Xabier Gereño

euskal idazlea

Xabier Lopez de Gereño Arrarte (Bilbo, Bizkaia, 1924ko abuztuaren 12a - ibidem., 2011ko apirilaren 8a[1]) euskal idazlea eta ohorezko euskaltzaina izan zen.[2][3]

Xabier Gereño
Bizitza
JaiotzaBilbo1924ko abuztuaren 12a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaBilbo2011ko apirilaren 8a (86 urte)
Familia
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea, lexikografoa eta ekonomialaria
KidetzaEuskaltzaindia

Inguma: xabier-gereno-arrarte-1924-2011 Literaturaren Zubitegia: 186

Euskal idazle oparoenetakoa izan zen:[1] 2003an bakarrik, esate baterako, zortzi liburu argitaratu zituen.[4] Literaturatik kanpo ezaguna da euskara ikasteko hainbat metodo eta hiztegi argitaratu zituelako 1970eko hamarkadan. Izan ere, frankismoaren sasoian Gereño Bilbo aldeko euskaldunik aktiboenen artean izan zen.

Biografia

aldatu

Bilboko Ledesma kalean jaio zen,[5] familia abertzale batean; aita, Lorenzo Lopez de Gereño Larrabe, arabar euskaldunberria zen; ama, Ines Arrarte Martinez.[6] 1936ko gerra hasi zenean, aita lanetik bota zuten, eta familiak Kanarietako Las Palmas hirira alde egin zuen. Hiri horretako goi mailako Merkataritza Eskolan ikasi zuen. Familia Bilbora itzuli zenean, Merkataritza intendente ikasketak amaitu zituen.[1] 1945etik aurrera[7] ekonomista gisa, 33 urtean Erandioko "La Aeronáutica S.A." enpresan lan egin zuen[4] harik eta 1980an Euskaltzaindian egun erdiz hasi zen arte (erakunde horretako kontabilitatea euskaratu eta antolatu zuen, gero hainbat enpresatan erabili izan zen eredua garatuz[6]); beste egun erdia idazten aritzen zen. 1988an bertan jubilatu zen.[8] Begoña Bilbao Galartzarekin ezkondua zegoen —euskaldunberria hura ere—, eta bera 1990ean hil zenetik,[5] Deustuko San Ignazioko Bakearen Erregina Egoitzan bizi zen: bertako bizitza kulturalaren bultzatzaile sutsua izan zen.[9] Hizkuntzazalea zen eta ingelesa, frantsesa eta alemana ikasi zituen; baina emazteak bidaiatzea gustuko ez zuenez, jakituria hori batez ere lanean eta filatelian —hamar urte zituenetik praktikatzen zuen—[6] erabili zuen.[10]

Musika

aldatu

"La Aeronáutica"n Manuel Landaluze ezagutu zuen, eta haren eskutik txistua jotzen ikasi. Harrezkero, euskal munduan murgildu zen (euskara amarengandik jasoa zuen)[9] eta dantza taldeen ekintzak eta bidaiak antolatzeari ekin zion. Euskal kulturaren dinamizatzaile eta ekintzaile izan zen frankismo garairik minenean; hainbestekoa zen haren jarduna, ezen Gabriel Aresti adiskideak Inurritxo ezizena ipini baitzion.[6]

1950eko hamarkadan, Miarritzeko eta Baionako udalekin batera, hainbat kantaldi antolatu zituen Ipar Euskal Herrian.[1] Solfeo eta piano ikasketak egin zituen,[10] eta 1957an Bilboko Txistularien Bandaren bultzatzailea izan zen. [9] Euskal abesti berrien txapelketa eratu zuen Bilbon, 1965ean, baina agintariek debekatu egin zuten. Txapelketa horretan, Benito Lertxundik eta Lourdes Iriondok hartu zuten parte, besteak beste. Euskal Herriko Txistularien Elkarteko sortzaile ere izan zen, eta Bilboko San Anton orfeoia sortu zuen taldeko partaidea ere izan zen. [1]

1961ean,[1] anaia Sabin eta Josebarekin batera[6] CINSA liburu eta disko argitaletxea sortu zuen, eta zigilu horrekin 42 disko atera zituzten, tartean Benito Lertxundi hasiberriarenak.[4] Merkataritza enpresen egitura erabilita euskal kulturaren aldeko ekintzak zabaltzea zuen helburu argitaletxe horrek; musika, bereziki. Jaialdi asko antolatu zituen Gereñok, eta horren kontura hainbat alditan atxilotua izan zen. 1968an, Julen Lekuonaren "Ez, ez dut nahi" kantuak behar zuen baimenik ez zuen eskuratu, eta beste hamabost egun eman behar izan zituen espetxean.[1]

Euskalgintza

aldatu
 
Bai Euskarari festibala (San Mameseko ekitaldia, 1978ko ekaina)

Euskaltzaindiarekin harremana 1960eko hamarkadan hasi zuen: 1965eko irailaren 24an izendatu zuten euskaltzain urgazle, eta 1998ko apirilaren 24an izendatu zuten euskaltzain ohorezko.[1]

1978an, Euskaltzaindiak bultzatutako Bai Euskarari kanpainan aritu zen, San Mamesen (Bilbo) eta Legairen (Araba) antolatutako jaialdi erraldoiak antolatzen.[11]

