Edukira joan

Azkarate: «Hezkuntza Sailarekin kontsentsuatu behar da Plana

Wikitekatik
Azkarate: «Hezkuntza Sailarekin kontsentsuatu behar da Plana»  (1998)  Luis Fernandez, edited by Euskaldunon Egunkaria
Gizartea
Jatorria
Euskaldunon Egunkaria (1998-02-15)

IKASKETA PLAN BERRIAK ONARTU ZIRENEAN EHU-N EUSKARA EZ ZEN IA KONTUAN HARTU

Azkarate: «Hezkuntza Sailarekin kontsentsuatu behar da Plana» LUIS FERNANDEZ / DONOSTIA


EHUko euskararen normalkuntzarako bigarren plangintza Hezkuntza Sailarekin hitzartu behar dela uste du Miren Azkaratek, EHUko irakaslego errektoreordeak. Lehen plana betetzeko izan ziren baliabide mugak ez gertatzeko bidea litzateke hori.
MIREN AZKARATE euskaltzain eta errektoreordeak uste du EHUko bigarren normalkuntza plana Eusko Jaurlaritzako hezkuntza Sailarekin kontsentsuatu beharko dela .«Euskara errekto-reorde izan nintzenean, beti defenditzen nuen hurrengo plana kontsentsuatu beharko zela ez bakarrik unibertsitatean, baita Hezkuntza Sailarekin ere»,adierazi zion Azkaratek egunkariari atzo. Egun EHUk darabilen bigarren planerako zirriborroa Azkaratek prestatu zuen euskararako errektoreorde zenean, postua Juan Ignacio Perezi utzi aurretik.

Jaurlaritzaren parte hartzea ezinbestekoa iruditzen zaio Azkarateri. Haren iritziz, irakasgaiak euskalduntzeko konpromezua hartuz gero, Jaurlaritzatik diru babesa ziurtatua egon beharko da, ez dadin gertatu helburuak berriz betegabe gelditzea. «Ez dadila gertatu, ehun irakasle beharko genituzkeela, eta azkenean 50 kontratatzeko dirua izan», dio Azkaratek. Hezkuntza Sailari ere plana aldez aurretik lotzea interesatuko zaiola uste du Azkaratek.

Lehen plana nola egin zen «Neurri handi batean, lehen normalkunza planari horixe gertatu zitzaion, Juan Ignacio Perezek Legebiltzarrean azaldu zuenez joan den astean: baliabide mugatuak zeuden nahi ziren kontratazioak egiteko. «Kontratazioak egin ziren, baina ez plangintzaren arabera, baizik eta Jaurlaritzak ematen zuenaren arabera», azaldu digu lehen normalkuntza plan hura diseinatu zuenetako batek, Iñaki Alegría informatika irakasleak. 1980ko hamarkadaren amaieran, behin baino gehiagotan plazaratu zen eskakizuna Euskara Miren Azkarate, EHUko irakaslego errektoreordea Artxiboa Batzordetik EHUk normalkuntza plan bat behar zuela. Halakorik erredaktatzeko ekimena inork hartzen ez zuela ikusirik, lana batzordekide batzuen gain hartzea erabaki zuten. Halaxe egin zuten plan hura Pilartxo Etxebarria, Laura Mintegi eta Iñaki Alegría irakasleek. Euskara Batzordeak eta orduko euskara errektoreordeak, Jazinto Iturbek, bere egin zuten plan hura, 1990eko otsailean. Alegriak onartu duenez, «sektore batzuetan nahiko mesfidantzarekin hartu zuten plana». Gaur egungo errektore Pello Salaburu euskaltzaina izan zen plan hura gogor kritikatu zutenetako bat. «Unibertsitatea euskalduntzeko plangintza hiru lagunen artean egin dute, eta benetan, ez dakit, prentsan agertzeaz aparte, baduen inolako funtsik», adierazi zuen Salaburuk 1990eko Argiaren Euskal Kulturaren Urtekaria-n argitaratutako mahai-inguru batean. Gehiago ere esan zuen egungo errektoreak ordukoan:«Nik publikoki esango dut, eta jendea harrituko da behar bada, dirua nonbait bota behar bada euskararen alde, agian unibertsitatea dela azken txokoa»

Ikasketa plan berrien eragina

Aurrekontuen babesik ez izateaz gain, planaren 'epea hasi eta gutxira ikasketa plan berriak eztabaidatzen eta onartzen hasi zen EHU, 1990eko hamarkadaren lehen erdian. Horrekin zailtasun gehigarriak azaldu zitzaizkion normalkuntzari. Plan berriekin, irakasgai kopurua asko handitzen da, ikasleek lehen mailatik hautazko karrera egin dezaten. Horrek titulazioak euskalduntzeko markatutako helburuetan eragin nabarmena zuen; halaere, euskarari arretarik eskaini gabe egin ziren plan berriak.

Iñaki Alegriak ondo gogoratu du gertatutakoa: «Euskara Batzordean esan genuen batzuek, plan berri bakoitzeko, itsatsita eduki behar zuela bere euskalduntze plangintza onartu baino lehen. Ez ziguten kasurik egin. Onartu ziren planak erdaraz emango zirela, eta euskaraz ahal bezala, bat ere planifikatu gabe». Euskara Batzordeko zenbait kidek dimititu egin zuten une hartan, Iñaki Alegriak horien artean.

Miren Azkaratek ere uste du euskalduntzearen beharrak albo batera utzi zirela. «Ikasketa planak egin zirenean ez zen kontuan hartu zenbat irakasle elebidun beharko ziren. Plan batzuek badute memoria ekonomiko bat berekin eta batzuetan esaten da horrenbeste irakasle elebidun beharko direla urte batzuen buruan. Ez zen guztietan hori egin. Gainera, gauza bat da txosten ekonomikoa egotea eta beste bat dirua edukitzea hori lortzeko».

Bestalde, Udako Euskal Unibertsitateko zuzendari Mikel Aizpuruk «kezkagarritzat» jo du «nagusitzen ari den joera», elebitasuna planteatzekoa. «Irakaskuntza elebidunarekin praktikan euskarak galtzen du».