Karl Rahner
Karl Rahner (Friburgo, Alemania, 1904ko martxoaren 5a - Innsbruck, Austria, 1984ko martxoaren 30a) alemaniar teologo katolikoa izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jesusen Lagundian sartu zen 1922. urtean, eta Innsbrucken teologiako ikasketak egin ondoren, apaiz egin zen (1932). Friburgon filosofiako ikasketak egin zituen Heideggerekin (1934-1936); oso ezagun egin zen 1939. urtean idatzi zuen Geist in Welt ("Izpiritua munduan") tesiari esker.
Bavarian egon zen apaiz Bigarren Mundu Gerra garaian, eta, hura amaitutakoan, teologia irakatsi zuen Pullachen (1945-1948) eta Innsbrucken (1949-1963). Koening kardinalaren aholkulari zen 1961. urtean eta bi urte geroago Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoko teologo; Paulo VI.a Aita Santuak eratu zuen nazioarteko Teologia Batzordeko kide izan zen.
Eragin handia izan du Rahnerrek gaur egungo teologoengan. Obra nagusiak: Hörer des Wortes (1941, "Hitzaren entzuleak"), Sendung und Gnade (1966, hiru liburuki; "Misioa eta Grazia"), Grundkurs des Glaubens (1976, "Kristau fedearen oinarrizko ikastaroa") eta Die siebenfältige Gabe: über die Sakramente der Kirche (1974).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Karl Rahner |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.