Suzanne Cory
Suzanne Cory (Melbourne, Australia, 1942ko martxoaren 11) australiar biokimikaria da, immunitate-sistemaren oinarri genetikoa eta minbizia ikertu dituena[1] eta haren herrialdeak zientzia ikerketa lanean inbertsioak egin ditzan lortu duena.
Emakumezko Zientzilarien L'Oréal-UNESCO saria jaso zuen 2001ean.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Melbourne hiriko Kew suburbioan hazi zen eta Melbourneko Unibertsitatean ikasketak burutu ondoren Cambridgeko Biologia Molekularreko Laborategian (LMB) doktoratu zen[1]. Bertan Sangerren RNA sekuentziazio teknikak erabili zituen transferentziako RNA (tRNA) identifikatzeko. LMB hartan ezagutu zuen Jerry Adams zientzilari estatubatuarra eta harekin ezkondu zen. LMB-ko aldia amaitu ondoren Genevako Unibertsitatera joan zen ikasketekin jarraitzeko eta R17 bakteriofagoaren RNA sekuentziatu zuen, ondoren eredu gisa erabili ahal izateko[1].
1971n senar emazteak Walter and Eliza Hall Institute of Medical Research zentrura mugitu ziren, Melbournera, eta Cambridgen eta Genevan ikasitako teknikak aplikatu zituzten biologia molekularreko ikerketatan[2]. Lehenengo ikerketa antigorputzetan zentratu zuten. Hainbat genek kodeturiko proteinazko atalez osaturik daudela ikusi zuten, eta horri esker dela gai immunitate sistema hainbeste zelularen inbaditzaile mota desberdini aurre egiteko.
Hamarkada batez immunitate-sistema ikertu ondoren Cory-ren laborategiak minbizia ikertzea hartu zuen helburu, hainbat minbizi motek duten oinarri genetikoa hain zuzen ere. Burkitten linfoma eta linfoma folikularra eragiten duten mutazioak aurkitu zituzten[3]. Ikerketaren jomuga minbizi zelulen ugalketa eta heriotza ikertzea zen, eta dirudienez Myc onkoproteinak eta Bcl-2 proteina familiak zeresan handia dute prozesu hauetan. Azken familia honek zelularen apoptosia (autosuntsiketa) eragiten du[2].
Walter and Eliza Hall Institute of Medical Research elkarteko zuzendaria izan zen 1996 eta 2009 artean eta 2010an Australiako Zientzia Akademiako presidente aukeratu zuten, lehenengo emakumezkoa izan zen kargu hori hartzen[4]. Lau urtetan izan zen presidentea. 2021ean Australiako Osasun eta Medikuntza Zientzietako Akademiarako aukeratu zuten.
Suzanne Coryren omenez Suzanne Cory High School institutu publikoa sortu zen 2011n[1]. Victoria Unibertsitatetik gertu dago.
Sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Macfarlane Burnet Medal and Lecture (1997, Australiako Zientzia Akademia)
- Charles S. Mott saria (1998)
- Emakumezko Zientzilarien L'Oréal-UNESCO saria (2001)[5]
- Royal Societyren Errege domina (2002)[6]
- Colin Thomson domina (2011, Nazioarteko Minbiziaren Ikerketaren Elkartea)
- CSIRO Eureka saria (2012)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d «Professor Suzanne Cory · Suzanne Cory High School» www.suzannecoryhs.vic.edu.au (Noiz kontsultatua: 2023-02-26).
- ↑ a b (Ingelesez) Research, The Walter and Eliza Hall Institute of Medical. (2014-10-17). «Professor Suzanne Cory» WEHI (Noiz kontsultatua: 2023-02-26).
- ↑ (Ingelesez) Adams, J M; Gerondakis, S; Webb, E; Corcoran, L M; Cory, S. (1983-04). «Cellular myc oncogene is altered by chromosome translocation to an immunoglobulin locus in murine plasmacytomas and is rearranged similarly in human Burkitt lymphomas.» Proceedings of the National Academy of Sciences 80 (7): 1982–1986. doi: . ISSN 0027-8424. PMID 6572957. PMC PMC393736. (Noiz kontsultatua: 2023-02-26).
- ↑ First elected female President of the Academy of Science. Magazine, via EBSCOHost.
- ↑ «Laureates of the L’Oréal-UNESCO For Women in Science International Award | Fondation l'Oréal» www.fondationloreal.com (Noiz kontsultatua: 2023-02-26).
- ↑ «Suzanne Cory» royalsociety.org (Noiz kontsultatua: 2023-02-26).