Kazakhstan
Kazakhstan[1] Erdialdeko Asiako estatu burujabe bat da, Kaspiar itsasoaren ipar-ekialdean kokatua. Mugakide ditu Errusia ipar eta mendebaldean, Txina hego-ekialdean eta Kirgizistan, Uzbekistan eta Turkmenistan hegoaldean. Itsasorik gabeko estatutzat jotzen da, Kaspiar itsasoa ez baitago munduko beste itsaso eta ozeanoekin lotuta. Kazakhstango lurretan badira lautadak, estepak, taiga, arroilak, deltak, elurrez estalitako mendiak eta baita basamortuak ere. 17 milioi biztanle ingururekin, munduko 61. herrialde populatuena da, nahiz eta haren dentsitatea txikienetakoa izan, 6 pertsona baino ez baitaude kilometro koadroko.1997ko abenduaren 10etik, hiriburua Astana da; lehengo hiriburua Almaty zen.
Geografia
aldatuKazakhstan munduko estaturik handienetan zazpigarrena da, gaur egun 2,7 miloi kilometro koadroko azalera baitu. Sarri, Asia erdialdeko herrialdetzat jotzen da, haren lotura linguistiko, kultural eta politikoak direla-eta —batez ere SESBeko herrialde ohiekin—, baina mendebaldea Europako zati bat da, kontinentea Ural mendietan amaitzen dela jotzen baita. Horrela, Kazakhstan Asian eta Europan dago.
Erliebea eta hidrografia
aldatuNahiko lurralde laua da, baina sakonune handiak ditu Kaspiar itsasoaren inguruan. Erdialdean eta hegoaldean goi-lautadak daude, eta han dira mendi gorenak (Altai eta Tian Shan mendiak). Kazakhstango ibai nagusia Irtyx da; ipar-ekialdean dago, eta urteko 28.000.000.000 m3-ko emaria du. Aintzirak ugariak dira. Kaspiar eta Aral aintziren ondoren, Balkhax da handiena, hego-ekialdean.
Klima
aldatuKazakhstango klima kontinentala da, oso hotza neguan eta beroa udan.
Ekologia
aldatuAzpimarratzekoak dira inguru hartan gertatzen ari diren hondamen ekologikoak, ekonomian eta bizimoduan eragin larria dutelako. Arazo nagusietako bat bertako arma-industriek eta industria kimikoek sorturiko kutsadura erradioaktiboa edo kimikoa (zenbait saiakera nuklear egin dira bertan), arriskuak ekarri baitizkiete bertako biztanle eta animaliei. Zenbait hiritan, oso nabarmenak dira industriaren kutsaduraren ondorioak. Bestalde, Aral itsasoan itsasoratzen diren bi ibai nagusietako ura nekazaritzarako erabiltzen ari da, eta itsasora gero eta ur gutxiago iristen denez, lehortzen ari da. Hartara, Aral itsasoak jatorrizko azaleraren % 90 galdua zuen 2007. urterako, eta lau aintziratan zatituta zegoen. Itsasoa lehortu ahala, pestizida kimikoz eta gatz naturalez osaturiko geruza bat osatu da itsasertz guztian, eta haizeak batetik bestera garraiatzen ditu gai horiek, kutsadura zabalduz. Era berean, nekazaritzan erabiltzen diren pestizida eta ongarri pozoitsuak ureztatzeko uraren bidez pasatzen dira zorura, eta lurra kutsatuz eta gazituz joan da.
Historia
aldatuKazakh herria musulmana eta nomada zen; XVIII. mendean errusiarren mende geratu zen. Orduan hasi ziren heltzen errusiar eta ukrainar etorkinak, hango aberastasunak ustiatzeko asmoz. 1917ko azaroan, Errusiar Inperioa desegin zenean, kazakhen buruzagi Ali Khan Bukeik (Bukeikhanov) autonomia eskatu eta gobernu nazionalista bat antolatu zuen.
