Edukira joan

Led Zeppelin

Wikipedia, Entziklopedia askea
Led Zeppelin
Datuak
JatorriaIngalaterra
Musika motaHard Rocka
Heavy Metala
Urteak1968 - 1980
Produkzioa
Diskoetxea(k)Atlantic Records
Swan Song Records
Taldekideak
Jimmy Page
Robert Plant
John Bonham
John Paul Jones
Sariak
Jasotako sariak
Nominazioak
Informazio gehigarria
ledzeppelin.com
IMDB: nm0496389 Allocine: 94571 Allmovie: p41298 Metacritic: person/led-zeppelin TV.com: people/led-zeppelin
Facebook: ledzeppelin Twitter: ledzeppelin Instagram: ledzeppelin MySpace: ledzeppelin Youtube: UCaKZA66vM_TUpetUNohmR0A TikTok: ledzeppelin Souncloud: ledzeppelin Spotify: 36QJpDe2go2KgaRleHCDTp iTunes: 994656 Last fm: Led+Zeppelin Musicbrainz: 678d88b2-87b0-403b-b63d-5da7465aecc3 Songkick: 18833 Discogs: 34278 Allmusic: mn0000139026 Deezer: 848 Edit the value on Wikidata

Led Zeppelin Ingalaterran 1968ko irailean sortutako hard rock musika taldea izan zen. Taldekideak Jimmy Page, Robert Plant, John Bonham, eta John Paul Jones izan ziren. Gitarrek eramandako soinuarengatik, Led Zeppelin lehendabiziko heavy metal taldeetakotzat jotzen da. Izan ere, haren ,Whole Lotta Love kantak heavy metalaren estreinako akordeak dituela adierazten dute zenbait adituk.

Taldea sortu zen, Jimmy Pagek, The Yardbirds taldeko gitarra jotzaileak, soinu gogorragoa bilatu nahi zuelako. Hala ere, taldeak rockabillya, reggaea, soula, funka, jazza, folka, popa, countrya, musika klasikoa, zeltiarra, indiarra, arabiarra edo latinoa hartu zituzten bere estiloa eratzeko. Led Zeppelinek ez zuen kanta solterik, single moduan, ekoitzi. Taldea 1980an desegin zen, Bonhamen heriotzaren ostean. Gaur egun, bere eragina zalantzarik kanpo dago, mundu osoan 300 miloi baino album gehiago salduta. AEBetako VH1 musika TB kateak historiako hard rock 100 talde onenen artean lehendabiziko postuan kokatu zuen.

1960ko hamarkadaren amaieran Erresuma Batuan sortutako talderik ospetsuenetarikoa da. Rock eta heavy musikan eragina handia izan du. Haien musikak etiketa guztiak gainditzen ditu; izan ere, oinarrizko hard rock soinuari sonoritate heterogeneoak batzen dizkiote.

The Yardbirds taldea banandu zenean, Jimmy Page eta Chris Dreja taldekideak proiektuari jarraipena eman zioten The New Yardbirds izenarekin. Drejak banda utzi zuen argazkilaritzan lan egiteko eta, Pagek John Paul Jones baxu-jotzailearekin bat egin zuen.

Pagek eta Jonesek talde berria osatu nahi zuten eta, horretarako, Terry Reid abeslaria eta B.J Wilson bateria-jotzailea fitxatu nahi zituzten. Ezetza eman zioten biek eskaintzari baina Reidek Robert Plant (1948ko abuztuaren 20, West Bromwich) abeslari gazte bat gomendatu zien.

John Bonham (1947ko maiatzaren 31, Birmingham), Robert Planten laguna, laugarren taldekidea izan zen. Plantek eta Bonhamek Crawling King Snakes eta Band of Joy taldeetan jo zuten lehenago.

Hasierako urteak: 1968–1970

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1968ko irailean zuzeneko debuta egin zuen bandak Kopenhagen, Peter Grant ordezkariaren eskutik. Ingalaterratik bueltatu zirenean Led Zeppelin izena jarri zion taldeari Pagek, Keith Moonen esaldi bat gogoratuz. Moonek The Who utzi behar zuenean Pagekin, Jeff Beckekin, John Paul Jonesekin eta Nicky Hopkinsekin taldea osatzeko (boskoteak Beck's Bolero diskoa grabatu zuen lehenago) berunezko globo batean joaterekin parekatu zuen bandaren patua.

AEBetan bira arrakastatsua egin ondoren (Vanilla Fudge bandarekin batera), 1969an Led Zeppelin kaleratu zuten, 30 egunean grabatutako disko bikaina. Lanak, besteak beste, Communication Breakdown, Good Times, Dazed and confused eta Babe, I'm gonna leave you abestiak ditu.

Led Zeppelin II (1969) lehen postua eskuratu zuen AEBetako eta Britainia Handiko zerrendetan, besteak beste, Whole lotta love, Heartbreaker eta Ramble on kantei esker. Led Zeppelin III (1970) lanak ere, lehen postua bereganatu zuen mundu guztiko zerrendetan. Diskoak, besteak beste, Inmigrant song eta Since I've been loving you kantak ditu.

