Karlos II.a Nafarroakoa
Karlos II.a Nafarroakoa | |||
---|---|---|---|
1349 - 1387 ← Joana II.a Nafarroakoa - Karlos III.a Nafarroako erregea → | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Évreux, 1332ko urriaren 10a (egutegi gregorianoa) | ||
Herrialdea | Nafarroako Erresuma | ||
Heriotza | Nabarreria, 1387ko urtarrilaren 1a (egutegi gregorianoa) (54 urte) | ||
Hobiratze lekua | Iruñeko katedrala | ||
Heriotza modua | istripuzko heriotza | ||
Familia | |||
Aita | Filipe III.a Nafarroakoa | ||
Ama | Joana II.a Nafarroakoa | ||
Ezkontidea(k) | Joana Frantziakoa (1353 (egutegi gregorianoa) - | ||
Bikotekidea(k) | ikusi
| ||
Seme-alabak | |||
Haurrideak | |||
Leinua | Evreux leinua | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | frantsesa | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | agintaria | ||
Karlos II.a Nafarroakoa (1332ko urriaren 10a - 1387ko urtarrilaren 1a), Evreuxkoa eta Gaiztoa ezizenez ezaguna, Nafarroako erregea (1349-1387) eta Evreuxeko kondea (1343-1387) izan zen. Lurralde horiez gain, Filipe Evreuxeko konde aitarengandik eta Nafarroako Joana II.a amarengandik, Normandian ere lurralde franko jaso zituen, 1328an Champagne, Brie eta Frantziako tronuaren gaineko aldarrikapenei uko egiteagatik. Honela, Frantziako iparraldean Evreux, Mortain, zein Vexinen eta Cotentinen zati batzuen jabe zen Karlos.
Aita Filipe VI.a Frantziakoaren lehengusua eta ama Luis X.a Frantziakoaren semea izanda, Karlosek lirio-lorea (Frantziako erregetzaren ikurra) bi adarretan zeukala esatea gustuko zuen. Gauzak horrela, amaren partetik Filipe Ederra Frantziako erregearen berbiloba izanda, erregetza nork beteko zuenarengatik sortu zen Frantzia eta Ingalaterraren arteko Ehun Urteko Gerran parte-hartze handia izan zuen Karlosek, bata edo bestearekin aliatuta, beti ere bere helburuak bete nahian. Frantziako koroaren gaineko aldarrikapena onar ziezaioten espero zuen luze. Nafarroari dagokionez, 1350eko udan etorri zen koroa jasotzera, baina bisita txikiez aparte, erregealdiko lehenengo 12 urteak ia-ia soilki Frantzian eman zituen. Hasiera batean, lanesku-iturritzat hartu zuen Nafarroa, Frantzian botere gehiago bereganatzeko.
Gaiztoa goitizena jaso zuen (gaztelaniaz el Malo, frantsesez le Mauvais) kronikari espainiar batengandik XVI. mendean.
Erregealdia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izurri Beltzaren ostean (1349), Ehun Urteko Gerra sua etenda zegoen. Gerratearen lehendabiziko zatiak ingelesen abantaila nagusia ekarri zuen, Eduardo III.ak garaipen garbiak lortu zituen L'Éclusen eta Crécyn, baita Calais hartu zuenean ere. Valois leinuaren botereak erantzuna aurkitzen zuen Ingalaterrako zein Nafarroako erregeengan, biak Filipe Ederraren ondorengoak izanik. Filipe VI.a Frantziakoaren heriotzaren ostean (1350eko abuztuaren 22an), Joan II.ak laster koroatu zen (irailaren 26an). Abuztuaren 29an, Karlos de la Cerda buru zuten frantziarrek Eduardo III.a geldiarazi zuten Reimsera koroatzera zihoazelakoan. Karlos II.aren asmoa, berriz, bere amak Brie eta Xanpainan galdutako lurraldeak berreskuratzen guztiz ahalegintzea zen.
