eta probintzietako hirietan[7], Erromakoaren antzeko Kapitolio bat eraiki zen, erromatar metropoliarekiko lotura politiko eta erlijiosoa irudikatzen zuena. Kapitolio hau, muino edo beste leku garai batean eraiki ziren, batez ere Augustoren eta Julio-Klaudiotar dinastiaren garaian. Probintzietan eraiki izen Triada Kapitolinoaren tenplu zaharrena Emporiaekoa (egungo Empúries) izan zen[8], nahiz eta, han, tenplurik ez zituen hiru gelak, beste hirietako Triadaren tenpluetan ohikoa izango dena.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Eugenio Moscetti, Il rinvenimento del gruppo scultoreo della Triade Capitolina nella villa romana dell'Inviolata (Guidonia Montecelio), in Atti e Memorie della Società Tiburtina di Storia e Arte LXVII, 1994, pp. 181-193. (ISSN 0394-1663)
- ↑ Antzinaroko eta Goiz Erdi Aroko kanpoko leku- eta pertsona-izenak "Onomastika" lanean (Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Ikasmaterialen Aholku Batzordea estilo-liburua)
- ↑ Euskaltzaindia. Europako toponimia fisikoa. .
- ↑ «Tríada capitolina - Inicio - Diccionario Tesauro de Historia Antigua y Mitología» www.tesaurohistoriaymitologia.com (Noiz kontsultatua: 2024-06-07).
- ↑ Dumézil, Georges (1970). Archaic Roman Religion with an appendix on the Religion of the Etruscans. 1 eta 2 lib. 280–310 or. Chicago eta Londres: The University of Chicago Press. ISBN 0-8018-5481-4.
- ↑ a b (Gaztelaniaz) García Martínez, Mercedes; Vera García, Carlos. (1992-1993). «Aproximación al estudio de la Triada Capitolina en la moneda imperial romana» Memorias de historia antigua 13-14: 295-326. ISSN 0210-2943..
- ↑ Aldiz, Josephine Crawley Quinn eta Andrew Wilsonek diote, 2013ko artikulu batean, hiri gutxitan egin zirela Kapitolioak, eta gehienak Africa Iparraldeko probintzietakoak direla, eta bigarren mendekoak edo lehen urteetako hirugarren mendekoak direla. ikusi: Crawley Quinn, Josephine eta Wilson, Andrew (2013-07-29) "Capitolia". Cambridge University Press.
- ↑ Blagg, T.F.C. «The temple at Bath (Aquae Sulis) in the context of classical temples in the western European provinces». Journal of Roman Archaeology, 3, 1990.