Bulgaria
Bulgaria[1] (bulgarieraz: България, bɐɫˈɡarijɐ ahoskatua), ofizialki Bulgariako Errepublika (bulgarieraz: Република България, rɛˈpublikɐ bɐɫˈɡarijɐ ahoskatua), Hego-ekialdeko Europako estatu burujabea da. Iparraldean Errumania du, Serbia eta Mazedoniako Errepublika mendebaldean, Grezia eta Turkia hegoaldean, eta Itsaso Beltza ekialdean. 110.993 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2016an 7,1 milioi biztanle zituen.[2] Hiriburua Sofia du.
Otomandar Inperioaren mende egon zen 1908 arte. Mundu gerretan parte hartu eta galtzaile atera zen, eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren Sobietar Batasunaren eraginpean gelditu zen. 1991 arte komunisten agintepean egon zen, eta Sobietar Batasuna desegin zenean politikan demokrazia, eta ekonomian merkatu ekonomia ezartzeko ahaleginak hasi ziren. Europar Batasuneko estatua da 2007ko urtarrilaren 1etik.
Geografia
aldatuMugak
aldatuBulgaria hego-ekialdeko Europan dago, Balkanetako penintsularen ekialdean. 110.994 kilometro koadroko eremua dauka. Iparraldean Errumania du (608 kilometroko muga), hegoaldean Grezia (494 km) eta Turkia (240 km), mendebaldean Serbia (318 km) eta Ipar Mazedonia (148 km), eta ekialdean Itsaso Beltza (354 kilometroko itsasertza)[3].
Erliebea
aldatu600 metro baino gutxiagoko garaiera duten ordoki eta muinoek hartzen duten lurraldearen bi heren. Erliebe unitate nagusiak zerrenda paralelotan hedaturik daude. Iparraldetik hegoaldera hauek dira: Danubioren ordokia, Errumaniako mugaren ondoan; Balkanetako mendikatea; Traziako ordokia; eta Rodope mendiak. Rodopeen hego-mendebaldean Pirin eta Rila mendiguneak daude. Musala (2.925 metro), Bulgariako eta Balkanetako penintsulako mendirik garaiena, Rila mendigunean dago. Ekialdean Itsaso Beltzaren kostaldea dago[3].
Hidrografia
aldatuBulgariako ibai nabigagarri bakarra Danubio da, 484 kilometroan herrialdearen iparraldeko muga egiten duena. Ibilbide osoa Bulgarian duen ibairik handiena Iskar da (368 kilometro), Rila mendigunean jaio, Sofiatik igaro eta Danubiora isurtzen dena[3]. Hegoaldean Maritsa eta Struma daude.
Klima
aldatuHerrialde txikia izan arren, nahiko klima desberdinak daude, erliebearen eta aire masa kontinental eta mediterraneoen eraginez. Neguan, Danubioren ordokian barrena sartzen diren aire masa kontinentalek elurte ugari ekartzen dute. Aire masa mediterraneoak direla-eta, uda beroa eta lehorra izaten da Rodope mendietan eta Traziako ordokian. Itsaso Beltzak ere eztitzen du klima. Sofian, neguko batez besteko tenperatura -2º C da, eta udakoa 21º C.
Herrialdeak 630 milimetroko prezipitazioa jasotzen du urtean, batez beste; Itsaso Beltzaren ertzak, Danubioren ordokiak eta Traziako ordokiak gutxiago jasotzen dute[3].
-
Danubioren ordokiko sailak
-
Pirin mendigunea neguan
-
Rodope mendiak udazkenean
-
Veleka ibaiaren ahoa, Itsaso Beltzean
-
Txerven herria, Ruse probintzia
Historia
aldatuLehen urteak eta Bulgariar Inperioa
aldatuEskualdeko lehen zibilizazio ezaguna traziarra izan zen, goren aldia K.a. VI. mendean erdietsi zuena. Barne borrokak zirela eta, greziarrek, persiarrek, mazedoniarrek eta erromatarrek hartu zuten lurraldea ondoko mendeetan. K.a. lehen gizaldian, Traziako Erresuma Erromatar Inperioaren mende gelditu zen. Serditsa, egun Sofia dagoen lekuan kokatua, merkataritza-gune garrantzitsua izan zen. IV. mendean, Erromatar Inperioaren zatitzearen ondoren, Bizantzioren esku gelditu zen; garai hartan iritsi zen kristautasuna[3].