Frantziako erregearekiko harremanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Karlos II.a Languedocen errege ordezkari aritu zen 1351n, eta Garonako Port-Sainte-Marie hartu zuen armadaren burua izan zen 1352an. Urte berean Joanarekin, Joan II.a Frantziakoaren alabarekin, ezkondu zen.
Karlos de la Cerda Frantziako kondestableak, erregearen kuttunak, Xanpaina, Brie eta Angulemako feudoak jasota, Karlosekiko hartu-emana ozpindu zen[1], lurralde horiek lehenago haren amarenak izanak baitziren. Parisen 1353ko Gabonetan publikoki eztabaidatu ostean, kondestablearen heriotza taxutu zuen Karlosek. Kondestablea L'Aiglen 1354ko urtarrilaren 8an erail zuten, Filipe bere anaia hiltzaileen buru zelarik. Karlosek ez zuen heriotza horretan bere parte-hartzea ezkutatu. Egun batzuen buruan, Karlosek intrigatzeari ekin zion ingelesekin hitzarmen militar bat sinatzeko, Joan II.a aitaginarrebaren aurka[2]. Frantziako erregea prest zegoen suhiaren lurraldeak erasotzeko, baina Karlosen Eduardo III.arekiko aliantzak bakea sinarazi zion Joan II.ari: 1354ko otsailaren 22an Mantesko Hitzarmena adostu zuten. Horri esker, Karlosek bere menpeko lurraldeak ugaldu zituen eta bake egin zuen Frantziako erregearekin. Nolanahi ere, ingelesak, Karlosekin batera frantziarren kontra kanpaina bikoitza prestatzen ari zirela, traizionatuta sentitu ziren. Ez zen azken aldia izango, Karlosek Ingalaterrarekiko hitzarmenak erabiliko zituen Frantziako erregearengandik lorpenak lortzeko.
Nafarroako eta Frantziako erregeen arteko harremana laster usteldu zen berriro, eta Joan II.ak Karlosen lurraldeak Normandian inbaditu zituen 1354an bertan. Frantzia eta Ingalaterraren artean Avignonen emaitzarik gabeko bake-negoziazioetarako mandataria ingelesarekin intrigatzen hasi zen berriro Karlos, eta berriro alderdia aldatu zuen. Ingelesen beste inbasio baten mehatxuak Joan II.ari bake-hitzarmena sinarazi zion, Valognes Hitzarmena (1355eko irailaren 10a). Itun honek ere, ez zuen luze iraun. Uste zen Karlos Frantziako ondorengoaren gainean eragina izaten saiatzen ari zela[3]. Joan II.ak bere semea Normandiako duke izendatu zuen, baina Karlosek jarraitu zuen ondorengoari aholkatzen lurraldea nola gobernatu behar zuen. Erregearen aurkako konspirazioen zurrumurru etengabeak ziren, eta, 1356ko apirilaren 5ean, Joan II.a eta aldekoen talde bat ondorengoaren gazteluan abisatu gabe sartu ziren Erruanen. Karlos atxilotu eta espetxeratu zuten. Haren laguntzaile nagusietako lauri (bik Karlos de la Cerdaren hiltzaileen artean egonak) burua moztu zieten, eta gorpuak kateekin zintzilikatu. Karlos kartzelaz kartzela eraman zuten, segurtasuna handiagoa izan zedin[4].
Dofinaren aurka
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Poitiersko guduan ingelesek Frantziako erregea atzeman ostean ere Karlos II.ak presondegian jarraitu zuen. Baina bere aldeko ugarik lanean ziharduten Estatu Orokorretan, erregearen atxiloketak eragindako botere-hutsunean Frantziako gobernua aldatzeko, herrialdeak anarkiara jotzen zuen bitartean. Dofina (Frantziako erregearen ondorengoa) etengabe presionatzen zuten aske utz zezan. Bien bitartean, Filipe anaiak Lancasterreko dukearen armada ingelesarekin bat eginda, dofinaren kontra borrokatu zuen Normandian zehar. Azkenean, 1357ko azaroaren 9an, Jean de Picquigny buru zuen 30 gizonen talde batek askatu zuen Karlos Arleuxko gaztelutik[5].
