Triceratops
Triceratops | |
---|---|
Maastrichtiar | |
Sailkapen zientifikoa | |
Filuma | Chordata |
Klasea | Reptilia |
Ordena | Ornithischia |
Familia | Ceratopsidae |
Subfamilia | Chasmosaurinae (en) |
Generoa | Triceratops Marsh, 1889 |
Datu orokorrak | |
Elikadura iturri nagusia | belarjalea |
Luzera | 9 m |
Altuera | 3 m |
Masa | 12 t |
Triceratops (antzinako grezierazko tri-/τρι- ="hiru", kéras/κέρας ="adar", eta -ōps/-ωψ ="aurpegi"; "hiru adarreko aurpegia") Kretazeo Berantiarrean (Maastrichtiar estaian) bizi izan zen dinosauroen generoa izan zen. Belarjalea zen eta Tyrannosaurus rex zuen harrapari nagusia, nahiz eta bien arteko borrokak ez ziren gertatu irudikatu izan diren eran.
Ipar Amerikaren mendebaldean aurkitu dira fosilak, garai hartan Laramidia izeneko uharte-kontinentea zen hartan. 9 m inguru luze egin zitezkeen eta 5,4 tona inguru har zezaketen. Errinozeroaren antzeko muturra eta moko itxurako mutur-punta zuten. Mutur gainean adar bat eta burugainean bi zituzten. Buruaren atzeko aldean haizemaile itxurako hezurrezko ezkutu bat zuten, lepoa babesten ziena. Historian zehar 17 espezie identifikatu izan badira ere gaur egun bi onartzen dira, Triceratops horridus eta Triceratops prorsus.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurreneko aurkikuntzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun Triceratops gisa identifikaturiko aztarna zaharrena 1887an aurkitu zen George Lyman Cannon-en, Denver (Colorado) inguruan. Garezurraren goikaldeari itsatsiriko bi adar ziren. Othniel Charles Marsh paleontologoari bidali zioten fosila eta honek Pliozenoko bisonte erraldoi baten fosila zela esan zuen. Bison alticornis izena eman zion[1]. Hurrengo urtean Ceratopsia familiako dinosauroek adarrak zituztela argitaratu bazen ere[2] pliozenoko ugaztun baten adarrak zirela esaten jarraitu zuen. 1888an John Bell Hatcherrek Wyomingo Lace Formazioan garezur osoago bat aurkitzean aldatu zuen iritziz[3]. Edmund B. Wilson cowboyak sakan batean garezur erraldoia aurkitu zuen eta soka botata jasotzen ahalegindu zenean adarra hautsi zitzaion. Adarra Hatcherrek ikusi zuenean gainerako garezurra lokalizatu eta berreskuratu zen[4]. Ceratops horridus izena eman zitzaion. Fosila garbitzen ari zirela muturreko hirugarren adarra agertu zen eta Othniel Charles Marshek Triceratops horridus izena eman zion[5]. Orduan konturatu zen berak bisonte gisa identifikaturiko fosila Triceratops batena zela[6]. Espeziearen horridus izenak "zimurra" esan nahi du, gerora pentsatu da triceratops zahar baten fosila izan zitekeela.
Triceratops espezie ugari
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Behin Triceratops-a identifikatuta Hatcherrek beste 31 aurkitu zituen 1889 eta 1891 artean[4]. Fosil berri hauetariko askok hainbat aldaera agertzen zituzten hasierako harekiko eta Marshek hainbat espezie zendatu zituen, baita genero berri bat asmatu ere, Sterrholophus.
Marsh hil ondoren Hatcherrek fosil hauek aztertzeari ekin zion baina hau ere gaixotu eta Richard Swann Lull paleontologoak ekin zion ikerketari. Lull eta ondorengo ikerlariek fosilen arteko erlazio filogenetikoak eratu zituzten eta espezie kopurua nabarmen gutxitu zuten. Bi multzo eratu zituzten; alde batetik T. horridus, T. prorsus eta T. brevicornus, garezur handia eta adar txikidunak, eta bestetik T. elatus eta T. calicornis adar luzeak zituztenak[7]. Sailkapen honek 1980. eta 1990. hamarkadetaraino iraun zuen.
