Edukira joan

Ukraina

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Ukraina
Україна
(Ukrayina)
Ereserkia: Stxe ne vmerla Ukrainy i slava, i volia

Ukrainako bandera

Ukrainako armarria
Geografia
HiriburuaKiev
50°27′0″N 30°31′25″E
Azalera603.550 km² (46.)
Punturik altuenaHoverla (en) Itzuli (2.061 m)
Punturik sakonenaKuyalnik Estuary (en) Itzuli (−5 m)
KontinenteaEuropa
MugakideakBielorrusia, Polonia, Eslovakia, Hungaria, Errumania, Moldavia, Errusia eta Europar Batasuna
Administrazioa
Gobernu-sistemaerdipresidentzialismo
Ukrainako PresidenteaVolodymyr Zelensky
LegebiltzarraVerkhovna Rada
Epai autoritateaUkrainako Gorte Gorena eta Ukrainako Konstituzio Auzitegia
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria41.167.335
Dentsitatea68,21 bizt/km² (115.)
Talde etnikoak
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa1,498 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak117.710 (2014)
Bizi-itxaropena69 (2022)
Giniren koefizientea25,6 (2020)
Giza garapen indizea0,773 (2021)
Ekonomia
BPG nominala112.154.185.121,41 $ (2017)
BPG per capita2.639 $ (2017)
BPG erosketa botere paritarioa369.566.394.804 nazioarteko dolar (2017)
BPG per capita EAPn8.698,653 nazioarteko dolar (2017)
BPGaren hazkuntza erreala2,3 % (2016)
Erreserbak18.810.931.196 $ (2017)
Inflazioa12,4 % (2016)
Historia
IX. mendeaKieveko Rusa
1199Galitzia-Voliniako Printzerria
1648Kosakoen atamanerria
1917 (juliotar egutegia)Ukrainako Herri Errepublika
1919Ukrainako Sobietar Errepublika Sozialista
1991
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+380
ISO 3166-1 alpha-2UA
ISO 3166-1 alpha-3UKR
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.europar loki eta Schuko
Internet domeinua.ua eta .укр (mul) Itzuli
ukraine.ua

Ukraina[1] (Україна, Ukrayina, ukrɑˈjinɑ) ahoskatua; Ekialdeko Europako estatu burujabea da, Itsaso Beltzaren ertzean kokaturik dagoena. Ekialde eta ipar-ekialdean Errusiarekin du muga, ipar-mendebaldean Bielorrusiarekin, mendebaldean Polonia, Eslovakia eta Hungariarekin, hego-mendebaldean Errumania eta Moldaviarekin, eta hegoaldean Itsaso Beltzarekin eta Azoveko itsasoarekin. Gaur egun, lurralde-eztabaida dauka Errusiarekin, Krimeako penintsularen egoera dela-eta; izan ere, Errusiak beretu zuen lurralde hori 2014an,[2] baina nazioarteko komunitatearen gehiengoak ez zuen anexioa onartu.[3] 603.628 kilometro koadroko eremua hartzen du, Krimea barne, eta 2016an 42,5 milioi biztanle zituen, Krimea eta Sebastopol gabe.[4] Hiriburua Kiev da.

Ukraina berbak ekialdeko eslaviera zaharrean «muga» esan nahi bide du; hasierako U horrek, berriz, «zehar», «-n»; eta kraj eslaviar erroak, «herrialde».[5] Berez, krayina hitzak ukraineraz «herri» kontzeptua izendatzen du.

Ukraina Ekialdeko Europan dago, ipar latitudeko 44° eta 53° artean, eta ekialdeko longitudeko 22° eta 41° artean. 603.628 kilometro koadroko eremuarekin, munduko 46. herrialde handiena da, eta Europako bigarrena Errusia europarraren atzetik. Iparraldean Bielorrusia eta Errusia ditu; ekialdean, Errusia; hegoaldean, Itsaso Beltza eta Azoveko itsasoa; hego-mendebaldean, Errumania eta Moldavia; eta mendebaldean, Hungaria, Eslovakia eta Polonia.

