Edukira joan

Basogabetze

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Oihana erretzen landa-lurrak lortzeko Mexiko hegoaldean.
Basogabetzea Gran Chaco eskualdean, Paraguai

Basogabetzea edo deforestazioa gizakiaren jarduerak eragindako baso eremuen soiltzea da, hainbat arrazoiengatik: gizakiak landatzeko behar dituen lurrak handitzea, egurraren beharra eta industria batzuen mozketa masiboak, besteak beste.

Historian zehar, gizakiak kultura, garai eta toki askotan eragin du basogabetzea, baina gaur egungo egoera inoiz baino larriagoa da. Urtero sei milioi hektarea mozten dira, horietatik gehienak Amazonia basoan.

Gizakiak aspalditik eduki du egurraren beharra, sua egiteko, batetik, eta eraikuntza material gisa, bestetik. Nolanahi ere behar horiek asetzeko behar zuten egur kopurua ez zen oso esanguratsua.

Duela zortzi bat mila urte nekazaritza garatzen hastearekin batera, gizakia basoak soiltzen hasi zen, eta oraindik neurri txikian bazen ere -artean ez zuten tresneria egokirik-, bere eragina jada esanguratsua zen.

Lurreko eskualde epeletako nekazaritza, basoa suntsitu eta lurraren emankortasuna baliatuz azkartu da. Ingalaterrako baso eremu handienak 1350ean galdu ziren. Europako gainerako herrialdeetan eta Ipar Ameriketan, XVIII eta XIX. mendeetan gertatu zen baso galera handiena, lur sailak zabaldu eta landu beharrez, industria hiriak elikagaiz, erregaiz eta eraikuntzarako materialez hornitzeko. 1900ean, Britainia Handian, baso eremua lurralde eremu osoaren % 5 besterik ez zen, eta gaur egun % 10 da. Baso galeraren prozesuak suntsitzaileagoak dira tropikoetan. Tropikoetako basoetako lurrak, oro har, eskualde epeletakoak baino askoz meheagoak dira, ez hain emankorrak, eta errazago higatzen dira, lixibiazioz. Kolonizazio garaiko politikak, «baso oparoa, lur emankorrak» okerreko ustean oinarrituta, produktu komertzialak lantzeko soildu zituen basoak, eta horren ondorioz, leku askotan, lurra ahitua dago. Tropikoetako baso galera 1950 ingurutik aurrera azkartu zen batez ere, makina astunen laguntzarekin.

Egungo egoera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, batez ere, baso soiltzea Hego Amerikan, Asian, eta Afrikan gertatzen da. Lur osoko heren bat okupatzen dute zuhaitzek, hau da, 4000 milioi hektarea.

Garatu gabe dauden herrialdeen basoetan, hauek garatzeko aitzakiarekin zuhaitzak mozten dituzte, errepideak edo leku urbanizatuak egiteko. Garatuta dauden herrialdeetan aldiz, beste kausa batzuk daude, hala nola, euri azidoa, zeinak urtero hainbat hektarea suntsitzen dituen. Herri garatuetan baita, gizarteak ezartzen duen presioarengatik, gobernuak zona batzuk berriz landatu ditu, parke natural eta turistentzat leku bihurtuz.

Afrikan, 2000 eta 2005 bitartean, 4 milioi hektarea moztu ziren urtero, hau da, orain arte mundu guztian moztu den herena. Gaur egun munduan 306 milioi ziurtagiri-baso daude, eta Afrikari 3 milioi dagozkie, hau da, %1, gehienak zuhaitz landatuak direlarik.

Duela gutxi Afrikan deforestazioaren eta desertizazioaren kontrako neurriak hartzen hasi ziren. Horregatik, Afrikako ia herri guztiek sinatu dute duela urte batzuk sortutako iniziatiba bat. Dagoeneko plan batzuk martxan jarri dituzte, batzuetan beste kontinente batzuen laguntzaz.

Gaur egun, munduko basoetako baliabideen laurdena Europan dago, laurden horren zatirik handiena Errusiar Federazioan aurkitzen delarik. Europan baso-soiltzea ez da arazo larri bat, herri guztietan fenomeno hori zailtzen duten hainbat lege daudelako. Lege horrek, gainera, urtero hainbat zuhaitz landatzera behartzen dituzte herrialdeak. Horregatik arazoa ez da hain larria. Nahiz eta baso-soiltzea eragozteko hainbat neurri egon, ekidin ezinak dira naturan gertatzen diren hainbat fenomeno, besteak beste, suteak, izurriak, eta ekaitz elektrikoak.

