Li Peng
Li Peng (Ch´eng-tu, Szechwango herrialdea, 1928ko urriaren 20a - Pekin, 2019ko uztailaren 22a) txinatar politikaria izan zen. Txinako Errepublikako lehen ministroa 1988tik 1998ra. 1930ean Chiang Kai-sheken nazionalistek hil zuten Li Shuo-hsun idazlearen semea zen.
Moskun ikasi zuen 1948tik 1955era bitartean, eta handik aurrera, Txinako politika-proiektu nagusietan parte hartu zuen. 1979tik 1982ra Industriako ministrorde eta ministro izan zen, 1982an Alderdi Komunistako zuzendaritzan sartu zen, eta 1985ean Hezkuntzako ministro aukeratu zuten. Deng Xiaopingek egin zuen lehen ministro 1988an. Ekonomian merkatu askeko sistemarako hurbiltze-prozesuaren aldeko izan zen, eta barne-arazoei begira, zentralismoa eta kontrol estua erabili zituen. 1989ko maiatzean militarren aginpidea aldarrikatu zuen Txinako hiri nagusietan, gobernuaren aurka matxinatu ziren ikasle manifestarien aurka, eta urte bereko ekainean, ikasleen mugimendua zapal zezan baimena eman zion Txinako gudarosteari. Ehunka manifestari hil zituen Txinako gudarosteak Pekinen ekaineko egun horietan (Tiananmen plazako protestak). Gertakizun horien ondoren, Li Peng berriz hautatu zuten bere karguetarako. 1998an, ordea, lehen ministro kargua utzi behar izan zuen. Kargua Zhu Rongji utzi ondoren, Herri Batzar Nazionalaren presidente hautatu zuten.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Li Peng |