Maggie Smith
Margaret Natalie Smith, (Ilford, 1934ko abenduaren 28a - Londres, 2024ko irailaren 27a) antzerki, zinema eta telebistako britainiar aktorea izan zen.[1] Oso ibilbide luze eta arrakastatsua izan zuen, eta sari ugari jaso, bi Oscar, zazpi BAFTA,[oh 1] lau Emmy, hiru Urrezko Globo eta Tony bat, besteak beste.[2] Azken urteetan, Minerva McGonagall izan zen Harry Potter sagako filmetan, eta Violet Crawley Downton Abbey telesailean.[3]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Margaret Natalie Smith Ilforden jaio zen, Essex konderrian, 1934ko abenduaren 28an. Ama, Margaret Hutton, Glasgowen jaiotako idazkaria zen, eta aita, Nathaniel Smith, sendagilea. Lau urte zituelarik, familia Oxfordera aldatu zen. Hamasei urterekin sartu zen Oxford Playhouse Schoolen interpretazioa ikastera. 1952an egin zuen lehenbiziko antzezlana Oxforden eta 1955ean Londresen.[4] 1956ko ekainean, Broadwayn egin zuen debuta, New Faces of '56 lanarekin.[5]
1957–1958 bitartean, aktore protagonista izan zen Share My Lettuce Londresko musikalean. Ondoren, maiz aritu zen Londresko Old Vic antzokiko antzezlanetan. Jean Anouilhen The Rehearsal (1961), Peter Shafferren The Private Ear eta The Public Eye (1962) eta Jean Kerren Mary, Mary (1963) komedietan egindako lanak sendotu zuen haren ospea. 1963an, Royal National Theatreko konpainian sartu zen, eta hurrengo urtean Desdemona antzeztu zuen, Otelo Laurence Olivier zelarik. 1965ean, paper hori errepikatu zuen, berriz Olivierren ondoan, Othello filmean.[4]
Zinemako debuta 1956an egin zuen, Child in the House filmeko paper txiki batekin,[1] baina The Prime of Miss Jean Brodie-rekin (1969) lortu zuen nazioarteko ospea eta baita lehenbiziko Oscar saria ere.[5] William Wycherleyren The Country-Wife (1969), George Farquharren The Beaux’ Stratagem (1970) eta Henrik Ibsenen Hedda Gabler (1970) egin ostean, Royal National Theatre utzi zuen 1970eko hamarkadaren hasieran. Stratfordeko Jaialdian (Ontario) parte hartu zuen zenbait denboralditan. Noël Cowarden Private Lives (1972, 1975) eta Tom Stopparden Night and Day (1979) produkzioetan lan egin zuen, bai Londresen, bai New Yorken.[4]
1978an, California Suite filmeko protagonista izan zen, Michael Caineren ondoan, eta taldeko emakumezko aktore onenaren Oscar saria jaso zuen antzezpen horregatik. 1985ean ere izendatu zuten Oscar sarirako James Ivoryren A Room with a View-ean egindako lanarengatik. Ondorengo filmen artean, honako hauek dira aipagarrienak: Jack Claytonen The Lonely Passion of Judith Hearne (1987), Whoopi Goldberg protagonista izan zuen Sister Act komedia (1992), Agnieszka Hollanden The Secret Garden (1993), Charles Danceren Ladies in Lavender (2004), eta John Maddenen The Best Exotic Marigold Hotel (2011). Baina, XXI. mendearen hasieran, Harry Potterren film-sailean Minerva McGonagall irakaslearen papera egin izanak eman zion entzuterik handiena.[4]
Telebistan ere jardun zuen noizean behin. My House in Umbria (2003) telefilmean protagonista izan eta gero, 2010–2015 bitartean Violet Crawley, Granthameko kondesa gorpuztu zuen Downton Abbey britainiar telesail arrakastatsuan. Antzezpen horrek hiru Emmy (2011, 2012 eta 2016) eman zizkion. Paper bera egin zuen Downton Abbey (2019) eta Downton Abbey: A New Era (2022) film luzeetan.[5]
2024ko irailaren 27an hil zen, Londresko Chelsea and Westminster ospitalean; 89 urte zituen.[6]
Bizitza pertsonala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1967ko ekainean, Robert Stephens aktorearekin ezkondu zen; bi seme izan zituzten: Christopher (1967) eta Toby (1969), biak aktoreak. 1974ko maiatzean dibortziatu ziren. Hurrengo urtean, Beverly Cross antzerkigilearekin ezkondu zen. 1998ko martxoan alargundu zen.
Filmografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Taula honetan ikus daitezke film bakoitzaren zuzendaria, enpresa ekoizlea eta beste izenburuak (gaztelaniaz, frantsesez):
Pertsonaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oscar Sarietarako izendapenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urtea | Kategoria | Filma | Emaitza |
---|---|---|---|
2001 | Emakumezko bigarren aktore onenaren Oscar Saria | Gosford Park | Izendatua |
1986 | Emakumezko bigarren aktore onenaren Oscar Saria | A Room with a View | Izendatua |
1978 | Emakumezko bigarren aktore onenaren Oscar Saria | California Suite | Garailea |
1972 | Emakumezko aktore onenaren Oscar Saria | Travels with My Aunt | Izendatua |
1969 | Emakumezko aktore onenaren Oscar Saria | The Prime of Miss Jean Brodie | Garailea |
1965 | Emakumezko bigarren aktore onenaren Oscar Saria | Othello | Izendatua |
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Emakumezko aktore onena 1970ean (The Prime of Miss Jean Brodie), 1985ean (A Private Function), 1987an (A Room with a View) eta 1989an (The Lonely Passion of Judith Hearne); bigarren mailako emakumezko aktore onena 2000n (Tea with Mussolini); eta ohorezko bi sari, 1993an (Special Lifetime Achievement Award) eta 1996an (Academy Fellowship) [1]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b «Maggie Smith» IMDb (Noiz kontsultatua: 2020-08-15).
- ↑ Fisher, Luchina. Dame Maggie Smith, venerable British actress, dies at 89. abcnews.go.com (Noiz kontsultatua: 2024-9-27).
- ↑ Actress Maggie Smith, star of stage, film and ‘Downton Abbey,' has died aged 89. nbcnewyork.com (Noiz kontsultatua: 2024-9-27).
- ↑ a b c d (Ingelesez) Maggie Smith. britannica.com (Noiz kontsultatua: 2024-9-27).
- ↑ a b c Dame Maggie Smith obituary: A piercing presence on stage and screen. bbc.com (Noiz kontsultatua: 2024-9-27).
- ↑ Iridoy Alzelai, Urko. Maggie Smith aktorea hil da, 89 urterekin. Berria, 2024ko irailak 27, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2024-9-28).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1934ko jaiotzak
- 2024ko heriotzak
- Essex konderriko jendea
- Ingalaterrako aktoreak
- Emakumezko aktore onenaren Oscar sariaren irabazleak
- Emakumezko bigarren aktore onenaren Oscar sariaren irabazleak
- Harry Potterreko aktoreak
- Britainiar Inperioko Ordenaren Dama komendadoreak
- Tony Saria irabazi dutenak
- Londresen hildakoak