Miklós Horthy
Miklós Horthy (hungarieraz: Vitéz nagybányai Horthy Miklós; alemanez: Nikolaus von Horthy und Nagybánya; Kenderes, Austria-Hungaria, 1868ko ekainaren 18a - Estoril, Portugal, 1957ko otsailaren 9a) hungariar militarra eta politikaria izan zen. 1920-1944 bitartean Hungariako erregeordea izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erdialdeko Hungariako Kenderes herrian jaio zen, kalbinista aitoren semeen familia batean. Fiumeko itsas armadako akademian egin zituen ikasketak. 1909tik 1914ra Frantzisko Josef I.a Austriakoa enperadorearen gai militarretako laguntzaile izan ondoren, Lehen Mundu Gerran Austria-Hungariako itsas armadako buruzagi gorena izatera iritsi zen.
Bela Kunen aurkako gobernu kontrairaultzaileko kide izan zen, 1919ko azaroan Budapestera sartu zen, gudaroste nazionala bere mendean zuela. 1920ko martxoaren lehenean Nazio Biltzarrak Hungariako erregeorde izendatu zuen. Estatuburu zela, habsburgotarrek berriro erregetza hartzeko egin zituzten ahaleginak galarazi eta askatasunen aurkako politika bideratu zuen, komunistak eta juduak harturik bereziki erasogai. Bigarren Mundu Gerraren hasieran neutro izaten saiatu zen eta nazionalsozialismoa guztiz gogoko ez bazuen ere, azkenean Alemania eta Italiaren alderdira bildu zen. 1944an alemaniarren okupazioa eta haiek ezarritako gobernua onartu behar izan zuen. Sobietar tropak Hungarian sartzen ari zirela, haiekin negoziatzen saiatu zen, baina SSek bahitu zuten eta Alemaniara eraman. Gerra amaieran ihes egin zuen eta Portugalen hartu zuen bizilekua.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.