Oso lurralde laua da, emankortasun handiko lur beltzak dituena, %90ean ordokiz eta goratasun gutxiko goi-ordokiz osatua, eta ibai askok ureztatua. Parterik handiena Ekialdeko Europako ordokiari dagokio eta ipar-ekialdea, berriz, erdialdeko Errusiako goi-ordokiari. Hala, lurraldearen batez besteko goratasuna 175 metrokoa da. Karpato mendiek hartzen dituzte, ordea, mendebaldeko mugaren 240 kilometro inguru, eta mendi horietan du, hain zuzen ere, Ukrainak gailurra, Hoverla mendian (2.061 metro). Hegoaldean Krimeako penintsula dago, Azoveko itsasoaren eta Itsaso Beltzaren artean. Penintsularen hegoaldeko mendiak Bulgariako Karpatokoen eta Errusiako Kaukasokoen arteko zatiak dira, hiru mendikate txikiez osatuak, lur emankorreko ibarrak dituztenak; mendi horietako gailurrak 1.545 metroko garaiera du. Gainerakoan laua da Krimeako lurraldea, Perekopeko istmo estuaren bidez Ukrainako ordoki zabalari lotua.

Mendebaletik ekialdera, Dniester, Hegoaldeko Bug, Dnieper eta Severski Donets dira ibai nagusiak. Ibai hauek Itsaso Beltzera edo Azoveko itsasora bideratzen dira. Hego-mendebaldean, Danubio ibaiaren deltak muga eratzen du Errumaniarekin.

Ukrainako klimak Köppen sailkapenaren arabera.

Ukrainak klima kontinental epela du, nahiz eta klima mediterraneoa ere aurkitu Krimea hegoaldeko kostaldean. Prezipitazioak desberdinak dira oso eskualdearen arabera, handiena ipar eta mendebaldean eta txikiena hego eta ekialdean. Mendebaldeko Ukrainak 1.200 mm jasotzen du urteko, eta Krimeak 400 mm inguru. Kostaldetik urrundu ahala, neguak epeletik oso hotzera aldatzen dira. Batez besteko tenperatura 5.5–7 °C da iparraldean eta 11–13 °C hegoaldean.

Landaredia, iparraldean, estepakoa eta estepa basoduna da. Hegoaldean, Krimeako iparraldean batez ere, lehorrekoaren ezaugarriak ditu, eta penintsularen hegoaldeko kostaldean, berriz, Mediterraneokoarenak, mahasti eta fruitu garratzeko arbolekin.

Sakontzeko, irakurri: «Ukrainako historia»

Kristoren aurreko 4500. urtearen inguruan, neolito garaian, giza taldeak ezarriak ziren gaur egungo Ukrainaren lurraldean. Burdin Aroan, zimeriarrak, eszitiarrak eta sarmaziarrak bertan egonkortu zirelako aztarnak ere daude[6]. Kristo aurreko VI. mendetik aurrera, greziarrek eta erromatarrek koloniak ezarri zituzten, eta Bizantziar Inperioak ere paratu zituen bere kokaguneak. Tiras, Olbia edota Hermonassa izan ziren haietariko batzuk, Itsaso Beltzaren ipar-ekialdeko itsasertzean.

Kieven Urrezko Aroa (800–1349)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kieveko Rusaren mapa, XI. mendean. Urrezko Aroan Kieveko Rusaren zabalerak egungo Ukrainaz aparte, Errusia eta Bielorrusiako hainbat alde ere bere zituen.

X-XI. mendeetan, Europako alde honetan estatu berri baten sorrera eta hedapena gauzatu zen; Kieveko Rusa izan zen eta, historialari askoren arabera, sasoi hartan mamitu zen ukrainarren nazio-identitatea[7]. Hiriburua Kiev zen eta, testu zaharrei jaramon egiten badiegu, sortzaileak eskandinaviar jatorrikoak ziren, baregoak hain zuzen ere, egun Suedia eta Danimarka diren lurraldeetako aspaldiko biztanleetako batzuk. Denborak aurrera egin ahala, bertako eslaviarrekin bat egin zuten, eta asimilatutako jende-multzo hau izan zen Rurik printzearen dinastiaren abiapuntu, Rusaren aurrenekoa. Kieveko Rusa hainbat printzerrik osatu zuten, Kievekoa gailen zelarik, eta Ruriken ondorengo asko berori kontrolatze aldera sator-lan, azpijoko eta borroka etengabean aritu ziren.

Kieveko Urrezko Aroak Vladimir Handiaren agintaldia du abiagune (980-1015) eta estatuaren buru zela Bizantziotik zetorren kristautasunari men egin zion. Haren semeak, Jaroslav Jakintsuak, Kieveko Rusaren aldi bizienari eta garrantsitzuenari ekin zion, bai kulturaren alorrean, bai politikarenean. Gerora deuseztatzea dator, estatuaren zatikatzea. Kieveko Rusa ostera ere berpiztu zen, Vladimir Monomakoren (1113-1125) eta haren seme Mstislaven agintaldietan (1125-1132). Baina hurbil eta atezuan zebiltzan mongolak, zeintzuek 1240an Kiev erabat suntsitu baitzuten[8].