Armada Zuriari irabazi ondoren, Armada Gorriak Kazakhstan hartu zuen, eta sobietar errepublika sozialista autonomo bihurtu zuten. 1936an Sobietar Batasuneko errepublika sozialista federatua egin zen, eta beste kolono olde bat heldu zen Kazakhstanera. 2021ean, kazakh etniakoak Kazakhstango biztanleen % 70,4 ziren; errusiar etniakoak, % 15,5.[2]
1989an hasi ziren etnien artean istiluak sortzen. 1991ko abuztuko estatu-kolpearen ondoren, Kazakhstan Sobietar Batasunetik askatu zen. 1991ko abenduaz gero Estatu Burujabeen Batasunako errepublika da. Nursultan Nazarbajev izendatu zuten lehendakari, ordu arte Alderdi Komunista izan eta 1991n Alderdi Sozialista bihurtu zeneko burua. Nazarbajev lehendakariak adierazpen-askatasuna eta biltzeko askatasuna onartu zuen talde guztientzat, errusiarrentzat eta muturreko abertzale kazakhentzat. Errusiarrek Kazakhstango iparraldea Errusiari lotzea eskatzen zuten, eta muturreko kazakhek, aldiz, musulmanak ez zirenak beren herritik kanpora egoztea. Nazarbajevek etnien arteko gatazka areagotu zezaketen jarduerak debekatu zituen, barne-batasuna babestearren. Errusiak Kazakhstango arma nuklearren gainean zuen nagusitasunaren kontra agertu zen, baina, Mendebaldearekin harreman onak izatearren, bere herrian halako armarik ez zuela izango agindu zuen; 1992an izenpetu zen hitzarmenaren arabera, arma horiek deuseztatu edo Errusiaren esku utzi behar zituen.
1994ko hauteskundeetan Nazarbajeven alderdia izan zen garaile. Hurrengo urtean Gorte Konstituzionalak indarrik gabe utzi zituen hauteskundeak, baina berriro hauteskundeak egin arte lehendakariak bere karguan jarraitzeko baimena eman zuen. Lehendakariak, hauteskundeetan irabazle ateratzeko adinako indarrik ez zuela jabeturik, bere agintaritza 2000. urtea arte luzatzea lortu zuen, erreferendum bidez. Urte horietan politika ekonomikoan egin zituen ahalegin nagusiak. Pribatizazioa bultzatu zuen, eta atzerriko inbertsioak erakartzen saiatu zen, baina erreformak biztanle askoren bizi-maila apaltzea ere ekarri zuen. Nazioarteko politikari dagokionez, 1998an hitzarmen bat sinatu zuen Txinarekin, bi herrialdeen arteko muga-lurraldeen gainean luzaroan izandako liskarrei konponbidea emateko; garai hartan indarrean ziren mugak errespetatzeko hitza eman zuten bi herrialdeek. Dena dela, hauteskundeak aurreratu egin behar izan ziren 1999ra; Nazarbajev atera zen berriro irabazle, eta ordu arte gobernuburu izan zen Nourlan Balguimbajevek jarraitu zuen lehen ministro. 2003. urteaz geroztik, Daniyal K. Akhmetov da lehen ministroa. 2007an, legebiltzarrak onartutako lege berezi bati esker, Nazarbajev bizi guztirako lehendakari izendatu zuten, eta, beraz, nahi duen guztietan aurkez daitezke kargu horretarako hautagai.
2014ko abenduaren 22an, Kazakhstanek eta Ukrainak hitzarmen militar eta ekonomiko bat egin zuten[3].
Gobernua eta administrazioa
aldatuPolitika
aldatuKazakhstan errepublika bat da, erregimen semi-presidentzialistan oinarritua, eta gaur egun indarrean dagoen konstituzioa 1995ean onartu zen erreferendumean eta 1998an berridatzi; 1998an onartu zen, besteak beste, hauteskundeak bost urtez behin egin ordez zazpi urtez behin egitea. Lehendakaria da Kazakhstango estatuburua, eta hark izendatzen du lehen ministroa; lehen ministroak eta errepublikako lehendakariak ministro-kontseilua aukeratzen dute.
Botere legegilea legebiltzarraren esku dago, eta bi ganberatan banatzen da, goi ganbera edo senatua, eta behe ganbera, Majilis-a. Karguak bost urtez behin aukeratzen dira.