Amiensen sartzean heroien moduan agurtuta, Estatu Orokorrek Parisera joatera gonbidatu zuten. Segizio handiarekin sartuta "monarka koroatu berri bezala" hartu zuten[6]. Herriari azaroaren 10ean zuzendu zitzaion, atxilotu zutenen aurkako kexa-zerrenda luzatuz. Étienne Marcelek burututako "Nafarroako erregearen aldeko justiziaren eskakizunari" ezin izan zuen dofinak aurre egin. Presondegian zegoen bitartean bere lurraldeetan egindako kalteengatik ordaina eskatu zuen Karlosek, baita bere krimenen zein haren aldekoen barkamena, eta Joan II.ak Rouenen exekutatuko lagunenentzat ohorezko lurperatzea ere. Halaber, dofinaren beraren Normandiako dukerria eta Xanpainako konderria ere eskatu zituen. Honek Frantziako iparraldeko benetako agintaria bihurtuko luke. Dofina aterabiderik gabe zegoen, baina Karlosekin oraindik negoziatzen ari zela, Ingalaterrako eta Frantziako erregeek Windsorren bake-akordioa sinatu zuten berri iritsi zen. Berri hau bere kalterako baino ezin zuela jo jakinda, Karlosek Parisko espetxe guztietako ateak ireki zituen, anarkia sor zedin. Hiriburua utzi zuen orduan, Normandian gotortzeko[7]. Exekutatuko jarraitzaileei ohorezko estatu-hileta eman zien Rouengo katedralean 1358ko urtarrilaren 10ean, eta gerra zibila deitu zuen. Indar anglo-nafar baten buru, dofinaren gotorlekuen kontra egin zuen, honek bere armada biltzen zuen bitartean.
Karlos eta Parisko matxinada
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bitartean Paris iraultzaren ertzean zegoen. Otsailaren 22an, dofinaren buru militar nagusiak, Jean de Conflans eta Robert de Clermont mariskalak, bere begien aurrean erail zuen Étienne Marcel buru zeukan jendetzak. Dofina birtualki preso zegoen, eta Karlosek berriro Parisera itzultzeko gonbitea jaso zuen. Hala egin zuen otsailaren 26an, segizio armatu handi batekin. Dofinak Karlosen lurralde-eskakizunen aurrean amore eman behar izan zuen, eta bere erabilpen pertsonalerako 1.000 gizoneko armada ordaintzeko agindu zion[8]. Hala ere, gaixotasun batek galarazi zion Karlosi Senlis eta Provins lurraldeetako nobleziak eskatutako bilkuretara joatea, eta dofina horretaz probestu zen zaindari paristar eta nafarrengandik ihes egiteko. Ekialdetik kanpaina ireki bat jarri zuen martxan Karlosen nahiz Parisko matxinoen aurka.
Étienne Marcelek erregutu zion Karlosi dofinarekin hitzarmena sina zezaten, baina ez zuen deus lortu. Honela, Paris inguruko lurraldea bai Karlosen bai dofinaren armaden arpilatu zuten. Maiatzaren azken egunetan, Jacquerie izeneko matxinada piztu zen Frantziako iparraldean, Frantzia hain behera eraman zuen nobleziaren kontrako gorroto espontaneoaren aurrean. Étienne Marcelek publikoki Jacqueriaren aldeko babesa adierazi zuen. Dofinaren laguntza jasotzeko ezinik, Frantziako iparraldeko nobleek Karlosi erregutu zioten nekazarien aurka egin zezan. Pariskoen alde egon arren, Karlosek ez zituen nekazariak begiko. Étienne Marcelek bizi ala hilko akatsa egin zelakoan, Frantziako aristokraziaren buru bezala agertzeko tentazioari ez zion eutsi, eta Jacquerie delakoa suntsitu zuen Melloko gudan 1358ko ekainaren 10ean, matxinoak garbituz. Parisera itzuli zen eta botere-eskaintza egin zuen, jendeak "Parisko Kapitaina" hauta zezan[9].
