Edukira joan

Abraham

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Abraham

abrahamdar erlijioko profeta


patriarka

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakאַבְרָם
JaiotzaK.a. 1813
Herrialdeabaliorik ez
BizilekuaKanaan
Mesopotamia
Talde etnikoaHebrearra
HeriotzaHebron eta Kanaan, K.a. 1638 (174/175 urte)
Hobiratze lekuaPatriarken haitzuloa
Heriotza moduaberezko heriotza
Familia
AitaTerah
AmaAmasla
Ezkontidea(k)Sara
Agar
Ketura
Seme-alabak
Haurrideak
Familia
Hezkuntza
HizkuntzakCanaanite (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakartzaina, erlijio sortzailea eta profeta
Lantokia(k)Palestina
Santutegia
Urriaren 9
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioabaliorik ez

Abraham[1][oh 1] (hasieran Abram[oh 2]) erlijio abrahamdarren patriarka hebrearra izan zen, judaismoaren, kristautasunaren eta islamaren patriarka komuna[2]. Judaismoan, juduen eta Jainkoaren arteko harreman bereziaren sortzailea da; kristautasunean, sinestun guztien aita espirituala da, juduak izan ala ez[3][4]; eta islamean, profeta islamiarren katearen katebegi bat da, Adamekin hasi eta Mahoman amaitzen dena[5].

Abrahamen bizitzaren historia, Hasiera Liburuan kontatzen den bezala, etorkizunaren eta lurraren inguruan ardazten da. Esaten da Jainkoak deitu zuela Terah aitaren etxea utzi eta Kanaango lurraldean kokatzeko, Jainkoak Abrahami eta haren ondorengoei hitz emandako lurra. Ondoren, Isaakek, Abrahamen semeak, Sara emaztearen semeak, oinordetzan jaso zuen lur hori; Ismael anaiordeari, berriz, nazio handi baten sortzailea izango dela hitz eman zion. Abrahamek hilobi bat (Patriarken haitzuloa) erosi zuen Hebronen, Sararen hilobia izan zedin; hala, lurraren gaineko eskubidea ezarriz; eta, bigarren belaunaldian, Isaak oinordekoa bere familiako emakume batekin ezkondu zen, kanaandarrak jaraunspenetatik kanpo utzita. Gero, Abraham Keturarekin ezkondu zen eta beste sei seme-alaba izan zituen; baina, Sararekin batera lurperatu zutenean, Isaakek jaso zituen "Abrahamen ondasun guztiak", eta gainerako seme-alabek "opariak" besterik ez zituzten jaso[6].

Ikerlari gehienek uste dute patriarken aroa, Irteerarekin eta epaile biblikoen garaiarekin batera, literatura-eraikuntza berantiarra dela, ez duela inongo garai historiko jakinekin erlaziorik[7], eta, ikerketa arkeologiko sakonen mende baten ondoren, ez da aurkitu Abraham historiko baten existentziaren frogarik[8]. Oro har, ondorioztatzen da Torah, Hasiera barne hartzen duen liburu-sorta, Persiar garai goiztiarrean osatu zela, K.a. 500. urte inguruan, bi talderen arteko tentsioen ondorioz. Alde batetik, Yehuden Babiloniako gatibualdia geratu ziren lur-jabe juduak Abraham aitaren bidez lurrerako eskubidea aldarrikatzen zutenak; bestetik, deserritik itzuli zirenak, euren eskubidea Moisesen eta Israeldarren Irteeraren inguruan sortutako aldarrikapena[9].

Abrahamen kontakizun biblikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Narratibaren egitura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abrahamen zikloa ez dago egituratuta gatazka batean eta haren ebazpenean edo problema batean eta haren ebazpenean oinarritutako sare bateratu batek[10]. Sarritan, atalak elkarren loturarik gabekoak dira, eta sekuentzia ez da beti logikoa, baina Abraham bera izaten da aktorea edo lekukoa, eta etorkizunaren eta lurraren gaiak bateratzen ditu[11]. Gai horiek "programa narratiboak" osatzen dituzte, adibidez Sararen antzutasunari buruzko Has 11:27-31 edo Abrami YHWHk agintzen dionean (Has 12:1-3) jaiotzako lurra uzteko eta erakutsiko dion lurrean ezartzeko[11].