Majilisa 107 diputatuk osatzen dute eta sufragio unibertsalez aukeratzen dira, neurri bateko sistema proportzional baten bitartez. Senatuan 47 senatari daude. Errepublikako presidenteak horietatik 15 aukeratzen ditu eta gainerakoak 14 probintzietako (oblystar) eta estatus berezia duten bi hirietako (Astana eta Almaty) hauteskunde-kolegioek aukeratzen dituzte. Hauteskunde-kolegio horiek, era berean, Errepublikako presidenteak aukeratzen ditu.
Banaketa administratiboa
aldatuKazakhstan 14 probintzia (oblys singularrean eta oblystar pluralean) eta hiru hiritan (qala singularrean eta qalalar pluralean) banatzen da. Hiriak izartxo batekin markaturik ageri dira.
|
Giza eskubideak
aldatuAmnesty Internationalen arabera, poliziaren gehiegikeriak kontu arrunta omenez dira Kazakhstanen.[4]. Tortura ohikoa omen da sistema judizialaren barruan eta inpunitate osoa bide du.
Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak prentsa askatasuna Kazakhstanen egoera zailean dagoela adierazten du. 2012aren amaieran, tribunal batek oposizioa egiten zuten hedabide batzuk debekatu zituen.[5][6]. 2012an, MGK elkarteak Nazarbaiev prentsa askatasunaren «harraparia» zela adierazi zuen[7].
Demografia
aldatuKazakhstango Estatistika Agentziaren arabera, 2013an Kazakhstanek 17.280.000 biztanle zituen eta aurreko urtearekiko % 1,7ko igoera izan zuen.[8]
Kazakhastango etnia nagusia kazakha da, hiru sailetan banatua, baina ezin esan daiteke gehiengoa duenik besteen aurrean; izan ere, errusiar asko bizi da bertan, batez ere hiri-inguruneetan. Hizkuntzan ere nabari da: ofiziala kazakhera den arren, jende gehiagok errusiera erabiltzen du. Etnia-aniztasunak edo etnia jakin batek gehiengorik ez izate horrek arazoak sortzen ditu nazioaren barne-batasunean.
Talde etnikoa |
1926ko errolda1 | 1970eko errolda2 | 1989ko errolda3 | 1999ko errolda4 | 2009ko errolda | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Zenbatekoa | % | Zenbatekoa | % | Zenbatekoa | % | Zenbatekoa | % | Zenbatekoa | % | |||||||||
kazakhak | 3.627.612 | 58,5 | 4.161.164 | 32,4 | 6.534.616 | 39,7 | 8.011.452 | 53,5 | 10.096.763 | 63,1 | ||||||||
errusiarrak | 1.275.055 | 20,6 | 5.499.826 | 42,8 | 6.227.549 | 37,8 | 4.480.675 | 29,9 | 3.793.764 | 23,7 | ||||||||
uzbekistandarrak | 129.407 | 2,1 | 207.514 | 1,6 | 332.017 | 2,0 | 370.765 | 2,5 | 456.997 | 2,8 | ||||||||
ukrainiarrak | 860.201 | 13,9 | 930.158 | 7,2 | 896.240 | 5,4 | 547.065 | 3,7 | 333.031 | 2,1 | ||||||||
alemaniarrak | 51.094 | 0,8 | 839.649 | 6,5 | 957.518 | 5,8 | 353.462 | 2,4 | 178.409 | 1,1 | ||||||||
1 Iturria:[9] 2 Iturria:[10] 3 Iturria:[11] 4 Iturria:[12] |
Ekonomia
aldatuKazakhstan da Sobietar Batasun ohiko errepublikarik handiena lurraldez, eta aberastasun handiak ditu energia-erreserbetan eta beste zenbait mea eta metaletan; kromo-, wolframio-, kobre-, zink- eta berun-erreserba handiak daude, eta baita petrolio-hobiak ere, lurpeko beste zenbait aberastasunez gainera. Kazakhstanen oparoa da nekazaritza, bertako estepa zabaletan laboreak eta abereak hazteko aukera dagoelako. Sobietar Batasunean sartu zenez gero, gora egin zuen Kazakhstango industriak, eta ordu arte jarduera nagusia izan zen nekazaritzari aurrea hartu zion; horrela, gaur egun industria da bertako ekoizpen-jarduera nagusia (% 40), eta hartan ari dira langileen % 20 inguru. Meatzaritza da industria aipagarriena, eta lurpeko aberastasunak izan dira, zalantzarik gabe, bilakaera ekonomiko modernoaren oinarria. Meatzaritzaz gainera, aipatzekoak dira oihal-, larru- eta janari-industria, eta eraikuntza mekanikoak.