VI. mendearen hasieran, eslaviar tribuak iritsi ziren eskualdera, eta gizartzea eslaviartzen hasi ziren. VII. mendearen bukaeran, Asparukh khana buru zuen bulgar tribuak Danubioren eta Balkanetako mendikatearen artean kokatu ziren; hiriburua Pliskan ezarri zuten. 681ean, Bulgariako Lehen Inperioa sortu zuten, Bizantziar Inperioaren onespenarekin[4]. 870ean, Boris I.aren agintaldian, kristautasun ortodoxoa hartu zen inperioko erlijiotzat; horrek bizantziar eta eslaviar eragina areagotu zuen[3]. 1014an, Basilio II.a buru zuen bizantziar armada nagusitu zitzaion bulgariarrari Kleidiongo Guduan, eta 1018an Bizantziar Inperioak erabat beretu zuen Bulgaria.
XI eta XII. mendeetan Bulgaria Bizantziar Inperioaren mende egon zen. Lehenengo eta bigarren gurutzadek eskualdea erraustu zuten. 1202an, bizantziarren beheraldiaz baliaturik, Petri IV.ak Bulgariako Bigarren Inperioa sortu zuen. Inperioak Kalojan eta Ivan Asen II.aren agintaldietan izan zuen urrezko aroa, baina XIII. mende amaieratik aurrera, barne zatiketek ahuldurik, tatariarren, magyarren eta bizantziarren inbasioak pairatu behar izan zituen[3]. 1382an, Otomandar Inperioak Sofia hartu zuen, eta 1396rako Bulgaria osoa haien mende zegoen. Otomandar aginteak ia bost mende iraun zuen[5].
Otomandar agintea eta independentzia
aldatuOtomandarrek desegin zituzten bulgariar estatuaren egiturak, eta Bulgariako Eliza Ortodoxoa Konstantinoplako patriarkaren mendean jarri zuten. Aldian behin odol zerga kobratzen zuten: mutiko kristatuak bahitu, islamera bihurrarazi eta jenizaroen unitatean sartzen zituzten[5]. Bulgariar kulturak monasterioetan eta herri txikietan iraun zuen bizirik; bestalde, Mendebalde eta Ekialdearen arteko merkataritza bide garrantzitsu batean zegoenez gero, jatorri askotako jendeak kokatu ziren herrialdean. XVII. mendetik aurerra, inperioa beheraka joan ahala, otomandar agintea gogortu zen. Aldi berean, inperioko beste herrialde batzuetan gertatu zen bezala, nazio kontzientzia piztuz joan zen. Turkiarren aurkako hiru matxinada handi gertatu ziren, 1590eko, 1680ko, 1730eko hamarkadetan, bortizki zapalduak izan zirenak. Bulgariar abertzaletasunaren pizkundean eragin handia izan zuen Paisi Hilendarkoak, Athos mendiko lekaideak, idatzitako Eslaviar-bulgariarren kondaira (zirilikoz: История славяноболгарская, Istoriya Slavyanobolgarskaya)[3].