Kanpoko herrialdeen menpe (1349-1914)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mongolen inbasioen ondoren, kanpoko erresumek agindu zuten Ukrainan. XIV-XVII. mendeen artean, Lituania eta Poloniaren mende egon zen.

Mongolek hankaz gora jarritako Rusaren deuseztatzeak printzerri biren nagusitasun aldiari eman zion bide: Galitzia eta Volinia. Zenbait urteren buruan bat egin zuten, estatu egituratik hurbil antzean. 1569an Poloniar-Lituaniar Batasuna eratu zenetik, Poloniako Erresumak gero eta eragin handiagoa zuen Ukrainako lurraldeetan; aldi berean katolizismoaren sarbidea sakonagoa izan zen, goiko gizarte mailek horretarako aukera eman ziotelako. Herri xehea, berriz, kosakoei begira jarri zen, ortodoxiari estu eusten ziotelako. XVII. mendearen erdialdean, kosakoen eraginpeko sasi-estatua sortu zen Dnieper ibaiaren ertzean, Ukrainako erdi-hegoaldean. Zaporizhiako kosakoak ziren, eta poloniarren estatuari honako eskabideak egin zizkioten: errepresentazio politikoa izatea Poloniako Erresuman eta ortodoxia onartzea. Ez zuten halakorik lortu eta, ondorioz, Errusiako tsarraren laguntza bilatzen hasi ziren. 1648an, Bohdan Khmelnytskyk poloniarren aurkako matxinada gidatu zuen, 1654ra arte iraun zuena; kosakoen nobleziak bultzatutako iraultzari, laborariak, Eliza Ortodoxoa eta burgesia atxikiko zitzaizkion. Ordutik aurrera, Errusiaren eraginpean sartu ziren Ukrainako lurraldeetako asko, poloniarren indarra ahulduz joan zen heinean.

XVIII. mendearen amaieran, Poloniako lurraldeak beste era batera antolatu ziren, inguruko herriek bere egin zituztelako: Prusiak, Habsburgotarren Etxeak eta Errusiak. Ukrainako mendebaldea Austriaren mende geratu zen; gainontzeko lurrak Errusiak bereganatu zituen. Baina egoerak lehengo moduan jarraitu zuen: kosakoek amesten zuten autonomia ez zen inolaz ere gauzatu, eta errusiarrek behiala poloniarrek ezarritako kontrolari eutsi zioten. Tsarismoaren azken urteetan, lurraldearen errusifikazioari areago ekin zitzaion, eta ukrainera debekatu ere egin zuten[9].

Holodomorraren eraginez Kharkiven hildako pertsona, 1932.

Lehen Mundu Gerra hasi orduko, Ukrainako mendebaldeko lurrak Austria-Hungariako Inperioaren mende zeuden, eta gainerakoak Errusiaren kontrolpean. Austria-Hungariak Ukrainako Legioa eratu zuen Errusiar Inperioaren aurka jarduteko. Legio hau izan zen, Ukrainako Galiziar Armadaren sorburua izan zen, boltxebike zein poloniarrien aurka aritu zena hurrengo urteetan (1919-1923). Halarik ere, Lehen Mundu Gerrak Austria-Hungariako eta Errusiako inperioen itzaltzea ekarri zuen eta, aldi berean, Ukrainaren autodeterminaziorako aldarria. Testuinguru horretan, 1917-1920 bitartean, estatu itxura hartu nahi izan zuten hainbat saio izan ziren. Ekialdean honako hauek izan ziren: Ukrainako Herri Errepublika, Ukrainako Hetmanatoa, eta boltxebikeen aldeko Ukrainako Sobietar Errepublika Sozialista. Mendebaldeko lurretan, berriz, Mendebaldeko Ukrainako Herri Errepublika antolatu zen. Tarte horretan Nestor Makhno anarkistak Ukrainako Iraultzarako Armada delakoa gidatu zuen hegoaldean[10].

1921eko martxoaren 18an Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboak eta Poloniako gobernuak Rigako Ituna sinatu zuten. Haren arabera, Ukrainako mendebaldea Poloniari zegokion; Poloniak, aldiz, Ukrainako Sobietar Errepublika Sozialistaren izaera onartu zuen. Hau, Sobietar Batasunari atxiki zitzaion 1922ko abenduan. Sobietarrek industrializazioa eta kolektibizazioa bultzatu zuten, ukrainar kulak edo nekazarien gogoaren kontra. Kulaken aurkako jazarpenengatik eta 1932-33 urteetako goseteengatik (Holodomor) 6 edo 7 milioi pertsona hil ziren; geroago Iosif Stalinek intelektualen aurkako jazarpen gogorra bideratu zuen.

