Edukira joan

Mozolo arrunt

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mozolo arrunt
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaStrigiformes
FamiliaStrigidae
GeneroaAthene
Espeziea Athene noctua
Scopoli, 1769
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Zabalera56 cm
Kumaldiaren tamaina4,2
Athene noctua vidalii

Mozolo arrunta (Athene noctua) strigidae familiako hegazti harraparia da[1]. Orban zuriz zipriztindutako lumadi marroixka, eta begi handi eta horiak ditu. Europako eskualde epeletan, Asian, Koreako penintsularen ekialderaino, eta iparraldeko Afrikan bizi da. Euskal Herrian dauden mozolorik ezagunenetako bat da. Larreetako hesien zutabeetan ezarrita ikustea nahiko ohikoa izaten da.

Mozolo arruntak 13 azpiespezie ditu[2]:

  • Athene noctua bactriana, erdialdeko Asian bizi dena.
  • Athene noctua glaux, iparraldeko Afrikan eta hego-mendebaldeko Asian bizi dena.
  • Athene noctua impasta
  • Athene noctua indigena, hego-ekialdeko Europan eta Turkian bizi dena.
  • Athene noctua lilith, Ekialde Hurbilean bizi dena.
  • Athene noctua ludlowi
  • Athene noctua noctua
  • Athene noctua orientalis
  • Athene noctua plumipes
  • Athene noctua saharae, iparraldeko Afrika eta Arabian bizi dena.
  • Athene noctua somaliensis
  • Athene noctua spilogastra
  • Athene noctua vidalii

21-23 cmko luzera eta 105-260 gramo bitarteko pisua du. Gorputzaren gaineko aldea marroixka da, krema koloreko orbainez zipriztindua, eta behealdea, berriz, orban bertikal zuri eta marroiez pikardatua da. Buztanean, bestalde, orban zuri eta marroi hauek horizontalaki daude kokaturik. Aurpegiari dagokionez, oso begi deigarriak ditu, handi eta horiak, eta hauen inguruan disko zurixkak ditu; pileoa (buruaren gainaldea) orban zuri txikiz tantotua du. Arrak eta emeak morfologikoki berdinak dira.

Arraren kantua «gwooihk» antzeko bat da, segundo gutxiren barnean errepikatzen dena; hala ere gorte-egite garaian, emearengandik gertu dagoenean, soinu hau pixka bat eraldatzen da. Emearen kantua antzekoa da, baina zorrotzago eta altuagoa. Bai arrak eta bai emeak, estresak joak edo eragotzita sentitzen direnean, «kwiff-kwiff-kwiff» antzeko soinu bat egiten dute. Larrialdietarako ere soinu berezi bat dute, «kiu» antzeko bat, behin baino gehiagotan errepikatzen dutena.

Banaketa transpaleartikoa du, Mediterraneoaren arrotik Txinaraino. Eskualde afrotropikalean ere bizi da, Arabiar penintsulan eta Itsaso Gorriko zein Adengo golkoko Afrikako kostaldeetan. Europan banaketa zabala du, Eskandinabian eta iparraldeko Errusian izan ezik[3]. Euskal Herrian ere aski arrunta da.

Gune irekiak gogoko ditu, hala nola laborantza lekuak, larreak edo otalurrak (landu gabeko eremuak), beti ere, habia egiteko aukera badu zuhaitzen edo ezpondetako zulo, harrizko harresi, harri-multzo edo hesietan. Baso zein mendiak saihesten ditu.

Mozolo arrunta hegan.

Intsektu (batez ere, matxinsalto eta kakalardoak), bestelako artropodo, narrasti txiki, igel txiki, ugaztun txiki (karraskariak, esaterako) eta hegazti txikiez elikatzen da. Pausaturik dagoen tokitik hegan hasi, eta bere harrapakina atzematen du. Batzuetan, lurrera salto egin eta bertan ibiltzen da janari bila.

2-4 cm x 1-1,5 cm-ko egagropilak ekoizten ditu, egin berriak direnean kolore grisa dutenak.

Ugalketa eta ontogenia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mozolo arrunta laborantza lekuetan, parke edota larre irekietan umatzen da. Animalia lurraldekoia da; gorte-egite garaian arrak etengabe kantatzen du, lurraldeko poste edo zutabe baten gainean dagoela, emea erakarri nahian. Habia edozein arrakalatan egiten du: zuhaitz edo eraikuntza zaharren zuloetan, harrizko harresietan, harri-multzoetan, etab. Batzuetan, beste hegazti batzuen habia zaharrak ere erabiltzen ditu. Kumatze garaia apirila erdialdean hasten da, nahiz eta batzuetan hilabete lehenago ere hasten den. Eme bakoitzak forma eliptikoa duten 3-5 (noizbehinka 2-8) arrautza erruten ditu. Arrautza hauek 35,6 x 29,6 mm-koak, lisoak eta distiragabeak dira.

Emeak soilik txitatzen ditu arrautzak, 28-29 egunez, eta bitartean arrak elikatu egiten du. Txitek, jaiotzen direlarik, lumatxa ugari eta motza edukitzen dute, zuri kolorekoa[4]. Emeak eta arrak zaintzen dituzte, 4 aste inguruz. 5 asterekin umeak hegan ondo egiteko gai izaten dira. Ale gazteak kolorez ale helduak baino argiagoak izaten dira, eta ez dituzte hainbeste orbain edukitzen.

Urtean errunaldi bakarra izan ohi da baina, janari ugari denean, urte berean bi errunaldi izan daitezke[4] .

Mozolo arrunta ilunabarrean dago aktiboen; egunez eta gauez partzialki aktiboa izaten da. Egunean zehar zuhaitzetako hostotzaren artean edo zuloren batean sarturik egoten da. Hala ere, toki irekietan ikustea nahiko ohikoa izaten da, telefono posteetan, enbor hiletan edo harri multzoen gainean, adibidez.

Hegaldi apala du, ondulatua, hego eragiteak eta hego-itxiko hegaldiak tartekatzen dituela. Larriturik dagoenean gorputza kulunkatu eta burua gora eta behera mugitzen du.

Kantuari dagokionez, mozolo arrunta ia urte guztian zehar da bokalki aktiboa, baina bereziki gorte-egite garaian. Arrak ilunabarrean hasten dira kantuan, baina batzuetan egunez edo gauez ere entzun daiteke haien kantua.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Baker, ECS (1927). Fauna of British India. Birds. 4 (2 ed.). Taylor and Francis, Londres. 441–443. orr.
  2. Athene noctua Itis.gov
  3. Mochuelo europeo Magrama.gob.es
  4. a b Mozolo arrunta Euskal Herriko harrapariak. Euskomedia.org

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]