Jatorria eta Jainkoaren deia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tareh, Noeren ondorengotzako bederatzigarrena, Abram, Nahor eta Haranen aita izan zen[12]. Haran Loten aita zen, Abramen iloba; familia osoa Ur hirian bizi zen. Haran Urren hil zen. Abramm Sararekin (Sarai) ezkondu zen, antzua zena. Terah, Abram, Sarai eta Lot Kanaanerantz abiatu ziren, baina Harran izeneko leku batean ezarri ziren. Terah bertan hil zen, 205 urte zituela (Has 11:27-32). Jainkoak Abrami esan zion bere herrialdea eta ahaideak utzi eta erakutsiko zion lurralde batera alde egiteko, eta agindu zion nazio handi bat egingo zuela, eta bera bedeinkatzen zutenak bedeinkatuko zituela (Has 12:1-3). Abramek 75 urte zituen Sarai emaztearekin, Lot ilobarekin eta eskuratutako ondasun eta esklaboekin irten zenean, eta Sikemera joan zen, Kanaanen (Has 12:4-6). Gero, Betelen ekialdean kanpatu eta Betel eta Airen artean zegoen aldarea eraiki zuen.

Sarai eta faraoiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanaanen gosete handia izan zen, beraz Abram eta bere familia Egiptora joan ziren. Bidean, Abramek eskatu zion Sarai esateko bere ahizpa zela, horrela egiptoarrek hil ez zezaten (Has 12:10-13). Egipton sartu zirenean, Faraoiaren ofizialek Sarairen edertasuna goraipatu zuten, eta faraoiaren jauregira eraman zuten, Abrami opariak emanez trukean. Jainkoak faraoia zigortu zuen plagekin, faraoia zer gertatzen ari ote zen galdetzera eraman zuena (Has 12:14-17). Sarai ezkondutako emakumea zela aurkitu zuenean, Abrami eta Sarairi herrialdetik ihes egitea eskatu zien (Has 12:18-20).

Abram eta Loten bereizketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Negeven tarte batean izan ziren Egiptotik ihes egin eta gero, baina laster itzuli ziren Betel eta Ai arteko eremura. Abramen eta Loten abereek zelai handiak okupatzen zituzten, baina hau arazo bat zen euren abeltzainentzat, bien abereak bereizi behar zituztelako. Abeltzainen arteko gatazken ondorioz, Abramek Loti esan zion eremu ezberdinetan finkatu behar zirela. Lot Jordan ibaiaren haranera joan zen, ekialdera, eta Sodoma inguruko lautadan ezarri zen. Abram hegoaldera joan zen, Hebronera, eta berta Mambreko lautadan ezarri zen, tenplu berri bat eraikiz (Has 13:18).

Abram eta Melkizedek, Dieric Bouts Zaharraremn margolana, c. 1464–1467.

Sodoma eta Gomorra Elamen aurka matxinatu zirenean, Abramen iloba Lot preso hartu zuten elamdarrek bere etxeko guztiekin batera (Has 14:1–9). Elamdar armada gerrako sariak jasotzera joan zen, Sodomako erregearen armada garaitu ostean (Has 14:8–12). Lot eta bere familia, garai horretan, Sodomako Erresumaren periferian bizi ziren, eta horregatik helburu erraza ziren (Has 13:12).

Pertsona batek lortu zuen atxilotua ez izatea eta Abrami kontatu zion zer gertatu zen. Abramek, albisteak jaso ostean, 318 zerbitzari bildu zituen eta iparralderantz egin zuten, elamdar armadaren bila. Armada murriztua zen jada, Siddimgo guduaren ondorioz. Eurekin aurkitu zirenean, Abramek plan bat egin zuen borrokarako, unitateak bereiziz eta gauean eraso eginez. Bahituak askatzeko gai izan ziren, eta gainera Kedorlaomer erregea hil zuten Hohabn, Damaskoren iparraldean. Lot askatu zuten, bere etxekoekin eta ondasunekin batera, eta Sodomatik elamdarrek hartutako ondasun guztiak ere berreskuratu zituzten (Has 14:13–16).