Mugimendu honek Jacqueriaren kontra babestu zuten noble askoren babesa kendu zion Karlosi, eta dofinarengatik uzten hasi ziren. Bitartean soldaduak -gehienak mertzenario ingelesak- biltzeari ekin zion Paris defendatzeko, baina bere gizonek, ordea, hirian barnan eta kanpoan arpilatzen zuten. Dofinaren indarrak bereak baino askoz handiagoak zirela ohartuta, dofinarekin negoziazioak zabaldu zituen. Dofinak dirua eta lurra eskaini zizkion paristarrek amore ematea lortzen bazuen. Hauek, halere, printzen arteko itun honetaz mesfidati, muzin egin zioten. Karlosek euren kapitain moduan borroka egitea onartu zuen, baina bere tropak hiri barnera joan zitezen eskatu zuen. Handik gutxira, ingelesen aurkako matxinadak sortu ziren Parisen. Jendetzak Karlos, Étienne Marcelekin batera, haien kontra -haien gizonen aurka- egitera behartu zuen hiriko iparraldean eta mendebaldean. Jendetza hori (zalantzarik gabe nahita) ingelesen zelata batera eraman zuen Saint Cloudeko zubitik hurbileko basoan, eta 600 paristar hil zituzten[10].
Amore ematea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Horren ostean Karlosek Paris utzi zuen. Saint-Denisko basilikan egonda, matxinada bere kasa erre zen. Étienne Marcel hilik suertatu zen, eta dofinak Parisen gaineko kontrola berreskuratu zuen. Bitartean, Karlosek Ingalaterrako erregearekiko elkarrizketei ekin zien berriro: Frantzia bien artean erdibitzea proposatu zion. Edwardek Frantzia inbaditzen bazuen eta dofina garaitzen laguntzen bazion, Karlosek Ingalaterrako erregea Frantziakotzat ere onartuko luke, eta Normandia, Pikardia, Xanpaina eta Briaren lurraldeengatik omenaldia egingo lioke[11]. Baina Ingalaterrako erregea dagoeneko ez zen fido Nafarroakoaz. Bai Ingalaterrako Edwardek bai espetxeratutako Joan II.a Frantziakoak bakerako oztopotzat zeukaten Karlos.
Honela, 1359ko martxoaren 24an Londresen itun berri bat gauzatu zuten Eduardok eta Joanek. Frantziako erregea Frantziara itzultzekoa zen erreskate itzela ordainduta eta Ingalaterrako erregeari Frantzian lurralde handiak, tartean Nafarroako erregearen lurralde frantziar guztiak, ordainetan emanda. Karlosek beste nonbait (zehaztu gabeko) ordaina onartu ezean, Ingalaterrako zein Frantziako erregeek gerra egingo liokete[12]. Nolanahi ere, Frantziako Estatu Orokorrek ez zuten ituna onetsi, eta dofinari gerran jarraitzeko eskatu zioten. Horren aurrean, Eduardo III.ak pazientzia galduta, Frantzia inbaditzeko deliberoa hartu zuen.
Karlosen egoerak iparraldeko Frantzian okerrera egin zuen udaberrian zehar dofinaren indarren erasoen azpian. Ingalaterrako erregeak hastekoa zuen inbasioen berri izanda, Karlosek dofinarekin baketzea hobe zela erabaki zuen. Eztabaida luzeen ondoren, bi buruak Pontoisetik hurbil elkartu ziren 1359ko abuztuaren 19an. Bigarren egunerako, Nafarroako Karlosek adierazi zuen borroken hasieran nahi zuena besterik ez zuela nahi, "herrialdearen aldeko betebeharra burutzea".
