Santa Maria Nagusia
Santa Maria Nagusia | |
---|---|
UNESCOren gizateriaren ondarea | |
historic centre of Rome Properties of the Holy See Erromako zazpi elizen erromesaldia | |
Kokapena | |
Herrialdea | Italia |
Eskualdea | Lazio |
Italiako hiri metropolitarra | Erromako hiri metropolitarra |
Muga-hiri | Erroma |
Koordenatuak | 41°53′51″N 12°29′55″E / 41.8975°N 12.4986°E |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | V. mendea |
Izenaren jatorria | Elurretako Ama Birjina |
Erlijioa | katolizismoa |
Elizbarrutia | Erromako elizbarrutia |
Izena | Maria |
Arkitektura | |
Arkitektoa | Ferdinando Fuga (en) |
Estiloa | Arkitektura paleokristaua |
Dimentsioak | 75 () × 80 () × 92 () m |
Gizateriaren ondarea | |
Erreferentzia | 91-003 |
Eskualdea[I] | Europa eta Ipar Amerika |
Izen-ematea | bilkura) |
Webgune ofiziala | |
|
Santa Maria Nagusia basilika (italieraz: Santa Maria Maggiore, latinez: Sanctae Mariae Maioris) Erromako lau basilika nagusietako bat da, San Joan Laterangoa, San Petri Vatikanokoa eta San Paulo Harresiz Kanpokoarekin batera. Hiriburuaren erdialdeko Monti rionean kokaturik dago.
1929ko Laterango Itunaren arabera, basilika italiar lurraldean dago baina jabetza Egoitza Santuaren da[1], eta lurraldez kanpoko estatusa du enbaxaden antzera[2]. Bertan eman zuen bere aurreneko meza Ignazio Loiolakoak, 1538ko abenduaren 25ean.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]IV. mendean Liberiar basilika izeneko eraikin bat izan zen bertan. Kondairak dioenez Liberio Aita Santuak ametsetan udako elurtea ikusi zuen eta ondoren prozesioa antolatu eta elurra egin zuen tokian bertan eraiki zuen eliza. Horregatik gaur egungo eraikinari Elurretako Andre mariaren basilika ezizena ere ematen zaio. Sicinini familiaren lurrak ziren eta erosi egin zituen. V. mendean Sixto III.ak eliza eraitsi eta berria altxatu zuen[3], Andre Mariaren omenezkoa. Kristautasunean Andre Mariaren omenez eraikitako aurrenekotako eliza bat da[4], 431 urteko Efesoko kontzilioa izan eta berehala eraikia, bertan erabaki baitzen Andre Maria zela Jesukristoren ama.
Gaur egungo basilikak V. mendeko eraikinaren nukleoa mantentzen du baina hainbat Aita Santuk handitu eta moldatu zuten basilika; Eugenio III.a (1145–1153), Nikolas IV.a (1288–92), Klemente X.a (1670–76), eta Benedikto XIV.a (1740–58). 1740. hamarkadan Ferdinando Fuga arkitekto italiarrak aurrealdea egin eta barnealdean ere aldaketa nabarmenak egin zituen.
1990 urtean UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen Erromako hirigune historikoaren barnean.
Arkitektura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbeste moldaketa izan dituenez estilo ugari nabari dira basilikan, hasi paleokristauetik eta barrokoraino.
Hiru habearteko oinplanoa dauka eta habearteak bereizten dituzten zutabeak jonikoak dira. Antzinako Erromako edo Liberiar basilikakoak izan zitezkeen oinarria dute. Barnealdean mosaiko ederrak ditu, amabirjinaren bizitza adierazten dutenak (V mendekoak) eta Jesukristoren haurtzarokoak ere bai. Absideko mosaikoa Mariaren koroazioa da eta XIV. mendean egin zuen Jacopo Torriti monje frantziskotarrak. Sabaiko kasetoidura XVI. mendekoa da eta Giuliano da Sangallo arkitektoak dioseinatu zuen.
Hainbat kapera aipagarri ere baditu, XVI, mendeko Kapera Sixtina (Sixto V.aren omenezkoa) eta XVII. mendeko Kapera Paulina (Paulo V.aren omenezkoa)
Kanpandorrea Erromako Erdi Aroko dorrerik garaiena da, 75 metrotako altuera du.
Elizaren aurrean zutabe marianoa dago, 1614an Carlo Maderno arkitektoak diseinatua eta mundu zabaleko hainbat zutaberen eredu izan dena.
Aita Santuaren basilika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aita Santuaren basilika estatusa duenez Aita Santuak sarritan erabiltzen du. Aldare nagusia berak bakarrik erabil dezake eta urtero Andre Mariaren egunean (abuztuaren 15ean) meza ematen du bertan.
Kripta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aldare nagusiaren azpian Belengo kripta dago. aldarea eta eserlekuak ditu eta bertako erlikia nagusia Jesukristok Belenen erabili zuen sehaska da[5]. Bertan hilobiraturikoen artean garrantzitsuena Jeronimo Estridongoa da, Biblia grekeratik latinera itzuli zuena. Kripta honetan eman zuen bere aurreneko meza Ignazio Loiolakoak, 1538ko abenduaren 25ean.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Santa Maria Nagusiaren aurrealdea eta kanpandorrea.
-
Basilikaren absidea, Esquilino enparantzan.
-
Habearte nagusia.
-
Sehaska santuaren erlikia.
-
Kapera Sixtinaren aldarea.
-
Kapera Paulinaren sabaia.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «LateranTreaty.pdf» www.vaticanstate.va.
- ↑ .
- ↑ Krautheimer, Richard. (1980). Rome : profile of a city, 312–1308. Princeton, N.J.: Princeton University Press ISBN 978-0-691-00319-1..
- ↑ Calendarium Romanum: ex decreto Sacrosancti Oecumenici Concilii Vaticani II instauratum. Vatican State: Typis Polyglottis Vaticanis.
- ↑ Tynyshev, Ades. «The Papal Basilica of Santa Maria Maggiore» www.vatican.va (Noiz kontsultatua: 2018-04-21).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Italieraz) Ibilbide birtuala www.vatican.va