2005eko Espainiako Itzulia Itzuli Handi honen 60. edizioa izan zen. 2005eko abuztuak 27 eta irailak 18 artean ospatu zen, 21 etapatan banatutako 3373,5 kilometroko ibilbidea eginez. Garailea Denis Menxov izan zen. UCI ProTourrerako puntuagarria izan zen.
Edizio honetan Espainiako Vueltak amaiera klasiko bat berreskuratu zuen, Covadongako aintzirak. Baina hurrengo etapan, Pajaresen amaitu zenean goratu zen Roberto Heras Espainiako Vueltaren historiaren tontorrera, ordurarte probako liderra zen Denis Menxovi sekulako kolpea eman ondoren. Colladiellako jaitsieran erasoz, eta bere taldekideen babesarekin, bejartarrak errusiarrari helmugan lau minutu atera ahal izan zizkion. Hamabigarren etapa, Logroño eta Burgos artekoa, Buicioko industrialdean egiten ari zen manifestaldi bat eragozteko laburtu zen. Fuenmayor, Cenicero, Haro eta Castañares de Riojatik igarotzen zen aurreikusitako ibilbidea Navarrete eta Naiaratik igaro zen beste ibilbide batengatik aldatu zen.
2005eko edizioa, hala, historiara pasa zen, Roberto Herasen laugarren garaipena izan baitzen, itzuli honen historiako garaipen kopuru nagusia. Alabaina, Herasek positibo eman zuen 2005eko urriak 27an EPOaren analisi batean, Itzuliko azken-aurreko etapari zegokion lagin batean. Horren ondoren eginiko kontranalisiaren ondoren, bejartarrari garaipena kendu zioten, errepidean bigarren amaitu zuen Denis Menxovi emanez.
Edizio honetan etapa bateko abiadura errekorra ere gainditu zen (sarrerako etapak kontutan hartu gabe). 20. etapan izan zen, Guadalajara eta Alcalá de Henaresen arteko 38,9 kilometroko erlojupekoa. Erlojupeko hau Rubén Plazak irabazi zuen 56,218 kilometro orduko abiaduran korrituz, baina ustekabean etapan bigarren amaitu zuen Roberto Herasi soilik ehuneneko gutxi batzuk ateraz