XIX. mendean, bulgariar abertzaletasunak indarra hartu zuen. 1835ean, bulgarierazko lehenbiziko eskola sortu zuen Vasil Aprilovek; 1870erako 2.000 inguru zeuden, udalek, elkarteek edo partikularrek sortutakoak[6]. 1870ean, otomandarrek onartu zuten Bulgariako Eliza Ortodoxoaren burujabetza[3]. 1876ko apirilean, bulgariarrak altxatu ziren otomandar agintearen aurka. Errepresioa oso bortitza izan zen, eta 15.000 bulgariar baino gehiago hilaraziak izan ziren[6]. Horrek biziki gaitzitu zuen Europako herri iritzia. Europar estatuburuek erreforma batzuk proposatu zituzten eta, sultanak errefusatu zituelarik, Errusiak gerra deklaratu zion Otomandar Inperioari. 1877–1878an, Bulgariar boluntarioak eta errusiar armada elkarren ondoan borrokatu ziren Errusia-Turkia Gerran[6]. 1878ko Berlingo Itunean Bulgariako Printzerria sortzea adostu zen, autonomia handia zuena; Alexandro Battenbergekoa izan zen lehenbiziko printzea[3].
Estatu berria bulgariar abertzaleek nahi zutena baino askoz txikiagoa zen. 1885ean, Bulgariako Printzerriak eta biztanleri gehiena bulgariarra zuen Ekialdeko Rumeliak bateratzea erabaki zuten. Europako herrialde ahaltsuenak horren aurkakoak baziren ere, Serbia-Bulgaria Gerraren ostean bateratzea onartu behar izan zuten[7]. Alexandro I.a 1886an kendu zuten kargutik, eta Fernando I.ak ordeztu zuen. 1908an erdietsi zuen herrialdeak erabateko burujabetza, Bulgariako Erresumaren sorrerarekin[7].
XX. mendea
aldatuLurraldea zabaltzeko grina zela-eta, Bulgaria Balkanetako Gerretan sartu zen 1912 eta 1913. urteetan; Bigarrenean porrot handia izan zuen. Lehen Mundu Gerran, Austria-Hungaria eta Alemaniarekin bat egin bazuen ere, 1918ko irailean erretiratu zen, iritzi publikoak eta porrot militarrek beharturik[3]. Gerra ostean, ezegonkortasun ekonomiko eta politikoa nagusitu zen. 1923an, mazedoniar abertzaleek Alexander Stamboliski lehen ministroa hil zuten. 1929tik aurrera, Depresio Handiak ere gogor kolpatu zuen herrialdea. 1935ean, Boris III.a erregeak erregimen diktatoriala ezarri zuen.
Bigarren Mundu Gerraren hasieran neutrala izan zen, baina 1941eko martxoaren 1ean, naziek hertsaturik, Berlin-Erroma Ardatzarekin bat egin zuen. Beti ere, Bulgariaren jarrera nahiko pasiboa izan zen eta, Trazia eta Mazedonia inbaditu bazituen ere, uko egin zion Bizargorri Operazioan parte hartzeari eta juduak deportatzeari, eta beti eduki zituen harreman diplomatikoak Sobietar Batasunarekin[8]. 1943ko abuztutik aurrera, Boris III.aren heriotzaren ostean, gobernua saiatu zen bakea sinatzen Aliatuekin, baina 1944ko irailean Sobietar Batasunak herrialdea inbaditu zuen.
Gerra ostean, monarkia ezeztaturik, Bulgaria alderdi bakarreko herri errepublika komunista bilakatu zen. Georgi Dimitrov (1946-1949), eta Valko Txervenkovek (1950-1956) erregimen estalinista ezarri zuten; kolektibizazioa eta industralizazioa oso azkarrak izan ziren, ez errepresioa latza, milaka disidente hilarazi baitzituzten[9][10]. 1954an, Todor Zhivkov hautatu zuten Alderdi Komunistako idazkari nagusi, eta 1962an lehen ministro bilakatu zen. Haren agintaldi luzean errepresioa gutxitu zen, eta gizarte ongizatea hobetzeko neurriak hartu ziren, beti Sobietar Batasunaren gerizpean[11]. 1980ko hamarkadan, turkiar gutxiengo etnikoaren aurkako neurriak hartu ziren[12].