Azken ikerketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1986an John Ostrom eta Peter Wellnhofer ikerlariek espezie bakarra zela adierazi zuten, Triceratops horridus[8]. Arrazoi nagusia zen aurkitu diren belarjale handien aniztasuna oso txikia dela, genero bakoitzeko espezie bakarra edo bi baino ez. Arrazonamendu honi jarraiki, T.M. Lehmanek aldaera anitzak azaltzeko dimorfismo sexuala eta adin desberdinak argudiatu zituen, lehen taldekoak emeak zirela eta bigarrenekoak ar zahar gaixoak[9].
Urte batzuk beranduago Catherine Forsterrek bi espezie finkatu zituen, T. horridus eta T. prorsus. Garezurraren itxuran bereizten dira biak. T. prorsus espezieak T.horridus-ek baino mutur motzagoa zuen, sudurreko adarra luzeagoa zuen eta begi gaineko adarrak zuzenagoak zituen[10].
T. hatcheri aparte gelditu zen eta genero berria asmatu zen, Nedoceratops[11]. 2009an John Scannella eta Denver Fowler ikerlariek planteamendu berria ontzat eman zuten, Hell Creek Formazioan estrato geologiko desberdinetan agertzen zirela frogatuz[12].
Baliozko espezieak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- T. horridus (Marsh, 1889) Marsh, 1889 (hasieran Ceratops) - horridus izenak "zimurra" esan nahi du.
- T. prorsus (Marsh, 1890) - prorsus izenak "aurerra begira" esan nahi du.[13]
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tamaina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Luzeran 7'9 eta 9 metro artean izaten zuten eta 3 metro inguruko garaiera[14]. Pisuari dagokionez 6'1 eta 12 tona artekoak aurkitu dira[15]. Triceratopsaren ezaugarri nabarmenena garezurra da, lehorreko animalia guztien artean aurkitu den handiena baita. Esate baterako Kelsey izeneko T. horridus baten neurriak honako hauek ziren; 7'3 metroko luzera , bi metrotako garezurra, 2'3 metrotako altuera eta 6 tonatako pisua[16].
Garezurra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gorputzarekiko proportzioan tamaina handiko garezurra zuten Triceratops-ek.
Garezurrak mokoa du aurrealdean, hezur bakarrez osaturikoa, eta honen atzean hezur aurremaxilarak ditu, hortzik gabe eta sudurzulo handiekin. Honen atzean barailako hezurrak daude, 36-40 haginekin, hauetako 3-5 bertikalki ezarriak. Haginak elkarren alboan pilaturik daude barrura kurbatzen den egitura osatuz. Sudurzuloen gainean adar bat ageri da, batzuetan independenteki osatua[17].
Garezurraren goikaldean begizulo bakoitzaren gainean metrobeteko luzerako adar bana dago. Hezur jugalak beherantz begira daude, epijugalek estalita, baina ez dira oso handiak. Garezurraren atzealdeko hezurrak fusionaturik daude eta geruza bikoitza osatzen dute, horrela eratzen da gola[17].
Odol hodi ugariren aztarnak aurkitu dira garezur guztian zehar, gaur egungo hegaztien moko keratinotsuetan bezala. Honek iradokitzen duena da burua keratinaz estalita izango zukeeela eta hegaztietan keratina koloretsua denez agian triceratopsaren buruak ere kolore bizia izango luke[5].
Bizkarrezurra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bizkarrezurrari dagokionez lepoko hamar orno zituen, bizkarreko hamabi, sakroan hamar eta isatsean 45. Lepoko aurreneko lau ornoak fusionaturik zeuden eta bederatzigarrenetik aurrera hasten dira saihetsak agertzen[17]. Sakroko ornoak ere fusionaturik agertzen dira.
Gorputz adarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espezie bien gorputza sendoa zen, gorputz-adar sendo eta motzekin. Esku bakoitzean hiru apatx zituzten eta oinetan launa[18]. Ibiltzerakoan apatxak alboetara ateratzen zituzten eta pisu guztia besoetako hiruna apatx horietan finkatzen zuten, laugarren eta bosgarren hatz bestigial bana bazuten ere[17].
Sailkapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ceratopsia barnean Triceratops-ek duten kokapena urteetan zehar eztabaidatua izan da, Centrosaurinae ala Chasmosaurinae taldean sartu[19]. 2010. urtean Sampson et al. taldeak honako sailkapena egin zuen, gaur egun onartuena dena[20]:
Ceratopsidae |
| |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Paleobiologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kopuruak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Animalia taldekoi gisa irudikatu izan badira ere, ez dago hori baieztatzen duen froga handirik. Horrelako jokaera duten dinosauroen kasuan ohikoa izaten da hezurtegiak aurkitzea, ehundaka edo milaka ale dituztenak, baina Triceratops-aren kasuan gehienez ere familia unitateak aurkitu dira[21]. 2012an Wyomingen tamaina ezberdineko hiru triceratopsen hezurdurak elkarrekin agertu ziren eta hiruretan handienak Tyrannosaurus baten erasoaren markak zituen[22]. 2020an aurkituriko ebidentzia berriek erakusten dute triceratopsak bost-hamar aletako taldetan biziko zirela.
