Edukira joan

Buenaventura Durruti

Wikipedia, Entziklopedia askea
Buenaventura Durruti

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJosé Buenaventura Durruti Domingo
JaiotzaLeon1896ko uztailaren 14a
Herrialdea Espainia
Lehen hizkuntzagaztelania
HeriotzaMadril1936ko azaroaren 20a (40 urte)
Hobiratze lekuaMontjuïceko hilerria
Grave of Buenaventura Durruti (en) Itzuli
Heriotza moduaikertzekea: bala zauria
Familia
Ezkontidea(k)Émilienne Morin (en) Itzuli
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakanarkosindikalista, anarkista, sindikalista, politikaria, mekanikaria eta anarchist militiaman (en) Itzuli
Enplegatzailea(k)Norteko Konpainia
KidetzaLanaren Konfederazio Nazionala
Los Solidarios
Iberiar Federazio Anarkista
anarchist confederal militia (en) Itzuli
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakEspainiako Gerra Zibila
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaateismoa

IMDB: nm6759564 Find a Grave: 68700342 Edit the value on Wikidata

Jose Buenaventura Durruti Dumange (Leon, Espainia, 1896ko uztailaren 14a - Madril, Espainia, 1936ko azaroaren 20a) sindikalista eta anarkista iraultzailea izan zen.

1917an UGT sindikatutik bota zuten bere posizio iraultzaileegia zela-eta. 1920an, Bartzelonara joan zen bizitzera eta CNT sindikatu anarkosindikalistan afiliatu zen. 1931n, FAIn sartu zen, eta 1932ko nahiz 1933ko matxinadetan parte hartu zuen.

1936ko Gerran paper garrantzitsua jokatu zuen, Aragoiko Frontean, milizianoen zutabe bat gidatuz eta Madrilgo Batailan parte hartuz. Bertan, bala galdu batek hil zuen, eta zenbaiten ustez, sektore estalinistak egon zitezkeen horren atzean.

Buenaventura Durruti 1896ko uztailaren 14an jaio zen Leonen (Espainia). Zortzi anai-arrebetatik —Santiago, Buenaventura, Vicente, Plateo, Benedicto, Pedro, Manuel eta Rosa—, gerra zibilaren ondoren, hiruk bakarrik iraungo zuten bizirik.[1] Gurasoak, Santiago Durruti trenbideetako langilea, eta Anastasia Dumangue zituen.

Aitaren gurasoak euskaldunak ziren, Laurent Durruti Etxegarai Nafarroa Behereko Aiherra herrian jaio zen 1842. urtean, Sarrigainea izeneko etxean, eta zortzi anai-arreben artean zazpigarrena zen. Gazte zelarik, Espainiako Leonera joan zen lan egitera. 1865ean, Leonen, Josefina Malkorrekin ezkondu zen eta Jakes Egiagarai izan zen ezteiaren lekuko ofiziala.[2]

Santa Ana, txikitatik bizi izan zeneko auzoa, leku umila zen eta etxe txiki eta zaharrez josia zegoen eta, bertan, hiriko langileak bizi ziren.

Zortzi urte bete arte, La Misericordia kaleko eskolara joan zen eta mutil bihurriaren fama irabazi zuen, noblea eta maitabera.

1903an, 9 hilabetez iraun zuen Leoneko kurtidoreen greba zela-eta, Buenaventuraren familiak asko nozitu zuen eta mutila Ricardo Fanjuleko eskolara joaten hasi zen. 14 urte zituenean, ikasketak utzi eta mekaniko lanetan hasi zen Melchor Martinezen babesean, iraultzaile fama zuen sozialista bat, alegia (Behintzat, El Socialista egunkaria irakurtzen omen zuen jendaurrean). Bi urtez izan zen harekin eta Melchorrek zekien guztia erakutsi zion mekanikaz eta sozialismoaz. Ondoren, Buenaventura Antonio Mijéren lantegira aldatu zen eta meategietatik ateratako mineralak garbitzeko balio zuten garbigailu mekanikoen muntaian espezializatu zen.

1912an, aita eta Melchor Martinezen eraginez, Durruti mekanikoa Metalurgikoen Batasunean afiliatu zen; erakunde hau UGT barruan zegoen, baina Buenaventurari berehala sozialismo moderatuegia iruditu zitzaion. Mekaniko lana utzi, eta ikatz garbitegietako montadore lanetan hasi zen, Matallanan. Instalatzen ari zirenean, enpresako ingenieriak bota nahi zituzten langileen arteko liskarretan sartu zen. Ingeniaria despeditu zuten, baina, Durruti Leonera zihoanean, Goardia Zibila atzetik zuela konturatu zen.

