Edukira joan

Landareen transpirazio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gasen trukaketa landare baten hostoetan: fotosintesiak CO2 hartzen du eta O2 askatu; transpirazioak ur-lurruna askatzen du.

Landareen transpirazioa landareen poroetatik gertatzen den ur-lurrunketari deritzo. Hostoetan ez ezik, zurtoinetan eta loreetan ere ura galtzen dute landareek, ur-lurrun modura atmosferara askatzen dena [1].

Landareek sustraietatik hartzen dute behar duten ura. Ur kopuru bat fotosintesian eta beste prozesu metabolikoetan erabiltzen dute, baina ur gehiena transpirazioaren bidez galtzen da.

Euriarekin landare-lurzoru batera erortzen den uraren %50-85 artean atmosferara itzultzen da transpirazioari esker. Tamaina erdiko zuhaitz batek udako hilabete batean 5.000 kg. ur gal ditzake horren ondorioz [2]

Transpirazioarekin behar ez duen ura galtzen du landareak, eta ura lurruntzean landarea hoztu egiten da: izan ere, hostoen tenperatura ingurugiroarena baino hotzagoa da ur-lurruna galdu eta gero.

Ur-lurrunketaren prozesua zurtoinean eta hostoetan dauden estoma izeneko poro txiki batzuetatik burutzen da. Estomen bitartez ur-lurruna ez ezik, landareak gasak (O2, CO2) ere trukatzen dituzte beren inguruko atmosferarekin.

Oso zaila da landareen transpirazioa eta lurzorutik datorren ur-lurrunketa bereiztea. Horrenbestez, askotan "ebapotranspirazioa"z hitz egiten da, bereizketarik egin gabe. Ebapotranspirazioa atmosferara pasatzen den ur-lurrun guztiari dagokio, landareetatik gehi lurzorutik. Funtsezko parametroa da nekazaritzan, soroak egoki ureztatzeko kontuan hartu behar dena.

Faktore eragileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Argia: transpirazioak aldaketak ditu egunean zehar: egunsentian hazten da, maximo batera iristen da eguerdian eta arratsaldean jaisten da. Eguzki-izpiek landarea energiaz hornitzen dute, eta energia hori ur-lurrunketa prozesuan erabiltzen da. Bestalde, argiak estomak irekitzen ditu, transpirazioa errazten duena [3]
  • Atmosferako hezetasuna: atmosferako hezetasuna handia baldin bada transpirazioa jaisten da, eta -aitzitik- hezetasuna txikia baldin bada transpirazioa areagotu egingo da. Difusioaren legeek azaltzen dute portaera hori.
  • Lurzoruaren hezetasuna: uraren galera eragozteko, lurzoruan ur gutxi baldin bada transpirazioa murriztuko da. Alderantziz gertatuko da lurzorua oso bustita dagoenean (landareak ur gehiago hartzen duelako eta gehiegizko ur hori kanporatu behar duelako). Klima oso lehorreko landare xerofitoek (kaktusek, adibidez), ur gutxiko eremuetan bizi direnek, ez dituzte hostoak, arantzak baizik, transpirazioa ahalik eta gehien murrizteko eta oso ur gutxirekin bizi ahal izateko.
  • Haizea: Haizearen abiadurak ez du eraginik estomez gain, baina haizeak hostoen hezetasuna gutxitzen du (lehortzen duelako) eta horren ondorioz transpirazioa areagotzen du.
  • Tenperatura: orokorrean, tenperatura altuek transpirazioa areagotzen dute, estomak irekitzen dituztelako. Baina tenperatura maximo batera iristean (30º C inguruan) estomak ixten dira, landarearen lehortzea ekiditeko.
  • Atmosferako CO2 maila: zenbat eta CO2 gehiago atmosferan, orduan eta itxiagoak estomak. CO2 maila jaisten denean, aldiz, landareen estomak irekitzen dira eta transpirazioa areagotu. Fotosintesia eta transpirazioaren arteko loturak azaltzen du fenomeno hau. Landare-komunitate trinko batean (baso handi batean, esaterako) CO2 maila nabarmen jaitsi daiteke fotosintesia egiterakoan.

Faktore hauetaz gain, badaude landare beraren egiturazko faktore batzuk aintzat hartu behar direnak transpirazioaren intentsitatea jakiteko: hostoen azalera osoa (zenbat eta handiagoa, orduan eta transpirazio gehiago), epidermisaren kutikularen lodiera, estomen kopurua, etb.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Transpirazio ZT Hiztegi Berria, Elhuyar
  2. Barceló, J., Nicolás G., Sabater B., Sánchez R.: Fisiología vegetal Ed. Pirámide (1980) 103 orr. ISBN: 84-368-0160-1
  3. Barceló, J., Nicolás G., Sabater B., Sánchez R.: Fisiología vegetal Ed. Pirámide (1980) 118 orr. ISBN: 84-368-0160-1

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]