Eduardoren kanpaina Frantzian 1359-1360 porrota izan zen. Dofinak ez zion borroka zabalik eskaini, eta "lur errearen" estrategia eraman zuen: jendea hiri harresituetan babesten zen ingelesek eguraldi txarra pairatzen zuten bitartean. Azkenean, Eduardo III.aren eta Joan II.aren bakera iritsi zen Brétignyn. Calaisen Karlos II.arekin sinatu zuen bakea Joan II.ak. Karlosi Frantziaren aurkako krimen guztiak barkatu zitzaizkion, eta eskubide nahiz lur oro bueltatu zitzaizkion. Haren 300 jarraitzaileri errege barkamena eman zitzaien. Horren trukean, Frantziako koroarekiko omenaldia berretsi zuen Karlosek, eta Frantziako lurraldeetan hasiera batean berak antolatutako mertzenario anglo-nafarren aurka Frantziako koroaren alde borrokatzea agindu zuen[13].
Normandiaren galera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Filipe I.a Borgoinakoaren ustekabeko heriotzaren ondoren, 1361ean, Karlosek, bere bigarren lehengusua izanda, premutasuna zela-eta Borgoinako dukerria aldarrikatu zuen. Nolanahi ere, Frantziako erregeak berak jaso zuen dukerria, odol hurbiltasuna aldarrikatuta. Hil ostean dukerria Filipe seme kutunari igaroko zitzaiola erabaki zuen. Borgoinako duke bihurtu izan balitz, Karlos Frantziako politikaren bihotzean kokatuko zen berriro, beti desiratu zuen bezala. Aldarrikapen horren muzinak sumindu zuen Nafarroako erregea, areago Inozentzio VI.a Aita Santuak ere ezezkoa eman zionean.
Nafarroara 1361eko azaroan itzuli zen Frantziako boterea nola bereganatu hausnartzera. Bere aldekoak Normandian 1362ko maiatzean altxatu ziren, baina alferrik. Hurrengo urtean, berriz, egitasmo handinahia garatu zuen 1364rako. Bi armada eratuko zituen, bata itsasoz Normandiara joango zena, eta besteak, Luis anaiaren agindupean, Borgoina inbadituko zuen, Frantziako erregea erresumako bi aldetik mehatxatuz. Agenen 1364ko urtarrilean Printze Beltzarekin bildu zen Karlos, ingelesek menpean zeukaten Akitanian zehar igarotzeko baimena negoziatzeko. Printzeak baiezkoa eman zuen, agian Joan III.a Graillykoa, Captal de Buch ezizena zuen Karlosen aholkulari militar berriarekiko adiskidetasuna zela eta[14].
1364ko martxoan, Captal Normandiara abiatu zen Karlosen lurraldeak ziurtatzera. Bitartean, Joan II.a Frantziakoa Londresera itzulia zen Eduardo III.a Ingalaterrakoarekin negoziatzera. Frantziako defentsa dofinaren esku utzi zuen berriro. Errege armada bat dagoeneko Normandian zegoen, Rolleboise hiriaren setioan, Bertrand du Guesclinen agindupean. Karlosen planak ezagunak izanda, errege armada hark Karlosen alde geratzen ziren gotorlekuak hartu zituen, Captal de Buch Normandiara iritsi aurretik. Heldutakoan, oraindik Karlosen alde egiten zuen Évreux inguruan hasi zen indarrak biltzen. Orduan, ekialdera mugitu zuen armada, errege indarrei aurre egiteko. Hala eta guztiz ere, 1364ko maiatzaren 16an du Guesclinek garaitu zuen Cocherelgo guduan. Joan II.a apirilean Ingalaterran hil zen. Cocherelgo garaipenaren berria dofinari Reimsen maiatzaren 18an iritsi zitzaion. Hurrengo egunean koroatu zuen, Karlos V.a Frantziakoa izenpean[15]. Berehala, Filipe ziurtatu zuen Burgundiako duke.
