Zigilu (posta)
- Artikulu hau postan erabiltzen denari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Zigilu (argipena)».
Zigilua (edo seilua[1]) posta bidez bidali beharreko gutun, pakete eta abarrei itsasten zaien irudidun papertxoa da. Bere helburua bidaltzaileak bidalketa ordaindu duela jakinaraztea da. Gaur egun, pakete edo gutunei itsasten zaizkien zigiluez gain, sobrean bertan irudikatutakoak edota makina bidez postetxeetan sortzen direnak ere badaude. Horrela, bezeroak ez du beharrezko balioko zigilua eduki behar, bidalketa gastuak urtetik urtera aldatu ohi dira eta.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erresuma Batuko posta zerbitzuan egindako iraultza garrantzitsu baten eraginez sortu ziren posta zigiluak XIX. mendean. James Chalmers eta Rowland Hillek ondorengoa proposatu zuten: bidalketa bidaltzaileak ordaindu behar zuela, pakete edo gutunaren pisuaren arabera. Izan ere, ordura arte jasotzaileak ordaintzen zuen, bidalketak egin beharreko distantziaren arabera. Ordura arteko sistemarekin sarritan jasotzaileak uko egiten zion gutuna jasotzeari (ordaintzeko beste diru ez zuelako agian) eta horrela posta zerbitzua egoera nahaspilatsuan gelditzen zen, gutun hori bidaltzaileari itzuli behar ziolako.
Hillek eginiko proposamena Komunen Ganbarak onaartu zuen 1837an, eta Gobernuari eskatu zion balio postaleko sobreak eta zigiluak argitaratzeko. Horrela sortu zen 1840ko maiatzaren 6an munduko lehen posta zigilua Penny Black deitua. Bertan HillekVictoria I.a erreginaren irudia marraztu zuen Postage hitza idatzi zion goialdean eta One Penny (penike bat) behealdean. Asmakizun honek izandako arrakasta ikaragarria izan zen; astero bidaltzen ziren gutunak hirukoiztu egin ziren eta zigiluak kaleratu eta egun batera jada 60.000 ale baino gehiago salduak zituzten. R. Hill Erresuma Batuko posta zerbitzuko buru izendatu zuten bere asmakizunagatik eskerrak emateko. Sistema berri hau XIX. mendean zehar beste herrialde gehienetara zabaldu zen.
Nazioarteko Posta Batasunak (Nazio Batuen Erakundearen baitan posta kontuak antolatzean arduratzen den erakundea) herrialde guztiak behartzen ditu bakoitzaren zigiluetan herrialdearen izena alfabeto latinoaren arabera jartzea. Erresuma Batuak ez du agindu hori bete beharrik, lehen zigiluak kaleratu zituen herrialdea delako.
Bildumagileak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aspalditik zigiluak bildumatzea bai heldu eta baita haurren ere denborapasa izan da. Bilduma apal bat izatea erraza eta dibertigarria izan daiteke (gainera ez du zertan oso garestia izan beharrik). Hala ere, bildumak era formalagoan egiten dituztenek inbertsio handiak egin ditzakete, zigilu batzuk balio handikoak baitira, aurkitzen oso zailak.
Zigilu bilduma aztertzen duen zientziari filatelia deritzo.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan zigilu markarik gabe agertzen da eta seilu berriz, Heg. markarekin)