Azken urteak
aldatuSobietar Batasunaren gainbehera zetorrenean, bulgariarrek bidez bide segitu zioten 1987tik aurrera Gorbatxov lider sobietarrak abiarazitako perestroikari. Horrela, 35 urtean Bulgariako estatuburu egon ondoren, Todor Zhivkov komunista alderditik bota zuten, kargua utzi behar izan zuen, eta erreformari ekin zioten, 1989an, Petar Mladenov komunisten buruzagi berriaren zuzendaritzapean. Alderdi anitzeko sistema antolatzen hasi zen eta bulgariar turkiarren eskubide zibilak aitortu ziren. 1990an hauteskunde libreak antolatu ziren; Bulgaria izan zen hauteskunde libreen bidez legebiltzarra hautatu zuen erregimen komunista ohiko lehen herrialdea. Komunista erreformazaleen alderdi sozialista atera zen irabazle, eta komunismo garaiko disidenteak biltzen zituen zentro-eskuineko Indar Demokratikoen Batasuna izan zen bigarren.
1991ko urriko hauteskundeetara hirurogei alderdi politikotik gora aurkeztu ziren, eta Indar Demokratikoen Batasunak irabazi zuen, turkiarren ordezkari zen Eskubideen eta Askatasunen Mugimenduaren laguntzarekin; alderdi sozialista gelditu zen bigarren. Horrela, Zhelju Zhelev oposizioko burua izendatu zuten lehendakari, eta 1992an hark irabazi zuen berriro. Baina merkatu ekonomiara egokitzeko zailtasunak, ustelkeriak eta pobreziak (biztanleen erdia baino gehiago zen pobrea) egoera larritu zuen, eta erreformari aurre egin ezinik, legebiltzarrerako hauteskunde aurreratuak egin ziren 1994an. Sozialistak izan ziren garaile, baina finantzen gainbehera ekarri zuten (soldatak murriztu ziren, inflazioa areagotu zen, eta banku eta kreditu erakundeek hondoa jo zuten).
1996 amaieran krisi politiko larria sortu zen, eta egoera larritu egin zen 1997an Indar Demokratikoen Batasuneko Petar Stoianov hautatu zutenean Zheleven ordezkari. Stonianov presidenteak sozialisten kontrako politika bideratu zuen, eta 1997ko hauteskunde aurreratuetan gehiengo absolutua eskuratu zuen (Ivan Kostov izendatu zuten lehen ministro, Zhan Videnovek bere kargua utzi ondoren). Politika ekonomiko neoliberala bideratu zuen gobernu berriak, Nazioarteko Diru Funtsaren irizpideei jarraituz, inflazioa kontrolatzearren (enpresa publiko asko pribatizatu ziren, alor publikoan lanpostu asko kendu ziren…); horrekin batera, 1990 hasieratik nabarmendu zen ustelkeria eta kriminaltasuna desagerrarazteko neurriak hartu behar izan zituzten agintariek.
Bulgariak Europar Batasunean eta NATOn sartzeko eskaerak egin zituen, eta Balkanetako egoera egonkortzen lagun zezakeen segurtasun eremu bat antolatu nahi izan zuen Grezia, Turkia eta Bulgariaren artean. Bestalde, Balkanetako Gerran ez zuen parte hartu, eta 1992an ezagutu zuen Mazedoniako Errepublikaren burujabetasuna; liskar handiak izan zituen, ordea, Mazedoniako gobernuarekin, ez baitzuen onartzen mazedoniarrek nazio bat osatzen zutenik, ezta mazedoniera Mazedoniako hizkuntza nazionala izatea ere.
2001eko hauteskundeak irabazirik, Simeon II.a errege ohia izan zen lehen ministro 2005 arte. 2004ko martxoaren 29an, Bulgaria NATOn sartu zen, eta 2007ko urtarrilaren 1ean, Europar Batasunean.
