Edukira joan

Konfuzianismo

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Konfuzianismo
Datuak
Motaphilosophical movement (en) Itzuli eta erlijioa
Osatuta
Sortzailea
Konfuzio.

Konfuzianismoa (txinera tradizionalaz, 儒學; erraztutako txineraz, 儒学; pinyinez, Rúxué), batzuetan Konfuzionismoa ere deitua, Antzinako Txinako etika eta filosofia sistema da, Konfuzio jakintsu eta filosofo txinatarren irakaspenetatik garatua eta kosmogonia, gizartearen ordena, aginte, moral eta metafisikari buruzkoa.[1]

Bere garaian, zatiketa, gerra eta indarraren legea nagusi ziren feudalismo dekadente hartan, bizikidetza harmoniatsuaren giltzarriak erakutsi zituen: elkarren maitasuna, gizatiartasuna, apaltasuna, arlo guztietan neurritasuna, egiazko tradizioarekiko errespetua.[2] Haren helburu nagusia etika sekularrean gizabanako zibilizatuaren garapena da: horrek gizarte zibilizatua eta, azkenean, munduko bakea, ekarriko luke. Pentsamendu ia erlijioso horrek eragin itzela izan du Ekialdeko Asian (Txina, Japonia, Korea eta Vietnamgo kulturetan bereziki)[3] XXI. mendera arte. Konfuzianismoaren filosofien kanona Lau Liburuek osatzen dute.

Konfuzianismoak jaso eta eratu zuen txinatar tradizio ortodoxoa. Horregatik, arrakasta handia izan zuen, eta ondorengo historian zehar ofizialki onartuta egon da, Mao Zedongek kondenatu zuen arte.[4]

Oinarrizko ideiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi helburu nagusi ditu Konfuzio-ren filosofiak: Norbanakoa hobetzea, gizartean duen lekua betez eta Unibertsoaren harmoniaren barruan bere izaera betez; gizarte-egiturak hobetzea, gizakien elkarrekiko leialtasuna landuz eta ordena soziala gordez.

Konfuzioren jarraitzaileek, haren irakaspenak oinarritzat harturik, haren jarraitzaileek kosmogonia, gizartearen ordena, aginte, moral eta metafisikari buruz sortu zuten filosofia. Konfuzioren jarraitzaileek era askotara interpretatu zituzten maisuaren irakaspenak eta konfuzianismoan mendez mende hainbat eskola eta joera, maiz kontrajarriak, izan ziren. Konfuzianismoaren kosmogoniaren abiapuntua yin eta yang kontzeptuak dira, hatsapen negatiboa eta positiboa, elkarren arteko eraginez zerua, lurra eta izaki guztiak sortu zituztenak. Gobernuak familia patriarkalaren eredua jarraitzen zuen: zeruak izendatutako enperadorea herriaren aita onbera baten gisakoa zen. Konfuzianismoaren moralaren arabera, gizaki guztiak onak dira berez eta zintzo izateko bidea idazle klasikoen obrak ikastea da. Giza harremanak elkarrekikotasunean oinarriturik daude eta bost dira gizakiaren bertuteak:[5]

  • onginahia edo maitasuna, beste bertuteen jatorria;
  • justizia, bakoitzari bere lekua ematen diona;
  • gurasoenganako maitasuna, edo eskubideak errespetarazten eta eginbeharrak betetzen erakusten duen begirunea;
  • jakintza, ongia eta gaizkia bereizten dituena; eta
  • egiatasuna.[5]

Konfuziok ez zuen arimari edo hilezkortasunari buruzko inolako irakaspenik eman; konfuzianismoaren jarraitzaileek izadia eta arbasoak gurtzen dituzte. Konfuzio hil eta handik urte askotara konfuzianismoa erlijio bihurtu zen; K.a. II. mendean Han dinastiak erlijio ofizialtzat hartu zuen eta Konfuzio bera jainkotua izan zen.[5]

Konfuzio baikorra zen giza naturari buruz: hau ona denez, jakin behar dena egoki lantzea da.[4]

Arbasoen gurtza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konfuzioren jarraitzaileek arbasoen inguruko gurtzaren praktikatzaileak ziren. Arbasoen gurtzak garrantzi handia du konfuzianismoan. Hildakoen arimek beren ondorengoei mesede egin diezaieketela edo zigortu egin ditzaketela sinestea dakar. Gerora izan zuen bilakaerak erritu zibiko sinboliko bihurtu zuen. Hala ere, ez Konfuziok ez Mentziok ez dute modu horretan hitz egiten arbasoen gurtzaz. Beeste botere garrantzitsua zerua zen.

Brontzez egindako Konfuzioren estatua.