Porrot entzutetsu hori gorabehera, Karlosek eutsi zion bere egitasmo handiari. Normandian 1364ko abuztuan bere gizonek atzera mugiarazten zituzten borrokan. Nafarroako armada bat, Errodrigo Urizkoaren agindupean, Baionatik abiatu zen Cherbourgera haien laguntzera. Bitartean, Luis Nafarroako erregearen anaiak armada bat Printze Beltzaren lurraldeen zehar eta Frantzian zehar eraman zuen. Geldiarazteko bidalitako errege indarrak saihestuta, Normandiara irailaren 23an heldu zen. Hainbat gotorleku berreskuratu arren, nafarren finantzek hondoa jo zuten.
Edonola ere, Frantziako errege berriak Nafarroakoarekin bakea behar zuen, ingelesak Frantziatik bota ahal izateko. Negoziazioan nafarra Ingalaterrarekin behin betiko ituna adosten saiatu zen, baina ez ziren fido. Bost urte pasa ondoren, Pariserako bidean, Karlosen Mantes, Meulan eta Longueville estrategikoak frantziarren Montpellierren ordez hartu zuten. Azken hori pozoindutako oparia suertatu zen, hiritarrek muzin egin baitzioten Karlosen agindupean jartzeari.
Gatazkak Gaztelan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cocherelgo guda zein Bretignyko hitzarmena zela-eta nafarrak eta ingelesak, hurrenez hurren, baketuta, Frantziako erregeak mertzenarioen konpainien arazoa zeukan. Gaztela eta Aragoiren arteko gerraz probestu zen konpainiak Iberiar penintsulara igaro zitezen. Izan ere, Frantziak Aragoiren alde egin zuen, Petri I.a Gaztelakoak Ingalaterrarekin ituna sinatuko zuenaren beldurrez. Bertrand du Guesclin izan zen frantziar espedizioaren burua. Nafarroako Karlosek erresumatik pasatzen utzi zien. Frantzian, bitartean, erregearen tropek isolatutako mertzenarioak nahiz Contentinen zeuden indar nafarrak garaitu zituzten[16].
Gaztelako erregeak Akitaniako Printze Beltzarengana jo zuen, frantziarren aurka egin zezan. Kanpaina Gaztelak ordainduta baiezkoa eman zuen Akitaniako Printzeak. Iberiar penintsulara pasatzeko, berriro Nafarroako erregearen baimena behar zen. Karlosek Gaztelako Henrike Trastamarakoa errege berriarekin ituna sinatuta zeukan. Baina Ingalaterraren mehatxua izan lezake bestela. Gaztelako Petrik Salbaterra eta Donibane Garazi itzuli zizkion Karlosi[17], eta Gipuzkoa eta Araba emango lizkioke, itsasorako irtenbidea lortuz, 200.000 florinez gain[18]. Baina nafarrek Gaztelako erregearekin ere negoziatu zuten: 60.000 dobla eta Logroño hiriaren truke, Pirinioetako ibilbideak ixtea agindu zieten. Printze Beltzaren erasopean, Karlosek amore eman zuen, eta tropa ingelesak igarotzea baimendu zuen, Orreagara 1367ko otsailean iritsita. Apirilaren 3an, Printze Beltzak armada frantziar-gaztelaua garaitu zuen Naiarako guduan, eta Petri Gaztelako tronuan berrezarri zuen[19]. Alabaina, Akitaniako Printzeak errekrutatutako tropei ordaintzeko hitza jan zuen Petrik, eta, hortaz, Printze Beltzak armada desegin behar izan zuen, zeinek Languedoc arpilatu zuen.