Gobernua eta administrazioa
aldatuPolitika
aldatuBulgaria errepublika parlamentarioa da. Presidentea estatuburua eta Indar Armatuen komandante nagusia da, eta herri-boto zuzenaz hautatzen da bost urteko eperako; behin bakarrik hauta daiteke berriz. Presidentea Segurtasun Nazionalaren Kontsulta-Biltzarraren burua da eta, legegintza-ekimenak aurkez ez baditzake ere, beto jartzeko aukera dauka eta ekimena Parlamentuari itzul diezaioke. Honek gehiengo soila baino ez du behar betoa deuseztatzeko.
Parlamentuak ganbara bakarra du: Biltzar Nazionala (bulgarieraz: Narodno Sabranie), lau urteko eperako herri-boto zuzenaz hautaturiko 240 diputatuk osatuta. Bederatzi banaketa administratiboetako bakoitzak bere hautagai zerrenda aurkezten du. Parlamentuan sartzeko, partidu edo koalizio bakoitzak botoen % 4 behar du. Legeak aldarrikatu, nazio-aurrekontua onartu, presidentziarako hauteskundeak moldatu, presidentea eta bestelako ministroak kendu, guda-adierazpenak azaldu, Bulgariako tropak herrialdetik kanpo hedatzea baimendu eta nazioarteko itunak berretsi behar ditu Parlamentuak.
2017ko martxoko legebiltzarrerako hauteskundeetan, Boiko Borisov lehen ministro izandakoaren GERB alderdi kontserbadorea nagusitu zen, botoen % 33,5 eta 95 eserleku lortuta. Alderdi Sozialista (PBS) izan zen bigarren (80 eserleku, % 27,9), Obedineni Patrioti (Abertzale Batuak) koalizio ultraeskuindarra hirugarren (% 9,3 eta 27 eserleku) eta Eskubideen eta Askatasunen Mugimendua (DPS) laugarren (% 9,2 eta 26 parlamentari)[13][14].
Banaketa administratiboa
aldatuBulgaria 28 probintziatan banaturik dago:
Probintzia | Hiriburua | Eremua (km²) |
Biztanleria (2011ko errolda)[15][16] | Biztanleriaren dentsitatea (bizt./km²) |
---|---|---|---|---|
Blagoevgrad | Blagoevgrad | 6.449,47 | 323.552 | 49,95 |
Burgas | Burgas | 7.748,07 | 415.817 | 54,58 |
Dobritx | Dobritx | 4.719,71 | 189.677 | 40,36 |
Gabrovo | Gabrovo | 2.023,01 | 122.702 | 59,77 |
Haskovo | Haskovo | 5.533,29 | 246.238 | 61,06 |
Kardzhali | Kardzhali | 3.209,11 | 152.808 | 37,90 |
Kiustendil | Kiustendil | 3.051,52 | 136.686 | 45,16 |
Lovetx | Lovetx | 4.128,76 | 141.422 | 34,21 |
Montana | Montana | 3.635,38 | 148.098 | 41,20 |
Pazardzhik | Pazardzhik | 4.456,92 | 275.548 | 62,72 |
Pernik | Pernik | 2.394,22 | 133.530 | 56,18 |
Pleven | Pleven | 4.653,32 | 269.752 | 63,98 |
Plovdiv | Plovdiv | 5.972,89 | 683.027 | 114,35 |
Razgrad | Razgrad | 2.639,74 | 125.190 | 47,28 |
Ruse | Ruse | 2.803,36 | 235.252 | 89,93 |
Xumen | Xumen | 3.389,68 | 180.528 | 53,65 |
Silistra | Silistra | 2.846,29 | 119.474 | 41,74 |
Sliven | Sliven | 3.544,07 | 197.473 | 54,16 |
Smolian | Smolian | 3.192,85 | 121.752 | 34,47 |
Sofia-hiria | Sofia | 1.348,90 | 1.291.591 | 957,44 |
Sofia probintzia | Sofia | 7.062,33 | 247.489 | 34,01 |
Stara Zagora | Stara Zagora | 5.151,12 | 333.265 | 67,20 |