Konfuzianismoan garrantzitsua den beste elementu bat erregea edo enperadorea da, Zeruko Semea ere deitua. Bera izango litzateke Zeruaren eta gizonen arteko bitartekari. Agintari txinatarrak errituak ospatzeko aginpidea eta autoritatea ditu. Gobernu txarrak, bestetik, ordena naturalaren aurka egiten du eta Zeruko Mandatua urratzen du.

Kosmoarekin harmonia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konfuzianismoak, beren garaikide gehienentzat bezala, kosmosa harmonikoa dela ikusten du, urtaroak, animalien bizitza, landaretza eta giza bizitza erregulatzen baititu. Harmonia hori nahastuez gero, ondorio larriak ematen dira. Gizakiak kosmosarekin harmonizatu behar du, hau da, zeruak agindutakoarekin bat etorri behar du; horretarako, introspekzioaren eta azterketaren bidez autoperfekzionatu behar da.

Autoperfekzionatzea lortzen badu, bere buruaren eta zeruko nahien berri izango du, eta horrek bere Li garatzeko balioko dio, hau da, erritoak, zeremoniak, zuzentasuna eta barneratutako forma onak. Lia baliagarria da Ren delakoa garatzeko, hau da, «gainerako gizonekiko sentimendu onak». Ren praktikak Zhong eta Shu bertuteak suposatzen ditu, gutxi gorabehera "leialtasun" eta "barkamen" bezala itzultzen direnak, edo "fideltasun" eta "erruki" bezala. Gizonak Ren baldin badu, erraz egin dezake justizia, Yi izeneko printzipio onak. Konfuzianismoan, Yi Liren aurka dago, azken hau, lehen aipatutako Li horren tonu eta grafia ezberdinekoa delarik, erritu edo zeremonia esan nahi duena. Yiren kontrako Liak onura esan nahi du, irabazia, eta horrek Renek eskatzen duen eskuzabaltasunetik aldentzea dakar.[4]

Aurreko bertuteak praktikatzen dituen gizona Junzi bat da, gizon garaiagoa. Nobleak eta zaldunak adierazten zituzten sailkapen hierarkikoetatik dator terminoa. Shunin edo plebeioen aurka dago. Konfuzianismoan, ordea, nagusitasun morala nabarmentzen da, jatorri sozialarekiko loturarik gabe. Junzi hezia eta zuzena izango zen, bertutea berezkoa izango zitzaion, eta beti egongo zen Erdialde Justuan, zeinak adierazten baitzuen neurritasunaren beharra gauza guztietan. Gainera, Junziak Zeruko aginduak ezagutu eta errespetatzen ditu, eta berea ezagutzen du.

Konfuzianismoak dio goi-mailako gizon gutxi dagoela, eta gehienak Xiaorenek osatzen dutela, literalki gizontxoak. Gizadiaren onenera izaten ez diren gizon arruntak dira. Hori dela eta, goi-mailako gizonak kargu publikoak betetzeko eginkizuna du, gizartea zuzendu ahal izateko. Puntu hori garrantzitsua da, ondorengo Txinako burokrazia asko identifikatu baitzen ideia horrekin, eta zerbitzu-espiritu handia sortu zen handitasun-garietan. Hala ere, gainbehera garaian (europarrek XIX. mendean ikusi ahal izan zuten bezala) doktrina hipokrita bihurtu zen, konfuzianismoaren pentsamenduetatik oso urrun.

Hileta-errituak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txinako hileta-errituak iragan erlijioso sendoarekin tradizio folklorikoaren parte dira, dogma eta doktrinen ahozko tradizioa. Haren indarra erakusteko XX. mendera arte, Txinako lehen erlijioetako xamanak aurki zitezkeela esan daiteke.

Txinako kulturarako pertsona bat hiltzeak ez du esan nahi familiaren bizitza komunean parte hartzeari uzten dionik. Harreman bat dago bizidunen eta hildakoen artean. Arbasoek familia-unitatearen oparotasunari eta zoriontasunari babesa emateaz gain, maila ekonomikoan ere laguntza ematen omen dute. Tradizio horri esker, familia ez da nukleo zuzena bakarrik, ondorengotza lerro historiko jarraitua ere bada. Antzinatik, beraz, Txinako gizarte tradizionalean heriotzaren eta espirituen munduari lotutako errituak izan dira nagusi. Horren ondorioz, pertsona baten heriotza fisikoaren aurretik, bitartean eta ondoren egiten ziren praktika ugari zeuden.