1917an, UGTk sustatutako eta CNTk lagundutako greba orokor iraultzaile batean hartu zuen parte. Buenaventurak lan asko egin zuen orduan, lokomotorak erre, trenbideak altxatu eta abar eta, lantegitik botatzeaz gain, UGT-tik ere bota egin zuten, posizio iraultzaileegiak zituelako. Gijona egin zuen alde, eta CNTra inguratu zen eta Frantziara ihes egin beharrean izango zen gero.

1919ko urtarrilaren 1ean pasatu zuen muga, klandestinoki, eta Asturiaserantz abiatu zen CNTren agindu bat betetzeko. Badirudi, ondorenean, La Roblan, Leonetik 25 km-tara, egon zela eta han ere lan arazo larri batean nahastuta egon zela, 3 hilabetetarako Valladolidera joanez ondoren. Galiziara zihoanean, Guardia Zibilak hartu zuen atxilo, eta A Coruñara bidali zuten. Desertorea zenez, Donostiara eraman zuten eta gerra kontseilu bat egin eta kartzelan sartu zuten. Denbora gutxirako, ordea, kide batzuen laguntzaz, alde egitea lortu baitzuen eta Frantziara alde egin zuen, mendietan ezkutatuta egon ondoren, 1919ko uztailean.

1920an, Espainiara itzuli zen, Donostiatik barrena eta Manuel Buenacasa eta beste lagun batzuk Oreretako fabrika batean aurkitutako lanari muzin egin zion. Baita Euskadiko CNTko Metalurgikoen Komitean eman zioten postuari ere. Honela zioen Durritik:

« Nire ustez, karguak ez du garrantzirik. Oinarria da inporta dena, behe alde horretatik goikoei bere konpormisoak betearazi behar zaie-eta, ahal den neurrian, burokraziari ekidinez! »

Euskadin Suberviola, Del Campo, Aldabaldetrecu edo Ruiz bezalako anarkistak ezagutu zituen eta Los Justicieros izeneko taldea osatu zuen. Berehala nahi zuten ekintzan hasi eta helburua Alfonso XIII.a zen. Erregea Kursal Handiaren inaguraziora etortzekotan zen eta anarkistek atentatua egiteko asmoa zeukaten. Ezin izan zuten, ordea, poliziak izugarrizko despliegea egin baitzuen denuntziatuak izan ziren Durruti, Suberviola eta Del Campo atxilotzeko.[1]

1921eko otsailean, Durruti Andaluzian zebilen eta martxoaren 9an Madrilera itzuli zen Juliana Lopez anarkistarekin batera. Poliziak atxilo hartu zuen, ordea, eta aurreko egunean, Eduardo Datoren erailketa izan zenez, arazo larria izan zitekeen hori. Hala ere, zortea izan zuen eta libre utzi zuten.

Los Justicieros taldeak laster aldatu zuen izena eta Crisol hartu zuen; biolentzia erabiltzen jarraitu zuen patronalak sustatutako bortizkeriari aurre egiteko. 1922 bukaeran, Los Solidarios eratu zuten eta enpresaburuek diruz lagundutako banda armatuak izan ziren haien helburu nagusia. Talde hauen enfrentamenduak gerra zibilaren parekoak ziren. Los Solidarios taldeko kide nagusiak hauek ziren: Buenaventura Durruti, Francisco Ascaso, Juan García Oliver, Eusebio Brau, Aurelio Fernández, Miguel García Vivancos, Alfonso Miguel, Ricardo Sanz, Gregorio Suberviola, Rafael Torres Escartín, Juliana López, Ramona Berni eta Antonio «El Toto».

Ezarri zuten lehenengotako heriotza-zigorra Juan Soldevilla y Romero Zaragozako kardinal-artzapezpikiuarentzako izan zen. Pio Barojak El Cabo de las tormentaseko zati honetan komentatzen du hura:

« Zaragozako artzapezpikoa eragin handiko erreakzionarioa zen. Bere elizbarrutiaz gain, Bertzelonan ere agintzen zuen eta hango agintariei langile eta agitatzaileen aurkako neurri gogorrak har zitzaten gomendatu ohi zien. Anarkistek artzapezpikuak Reusen Bartzelonako patronalarekin hitz egiten zuela eta sindikatuei erasotzeko aholkuak ematen zizkiela bazekiten. Banda Zaragozara joan zen eta aspalditik bertan bizi zen Teresa izeneko emakume anarkista batekin harremanetan jarri ziren. Denen artean prestatu zuten segada eta artzapezpikua hil zuten. Mojak zuzenduriko ikastetxe bat egokituta zuen «El Terminillo» izeneko jabegora zihoan hura autoan erail zutenean. Hogei tiro eman zizkioten eta familia eta txoferra ere zaurituta geratu ziren... »

Irailaren 1ean Los Solidariosek ekintza ikusgarri bat burutu zuten: Gijoneko Banco de España atrakatu zuten armaz eta 675.000 pezeta eraman zuten. Asaltoa oso zaila gertatu zen eta Buenaventurak, Goardia Zibilarekin tiroketa bortitz bat izan ondoren, lortu zuen teilatura iristea eta hiritik alde egitea. Durruti banda ospe handian lortzen ari zen eta, egun batzuk beranduago, Durrutik eta bere lagunek preso zegoen Francisco Ascaso askatzea lortu zuten.