Abramen itzuleraren ondoren, Sodomako erregea berarekin bildu zen Shavehko bailaran. Melkizedek, Salemko (Jerusalem) erregea, El Elioneko apaiza zena, ogia eta ardoa eraman zituen Abram eta Jainkoa goratzeko. Abramek Melkizedeki zuen guztiaren hamarren bat eman zion. Sodomako erregeak Abrami eskaini zion ondasun guztiak beretzat izatea herritarrak itzultzen bazituen. Abramek, hala ere, ez zuen akordiorik egon Sodomeko erregearekin, eta zegokion harrapakinaren parte bat baino ez zion eman (Has 14:17–24).

Jainkoarekin egindako ituna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abrami Jainkoa agertu zitzaion, eta bere ahotsak esan zion berari eta izarrak bezain ugariak izango ziren bere oinordekoei ematen ziela Agindutako Lurra. Jainkoak esan zion bere herria preso egongo zela Egipton, baina itzuliko zirela. Has 15:18-21 jarraituz, hala esan zion:

« Egun hartan, Jaunak agintzari hau egin zion Abrami: «Lurralde hau zure ondorengoei ematen diet, Egiptoko ibaitik hasi eta Eufrates ibai handiraino: orain kendarrak, keniztarrak, kadmondarrak, hititak, periztarrak, refatarrak, amortarrak, kanaandarrak, girgaxtarrak eta jebustarrak bizi direneko lurraldea, alegia». »


Abram eta Saraik ez zuten ulertzen nola zen posible bera izatea nazioen arbasoa, Sarai antzua izanda. Saraik bere egiptoar esklaboa zen Hagar eskaini zion Abrami, seme bat eman ziezaion (Has 16:1–2). Hagar haurdun geratu eta gero, Sarairekin gaizki portatzen hasi zen, eta Saraik ere berdina egin zuen Hagarrekin, azken honek ihes egin arte. Aingeru batek Hagarrekin hitz egin zuen eta esan zion bere itzultzeko eta bere semeari Ismael izena jartzeko. Hala egin zuen, eta Abramek 86 urte zituela bere lehenengo semea jaio zen (Has 16:4–16).

Hamahiru urte beranduago, Abram 99 urte zela, Jainkoak esan zion izena aldatuko ziola: "Abraham", edo "nazio askoren aita" (Has 17:5). Jainkoak, orduan, Abrahami esan zion berarekin egindako itunaren zati gisa, bere jarraitzaile guztiek erdainkuntza egin beharko zutela (Has 17:10–14). Aldi berean, Sarairen izena aldatu zuen, "Sara", eta esan zion "seme bat emango ziola" (Has 17:15–16). Abrahamek barre egin zuen, eta esan zuen ea nola izango zen posible seme bat izatea bera ia 100 urte bazituen eta Sarak 90 (Has 17:17).

Abrahamek Jainkoaren aginduak jarraitu zituen eta bere etxeko gizon guztien erdainkuntza egin zuen, Ismael barne (Has 17:22–27).

Hiru bisitariak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Abraham eta hiri aingeruak, James Tissot.

Handik gutxira, eguneko beroan, Abraham dendaren sarreran eserita zegoen, bere ahuntzadarraren ondoan[oh 3]. Hiru gizon ikusi zituen Jainkoaren aurrean. Korrika egin eta lurrera makurtu zen, ongietorria emateko. Oinak garbitzeko eta ogi-mokadu bat eramateko eskaini zien Abrahamek. Abraham presaka joan zen Sararen dendara, kalitate goreneko irinarekin egindako opilak eskatzera, eta, gero, kalitate goreneko txekorra prestatzeko agindu zion morroi bati. Dena prest egon zenean, mamia, esnea eta txekorra jarri zituen haien aurrean, zuhaitz baten azpian, jaten zuten bitartean (Has 18:1–8).