Pertsona bat hiltzen ari zenean hiru elementu hartzen ziren kontutan bereziki:

  • Burkoa: pertsonak hiltzeko unean oinak ikus bazitzakeen, ondorengoek zorigaitza lagun izango zuela uste zen. Horregatik, burkoak atzera egin behar zen hiltzen ari zena horizontalean atseden har zezan eta horrela lasai hil zedin. Hildakoaren burkoa ezin zen berriro erabili, eragin negargarria baitzuen. Ohikoa zen etxeko teilatura botatzea, urteen poderioz hura desegiteko.
  • Arropak: heriotza hurbiletik zelatan zegoenean, familiak hildakoaren jantziak aukeratu eta prestatzen zituen.
  • Ohea: pertsona familiakoaz kanpoko ohe batera eramaten zuten, izpiritu gaiztoetatik urruntzeko eta arima beti pisuz zamatzera kondenatua izan ez zedin.

Agure baten heriotza gerturatzen denean, familia osoa bildu behar da. Distantzia luzeak egin ditzakete biltzeko. Hiltzen denean, negar egiten dute negar malko bizitan, etxeko apaingarri guztiak kentzen dituzte eta pankarta zuri bat jartzen dute atearen gainean, etxebizitza horretan heriotza bat gertatu dela jakinarazteko. Aldi berean, gorpua garbitzen dute. Ondoren, hildakoaren arropa onenak janzten diote, perfumatu ere egiten dute. Gero, hildakoa lor daitekeen kalitate handieneko aulkian esertzen da. Jarrera horretan, beilatokia antolatzen da.

Jarraitzaileen aldaketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baina konfuzianismoak bere garapena izan du historian zehar; perfekzio moralaren ahalgarritasuna aztertzean, pentsaera desberdinak agertu dira. Batzuk {Mentziok, e.b.) giza natura jatorriz ona ikusten dute, eta giza perfekzioa horren garapen bezala; beste batzurentzat, ordea, legalistentzat adibidez, giza natura endekaturik eta okerturik dago, eta heziketaren eta arauen beharra dago okerrerako joerak zuzentzeko. Ikasle-andana handia utzi zuen ondoren Konfuzio-k. Hauek eta geroko jarraitzaileak haren irakaspenak zabaldu eta garatzen saiatu ziren. Horien artean, garrantzi handia ukan, zuen eta aipamen berezia merezi du Mentziok. K.a. 372-289 inguruan bizi izan zen Mentzio. Beronen irakaspenak "Mentzio" izena daraman liburutik ezagutzen da. Filosofo politiko eta soziala da Mentzio. Beraren pentsaeran erabat loturik doaz etika eta politika. Haren ustez, errege izateko ez da jatorrizko aristokraziaren beharrik, eta bai filosofoen jakinduriarena: jakintza eta bertutea. Despotismoaren kontrakoa da osorik Mentzio, Gizakia berez ona denez, benetako politika gizatasun hori bideratu eta garatzen duena da, eta ez legeen eta zigorren ezarpenez zuzendu nahi duena. Gerra erabat ukatu gabe ere, oso antimilitarista agertzen da filosofoa; bai eta antiutilitarista ere etikaren alorrean. Oso eragin handia ukan zuen luzaroan Mentziok. Konfuzianismoak jaso eta eratu zuen txinatar tradizio ortodoxoa. Horregatik, arrakasta handia izan zuen, eta ondorengo historian zehar ofizialki onartuta egon da, Mao Zedongek kondenatu zuen arte.[4]

Mentzioren erretratua.

Erlijioa ote?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europan, batzuen ustetan, konfuzianismoa estatuko erlijiotzat jo dute ekialdeko Asiako gobernuek konfuzianismoaren bertuteak eta beharrak bultzatu dituztelako. Benetako erlijiotzat ere hartu izan da konfuzianismoa, nahiz eta sineste-gorputz berezirik ez eduki; balio moral eta kode sozialek osatzen duten substratu kultural tradizionala da funtsean, txinatarren errito sozialetan eta eguneroko bizitzan gorpuzten dena. Horren gain gizarteratu dira txinatarrek onarturiko eta praktikaturiko erlijioak: budismoa, taoismoa, kristautasuna, etab.[6]

Konfuziok ez zuen arimari edo hilezkortasunari buruzko inolako irakaspenik eman; konfuzianismoaren jarraitzaileek izadia eta arbasoak gurtzen dituzte. Dena dela, Konfuzio hil eta handik urte askotara konfuzianismoa erlijio bihurtu zen; K.a. II. mendean Han dinastiak erlijio ofizialtzat hartu zuen eta Konfuzio bera jainkotua izan zen.[7]

Han dinastiaren garaian (K.a. 206 - K.o. 220), ofizializatu egin zituen estatuak konfuzianismoaren irakatsiak, hezkuntzaren oinarritzat nahiz eguneroko bizitzarako jarraibide gisa. Dinastia berriarekin, budismoak eta taoismoak nagusitasuna izan zuten garaian ere (K.o. II-X. mendeetan), konfuzianismoak iraun egin zuen txinatar kulturaren eta eguneroko bizi-moldearen erdian. Eta 960tik aurrera Song dinastiak erreakzioz budismoa eta taoismoa ukatuz, konfuzianismoa ofizialki berrezarri zuenean ere, hiru eskola handiak elkarrekin eta elkarrekiko eraginean bizi izan ziren.[6]