Targovixte | Targovixte | 2.558,53 | 120.818 | 44,17 |
Varna | Varna | 3.819,47 | 475.074 | 124,40 |
Veliko Tarnovo | Veliko Tarnovo | 4.661,57 | 258.494 | 55,19 |
Vidin | Vidin | 3.032.88 | 101.018 | 32,89 |
Vratsa | Vratsa | 3.619.77 | 186.848 | 45,59 |
Jambol | Jambol | 3.355.48 | 131.447 | 31,23 |
Demografia
aldatuBiztanleria
aldatu2016an Bulgariak 7,1 milioi biztanle zituen[2], 64,9 biztanle kilometro koadroko dentsitatearekin. Biztanleen % 73,9 bizi da hiriguneetan[17], Balkanetako gainerako herrialdeetan baino gehiago, eta banaketa nahiko uniformea da lurralde guztian, Sofian izan ezik. Adineka, berriz, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 14,5 dira, 15-24 urte bitartekoak % 9,7, 25-54 urte bitartekoak % 43,3, 55-64 urte bitartekoak % 13,4 eta 65 urtetik gorakoak % 19[17]. Bizi itxaropena 74,5 urtekoa da, 71,2 urtekoa gizonezkoena eta 78 urtekoa emakumezkoena (2016ko zenbatespenak)[17].
Bulgariako biztanleriaren bilakaera (milioi biztanletan) |
---|
Banaketa etnikoa
aldatuBiztanleen % 76,9 inguru bulgariarrak dira, eta hurrengo etnia nagusia turkiarra da (% 8), baina turkiarren kontrako diskriminazio gogorra bideratu izan da Bulgarian; 1980 eta 1990 artean emigrazio indize negatiboa izan zuen, batez ere Bulgariako gobernuak turkiarren kontra antolaturiko esetsaldiaren eraginez turkiar askok ihes egin behar izan zuelako. Ijitoak % 3,8 dira[17]. Kardzhali (% 66, 2011n), Razgrad (% 50), Silistra (% 36) eta Targovixte (% 36) probintziek turkiar etniaren ehuneko handiena dute.
Hizkuntzak
aldatuHizkuntza ofiziala bulgariera da, biztanleen % 85,2ren ama hizkuntza baina, halaber, turkiera eta erromaniera[17] garrantzitsuak dira. Itsasaldean 12.000 gagauzera hiztun inguru bizi dira[3].
Erlijioa
aldatu2011ko zenbatespenaren arabera, biztanle gehienak ortodoxoak dira (% 59,4); musulmanak % 8,2 dira, eta erlijiogabeak, % 3,7; % 27,4k ez zuen erantzun[17].
Hiri nagusiak
aldatuEkonomia
aldatuBulgariako ekonomia Sobietar Batasunaren mende egon zen 1991 arte. Tradizioz nekazaritzak garrantzi handia zuen arren, komunismoaren garaian bultzada handia eman zitzaion industriari. Garrantzi handiko jarduerak izan dira lurpeko ondasunen ustiakuntza (lignitoa, Stara planinan; petrolioa, Varnaren iparraldean, beruna, zinka, kobrea eta uranioa) eta industria astuna. Aipagarriak dira, orobat, nekazaritza espezializatua (laboreak, azukre kanabera, tabakoa, kotoia, ardoa etab.) eta kontsumo eta ekipo ondasunen ekoizpena (makinak, ehungintza, elikagaiak). Azken urteotan zerbitzuak eta industria izan dira ekonomia jarduera nagusiak, bai barne produktu gordinari dagokionez (% 67,5 eta % 27,5, hurrenez hurren, 2016an) eta bai langile aktiboen kopuruari dagokionez ere (%66,6 eta %26,6, hurrenez hurren, 2016an)[17]. Bulgariako gairik ospetsuena larrosa esentzia da, lurringintzan erabiltzen dena.