Bisitari batek Abrahami esan zion hurrengo urtean Sarak seme bat izango zuela. Dendaren sarreran, esaten zena entzun zuen Sarak, eta bere adinean haur bat izatearen ideiarekin barrura sartu zen. Bisitariak galdetu zion Abrahami zergatik ote zen Sara bere adinean seme bat izateaz barre egiten, ezer ez baita zailegia Jainkoarentzat. Izututa, Sarak ez zuen barre egin (Has 18:15).

Sodoma eta Gomorra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Sodoma eta Gomorra»

Bazkaldu ondoren, Abraham eta hiru bisitariak jaiki egin ziren eta Sodoma eta Gomorraren patuari buruz eztabaidatu zuten, hirietan bekatua nagusi zela uste baitzuten. Abrahamen iloba, Lot, Sodoman bizi zenez, Jainkoak hiriak epaitzeko planak zituela esan zien. Orduan, beste bi bisitariak Sodomara abiatu ziren. Orduan, Abrahamek Jainkoarengana jo zuen eta erregutu zion: "hirian gutxienez hamar gizon zuzen aurkituko balitu, ez ote zion Jainkoa barkatuko hiriari?". Hamar zuzen baleude, Jainkoak ez zuela hiria suntsituko zin egin zion (Has 18:17–33).

Bi bisitariak Sodomara iritsi zirenean, hiriko plazan ostatu hartzea pentsatu zuten. Lot haiekin elkartu zen eta euren etxera gonbidatu zituen. Gizonezko talde bat Loten etxearen aurrean bildu zen eta eskatu zuten bi bisitari horiek "ezagutzea" (hau da, eurekin sexua izatea) (Has 19:1–9). Lotek ez zuen hori onartu, eta bere alabak eskaini zizkien gizonezkoei, birjinak zirenak. Jendetzak Loten atea eraitsi zuen bisitariak bortxatzeko asmoz. Jainkoak, honela, hirian hamar pertsona zuzenik ez zegoela ikusi zuen eta bi hiriak zigortu zituen (Has 19:12–13).

Historikotasuna eta narrazioaren jatorria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tradizio erlijiosoetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abrahamek errespetu handia du munduko hiru erlijio nagusietan: judaismoan, kristautasunean eta islamean. Judaismoan, aliantzaren aita sortzailea da, juduen eta Jainkoaren arteko harreman berezia, juduak Jainkoarengandik aukeratutako herria direla sinesmenaren sortzailea. Kristautasunean, Paulo apostoluak erakutsi zuen Abrahamen Jainkoarenganako fedeak —Moisesen legeak baino lehenagokoak— sinestun, judu zein jentil, guztien eredu bihurtzen zuela; eta islamean, profeta-katearen katebegi bat dela, Adamekin hasi eta Mahoman amaitzen dena[5].

  1. אַבְרָהָם, ʾAvraham edo ʾAḇrāhām; antzinako grezieraz: Ἀβραάμ, Abraám; arabieraz: إبراهيم‎
  2. אַבְרָם, ʾAvram edo ʾAḇrām
  3. Euskarazko itzulpenean artadi erabiltzen da

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. 177. araua: Antzinateko pertsona-izenak eta izen mitologikoak (III). Bibliako pertsona-izenak. .
  2. McCarter 2000, 8 orr. .
  3. Jeffrey 1992, 10 orr. .
  4. Wright 2010, 72 orr. .
  5. a b Levenson 2012, 8 orr. .
  6. Ska 2009, 26–31 orr. .
  7. McNutt 1999, 41–42 orr. .
  8. Dever 2001, 98 orr. .
  9. Ska 2006, 227–228, 260 orr. .
  10. Ska 2009, 28 orr. .
  11. a b Ska 2009, 28–29 orr. .
  12. Freedman, David Noel, ed. (2004). Eerdmans dictionary of the Bible. Eerdmans ISBN 978-0-8028-2400-4. (Noiz kontsultatua: 2023-11-21).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]