Kiev suntsitua Bigarren Mundu Gerran.

1939an, Alemania Naziak eta sobietarrek sinatutako Molotov-Ribbentrop Itunaren bidez, Ukrainak Poloniaren hego-ekialdea eta Errumaniaren parte bat (Ipar Bukovina eta Besarabiako hegoaldea) eskuratu zituen. 1941-1942 urteetan alemaniarrek Ukraina osoa hartu zuten, oso erregimen gogorra ezarri eta jende asko deportatu zuten lurralde haren germanizazioa errazteko. Baina sobietarren manupetik askatzeko alemaniarrekin batera borrokatu ziren abertzale asko haien aurka matxinatu ziren. 1943-1944 bitartean, sobietar gudarosteak egotzi zituen alemanak. Gerra horretan Ukrainak 4 milioi pertsona galdu zituen, ia judu guztiak horien artean.

Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, Nazio Batuen Erakundearen sortzaileetako bat izan zen. Ukrainari Galitzia, Volinia, Besarabia eta Bukovinaren iparraldea lotu zitzaizkion, eta Txekoslovakiak Transkarpatia itzuli behar izan zion. 1946an, Eliza Uniataren abertzaletasuna zela-eta, Stalinek Eliza Ortodoxoaren barruan sarrarazi zuen, eta atxilo hartu zituen Elizako buruzagiak. 1954an, Errusiaren eta Ukrainaren arteko batasunaren hirugarren mendeurrena zela eta, Errusiak Krimea eman zion Ukrainari.

Ukraina burujabea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pripiat hiria husturik Txernobylgo hondamendiaren ondoren.

1986ko apirilean istripu larria izan zen Txernobylgo zentral nuklearrean, Kievetik 130 kilometrora, oso ondorio latzak eragin zituena 5 milioi pertsonarengan (datu ofizialen arabera 600 pertsona hil ziren). Gertaera horrek gobernuaren aurkako oposizioa berpiztu zuen. 1989ko amaieran errepublikaren burujabetasunaren eta Perestroikaren aldeko higikundea sortu zen (Rukh), Kieveko intelektualez eta preso politiko ohiez osatua. 1990ko martxoko hauteskundeetan komunistak atera ziren garaile, eta Rukhek emaitza onak izan zituen mendebaldean. Legebiltzarreko lehendakariak, Leonid Kravtxukek, jarrera nazionalista gero eta tinkoagoa hartu zuen.

1991ko otsailean, Krimeari autonomia (1922-1945 urteetan ere izan zuena) itzultzea erabaki zuen legebiltzarrak. Gorbatxoven aurkako estatu kolpearen ondoren, abuztuaren 24an burujabetasuna eskatu zuen Ukrainak, abenduaren 1eko erreferendumean emandako botoen %90ek berretsi zuena. Leonid Kravtxuk hautatu zuten lehendakari. Hilabete horretan bertan Estatu Independenteen Erkidegoa sortu zuen Errusia eta Bielorrusiarekin batera. Urtearen amaieran, Kievek bere subiranotasuna eskatu zuen herrialde horretan zeuden arma nuklearrei zegokienez eta, aldi berean, arma horiek zazpi urteko epean desegiteko asmoa azaldu zuen.

Leonid Kravtxuk, Ukrainako presidentea 1991tik 1994ra.

1992an, Ukrainako gobernuak prezioen liberalizazioa aurrera eramatea erabaki zuen; bestalde, erraztasunak eman zien atzerriko enpresei bertan inbertsioak egin zitzaten. Urte horretan, Krimeak bere burujabetasuna adierazi zuen, baina Ukrainako legebiltzarrak ez zion onartu. Azkenik, Krimeak amore eman eta ezeztatu egin zuen bere adierazpena. Baina Errusiak 1954ko lege dekretua ezeztatu zuen, zeinaren arabera Krimea Ukrainari ematen zion, eta Krimea itzultzea eskatu zion. Kievek ez zuen eskakizun hori onartu eta independentzia ekonomikoa onartu zion Krimeari. Krimea Kiev eta Moskuko gobernuen arteko tirabira gai izan zen urteetan.

1993an, Ukrainak bertan behera utzi zuen arma nuklearrak Errusiako Federaziori itzultzeko asmoa, gobernuaren ustez ez baitzegoen haiek desegiteko behar bezalako bermea. Bestalde, Itsaso Beltzeko gerraontzien banaketak ere tirabira latzak sortu zituen errusiar gobernuaren eta ukrainarraren artean, zeinek beretzat eskatzen baitzituzten gerraontziak. 1993ko irailean, Vitold Fokin lehen ministroak dimititu egin zuen ekonomia bideratzeko egin zituen saioak porrot egin zutenean. Leonid Kutxma, industria gizonen eta enpresaburuen batasuneko lehendakari ohia, jarri zuten haren ordez. Gobernu berriaren politika liberalak eta liberalizazioak aurrez aurre izan zituzten Biltzar Gorena batetik, eta langileak bestetik. Hala, Kutxmak dimisioa aurkeztu zuen, baina ez zitzaion onartu.