Ikerketa batzuen arabera, Iberiar Penintsulan eta Errusiar Federazioan hurrengo urteotan suteen gehikuntza egongo da, aldaketa klimatikoaren erruz.

Munduko basoen %18,6 Asian daude, guztira 734 milioi hektarea. 2005ean, 2000.urtean baino 3 milioi hektarea gehiago zeuden. Zifra hau, Txinan landatutako zuhaitzen ondorioa da, beste herrialde batzuk emandako laguntzaren ondorioa izateaz gainera.

Herrialde batzuk, Asiak bezala, baso-soiltzea gelditzea lortu dute, baina badaude errekurtsorik gabeko beste batzuk. Horren ondorioz, askoz gehiago kostatzen zaie katastrofe hau gelditzea eta errekurtsoak dituzten herrialdeen laguntza ezinbestekoa zaie, izan ere, basoak garrantzi handia dute gure ekosisteman.

Eskualde tropikaletako nekazari txiki ibiltariek basoa soilduz erraz lortzen dituzte lur sail berriak, eta horrela galdu dituzte Afrika eta Asiako basoen % 45. Sail horiek urte gutxi batzuetan landu ondoren, lurra belarra eta sasiak emateko gauza besterik ez da, eta nekazariek beste baso batzuetara jo behar izaten dute, basoa bota eta lur sail berriak erraz lortzeko. Zur ustiategiak dira baso galeraren beste erantzule nagusietako bat Asiako hego-ekialdean, Afrika erdian, eta, 1990. urte inguru arte behintzat, Afrika mendebaldean. Ipar Ameriketako ipar-mendebaldeko eta Siberiako zur ekoizleek, zuhaitzak moztu ondoren, beste batzuk sartzen dituzte, edo bestela basoa berez erna dadin uzten dute, baina bien bitartean lurra higatuz eta degradatuz doa. Emankortasun urriko lurretako baso galera ere epe motzera baizik ez da onuragarria. Hala ere, ongi planifikatua dagoenean, onura iraungarriak atera daitezke, kautxu eta olio palmondoen sailetan bezala, lurra ontzen eta ura atxikitzen dutelako. Mundu osoan, baina Asiako hego-ekialdean eta Hego Ameriketan batez ere, baso eremu handiak bota dira bertan beste zuhaitz mota batzuk, etekin handiagoa ematen dutenak, sartzeko gero, baina egun ez da hainbeste gertatzen hori, basogintzako arduradunak berak horrek dakarren kostu sozialaren eta ingurumenari egiten dion kaltearen jakitun baitira. Landutako zuhaitz sailek zuhaitz mota bakarrekoak izaten dira sarritan, adin batekoak guztiak, eta horrela ezinezkoa da jatorrizko basoaren ekosistema garapen maila guztietako landare eta animalia mota ugari dituena berregitea. Iparraldeko koniferoen basoetan eta Britainiar Columbiako baso epeletan (probintzia horretan 2.200 km² baso mozten da urtean, probintziako baso eremu osoaren % 1, zuhaitzak mozten dituzten enpresak bost urteko epean soildutako eremu osoa berriro landatzera behartu zituzten 1987. urtean. Halaber, ahalegin handiak egiten ari dira jatorrizko zuhaitz moten ugaritasuna bere horretan gordetzeko. Egoera antzekoa da Ipar Ameriketan eta Europan: baso eremuak ez du gorabehera handirik izan aspaldi honetan, baina baso zaharrak urritzen ari dira egunetik egunera, eta baso berriek hartzen dute haien lekua. Baso galera dela eta, tirabira handiak sortu izan dira, mozketaren aldekoen eta aurkakoen artean. 1993an, Clayoquot Sounden, Vancouverko uhartean, 700 lagun atxilotu zituzten baso epeleko eremu erabili gabe batean zuhaitz mozketa eragozten saiatzeagatik. 1970–1990 bitarteko urteetan, Brasilen eta Erdiko Amerikan, baso eremu handiak moztu ziren larreak lortzeko. Horren bultzatzaile nagusiak gobernuak berak izan ziren, etxalde handiak sortu nahi baitzituzten. Afrika idorrean ere basoak erretzen dituzte larreak lortzeko. Himalaian eta Andeetan erregaia lortzeko moztu izan dira zuhaitzak, eta egun baso galera izugarria da. Baso galera eragin duen beste faktore garrantzitsu bat errepideak zabaltzea eta urtegiak eraikitzea izan da. Askotan galeraren eragileak bata bestearen ondotik gertatzen dira. Errepidea zabaltzeak zur ekoizpena ekartzen du ondotik, eta soilguneak zabaltzean nekazaritza dator atzetik. Tropikoetan moztutako basoen erdiak nekazaritzarako moztu dira.