Nekazaritzako gai nagusiak, berriz, laboreak eta azukre-erremolatxa dira. Baliabide eta lur aberatsak dituelarik, Kazakhstanek bazuen ekonomia-garapenerako aukerarik, baina zailtasun handiei aurre egin behar izan die. Sobietar Batasunaren desagerpenaren eraginez, ordea, eta Kazakhstango industria astunaren eskariak jaitsi izanaren ondorioz, ekonomia-arazo larriak izan ziren bertan 1991z gero, batez ere 1994 inguruan. Hurrengo urteetan (1995-1997), gobernuak programa bereziak antolatu zituen ekonomia eraberritzeko eta pribatizazioa bultzatzeko. 1996an hitzarmena izenpetu zen petrolioa garraiatzeko eta datozen urteotan petrolio-esportazioa garrantzizko jarduera izango dela esan daiteke.
Azpiegiturak
aldatuGarraioa
aldatuAireportuak
aldatu
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.
|
Kultura
aldatuErrusiarren inbasioaren aurretik, kazakhstandarrek abeltzain nomaden ekonomian oinarrituriko kultura aski garatua zuten. Nahiz eta islama XV. mendean herrialdean sartu zen, ez zuen ohituretan eraginik izan askoz geroago arte.
Kazakhstanek eman ditu literatura, zientzian eta filosofian ekarpen esanguratsuak egin dituzten egile batzuk: Abai Qunanbaiuli, Mukhtar Auezov, Gabit Musirepov, Kanysh Satpayev, Mukhtar Shakhanov, Saken Seyfullin, Jambyl Jabayev, beste batzuen artean.
Turismoa goraka egiten ari den sektorea da eta nazioarteko sareetan sartzen ari da gutxinaka. 2010ean, Kazakhstan Eskualdeko Turismo Ekimena (TRI) deritzon programa jarri zuen martxan inguruko hiru erregioren artean turismoaren inguruko aterki komun bat sortzeko. TRI hiru erregioen lotura izan nahi du: Hego Asia; Erdialdeko Asia eta Ekialdeko Europa. Armenia, Bangladesh, India, Georgia, Kazakhstan, Kirgizistan, Pakistan, Nepal, Tadjikistan, Errusia, Sri Lanka, Turkia eta Ukrainia talde horretako bazkide dira.
Kazakhstango jai egunak
aldatuEguna | Izena euskaraz | Bertako izena |
---|---|---|
Urtarrilaren 1a | Urteberri | Жаңа жыл |
Urtarrilaren 7a | Gabon ortodoxoa | Рождество Христово |
Martxoaren 8a | Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna | Халықаралық әйелдер күні |
Martxoaren 22a | Noruz | Наурыз мейрамы |
Maiatzaren 1a | Kazakhstango herrien batasunaren eguna | ~ |
Maiatzaren 7a | Aberriaren defentsaren eguna | Отан Қорғаушы күні (Otan Qorgaushy kuny) |
Maiatzaren 9a | Garaipenaren eguna (Bigarren Mundu Gerra) | Жеңіс күні |
Uztailaren 6a | Hiriburuaren eguna | Астана күні (Astana küni) |
Abuztuaren 30a | Konstituzioaren eguna | Конституция күні |
Urriaren 15a (2013an) | Kurban Ait | Республика күні |
Abenduaren 1a | Presidentearen eguna | Тұңғыш Президент күні (Tungysh President kuny) |
Abenduaren 16a eta abenduaren 17a | Independentziaren eguna | Тәуелсіздік күні |
Gaur egun orokortuta ez badago ere, oraindik ere Subbotnikaren tradizioa mantentzen da kazakhstandarren artean.[14]
Kirola
aldatuTxirrindularitza ospe handia hartu zuen Alexander Vinokourov txirrindulariaren eskutik. Honek, Espainiako Vuelta eta urrezko domina olinpikoa irabazi zuen, beste sari askoren artean. Alexanderrek lehen ministroarekin hitz egin zuen 2006. urtean, eta honek, txirrindularitza talde bat osatzeko dirua eman zuen. Taldeak momentu horretan kapitala zenaren izena hartu zuen, Astana. Urte horretan, Alexanderrek Espainiako Vuelta irabazi zuen eta Andrei Kashechkin herrikidea hirugarren bukatu zuen. Handik aurrera munduko talde profesional honenetarikoa izan da. Azken urteotan, Vinzenzo Nibali izan du lider bezala. Berarekin, Tourra eta Giroa irabazi du taldeak. Ion Izagirre gipuzkoarra taldean izan da, baita ere.
