Beta oxidazio
Beta oxidazioa (β-oxidazioa ere idatzia) lipidoen katabolismoaren fase bat da, gantz-azidoak oxidatzen dituena, azetil-CoA eta molekula erreduzituak (NADH eta FADH2) sortuz. Prozesu honek energia asko askatzen du.
Bizidunen gantz azidoek karbono kopuru bikoitia dute haien molekuletan. Beta oxidazioa prozesu ziklikoa da, eta ziklo honen bira bakoitzean oxidatzen den gantz azidoak bi karbono galtzen ditu. Zenbat eta luzeago izan gantz azidoa (zenbat eta C gehiago), orduan eta bira gehiago emango ditu beta oxidazioan. Esaterako, azido palmitikoak (16 C) 7 bira ematen ditu β-oxidazioaren zikloan, bi karbono galduz birako, azetil-CoA bihurtu arte (CH3–CO–SCoA).
β-oxidazioaren prozesu ziklikoari Lynen helizea ere deritzo.
Eukariotoetan β-oxidazioa mitokondrioen matrizean burutzen da. Prokariotoetan, aldiz, zitoplasman.
Beta oxidazioaren hasiera
aldatuBeta oxidazioa hasi aurretik gantz azidoak aktibatu behar dira eta molekula eramaile bati lotu, mitokondrioen barnera sartzeko. Aktibazioa A koentzimaren bitartez gertatzen da, ATP gastatuz:
R–CO–SCoA gantz azido aktibatua izanik.
Gero, aurreko pausoan eratutako azil-CoA karnitina izeneko molekula eramaile bati lotzen da. Mitokondrioaren barneko mintza iragazgaitza da azil-coArentzat, baina azilCoA-karnitina konplexua mitokondrioaren matrizera heltzen da. Behin mitokondrioaren barnean, karnitina banantzen da eta gantz azidoaren oxidazio prozesua hasten da.
Beta oxidazioaren erreakzioak
aldatuDeskribapena | Erreakzioa | Entzima | Produktua |
Oxidazioa, FAD-en bitartez |
azil-CoA deshidrogenasa | trans-Δ2-enoil-CoA | |
Hidratazioa |
enoil CoA hidratasa | L-3-hidroxiazil CoA | |
Oxidazioa NADH|NAD+en bitartez |
L-3-hidroxiazil CoA deshidrogenasa | 3-zetoazil CoA | |
Tiolisi |
β-zetotiolasa | azetil CoA eta bi karbono gutxiago duen azil CoA |
Ikusten denez, β-oxidazioaren lehenengo etapa bukatutakoan azetil-CoA eta hasieran baino 2 karbono gutxiago duen gantz azidoa lortzen dira. Gantz azido hori lotua da A koentzimarekin, azil-CoA izeneko molekula osatuz. Azil-CoA hau berriro β-oxidazio prozesu ziklikoan sar daiteke eta aurreko erreakzioak errepikaturik azetil-CoA pusketa berria eta 4 karbono gutxiagoko azil-CoA emango ditu. Prozesu zikliko bukatutakoan gantz azido osoa azetil-CoA bihurtzen da.
Errendimendu energetikoa
aldatuβ-oxidazioan sortzen diren NADH eta FADH2 arnas katean sartzen dira, ATP ekoiztuz. Sortzen den azetil-CoA, bestalde, Krebs ziklora pasatzen da, NADH eta FADH2 gehiago ere ekoiztuz. Ondorioz, β-oxidazioaren produktuak ATP ekoizten duten bide metabolikoetara pasatzen dira, eta -azken finean- energia handiko molekulak (ATP) sortzen dituzte.
16 karbonoen gantz azido batek (azido palmitikoak), esaterako, honako molekula hauek sortzen ditu oxidatzerakoan:
- 7 NADH, arnas katean bakoizak 2,5 ATP ekoizten dituena..... 17,5
- 7 FADH2 arnas katean bakoitzak 1,5 ATP ekoizten dituena.... 10,5
- 8 azetil-CoA, Krebs ziklora pasatzen dutenak 10 ATP sortuz ...... 80
- gantz azidoa aktibatzerakoan gastatutako ATPak........... - 2 ATP
- Guztira ........................................................................................... 106 ATP
Zenbat eta luzeagoa izan gantz azidoaren molekula, orduan eta bira gehiago izango ditu beta oxidazioak, ATP gehiago sortuz.