Kravtxuken kanpo politika moderatuaren kontra, Biltzar Gorenak Ukrainan ziren SESBeko arma nuklear guztiak bereganatzea erabaki zuen. Sobietar Batasunaren desagertzearen ondoren munduko hirugarren potentzia nuklear bihurtu zen Ukraina. Baina Kravtxuk ahuldurik zegoen, politika alorrean batez ere, eta Itsaso Beltzeko ontziak Errusiari ematea erabaki zuen. Horrela, Moskurekin petrolio eta gasaren truke zuen zorra ordaintzen zuen. Bien bitartean, ekonomiak hondoratzen jarraitzen zuen, eta hileko inflazioa % 100ekoa zen. Azkenik, Kutxmak dimititu egin zuen.

1994an izan ziren Sobietar Batasuna desegin ondorengo lehenengo hauteskundeak. Leonid Kutxma lehen ministro izandakoak irabazi zituen hauteskunde haiek, eta presidente berriak Errusiarekiko harremanak estutzeko eta EIEn (Estatu Independenteen Erkidegoa) sartzeko asmoa azaldu zuen. 1994an eta 1995ean zehar bai egoera ekonomikoak bai sozialak okerrera egin zuten. BPG %20 baino gehiago jaitsi zen 1994an, eta %12tik gora 1995ean, eta bizi maila ere asko jaitsi zen. 1997an, Pavlo Lazarenko lehen ministroa ustelkeriaz salatu zuten eta kargua utzi behar izan zuen. Haren ordez Valeri Pustovoitenko jarri zen. Urte horretan bertan, arma nuklearrak kentzeko hitzarmen bat izenpetu zuten Estatu Batuek, Bielorrusiak, Errusiak, Kazakhstanek eta Ukrainak.

Iraultza Laranjaren protestak Kieven, 2004ko azaroan.

2004an, Iraultza Laranja gertatu zen. Horrela deitu zitzaion 2004ko hauteskundeetan Viktor Janukovitx gobernuaren hautagaiak egindako iruzurraren kontra egin ziren protesta, manifestazio, greba eta erresistentzia zibileko ekintzei, Viktor Justxenko oposizioko hautagaia lehendakari izendatzeko eskatuz. Urte horren bukaeran bukatu zen Iraultza Laranja, hauteskundeak hirugarrengoz egin eta Justxenko lehendakari izendatu zutenean.

Bestalde, 2008ko bukaeran, liskar handia izan zen Errusiaren eta Ukrainaren artean. Errusiak Ukrainari saltzen dion gasaren prezioak sortu zuen istilua, eta tirabiren ondorioz, Errusiatik etorri, Ukraina zeharkatu eta erdialdeko Europara gasa daraman gasbidea etenda geratu zen. Etenaldi horrek gasik eta erregairik gabe utzi zituen Europako erdialdeko biztanle asko —Balkanetan bereziki— Europak aspaldi honetan ezagututako hotzaldirik handienean. Azkenean, 2009aren hasieran, gasbidea zabalik geratu zen, baina ez Errusiak ez Ukrainak ez zuten hartu beren gain gas etenaldiaren ardura. 2010eko presidentetzarako hauteskundeetan Viktor Janukovitx nagusitu zen, botoen %48rekin.[11]

2013ko azaroan, Europar Batasunarekin elkartze akordioa sinatzeko planak izoztu zituen Janukovitx presidenteak. Horren ostean, Euromaidan, Mendebaldearekin loturak estutzearen aldeko protesta baketsua, hasi zen. Luze gabe, talde paramilitar neonaziak ere lotu zitzaizkion protestari.[12] Herrialdearen ekialdean, ordea, biztanle gehienak Euromaidanen aurka eta Janukovitxen alde agertu ziren.[13] 2014ko urtarriletik aurrera, istiluak larriagotu ziren Kieven, gobernuaren aurkako taldeek eraikin ofizialak hartu zituztelarik. 130 lagun baino gehiago hil ziren liskarretan, gehienak zibilak.[14][15] Otsailaren 22an, Ukrainako Parlamentuak Janukovitx presidentea kargugabetu eta hauteskundeetara deitzea erabaki zuen.[16]

Errusiazaleen protestak Donetsken, 2014ko martxoan.