Henrike egoeraz probestu zen, eta Karlos V.a Frantziakoaren laguntzarekin, armada bat osatu zuen Pirinioez bestaldean. Gaztela eta Leon erresumak aise konkistatu zituzten. Toledoko setioak iraun zuen bitartean, Henrike II.a Gaztelakoak Frantziarekin aliantza hitzarmena sinatu zuen. Batik bat mairuz eta juduez osatutako armadak lagunduta Toledo askatzera iritsita, Petrik Calatravan porrot itzela jaso zuen. Montielgo gazteluan aterpetu zen orduan hainbat fidelekin. Azkenean, aurrez aurreko borrokan, Henrike de Trastamarakoak Petri anaiordea garaitu eta hil zuen (1369).
Frantziar-gaztelauen aliantzak inguratuta zegoela eta ingelesak kinka larrian zeudela ohartuta, Nafarroako Karlos Frantziara itzuli zen Vernongo ituna sinatzera. 1365eko baldintzak onartu eta 1371ko martxoaren 25ean Karlos V.ari zor zion omenaldia egin zion nafarrak Frantzian zituen lurrengatik[20].
1378ko epaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cocherelgo porrotaren ostean, Nafarroako Karlosen irrika Frantziako koroarekiko izugarri murriztu zen. Soa Iberiar penintsulan kokatuta, ingelesarekin hitzarmena bilatu zen Gaztelako erregearen aurka[21]. Ingalaterrako Rikardo II.ari, 1.000 soldaduko (500 arkulari eta 500 arma-gizon) armadaren truke, Karlos II.ak Cherbourg utzi zien ingelesei hiru urtetarako[21] 1378ko otsailean sinatutako akordioaren arabera. Hala ere, ingelesei Normandiako ateak irekitzerakoan, Karlos V.a Frantziakoak bere subiranotasuna kaltetuta somatu zuen[21].
Martxoaren amaierarako, Foixko kondeak Frantziako erregeari nafarrek ingelesekin itun isil-gordea hitzartu zuela jakinarazi zion. Frantziako Karlos V.ak Karlos II.aren Jacques de Rue txanbelana eta Pierre du Tertre idazkaria atxilotu zituen.[22] Normandiaren gaineko subiranotasuna berreskuratzeko, nafarren aurkako prozesua abian jarri zuen, ahalik eta publizitate gehienarekin. Traizioa eta Frantziako erregea hiltzeko asmoa leporatuta, Karlos II.aren lur guztiei eraso egin zieten. Cherbourg hiriak eutsi zuen ingelesek defendatuta. Montpellier ere errege tropen menpe erori zen, eta gaztelauek Iruñeari eraso egin zioten. Nafarroako erregearen semea bera preso hartu zuen Frantziakoak. Karlos II.aren konfidantzazko gizonek egotzitako karguak ukatu zituzten. Nolanahi ere, epaileek, ekainaren 16an, hiltzera zigortu zituzten. Moztutako buruak erakutsi zituzten Parisen[23].
Erregaldiaren amaiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Karlos II.ak Karlos Frantziakoaren aurrean norgehiagoka galduta zeukan. Gainera, Henrike Trastamarakoak, frantziarren aliantzan, eraso egin zion. Karlosek hamar urtetarako hogei bat gotorleku utzi behar izan zizkion bakea lortzearren 1379an[24], Brionesko itunarekin. Normandiako zein Languedoceko jabetzak kenduta, Nafarroako zerga-baliabideak baino ez zituen. Zorigabeak gainditua, bizialdiko azken urteak Nafarroan egin zituen, bakean erresumako administrazioaren kontuez arduratuta.
Erregea 1387ko urtarrilaren 1ean hil zen, Iruñeko Gotzain Jauregia n. Heriotza hau Frantziako historiagintzan kondaira dramatikoen artean kontatu da. Izan ere, uste zen gaixotasun baten aurkako tratamenduan oker bat zela medio bizirik erre zela[25]. Nolanahi ere, gorpua, Samuel Trigok, Zaragozako judu batek, hartu zuen, erraiak eta bihotza ateratzeko. Erraiak Orreagan hilobiratuz iren, bihotza Uxuen, bertako eliza erregearen aginduz eraiki baitzen, eta gorpuaren gainerakoa Iruñeko katedralean.