Hell Creek Formazioan 200 aletik gora aurkitu ziren[23] eta Barnum Brownek 500 batera aurkitu izana ere aipatu zuen[4], baina honek soilik erakusten du garaiko belarjale ugariena zela.
Zentzumenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Anatomia endokranealaren analisiek iradokitzen dute triceratopsek usaimen eskasa zutela gainerako dinosauroekin konparatuz eta belarriak frekuentzia baxuko soinuak entzuteko egokituta zeudela[24].
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Triceratops-a belarjalea zen. Hortzeria aztertuta esan daiteke altuera txikiko landareak jaten zituela[17]. Horrela animalia bazkatzen ari zela burua 45º-tako inklinazioan izaten zuen eta horrela adarra zuzen izaten zituenez babesturik gelditzen zen[25]. Dena den gai ziren adar, moko eta baraila indartsuekin landare altuagoak behera bota eta jateko ere[17].
Hazkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]John R. Horner eta Mark Goodwin ikerlariek 2006an 28 garezur aztertu zituzten, itxura eta tamaina desberdinetakoak eta hazkuntza lerro bat osatu zuten hauetako hamarrekin[26]. Txikienak 38 cm-ko luzera zuen eta adar txiki tenteak zituen. Gazteek adarrak eta gola atzerantz kurbaturik zituzten. Helduek azkenik adarrak aurrerantz begira zituzten eta gola zapala[5]. Adinarekin triceratopsaren itxura aldatu egiten zela frogatu zuten horrela, hortik aurkituriko garezur aniztasun handia.
Atzeko golaren eta adarren funtzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eztabaida gogorrak izan dira elementu hauen funtzioaren inguruan. Atzeko golaren inguruan Lull-ek mastekatzeko giharrak txertatzea izan zitekeela esan zuen, potentzia handiagoa lortzeko[27]. Urte askotan onartua izan bazen ere ez da txertatze egitura berezirik aurkitu[28]. Gorputzaren tenperatura erregulatzeko erabiltzen zuela ere proposatu izan da[29]. Aipaturiko 2006ko John R. Hornerren eta Mark Goodwinen ikerketak heldutasun maila identifikatzeko ere balioko zuela pentsatzen da[26].
Adarrei dagokienez bi hipotesi nagusitu dira; borroka eta gorteiatzea. Jakina da Tyrannosaurus inguruko harrapari handiena zela eta hainbat dinosauroren artean triceratopsa ere ehizatzen zuela. Hainbat fosilek erakutsi dituzte tiranosaurioaren horzkadak. C. H. Sternberg-ek 1917an adarrak harrapariei aurre egiteko babes egiturak zirela proposatu zuen lehenengo aldiz[30] eta Robert Bakkerrek berdina egin zuen 70 urte beranduago[31].
Ilustrazioetan sarritan ikusi izan dira triceratopsak elkarren artean borrokan adarrak gurutzaturik, gaur egun hainbat animaliek egiten duten antzera[32], ez dago adostasunik horretarako erabiltzen ote zuten. Dena dela Davitashvilik 1961ean proposatu zuen erakusketa sexualaren teoriak gero eta onarpen handiagoa du[33].
Paleoekologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Triceratops-a Ipar Amerikako mendebaldean bizi izan zen Kretazeo Berantiarrean, Maastrichtiar estaian. Kretazeo-Tertziarioko iraungipen masiboa baino pixka bat lehenago agertu zen, duela 68 milioi urte inguru[34]. Evanston, Scollard, Laramie, Lance, Denver eta Hell Creek Formazioetan aurkitu dira fosilak.
Eremu azpitropikala zen eta klima epel eta hezea zuen. Florari dagokionez angiospermak ziren nagusi eta tarteka metasekuoiak eta araukariak ere ikusten ziren.
Harrapari nagusia Tyrannosaurus rex zen eta Ornithischia ordeneko dinosauro ugari ere baziren, hala nola ankylosaurioak, ornithopodoak, ceratopsidoak eta pachycephalosaurioak. Ugaztunak ere baziren eremu horretan.