Bien bitartean, inolako bereizgarririk gabeko errusiar soldaduak sakabanatu ziren Krimeako penintsulan, eta 2014ko martxoaren 16an egindako erreferendum batean, krimearren %97k Errusiari batzea erabaki zuen.[12][17] Bi egun geroago, Errusiako Senatuak onartu zuen Krimea eta Sebastopol Errusiara batzeko ituna.[18] Nazio Batuen Batzar Nagusiak baliogabetzat jo zuen erreferenduma. Ekialdeko Donetsk eta Luhansk eskualdeetan, manifestari eta miliziano errusiazaleek eraikin ofizialak hartu zituzten, eta Ukrainatik banantzeko erreferendumak egin ziren.[19] Liskar horiek izan ziren Donbasseko gerraren hasiera, Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublika sortu berrien eta Ukrainako armadaren artean. Sezesionistek errusiar paramilitarren laguntza izan zuten.[20]

Ukrainako presidentetzarako hauteskundeak 2014ko maiatzaren 25ean egin ziren, eta Europar Batasunera gerturatzearen aldeko Petro Poroxenko enpresaria nagusitu zen. Krimeako okupazioa ez zuela onartuko adierazi zuen, eta Luhanskeko eta Donetskeko errusiazaleekin armak utzi arte ez zuela negoziatuko.[21] 2015eko otsailean, Poroxenkok eta Donbasseko sezesionistek su-eten akordioa adostu zuten Minsken;[22] ordurako, 5.000 lagun baino gehiago hilak ziren gerran.[23]

2022ko otsailaren 22an, Vladimir Putinek Errusiako indar militarrei Ukrainako Donetsk eta Luhanskeko errepubliketan sartzeko agindu zien, ekintza «bakea mantentzeko misiotzat» joz.[24] Putinek, halaber, ofizialki onartu zituen Donetsk eta Luhansk estatu subirano gisa, Ukrainako gobernutik erabat independenteak bailiran. Erabaki horiei erantzunez, Joe Biden AEBko presidenteak iragarri zuen "Estatu Batuen finantza-zigor handiak" hasiko zirela Errusiaren aurka, eta finantza-zehapen gehigarriak agindu zituen, Errusiako tropek Ukraina zeharkatuz gero. AEBko inteligentzia zerbitzuek adierazi dutenez, Ukrainako mugatik gertu ehun eta berrogeita hamar mila tropa errusiar daude.

2022ko otsailaren 24ko goizaldean, Vladimir Putin presidente errusiarrak Ukraina desmilitarizatu eta "desnazifikatzeko" «operazio militar berezia» iragarri zuen. Geroago, Ukrainako gobernuak iragarri zuen Errusiak Txernobylgo kontrola hartu zuela.

Gobernua eta administrazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Ukrainako alderdi politikoak»

2004ko konstituzioaren arabera, Ukraina errepublika parlamentarioa da.[25] Errepublikako presidentea da estatuburua; boto zuzenaz hautatzen da, bost urteko agintaldirako. Legebiltzarra edo Verkhovna Rada ganbera bakarrekoa da; 450 kide ditu, ororen bozkatzez aukeratzen direnak bost urtetik behin. Presidenteak izendatzen du lehen ministroa, Verkhovna Radaren onespenarekin.

Banaketa administratiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Ukrainaren banaketa administratiboa»

Ukraina 24 oblast, errepublika autonomo bat (Krimea) eta estatus berezia duten bi hiritan (Kiev eta Sebastopol) banaturik dago. Hala ere, 2014tik de facto Errusiaren administraziopean daude bai Krimea, bai Sebastopol (Krimeako Barruti Federala).

2016an herrialdeak 42.541.633 biztanle zituen, Krimea kontuan hartu gabe[4]. Sobietar Batasuna ohiko gainerako errepublika gehienetan bezala, biztanle kopurua asko jaitsi da azken hamarkadetan. Osasun zerbitzuak, garai batean ezin hobeak, beherantz joan dira, eta difteria eta tuberkulosiak jotako gaixoak, aldiz, gora. Emigrazioa asko hazi da azken urteetan. Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %15,8 dira, 15-24 urte bitartekoak %9,9, 25-54 urte bitartekoak %44,3, 55-64 urte bitartekoak %13,8 eta 65 urtetik gorakoak %16,3. Bizi itxaropena 72,1 urtekoa da, 67,4 urtekoa gizonezkoena eta 77,1 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak).[26]

Banaketa etnikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2001eko erroldaren arabera, ukrainarrak, %77,8 dira, errusiarrak %17,3, bielorrusiarrak %0,6, moldaviarrak %0,5, Krimeako tatariarrak %0,5, bulgariarrak %0,4, hungariarrak %0,3, errumaniarrak %0,3, poloniarrak %0,3 eta juduak %0,2.[27] Herrialdearen ekialdean errusiarrak gehiengoa dira.

