Sepiolita
Sepiolita | |
---|---|
| |
Ezaugarri orokorrak | |
Kategoria | Filosilikatoak |
Formula | Mg4Si6O15(OH)2·6H2O |
Dana sailkapena | 74.03.01b.01 |
Nickel-Strunz sailkapena | 9.EE.25 |
Sistema kristalino | Ortorronbikoa Klase dipiramidala |
Talde espazial | Ortorronbikoa H-M ikurra: (2/m2/m2/m) Talde espaziala: Pnna |
Zelda unitatea | a = 5.21 Å, b = 26.73 Å, c = 13.5 Å, Z = 4 |
Eponimoa | txibi eta harri |
Aurkikuntza-lekua | Bettolino (en) |
Identifikazioa | |
Kolorea | Zuri grisaxka, zuria, zuria tindu horixka edo gorrixkarekin; berde urdinxka |
Habitoa | Noduluduna, konpaktua, lur itxurakoa, buztinakara, masiboa; gutxitan zuntz mehe gisa |
Gogortasuna Mohs eskalan | 2 |
Distira | Motela, lur itxurakoa |
Errefrakzio indizea | nα = 1.520, nβ = 1.520, nγ = 1.530 |
Ezaugarri optikoak | Biaxiala (-) |
Birrefringentzia | δ = 0.010 |
2V angelua | Neurtua: 20° - 70°, kalkulatua: 18° |
Marra | Zuria |
Sepiolita filosilikatoen taldeko mineral zuri bigun bat da. Ezaguna da pipak eta iruditxoak egiteko material gisa erabiltzen delako. Bere formula kimikoa Mg4Si6O15(OH)2·6H2O da eta forma solidoan, zuntz eran edo hauts modura ageri da izadian.
Jatorriz meerschaum izena eman zion Abraham Werner geologoak (alemanieratik: "itsasoko aparra"), baina 1847an Ernst Friedrich Glockerrek sepiolita deitu zuen (grezieratik: sepion, "txibia" + lithos, "harria"), Italian aurkitu zuen mea bateko sepiolitak txibien lumaren antz handia zuelako.
Dentsitate erlatibo txikia eta porotasun handia dituenez, ur gainean flotatzen du.
Iruditxoak eta pipak egiteko erabiltzeaz gain, petrolio-putzuak zulatzeko lanetan eta katuentzako kakatokien material xurgatzailea egiteko erabiltzen da. Eraikuntzan, kareoreetan erabil daiteke ur-biltegi gisa.
Kokapen geografikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Merkataritzan erabilitako sepiolita gehiena Turkiako Eskişehir eskualdetik erauzten da. Nodulu-masa irregularretan ageri da, metaketa alubialetan. Magnesitarekin batera agertzea ohikoa da, bien jatorria serpentina baita.
Badaude sepiolita-meak beste zenbait tokitan, baina kantitate txikiagoan. Grezian, Tebas hiritik hurbil eta Eubea eta Samos uharteetan dago. Moravian, Kromau inguruetan ageri da. Kantitate txikiagoak daude Frantzian, Espainian eta Marokon. Estatu Batuetako hiruzpalau tokitan ere badago. Afrikan, bestalde, Tanganyika lakuaren inguruetan aurkitu da sepiolita.
Sepiolitan zizelkatutako turkiar iruditxoak Viena bezalako hirietako lantegietan egin izan dira tradizionalki, baina 1970eko hamarkadan Turkiak esportazioa debekatu zuen, herrialdean bertan mineral hori lantzeko industria sor zedin.