Baso galera eta degradazioa adierazle politiko, merkatuko eta instituzionalen erantzun gisa sortzen dira. Hauek jendea baso aldera bultzatzen dute ekonomia edo gizarte egoera zailetan, irabaziak (baso ustiapenaren eta galeraren ondoriozkoak) erraz lortzeko aitzakiarekin. Ekonomia politika askok ez dituzte aintzat hartzen basoen balioak, eta sarritan merke zurrean uzten dituzte ustiapen eskubideak, eta baso galerak beste erabilera batzuetarako izan ditzakeen onurei behar baino balio handiagoa ematen diete. Hala, elikagaien prezioa jaisteko laguntzak ematen dituzte, baina, aitzitik, basoak zaintzeko, ez. Basoen jabetzari eta erabilera eskubideei buruzko segurtasunik ezak ere neurriz gain ustia daitezen dakar berekin. Politika batzuek basoa soiltzea ere eskatzen dute, jabeak lurra "hobetu" duelako froga gisa. Faktore gehiago ere badira, baina horiek dira nagusiak.

Basogabetzearen ondorioak maila askotan eragiten dute:

Zuhaitzek eta beste landareek oxigenoa sortzen dute, gizakiek eta animaliek bizitzeko beharrezkoa duten gasa. Zuhaitzak mozten direnean, oxigeno gutxiago iristen da atmosferara. Zuhaitzek karbono-dioxidoa xurgatzen dute gainera, berotze globala izenez ezagutzen den arazoaren eragiletako bat dena. Erretzen direnean, berriz, zuhaitzek karbono-dioxidoa atmosferara isurtzen dute.

Egindako ikerketa batzuek erakutsi dute deforestazioaren fenomenoak asko eragin dezakeela, adibidez, leku batean erortzen den euri kopuruan eta beste fenomeno klimatiko batzuetan, beti ere aldaketa horiek ekosistema zabal bat abarkatzen dutelarik. Hau azaltzeko erabiltzen den argumentua da landare-estalkiaren handitze batek euri tasa handitu eta landare-estalkiaren gutxitze batek, aldiz, gutxitu dezakeela.

Mendi-hegal aldapatsuetan egiten diren basogabetzeek higadura eragin dezakete. Zuhaitzek lurrari eusten ez diotenez, lurra higatu daiteke. Eurite bortitzen ondorioz, lurra maldetan behera joan daiteke eta soroak, etxeak eta bizitzak suntsitzen dituzten lur-jausiak sortzeko arriskua dago.

Habitataren galeran

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baso asko pertsonek atseden hartzeko edo jolasteko tokiak dira. Zuhaitzak mozten direnean, basoen erabilera hori galdu egiten da.

Hainbat izaki bizidun mota desagertu dira basogabetzearen ondorioz, oihan tropikaletan gehienbat. Gainera, basogabetzeak oihanetan bizi diren pertsonen bizimodua ere aldatu dezake.

Kontrolatzeko ahaleginak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baso galeraren arazoari aurre egiteko ikuspegi tradizionalek lege eta araudietan jarri dute indarra, baina legeok betearazteko ez da behar beste indar egiten, eta talde ahaltsuenek nola edo hala saihesten dituzte. Herrialde pobreetan laguntza programetan jarri da indarra, Baso Tropikalen Nazioarteko Programan batez ere. Baina laguntzok ez dira aski izan baso galera gerarazteko. Egun, basogintzako agiria eta zurari etiketa jartzea proposatzen da, adibidez, basoaren gestio iraunkorretik sortutako produktuak bultzatzeko. Gainera, baso galera eragile askoren emaitza denez, plangintza orokor baten beharra ikusten da, eragile horietako bati bakarrik aurre eginez gero nekez lortuko baita arazoa konpontzea. Ahalegin handia egin beharra dago basogintzaren gestio iraunkorra lortzeko, ingurumena babesteko helburuen eta helburu sozial eta ekonomikoen artean halako oreka bat lortzeko. Nazio Batuen proposamenetako bat da herrialde bakoitzak bere ekosistema bereziaren % 12ri gutxienez eustea. Zenbait herrialde basoek eskaintzen dituzten onurak balioztatzen ari dira, Baso Jabetza Iraunkorra, hau da herrialde bakoitzak orain eta etorkizunean, bai babesteko bai produzitzeko, beharko duen baso eremuaren luze-zabalera, eta basoaren erabilerako estandarrak zehazten alegia.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]