Ukrainera ama-hizkuntza dutenen mapa, 2001eko erroldaren arabera

Ukrainako konstituzioaren arabera, ukrainera da errepublikaren hizkuntza ofiziala. Hala ere, arrazoi historikoek izan duten eragina dela medio, errusiera asko hitz egiten da errepublikaren ekialdean eta hegoaldean. Tsarren inperioak errusiartze politika zorrotza ezarri zuen Ukrainako eremu zabaletan, eta bertako hizkuntza autoktonoa debekatu. 1991ean independentzia eskuratu ostean, agintariek ukraineraren aldeko neurriak ezarri zituzten errepublika berrian, errusieraren kaltean. Horrek hizkuntza-borroka eta liskarrak sortu zituen errepublikaren hegoaldean zein ekialdean.

2001eko erroldaren arabera, biztanleriaren %67,5en ama-hizkuntza ukrainera zen, eta errusiera %29,6rena. Ukrainera nagusi da herrialdearen mendebaldean eta erdialdean. Kieven, aldiz, errusiera ukrainerari gailentzen zaio kalean, nahiz eta hiri inguruko landa eremuetan ukrainera nagusi izan. Azpimarratu behar da ukrainera ama-hizkuntza dutenen gehiengoak errusiera ere erabiltzen duela bigarren hizkuntza modura. Bi hizkuntza hauez gain, Krimeako Errepublika Autonomoan biztanleriaren %13ak tatareraz hitz egiten du.

Razumkov Centrek 2016an egindako inkesta baten arabera, ukrainarren %81,9 kristauak dira: %65,4 ortodoxoak, %7,1 kristauak besterik gabe, %6,5 greziar katolikoak, %1,9 protestanteak eta %1 latindar errituko katolikoak. % 1,1 musulmanak dira, judu eta hinduistak %0,2, erlijiorik gabeak %6,3, eta ateoak %2,7. Erlijiozaletasun maila handiagoa da mendebaldean (%91) ekialdean (%56) baino.[28]

Hiri nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurraldearen hiru laurdenak hartzen dituzten lur beltzen emankortasun handia dela eta, urteetan nekazaritzara bideratua egon zen Ukrainako ekonomia, baina gaur egun meagintzak eta industriak nekazaritzak baino garrantzi handiagoa dute. Kopuruari dagokionez, lantzen diren gai nagusiak garia, ekilorea, patata eta, munduan gehien ekoizten duen herria baita, batez ere azukre erremolatxa dira. Baina, gai horiez gainera, garagarra, artoa, zekalea, oloa, artatxikia, lihoa, kalamua, tabakoa, meloiak, barazkiak, fruitu arbolak, mahastiak eta kotoia ere lantzen dira. Abere hazkuntzak ere garrantzi handia du: behiak, zerriak, zaldiak, ardiak eta ahuntzak.

Baina lurraldeko baliabide nagusiak meak dira: manganesoa (Nikopol), burdina (Kryvyi Rih), harrikatza (Donbass), petrolioa eta gas naturala, uranioa, sufrea, fosforita eta grafitoa, besteak beste. Baliabide horiek oso industria handia bideratu dute, Donetsk eta Dnieper ibaien artean gehienbat: siderurgia eta metalurgia, makina lanabesa eta industriako makinak (lokomotorrak, traktoreak…), etxeko tresnak (hozkailuak, ikuzgailuak), kimika industria (kokea, mea-ongarriak, azido sulfurikoa), janari industria (azukregintza). Bestalde, petrolioa eta gasa izateaz gainera, argindarra sortzeko baliabide handiak ditu: zentral termikoak hiri nagusietan, argietxe handiak Dnieper ibai arroan, eta 1975. urte inguruan eraikitako zentral nuklearrak (Txernobyl, Rivne, Voznesensk).

Hileko soldatak Ukrainan, 2016ko datuak.

Gainera, garrantzi handiko portuak ditu, ontziolak eta beste industria batzuk ere dituztenak: Mariupol eta Berdiansk Azoveko itsasoan, eta Odesa, Kherson eta Mykolaiv Itsaso Beltzean. Bestalde, hiri sare indartsua du: Kievek, hiriburuak, 2,6 milioi biztanle ditu eta bat egiten dute bertan, alde batetik, kulturak eta hezkuntzak (unibertsitatea eta ikerketa guneak) eta bestetik, punta-puntako teknologiak (gune militar-industriala).