Osperik handieneko urteak: 1971–1980

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Led Zeppelin IV diskoaren azalean ageri diren errunak. Taldeko lau kideei dagozkie; ezkerretik eskuinera: Jimmy Page, John Paul Jones, John Bonham eta Robert Plant.[1]
Gatibuko Haimar Arejitaren gogoko taldeak eta diskoa (Led Zeppelin IV

1971. urtean Led Zeppelin IV argitaratu zuten, taldearen lanik garrantzitsuenetakoa (hard rocka, folka eta bluesa batera daitezkeela erakusten du lan horrek). Diskoan taldearen hainbat klasiko daude, hala nola, Black dog, Rock and roll eta Stairway to Heaven. Houses of the holy (1973), aurreko lanak baino eklektikoagoa, funk, folk eta reggae ukituak ditu.

Swang Song izeneko diskoetxe propioa sortu eta gero, Physical Graffiti (1975) kaleratu zuen Led Zeppelin taldeak, besteak beste "Kashmir", "Custard Pie" eta "Trampled under foot" abestiak jasotzen dituen lana.

Led Zeppelin taldea Chicago Stadiumen, 1975eko urtarrilean.

1975eko abuztuaren 4an, Robert Plantek eta Maureen Wilson emazteak (1969an ezkondu ziren) auto-istripu larria izan zuten Rodas uhartean, eta ezbehar horregatik, nazioartean birak egiteari utzi zion taldeak. Urtebete geroago, The songs remains the same (1973an Madison Square Gardenen eskainitako kontzertua jasotzen du lanak) eta Presence diskoak argitaratu zituzten.

1977an Karac, Robert Planten sei urteko semea, hil zen urdaileko gaitz batek jota. Depresio larria eta luzea izan zuen abeslariak bere semearen heriotzagatik eta ondorioz, taldeak jotzeari utzi zion denbora luzez.

Gertaera triste horren ostean, taldekideak zuzeneko emanaldietara eta grabazio-estudiora itzuli ziren. 1978an In through the out door, pop ukituak dituen lana argitaratu zuten. All my love eta In the evening kanta ezagunak disko horretan daude.

Bonhamen heriotza eta taldea desegitea (1980), eta geroztikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980ko irailaren 25ean hil zen John Bonham, taldeko bateria-jotzailea, bere okak itota (erabat mozkortuta zegoen Bonham). Heriotza horren ondoren, taldea banandu egin zen. 1982an, bestalde, Coda kaleratu zuten, argitaratutako abestiez osatutako lana.)

Garai horretan, Pagek eta Plantek Yes taldeko kideekin (Alan White eta Chris Squire) XYZ banda sortu nahi zuten, baina bertan behera geratu zen proiektua. Biek bakarkako bideari ekin zioten. 1980ko hamarkadaren erdialdean, Jimi Pagek The Firm taldea sortu zuen Paul Rodgers abeslariarekin eta Chris Slade bateria-jotzailearekin batera (1986an desagertu zen banda).

Robert Plantek, bestalde, Pictures at Eleven lanarekin debuta egin zuen (Phil Collins bateria-jotzaileak eta Robbie Blunt gitarristak hartu zuten parte lan horretan). Geroago, Collinsekin eta Bluntekin The Honeydrippers taldea sortu zuen Plantek (Jimmi Pagek eta Jeff Beckek kolaborazio lanak egin zituzten). John Paul Jonesek, berriz, moldatzaile eta produkzio lanak berreskuratu zituen, eta 1999an bakarlari gisa debuta egin zuen Zooma lanarekin.

1994an, bestalde, No Quarter diskoa kaleratu zuten Pagek eta Plantek; eta 1998an, Walking into Clarksdale. Azken hamarkadetan, Led Zeppelinek utzitako ondarea hurrengo bildumekin eta zuzenekoekin zabaldu da, besteak beste: Remasters (1990), BBC Sessions (1997) eta How the West Was Won (2003).

Led Zeppelin berriz elkartu zeneko kontzertua, 2007ko abenduaren 10ean. Ezkerrean, Robert Plant; eskuinean, Jimmy Page.
Data Izena Sailkapena
1969ko urtarrilaren 12a Led Zeppelin #6 UK, #10 U.S.
1969ko urriaren 22a Led Zeppelin II #1 UK, #1 U.S.
1970eko urriaren 5a Led Zeppelin III #1 UK, #1 U.S.
1971ko azaroaren 8a Led Zeppelin IV #1 UK, #2 U.S.
1973ko martxoaren 28a Houses of the Holy #1 UK, #1 U.S.
1975eko otsailaren 24a Physical Graffiti #1 UK, #1 U.S.
1976ko martxoaren 31 Presence #1 UK, #1 U.S.
1979ko abuztuaren 15a In Through the Out Door #1 UK, #1 U.S.
1982ko azaroaren 19a Coda #4 UK, #6 U.S.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]