Triceratops-a egungo kulturan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiru adarreko dinosauroa izanik filme askotan agertu izan da. Ezagunenak Jurassic Park eta The Land Before Time (edo "haran galduaren bila") dira.
1942an Charles R. Knight artista amerikarrak Natur Historiako Field Museoan hormirudi famatu bat margotu zuen Tyrannosaurus eta Triceratops bana borrokan ikusten direna[35]. Ordutik aurrera askotan errepikatu izan den irudia da, eta betiko aurkarien arteko koeboluzioaren eredu gisa ere planteatu izan da, the Age of Dinosaurs dokumentalean adibidez[31].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Carpenter, K.. (2006). "Bison" alticornis and O.C. Marsh's early views on ceratopsians". In Carpenter, K. (ed.). Horns and Beaks: Ceratopsian and Ornithopod Dinosaurs.. Bloomington and Indianapolis: Indiana University Press, 349–364 or. ISBN 978-0-253-34817-3..
- ↑ (Ingelesez) Marsh, Othniel Charles. (1888-12-01). «A new family of horned Dinosauria, from the Cretaceous» American Journal of Science s3-36 (216): 477–478. doi: . ISSN 0002-9599. (Noiz kontsultatua: 2020-12-28).
- ↑ (Ingelesez) Marsh, Othniel Charles. (1889-04-01). «Notice of new American Dinosauria» American Journal of Science s3-37 (220): 331–336. doi: . ISSN 0002-9599. (Noiz kontsultatua: 2020-12-28).
- ↑ a b c Dodson, Peter. (1996). The horned dinosaurs. Princeton University Press ISBN 978-0-691-02882-8. (Noiz kontsultatua: 2020-12-28).
- ↑ a b c (Ingelesez) «Triceratops | Description, Size, Fossil, Diet, & Facts» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2020-12-29).
- ↑ (Ingelesez) Marsh, Othniel Charles. (1889-08-01). «Notice of gigantic horned Dinosauria from the Cretaceous» American Journal of Science s3-38 (224): 173–176. doi: . ISSN 0002-9599. (Noiz kontsultatua: 2020-12-28).
- ↑ Hatcher, J. B.; Marsh, O. C.; Lull, R. S.. (1907). The Ceratopsia. Washington, D.C.: Government Printing Office. ISBN 978-0-405-12713-7..
- ↑ Ostrom, J. H.; Wellnhofer, P. (1986). The Munich specimen of Triceratops with a revision of the genus. Zitteliana. 14:, 111–158 or..
- ↑ Lehman, T. M. (1990). "The ceratopsian subfamily Chasmosaurinae: sexual dimorphism and systematics". In Carpenter, K.; Currie, P. J. (eds.). Dinosaur Systematics: Perspectives and Approaches.. Cambridge: Cambridge University Press, 211-229 or. ISBN 978-0-521-36672-4..
- ↑ (Ingelesez) «Why Triceratops, a prehistoric herbivore, looked so fierce» Animals 2020-09-14 (Noiz kontsultatua: 2020-12-29).
- ↑ Forster, Catherine A.. (1996-06-05). «Species resolution in Triceratops: cladistic and morphometric approaches» Journal of Vertebrate Paleontology 16 (2): 259–270. doi: . ISSN 0272-4634. (Noiz kontsultatua: 2020-12-28).
- ↑ Scannella, J. B.; Fowler, D. W.. (2009). Anagenesis in Triceratops: evidence from a newly resolved stratigraphic framework for the Hell Creek Formation. 9th North American Paleontological Convention Abstracts. Cincinnati Museum Center Scientific Contributions 3, 148-149 or..
- ↑ (Ingelesez) «Triceratops Marsh, 1889» www.gbif.org (Noiz kontsultatua: 2020-12-29).
- ↑ «Triceratops in The Natural History Museum's Dino Directory» web.archive.org 2009-02-17 (Noiz kontsultatua: 2020-12-28).
- ↑ Alexander, R.M.. (1985). Mechanics of posture and gait of some large dinosaurs. Zoological Journal of the Linnean Society. 83:, 1-25 or..
- ↑ «BHI/Fossils & Minerals/Dinosaurs and Birds/Kelsey Triceratops» www.bhigr.com (Noiz kontsultatua: 2020-12-28).
- ↑ a b c d e f Dodson, P.; Forster, C. A.; Sampson, S. D.. (2004). Ceratopsidae. In Weishampel, D. B.; Dodson, P.; Osmólska, H. (eds.). The Dinosauria (second ed.). Berkeley: University of California Press, 494-513 or. ISBN 978-0-520-24209-8..