Ukrainaren industria indartsua eta antzinakoa da, baina SESBren eta Errusiaren beharrak asetzeko sortua. Nekazaritza industria garrantzizko sektorea da (esnekiak, haragia); horrez gainera, Ukrainako industriak Sobietar Batasuneko ikatzaren laurdena eta burdinaren erdia eskoizten zituen. 70 milioi ikatz tona ustiatzen dira gaur egun; 1976an, aldiz, 212 milioi ziren. Industriaren alorrean garrantzi handikoa da eraikuntza mekaniko astuna (lokomotorrak, tankeak, misilak); industria kimikoari dagokionez, ongarriak ekoiztera bideratua da batez ere. Energiaren alorrean, mendekotasun maila handiko herrialdea bihurtu da, eta horrek azaltzen du, nolabait, gobernuak jartzen dituen eragozpenak Txernobyl ixteko, zentral horrek herrialdeko beharren %10 asetzen baitu. Errusiako finantza krisiak ondorio larriak izan zituen Ukrainan, 1998. urteaz geroztik batez ere.

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Ikus jatorrizko Wikidatako eskaera eta iturriak.

Ukrainar ospetsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. Rodriguez, Mikel. Ofizialki Krimea dagoeneko Errusia da. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-12-29).
  3. UN General Assembly adopts resolution affirming Ukraine's territorial integrity. english.cntv.cn (Noiz kontsultatua: 2017-12-29).
  4. a b Population of Ukraine, database.ukrcensus.gov.ua
  5. Room, Adrian. Placenames of the World. London: MacFarland and Co., Inc., 1997.
  6. «Scythian» Encyclopædia Britannica. .
  7. «Kievan Rus» The Columbia Encyclopedia. bartleby.com.
  8. «The Destruction of Kiev» University of Toronto's Research Repository.
  9. Remy, Johannes. (2007). «Valuev Circular and Censorship of Ukrainian Publications in the Russian Empire (1863-1876)» Canadian Slavonic Papers (findarticles.com) (Noiz kontsultatua: 2007-12-16).
  10. Cipko, Serge. «Makhno, Nestor» Encyclopedia of Ukraine. (Noiz kontsultatua: 2008-01-17).
  11. Timoxenkoren blokeak hauteskundeetako emaitzak auzitara eramango ditu. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-12-27).
  12. a b Makazaga, Xabin. Errusiak ordaindu egin beharko du. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-12-27).
  13. Kushch, Lina. Donetsk view: Ukraine 'other half' resents Kiev protests. bbc.com (Noiz kontsultatua: 2017-12-27).
  14. Rodriguez, Mikel. Kieveko Independentziaren plazan sartu da Ukrainako Polizia. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-12-27).
  15. МВС УКРАЇНИ. npu.gov.ua (Noiz kontsultatua: 2017-12-27).
  16. Legebiltzarrak Janukovitx kargugabetu du. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-12-28).
  17. Treviño, Ibai. Urtebeteko udaberria Krimean. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-12-28).
  18. Felton, Alex; Gumuchian, Marie-Louise. U.N. General Assembly resolution calls Crimean referendum invalid. edition.cnn.com (Noiz kontsultatua: 2017-12-28).
  19. Donetskek eta Luhanskek Ukrainatik independente direla aitortu dute. eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2017-12-28).
  20. Pushing locals aside, Russians take top rebel posts in east Ukraine. reuters.com (Noiz kontsultatua: 2017-12-28).
  21. Aranburu, Iera. Enpresari milioidun bat izango da Ukrainako presidente berria. argia.eus (Noiz kontsultatua: 2017-12-28).
  22. Traynor, Ian. Ukraine ceasefire: European leaders sceptical peace plan will work. theguardian.com (Noiz kontsultatua: 2017-12-28).
  23. Camino, Pello. 5.000 lagun baino gehiago hil ditu orain arte Ukraina-Donbasseko gerrak. argia.eus (Noiz kontsultatua: 2017-12-28).
  24. Simmons, Ann. Putin Orders Deployment of Troops to Breakaway Regions in Ukraine. ISSN 0099-9660. (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).
  25. Constitution of Ukraine, 2004. en.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2017-12-29).
  26. The World Factbook: Ukraine. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2017-12-29).
  27. About number and composition population of UKRAINE by data All-Ukrainian population census'2001 data. ukrcensus.gov.ua (Noiz kontsultatua: 2017-12-29).
  28. Релігія, Церква, суспільство і держава: два роки після Майдану. old.razumkov.org.ua (Noiz kontsultatua: 2017-12-29).
  29. Ukraine - Largest Cities, geonames.org

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]