Kazakhstandar ezagunak
aldatu- Abai Kunanbaev ([[1845]-1904), poeta.
- Dzhanmul-Dzhabaiev (1846-1945), poeta.
- Nursultan Nazarbajev (1940-), herrialdeko presidentea.
- Anatoli Boukreev (1958-1997), alpinista.
- Alexander Vinokurov (1973-), txirrindularia.
- Andrei Kivilev (1973-2003), txirrindularia.
- Maxut Zhumayev (1976-), alpinista.
- Gennady Golovkin (1982-), boxeolaria.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindiaren onomastika datutegia
- ↑ Демографическое обозрение 2018-12-29 doi: . ISSN 2409-2274. (Noiz kontsultatua: 2023-10-12).
- ↑ «Kazakhstanek eta Ukrainak akordio militar eta ekonomiko bat egin dute», Berria, 2014-12-23
- ↑ (Frantsesez)Violences policières et torture au Kazakhstan, La Chronique, 2010eko maiatza, Amnesty International Frantzia.
- ↑ (Frantsesez) Le Kazakhstan poursuit ses interdictions des journaux d'opposition Le Monde eta France-Presse.2012ko azaroaren 26a.
- ↑ (Frantsesez)En un mois, les principaux médias d’opposition nationaux réduits au silence Mugarik Gabeko Kazetariak 2012ko abenduaren 28a
- ↑ (Frantsesez)Les prédateurs. Mugarik Gabeko Kazetariak
- ↑ Kazakhstango populazioa %1,7 igo da aurreko urtearen aldean. bnews.kz. 2013ko abuztuaren 15a
- ↑ "Всесоюзная перепись населения 1926 года". demoscope.ru.
- ↑ "Всесоюзная перепись населения 1970 года". demoscope.ru.
- ↑ "Всесоюзная перепись населения 1989 года". demoscope.ru.
- ↑ Kazakhstango egoera etnodemografikoa. ide.go.jp
- ↑ Kazakhstandarren Ohiturak eta Tradizioak. Wagenhauser, Betsy
- ↑ (Ingelesez) Zhansagimova, Dina. (2013). Kazakhstan. Kuperard, 79 or. ISBN 978 1 85733 681 8..
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.
Asiako herrialde eta lurraldeak (Nazio Batuen azpi-eskualdeka) | |||
Afganistan • Errusia • Kazakhstan • Kirgizistan • Uzbekistan • Tadjikistan • Turkmenistan |
Hego Korea • Ipar Korea • Japonia • Mongolia • Txina | ||
Arabiar Emirerri Batuak • Armenia • Azerbaijan • Bahrain • Egipto • Georgia • Iran • Irak • Israel • Jordania • Kuwait • Libano • Oman • Qatar • Saudi Arabia • Siria • Turkia • Yemen |
Brunei • Ekialdeko Timor • Filipinak • Indonesia • Kanbodia • Laos • Malaysia • Myanmar • Singapur • Thailandia • Vietnam | ||
Bangladesh • Bhutan • India • Maldivak • Nepal • Pakistan • Sri Lanka |
Beste entitate |