- ↑ Fujiwara, Shin-Ichi. (2009-12-12). «A reevaluation of the manus structure in Triceratops (Ceratopsia: Ceratopsidae)» Journal of Vertebrate Paleontology 29 (4): 1136–1147. doi: . ISSN 0272-4634. (Noiz kontsultatua: 2020-12-28).
- ↑ (Ingelesez) «Triceratops - Fotos, Hechos y Historia» Dinosaurios 2013-07-24 (Noiz kontsultatua: 2020-12-28).
- ↑ (Ingelesez) Sampson, Scott D.; Loewen, Mark A.; Farke, Andrew A.; Roberts, Eric M.; Forster, Catherine A.; Smith, Joshua A.; Titus, Alan L.. (2010-09-22). «New Horned Dinosaurs from Utah Provide Evidence for Intracontinental Dinosaur Endemism» PLOS ONE 5 (9): e12292. doi: . ISSN 1932-6203. PMID 20877459. PMC PMC2929175. (Noiz kontsultatua: 2020-12-28).
- ↑ Mathews, Joshua C.; Brusatte, Stephen L.; Williams, Scott A.; Henderson, Michael D.. (2009-03-12). «The first Triceratops bonebed and its implications for gregarious behavior» Journal of Vertebrate Paleontology 29 (1): 286–290. doi: . ISSN 0272-4634. (Noiz kontsultatua: 2020-12-28).
- ↑ CNN, By Matt Smith. «Triceratops trio unearthed in Wyoming» CNN (Noiz kontsultatua: 2020-12-28).
- ↑ Erickson, B. R.. (1966). Mounted skeleton of Triceratops prorsus in the Science Museum. Scientific Publications of the Science Museum. 1:, 1-16 or..
- ↑ Sakagami, Rina; Kawabe, Soichiro. (2020-09-18). «Endocranial anatomy of the ceratopsid dinosaur Triceratops and interpretations of sensory and motor function» PeerJ 8 doi: . ISSN 2167-8359. PMID 32999761. PMC 7505063. (Noiz kontsultatua: 2020-12-29).
- ↑ (Ingelesez) Sakagami, Rina; Kawabe, Soichiro. (2020-09-18). «Endocranial anatomy of the ceratopsid dinosaur Triceratops and interpretations of sensory and motor function» PeerJ 8: e9888. doi: . ISSN 2167-8359. (Noiz kontsultatua: 2020-12-28).
- ↑ a b Horner, John R; Goodwin, Mark B. (2006-11-07). «Major cranial changes during Triceratops ontogeny» Proceedings of the Royal Society B: Biological Sciences 273 (1602): 2757–2761. doi: . PMID 17015322. PMC PMC1635501. (Noiz kontsultatua: 2020-12-29).
- ↑ Lull, R. S. (1908). The cranial musculature and the origin of the frill in the ceratopsian dinosaurs. American Journal of Science, 4(25):, 387-399 or..
- ↑ Forster, C. A.. (1990). The cranial morphology and systematics of Triceratops, with a preliminary analysis of ceratopsian phylogeny. Doktore tesia. Pennsylvania University, Philadelphia., 227 or..
- ↑ (Ingelesez) Wheeler, P. E.. (1978-10). «Elaborate CNS cooling structures in large dinosaurs» Nature 275 (5679): 441–443. doi: . ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2020-12-28).
- ↑ Sternberg, C. H.. (1917). Hunting Dinosaurs in the Badlands of the Red Deer River, Alberta, Canada.. Published by the author, San Diego, California, 261 or..
- ↑ a b Bakker, R. T.. (1986). The dinosaur heresies: new theories unlocking the mystery of the dinosaurs and their extinction. Nueva York: William Morrow ISBN 0-14-010055-5..
- ↑ Farke, A. A.. (2004). Horn use in Triceratops (Dinosauria: Ceratopsidae): Testing behavioral hypotheses using scale models. Palaeontologia electronica, 7(1):, 10 or..
- ↑ Davitashvili , L.. (1961). The Theory of sexual selection. Izdatel'stvo Akademia nauk SSSR, 538 or..
- ↑ (Ingelesez) «Triceratops | Natural History Museum» www.nhm.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2020-12-29).
- ↑ Watson, J. W. (1981). The Giant Golden Book of Dinosaurs. Random House Children's Books, 0-307-13764-3 or..