Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Zürich

Zürich hiriko argazki bat.
      Entzun!

Zürich Europako hiri bat da, Suitzan dagoena. Herrialde horretako hiririk handiena da: 2016ko datuen arabera, 402.000 biztanle inguru ditu. Suitzako iparraldean dago, Zürich lakuaren ondoan eta laku horretatik sortzen den Limmat izeneko ibaiaren ondoan. Suitzako hiririk garrantzitsuena da ekonomiaren aldetik, baina ez politikaren aldetik; izan ere, Suitzako hiriburua Berna da.

Bestalde, hiria inguratzen duen lurralde edo eskualdeak ere Zürich du izena: Zürich kantonamendua deitzen zaio. Lurralde honetan, ia 1,5 milioi lagun bizi dira; biztanle gehien dituen Suitzako kantonamendua da. Eskualde honi "Suitzako motor ekonomikoa" deitzen zaio, enpresa ugari dituelako.

Hirian eta kantonamenduan, alemana da jende gehienak hitz egiten duen hizkuntza. Kontuan izan behar da Suitzan lau hizkuntza ofizial dituztela: alemana, frantsesa, italiera eta erromantxea.


Hiriaren jatorria oso zaharra da; Erromatar inperioaren garaian, erromatarrek gaztelu bat eraiki zuten hemen, Turicum izenekoa. Hala ere, Zürich Erdi Arora arte ez zen iritsi benetako hiri bat izatera.

1262tik aurrera, hiri libre bat izan zen Germaniako Erromatar Inperio Santuaren barruan. 1351n, Suitzako Konfederazio Zaharra izenaz

ezagutzen den antolakunde politiko batean sartu zen; antolakunde horretatik sortu zen geroago Suitza izeneko herrialdea.

XVI. mendean, Ulrich Zwingli izeneko apaiz eta idazle batek hainbat sermoi eman zituen hiriko Grossmünster katedralean; erlijio kristaua berritu nahi zuen, Alemanian Martin Luterok egin zuen bezala. Biek aldaketa handiak eragin zituzten garai hartako Europako erlijioan, Erreforma protestantea hasi baitzuten, Erromako Eliza Katolikoari aurre eginez.

XIX. eta XX. mendean hiria asko handitu zen eta, ondorioz, inguruko hainbat herri hiriaren barruan geratu ziren. Gaur egun, Zürich metropoli edo hiri handi bat da. Banku eta aseguru-konpainia asko ditu eta kultur bizitza handia. Turismoa ere indartsua da.

Leku ikusgarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriko alde zahar edo Erdi Aroko hirigunea nahiko ondo kontserbatuta dago; eliz ugari ditu: Grossmünster (katedrala), Fraumünster eta St. Peter dira hiriko eliza nagusiak.

Oso eraikin ikusgarriak dira Züricheko Operaren Etxea (Opernhaus Zürich) eta Arte Ederren Museoa (Kunsthaus Zürich), Edvard Munch eta Alberto Giacometti margolarien lanak dituena, besteak beste.

Argazki batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]