1982an Euskal Irrati Telebistako lehen Administrazio-Kontseiluko kide izan zen,[1] Euskadiko Ezkerrako ordezkari Karmelo Garitaonaindiarekin batera.[12]

Bilbon, 1980eko hamarkadan Euskaldunen Afariak izeneko ekimena bultzatu zuen; 1993tik 2010, arte Rafael Mikoleta ipuin lehiaketan epaimahaikide izan zen; eta 1996ean, Don Diego saria jaso zuen, bere ibilbide literarioa aitortuz.[11]

Idazletza

aldatu

Musika jardunari jarritako oztopoen ondorioz, bigarren espetxealdiaren ostean (1968 inguruan) literatura idazten hasi zen; 44 urte zituen.[1] Arantza artean (Itxaropena, 1969[7]) eta Argi bat iluntasunean (1970) haren lehen bi nobelak izan ziren, biak ere gatazka eta gizarte kezken ingurukoak. Eleberri eta antzezlanez gain, euskara ikasteko hainbat liburu eta biografia ere idatzi zituen; Zumalakarregi, Napoleon edo Mahomaren gainekoak, esaterako.[1] Irakurketa errazeko estiloa garatu zuen, eta horrek irakurle asko erakarri zizkion.[4] 25 urtean zehar 150 idazlan baino gehiago ekoitzi zituen. Lehen zortziak salbu, besteak berak editatu zituen. Idazlearen kalkuluen arabera, 1994rako 100.000 ale inguru salduak zituen, eta Residencia Rochester gaztelaniazko bere lehen eleberria aurkeztu zuen.

Besteak beste, bere idazlanak agerkari hauetan eman zituen argitara: Txistulari, Karmel, Dantzari —berak sortu zuen—, 'Zeruko Argia, Anaitasuna, Aizu!, Bilbao eta El Mundo.[1]

Ideologia

aldatu
 
EE-ren logoa.

Trantsizioaren urteetan Euskadiko Ezkerraren jarraitzaile bihurtu zen, Juan Mari Bandresen eraginez, batez ere. Euskadiko Ezkerraren desagertzea eta emaztearen heriotza aldi bertsuan gertatu ziren, eta zera zioen horren inguruan: «Batzuk PSEra joan ziren, beste batzuk EAra, eta ni hemen geratu nintzen, zahar etxean». Azken urteetan euskal nazionalismotik gehiago aldendu zen, norbera jaiotako lekuak hainbesteko garrantzirik ez duela aldarrikatuz.[1] 1990eko hamarkada hasieran, ETAren aurkako mugimenduetan parte hartu zuen, Julio Iglesias Zamora eta Jose Maria Aldaiaren bahiketen garaian.[13]

Narrazioa

aldatu

Nobela

aldatu

Antzerkia

aldatu

Artikuluak aldizkari orokorretan

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g h i j k l m Erostarbe, Gorka. (2011-04-09). «Argi bat iluntasunean» Berria.[Betiko hautsitako esteka]
  2. Xabier Gereño literaturaren zubitegian
  3. [1]Aitor Zuberogoitia, Pedro Zuberogoitia: Xabier Gereño Arrarte: ekintzaile euskaltzale nekaezina. (2013, Eusko Jaurlaritza).
  4. a b c d «Xabier Gereño, escritor prolífico» http://www.euskadi.net/ (Noiz kontsultatua: 2019ko urriaren 28a).
  5. a b (Gaztelaniaz) «Xabier Gereño: "La muerte se presenta cuando más sabios somos"» El Correo 2011-04-08 (Noiz kontsultatua: 2019-10-28).
  6. a b c d e «Xabier Gereño, euskal idazle eta kulturaren bultzatzaile bilbotarra» https://www.ehu.eus/ (Noiz kontsultatua: 2019ko urriaren 28a).
  7. a b (Gaztelaniaz) «López de Gereño Arrate, Xabier - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-28).
  8. «Xabier Gereño eta Euskaltzaindia» https://www.euskaltzaindia.eus/ (Noiz kontsultatua: 2019ko urriaren 28a).
  9. a b c (Gaztelaniaz) «Fallece Xabier Gereño, escritor y miembro de honor de Euskaltzaindia» El Diario Vasco 2011-04-11 (Noiz kontsultatua: 2019-10-28).
  10. a b (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (2011-04-09). «Xabier Gereño, prolífico autor de novela en euskera» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-10-28).
  11. a b (Gaztelaniaz) «Bilbao.eus, , EL AYUNTAMIENTO DE BILBAO HOMENAJEA AL ESCRITOR XABIER GEREÑO EN EL DÍA INTERNACIONAL DEL EUSKERA» www.bilbao.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-28).
  12. «HA FALLECIDO EL HOMBRE DE LOS PANTALONES DE PLÁSTICO» Iñaki Anasagasti (Noiz kontsultatua: 2019-10-28).
  13. (Gaztelaniaz) «RC - Artículos - El movimiento cívico del País Vasco» www.revistasculturales.com (Noiz kontsultatua: 2019-10-28).
  14. Anaitasuna aldizkarian idatzi zituen artikuluak Euskaltzaindiaren webgunean.

Ikus, gainera

aldatu