1990 inguruan merkatu ekonomiarako trantsizioa hasi zen, eta prozesu horretan Bulgariako egitura ekonomikoaren ahultasuna nabarmendu zen: konkurrentziarako ahalmen eskasa, kanpo zor handia, diruaren ahultasuna, etab. 1996ko finantza eta banku krisi larriaren ondoren, 1997an Nazioarteko Diru Funtsaren sistema ezarri zuen, ekonomia egonkortzearren. 1996-1997an izugarri igo zen inflazioa, eta 1998an % 30 garestitu ziren kontsumorako prezioak. 1998an Diru Funtsaren laguntza berezi bat jaso zuen, erreforma aurrera eraman ahal izateko: pribatizazioa, nekazaritzaren liberalizazioa, gizarte zerbitzuen erreforma, ustelkeriaren eta krimenaren kontrako neurriak. 2007an sartu zen Europar Batasunean, baina ez dago Eurogunean.
Ekialdeko Europan aldaketa politikoak hasi arte, Bulgariako kanpo merkataritza Sobietar Batasunarekin eta gainerako herri sozialistekin batera egiten zen, baina 1991z gero Europar Batasunarekin ekonomia harremanak sendotzen ahalegindu zen. 2015ean, Alemania (% 12,5), Italia (% 9,2), Turkia (% 8,5), Errumania (% 8,2), Grezia (% 6,5) eta Frantziara (% 4,2) saldu zuen gehien, eta Alemania (% 12,9), Errusia (% 12), Italia (% 7,6), Errumania (% 6,8), Turkia (% 5,7), Grezia (% 4,8) eta Espainiatik (% 4,8) erosi[17].
Kirola
aldatuBulgariako Tourra, 1929. urtean egin zen lehenengoz. Urte batzuetan egin ez den arren, herrialdeko txirrindularitza lasterketarik handiena da. 1500 kilometro inguru izaten ditu eta 2 asteko luzeera. Sofiatik hasten da. Irabazle gehienak, bulgariarrak dira.
Azpiegiturak
aldatuGarraioa
aldatuAireportuak
aldatuErreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik hartu da. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ a b NSI Census data 2015, nsi.bg
- ↑ a b c d e f g h i j k l Country Profile: Bulgaria. Library of Congress Country Studies. Library of Congress. 2006 (Noiz kontsultatua: 2017-7-1).
- ↑ Bulgar people. britannica.com (Noiz kontsultatua: 2017-8-19).
- ↑ a b Bulgaria: Ottoman rule. britannica.com (Noiz kontsultatua: 2017-8-20).
- ↑ a b c Bulgaria: The national revival. britannica.com (Noiz kontsultatua: 2017-8-27).
- ↑ a b Chisholm, Hugh, ed. Bulgaria: Political History. 1911 Encyclopædia Britannica, Volume 4, wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2017-8-27).
- ↑ Bulgaria: World War II. countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2017-8-27).
- ↑ Bulgaria: The early communist era. britannica.com (Noiz kontsultatua: 2017-8-28).
- ↑ Leviev-Sawyer, Clive. When Bulgaria turned red: Remembering the thousands killed by the communists. sofiaglobe.com (Noiz kontsultatua: 2017-8-28).
- ↑ Bulgaria: Standard of Living. Library of Congress Country Studies (Noiz kontsultatua: 2017-8-28).
- ↑ Bohlen, Celestine. Bulgaria Vote Gives Key Role to Ethnic Turks. nytimes.com (Noiz kontsultatua: 2017-8-28).
- ↑ Обобщена активност на гласуване за страната към 20:00 ч.. results.cik.bg (Noiz kontsultatua: 2017-8-2).
- ↑ Kontserbadoreek irabazi dituzte bozak Bulgarian. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-8-2).
- ↑ Census 2011 PDF, nsi.bg
- ↑ Census 2011, censusresults.nsi.bg
- ↑ a b c d e f g h CIA - World Factbook: Bulgaria, cia.gov
- ↑ Bulgaria: 2011ko errolda, nsi.bg
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.