Sri Lankako Gerra Zibila
Sri Lankako Gerra Zibila | ||||
---|---|---|---|---|
Sri Lanka Indiako kostaldetik gertu dagoen irla bat da. | ||||
Data | 1983ko uztailaren 23 - 2009ko maiatzaren 18 | |||
Lekua | Sri Lanka | |||
Koordenatuak | 7°N 81°E / 7°N 81°E | |||
Emaitza |
| |||
Gudulariak | ||||
| ||||
Buruzagiak | ||||
| ||||
Indarra | ||||
| ||||
Galerak | ||||
| ||||
2009ko maiatzak 16: Sri Lankan Gobernuak LTTEek borroka galdu egin zuela adierazi zuen. 2009ko maiatzak 17: LTTE onartu egin zuen Sri Lankako Gobernuak garaitu zuela. 2009ko maiatzak 19: Mahinda Rajapaksak ofizialki gerra zibila amaitu zela adierazi zuen parlamentuan. |
Sri Lankako Gerra Zibilean gehiengo zingalesen bazterkeriaren aurka matxinatu ziren tamil tigreak 1983an. Herrialdearen laurdena kontrolatzea lortu zuten, eta de facto estatua sortu. 2009an amaitu zen ofizialki gerra, Sri Lankako armadak tamilen erresistentzia zapaltzean[14].
Gerra zibilaren azalpen laburra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gerra zibil luze eta odoltsua sufritu zuen Sri Lankak hogeita bat urtez, zingales budisten eta tamil hinduen arteko liskarretan. 1983. urtean piztu zen gatazka, nahiz eta etnien arteko arazoak eta indarkeria lehenago hasi. Orduz geroztik, 100.000 pertsona baino gehiago hil ziren. Ofizialki 2009. urtean amaitu zen gatazka, Sri Lankako armadak tamil tigre gerrillariak guztiz inguratu eta bakartu zituenean. NBEren arabera, gerrako azken asteetan 70.000 zibil hil ziren. Gerra krimenak izan ote ziren ikertzeko gobernuaren geldotasuna ikusirik, NBEk berak hasiko zituen ikerketak. Gerra bukatu eta bost urtera, 30.000 iheslari zeuden oraindik herrialdean.
1948-1983: gerra aurreko egoera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1948. urtean lortu zuen Sri Lankak Erresuma Batutik askatzea. Kolono britainiarrek aldeko tratua ematen zioten tamil gutxiengoari. Gainera, Indiatik tamilak ekarri zituzten, uharteko te eta kafe sailetan lan egiteko, eta bertako tamilei gehitu zitzaizkien. Horrela zingales nazionalistek tamilekin zuten ezinikusia handitu zen. Burujabetzaren osteko lehen hauteskundeak egitean, boterea haien eskuetara igaro zen. Zingales gehiengoaren nagusitasunak gutxiengoaren eskubide politiko eta kulturalak urratzen hasi zen ordutik.
Gutxiengoa zapaldu ahala, horien jarrerak eta aldarriak aldatu eta gogortu egin ziren. Estatu federal bat eskatzeari utzi, eta independentziaren alde egin zuten tamil askok. Velupillai Prabhakaranek 1976an LTTE Tamil Eelamgo Askatasun Tigreak taldea sortu zuen, uhartearen ipar-ekialdean tamilen estatua sortzeko helburuarekin. Munduko gerrillari talderik boteretsuenetakoa eta indartsuenetakoa izan zen. Infanteriaz gain, abiazioa eta itsas armada izan zituen, eta urteetan lur eremu zabalak kontrolatu eta de facto estatua sortu zuen, lege eta gobernu sistemarekin.
1983-2009: gerra zibila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1983an hasi zen gerra zibila, zingales gehiengoaren gobernuaren eta LTTEren artean. Beste tamil talde armatuak LTTEra batu ziren, nahiz eta ondoren hainbat banaketa izan. JVP zingales talde nazionalistaren ekintza armatuek are gehiago okertu zuten giroa. 2000. urtetik aurrera, hainbat saiakera egin zituzten gatazka baketze aldera, baina hitzartutako su-etenek ez zuten egoera konpondu. 2004an tsunamiak uhartea jo zuen, eta herritarren bizi-baldintzak are gehiago okertu ziren. 35.000 lagun baino gehiago hil ziren hondamendi naturalaren ondorioz.