Heriotzaren orduan, Karlos semea Gaztelan zegoen. Nafarroara iritsi arte, behin behineko gobernatzaile gisa Baionako apezpikuak, Gartzea Eugik, eta Nafarroako alferezak, Karlos Beaumontekoak egin zuten.[26]
Ezkontza eta haurrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1352ko otsailaren 12an ezkondu zen Joana Frantziakoarekin, Frantziako Joanes II.aren alabarekin. Ondoko haurrak izan zituzten:
- Maria (Gares, 1355 – 1420), Tutera, 1393ko urtarrilaren 20an Alfontso Aragoikoa Gandiako dukearekin ezkondu zena.
- Karlos (1361- 1425)
- Bona (1364- 1389)
- Petri (Évreux, 1366ko martxoaren 31 – Bourges, 1412ko uztailaren 29), Alençonen 1411ko apirilaren 21an Petri II.a Alençongoaren alaba Katalinarekin ezkondu zena.
- Filipe (1368-?), gaztea hilda
- Joana (1370 – 1437), Joanes V.a Bretainiakoarekin eta Henrike IV.a Ingalaterrakoarekin ezkondu zena.
- Blanka (1372 – Erriberri, 1385)
- Elisabet, Lizarran moja izandakoa.
Katalina Lizaso maitalearekin honakoak:
- Leon (1378-1413), Muruzabalgo bizkondea.
- Joana (?-1413), 1378an Joan Bearnekoa ezkondu zuena.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Sumption, Jonathan. (1999). Trial by Fire: The Hundred Years War II. London: Faber & Faber, 103 or..
- ↑ Sumption(1999), pp. 124-5.
- ↑ Sumption(1999), pp. 199-200.
- ↑ Sumption(1999), pp. 206-7.
- ↑ Sumption (1999), pp. 294-5.
- ↑ Sumption (1999), pp. 295-6.
- ↑ Sumption (1999), p. 302.
- ↑ Sumption (1999), pp. 314-15.
- ↑ Sumption (1999), pp. 317-337.
- ↑ Sumption (1999), pp. 338-344.
- ↑ Sumption (1999), p. 348.
- ↑ Sumption (1999), pp. 400-401.
- ↑ Sumption (1999), p. 453.
- ↑ Sumption (1999), pp. 504-5.
- ↑ Sumption (1999), pp. 508-11.
- ↑ Minois, Georges. (2008). La guerre de cent ans. Perrin, 195 or..
- ↑ Monzelun, Jean Jacques. (1847). Histoire de la Gascogne depuis les temps les plus reculés jusqu'à nos jours. III Brun, 379 or..
- ↑ Minois, Georges. (2008). La guerre de cent ans. Perrin, 196 or..
- ↑ Favier, Jean. (1980). La guerre de cent ans. Fayard, 310 or..
- ↑ Autrand, Françoise. (1994). Charles V. Fayard, 584 or..
- ↑ a b c Autrand, Françoise. (1994). Charles V. Fayard, 810 or..
- ↑ Bordonove, Georges. (1988). Les Valois - Charles V le Sage. in: Les Rois qui ont fait la France. 1 éditions Pygmalion.
- ↑ Autrand, Françoise. (1994). Charles V. Fayard, 816 or..
- ↑ Michaud, Joseph Fr.; Michaud, Louis Gabriel. (1854). Biographie universelle ancienne et moderne. Desplace, 560 or..
- ↑ Tuchman, Barbara. (1978). A Distant Mirror. Alfred A Knopf Ltd.
- ↑ Orkastegi Gros, Carmen. (1978). «Crónica de los Reyes de Navarra de García de Eugui» Vianako Printzea Erakundea (152-153.): 549..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aurrekoa: |
Karlos II.a Nafarroako errege (1349-1387) |
Ondorengoa: |
Aurrekoa: |
Karlos I.a Evreux-ko konde (1343-1387) |
Ondorengoa: |