Konfuzianismoa Txinako merkatarien bitartez iritsi zen Japoniara eta eragin handia izan zuen sinesmen sintoisten gainean, gaur egungo Japonian oraindik garbi ageri denez. Konfuzianismoa kode etikoa da, eta arau inportanteen artean familiarenganako eta familiburuarenganako (aita) leialtasuna du. Ideia honek eta bai hildakoek bizirik irauten dutelako sinesmenak arbasoen kultua bezalako kultura patriarkala sortu zuen lehengo Japonia tradizionalean.[8]

XIX. mendean Txina Mendebaldeari irekitzean, krisi bizian sartu zen kultura konfuzianista tradizionala, modernizazioaren izenean, 1911n enperadoreen erregimena ezabatu eta errepublika ezartzean, ofizialtasunik gabe geratu zen arte. Dena dela, konfuzianismoa birbalioztapen edota eguneratzearen aldekoen eta hori baztertzearen aldekoen arteko borroka eta eztabaida egon da, hain zuzen, XX. mendeko Txinako mugimendu politiko eta intelektualen erdigunean. Eraso guztien ondoren ere (Mao Zedongek kondenatu zuen esaterako [4] ) konfuzianismoaren mundu-ikuskerak eta funtsezko printzipio moralek txinatar identitate kulturalaren erdigunean irauten dute, ofizialtasuna eta eskolatze-iturri izateari utzi ondoren ere.[6]

Konfuzianismoaren printzipioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Konfuzianismoaren tenplua Lotoko aintziran Kaohsiungen, Taiwan.

Konfuzioren jarraitzaileek era askotara interpretatu zituzten maisuaren irakaspenak eta konfuzianismoan: horrela, mendez mende hainbat eskola eta joera, maiz kontrajarriak, izan ziren. Konfuzianismoaren kosmogoniaren abiapuntua yin eta yang kontzeptuak dira, hatsapen negatiboa eta positiboa, elkarren arteko eraginez zerua, lurra eta izaki guztiak sortu zituztenak. Gobernuak familia patriarkalaren eredua jarraitzen zuen: zeruak izendatutako enperadorea herriaren aita onbera baten gisakoa zen. Konfuzianismoaren moralaren arabera, gizaki guztiak onak dira berez eta zintzo izateko bidea idazle klasikoen obrak ikastea da. Giza harremanak elkarrekikotasunean oinarriturik daude eta bost dira gizakiaren bertuteak: onginahia edo maitasuna, beste bertuteen jatorria; justizia, bakoitzari bere lekua ematen diona; gurasoenganako maitasuna, edo eskubideak errespetarazten eta eginbeharrak betetzen erakusten duen begirunea; jakintza, ongia eta gaizkia bereizten dituena; eta egiatasuna. Konfuziok ez zuen arimari edo hilezkortasunari buruzko inolako irakaspenik eman; konfuzianismoaren jarraitzaileek Natura eta arbasoak gurtzen dituzte. Konfuzio hil eta handik urte askotara, konfuzianismoa erlijio bihurtu zen; K. a. II. mendean Han dinastiak erlijio ofizialtzat hartu zuen eta Konfuzio bera jainkotua izan zen.

Testu klasikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Li Ji edo Errituen Liburua.

Konfuzianismoa, funtsean, liburu kanoniko batzuen azterketa sakonean oinarritzen da, Bost Klasikoak Han dinastian kanonizatuak, eta Lau Liburuak neokonfuzianismoa irudikatzen dutenak, XII. mendetik aurrera azterketa inperialen programa gisa aukeratuak.[9]

Bost Klasikoak (Liu Ching)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berez, sei ziren:

  • 1.Yuejing, Musikaren Liburua (galdua)
  • 2.I Ching, Eraldaketaren Liburua 《易經》
  • 3.Shu Jing Historia Liburua 《書經》
  • 4.Shi Jing Gorazarreen Liburua 《詩經》
  • 5.Li Chi, Errituen Liburua 《禮記》
  • 6.Chun Qiu Udaberriko eta Udazkeneko Urtekaria 《春秋》

Lau Liburuak (Si Shu)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 1. Lun Yu Analektak《論語》. 2008an euskaraz plazaratuta.[10]
  • 2. Da Xue Ezagutza Bikaina《大學》
  • 3. Zhong Yong Erdipurdikeriaren Doktrina 《中庸》
  • 4. Meng Zi Mencius《孟子》

Bibliografia euskaraz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]