2005ean, Manida Rajapaksak irabazi zituen Sri Lankako presidentetzarako bozak, eta martxan jarri zuen LTTErekin amaitu zuen estrategia militarra. Sri Lankako armadaren erasoaldiek uharteko ekialdetik kanporatu zituzten gerrillari tamilak, lehenbizi 2006an. Hurrengo urtean, iparraldea hartu zuten jomugan. LTTE bakartzea lortu zuen Rajapaksak. Lehenbizi, itsas armada hondoratuz armaz hornitzea galarazi zion. Nazioartean tamilek egiten zuten diru bilketa blokeatzea lortu zuen ondoren. Uhartearen laurdena kontrolatu zutenean gerrillarien gainbehera hasi zen orduan. Jaffar penintsula utzi eta azken erresistentzia gunea Mullaitivu oihanean ezarri zuten. Ez zuten asko iraun oihanean, eta, banan-banan, azken baseak galdu zituzten.
Gerra zibilaren amaierako gerra krimenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zibilen aurkako eraso basatiak egon ziren gerraren azken urteetan. Human Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundeak Kolonbo salatu zuen zibilen aurkako sarraskia egiteagatik. Tamil tigreak akabatzeko aukera ikusirik, gupidarik gabe egin zuen armadak tamilen aurka; behin baino gehiagotan bonbardatu zituzten ospitaleak, eta iheslariak kontzentrazio eremuetan pilatu zituzten. Gobernuak ez erasotzeko gunea izendatu zuen kostaldeko Vanni inguruko 14 kilometro karratu. 400.000 iheslari inguru pilatu ziren eremu horretan. Etengabeak izan ziren gune babestu haren aurkako bonbardaketak. Horregatik ikertu nahi zituen NBEk gerra krimenak izan ote ziren. NBEk tamilei ere leporatzen zien gatazka eremutik ihes egin nahi zutenei tiro egitea eta haur soldaduak erabiltzea.
2009: gerra zibilaren amaiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tamil tigreen buruzagi nagusi eta sortzailea hiltzean amaitu zen ofizialki gerra. Maiatzaren 17an eman zuten Prabhakaranen heriotzaren berri, eta lau haizeetara zabaldu zuten haren hilotzaren argazkia.
2009 -: gerraren ondorengo egoera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]TNA Tamilen Aliantza Nazionala alderdiak estatu propioa sortzeko eskaria alboratu eta irtenbide federal baten alde egin zuen porrota militarren ondoren. Gobernuak adierazi zuen adiskidetze prozesua martxan jarriko zuela. Hala ere, hitzemandakoa ez zuen bete: giza eskubideen aldeko taldeek zioten gutxiengoaren bazterketak bere horretan zirauela.
2013ko irailean, ipar-ekialdeko probintzietako hauteskundeetan TNA gailendu zen, baina Kolonbo eskumenak itzultzearen aurka zegoen, eta nahiago zuen aginte militarrari eutsi. Crisisgroup nazioarteko aholkularitza taldeak zaila ikusten zuen tamilen autogobernuak aurrera egitea, batez ere gainontzeko herrialdean «demokrazia defizita handia» zelako.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ International Institute for Strategic Studies, Armed Conflicts Database.
- ↑ Opposition leader rebutts Sri Lankan government claims.
- ↑ .
- ↑ «Psychological Management to of Combat Stress», Mailer, 2008-04-20
- ↑ https://web.archive.org/web/20061213094157/http://mailer.fsu.edu/~cfigley/vets/documents/PsychologicalManagementofCombatStress_SriLanka.pdf, Mailer, 2006-12-13
- ↑ «Sri Lanka Assessment 2007», Satp.org, 2009-05-17
- ↑ «Sri Lankan army deaths revealed», BBC, 2009-05-09
- ↑ "LTTE killing spree", Daily News, 2009-06-03
- ↑ "Sri Lanka Database – Casualties of Terrorist violence in Sri Lanka", Satp.org, 2009-05-30
- ↑ Eelam War IV: Imminent End.
- ↑ Tamils mark 25-years of Tiger sacrifice Tamilnet.
- ↑ 4073 LTTE cadres killed in ongoing battle.
- ↑ Sri Lankan experience proves nothing is impossible, The Sunday Observer, 2011-06-05
- ↑ Adrian GARCIA «Amaitu gabeko bazterketa», Berria, 2014-07-25.Taulako informazioa izan ezik, beste guztia Adrian Garciaren erreportajean oinarritzen da.