Durruti eta Ascasok Frantziarako bidea hartu zuten. Parisen beste anarkista batzuekin elkartu ziren eta Nazioarteko Editorial Anarkista sortu zuten. Mundu guztian zabaldu nahi zuten bere ideologia eta borroka libertarioa. Parisen izan zuten bere lagun batzuen heriotzaren berri -Del Campo Bartzelonan hil zuen poliziak- eta beste batzuen atxiloketak ere bai -Suberviola eta Aurelio Fernández.

1924ko bukaera aldera, Durruti eta Ascaso Latinoamerikaranzko barku batean sartu ziren. Lehenengoz, Kubara joan ziren eta kainabera moztaileekin izan ziren eta haien arazoekin solidarizatu. Enpresaburuak esklabo egoeran zituela langileak eta exekutatu egin zuten eta horrek polizia erakarri zuen eta uhartetik alde egin beharrean izan ziren. Mexikora joan ziren eta Jover eta Vivancosekin elkartu ziren Uruguai, Txile, Peru eta Argentinan zehar bidaia jarraitzeko. Los Errantes deitzen zien.

Waldo Bayerrek 1932ko otsailean Argentinan fusilatu zuten Severino Giovani anarkistari buruzko liburua idatzi zuen eta Durruti eta bere lagunen ekintzak kontatzen ditu pasarte honetan:

« Anarkismo desjabetzaileak aurrekariak izan bazituen ere, Francisco Ascaso eta Buenaventura Durrutik eman zioten benetako indarra; epaileak eskatutako 6.000.000 pezeta behar zituzten 126 kide askatzeko eta lapurretan hasi ziren; Espainian, lehenik, Banco de Cataluñan; Mexikon gero eta Pazifikoko herrialdeetan geroago. Txilen harrapakin dexente lortu zuten, Argentinan Banco de San Martíni egin zioten eraso eta, Río de la Plata gurutzatu eta, Montevideora iritsi ziren. Arrakasta handiko erasoak egin eta Europarantz itzuli ziren. Haiek bai egoera zailei aurre egiten jakin! »

[3]

Hegoamerika guztiko poliziak zebiltzaten Durruti, Ascaso eta Joverren atzetik eta Europara itzultzea erabaki zuten. Horretarako, Ingalaterrara zetorren transatlantikoan. Ontziak Kanarietan egin behar izan zuen larrialdi geldialdi batek aztoratu bazituen ere, aste batzuk geroago Ingalaterra iritsi ziren. Mantxako Kanala gurutzatu eta maiatzerako Parisen ziren. Durruti metalurgian hasi zen lanean eta anarkista gehiago ezagutu zituen, Sebastián Faure, Louis Lecoin, Voline, Pedro Archinof edo Néstor Mackno kasu.

1924ko uztailaren 14an, Alfontso XIII.a eta Primo de Rivera Parisera iristekotan ziren. Los Solidarios taldeak hilabete eta erdi eman zuen atentatua prestatzen. Munizio ugariren jabe egin ziren, 3 fusil eta automobila. Parisen aurreko geltokian burutuko zuten. Baina polizia frantsesak haren berri izan zuen eta plana bertan behera geratu zen. ekainaren 25ean Durruti, Ascaso y Jover atxilotuak izan ziren Legéndre kaleko hotel batean. Uztailaren 2an argitaratu zen berri hori prentsan eta hainbat gobernuk, Espainia tarteko, eskatu zuten haien estradizioa. Egoera larrian zegoen 3 libertarioen etorkizuna.

Faure eta Lecoinek atxilotuak ez estraditatzeko izugarrizko kanpaina sustatu zuten. Anarkistak epaituak izan ziren -Lecoinek defenditu zituen- eta 1927ko uztailean indultua lortu zuten. Hala ere, debekatu egin zien Frantzian bizitzea eta polizia frantsesak berak eraman zituen Belgikaraino klandestinoki. Handik gutxira, gauza bera egingo zuen Belgikako poliziak eta Frantzian utziko zituen. Berriro harrapatu zituzten eta Belgikan onartu zituen, baina nortasun ezberdin baten atzean ezkutatzeko baldintzarekin. Egoera arrararo hartaz Ascasok esan zuen:

« Hau da gauza bitxia! Ilegaltasuna legaltasunaren zerbitzuan! »

1927an jaio zen Valentzian FAI, Federación Anarquista Ibérica, eta bere lehen idazkaria Germinal da Sousa portugaldarra izango zen. Mugimendu libertarioa sustatzekoa helburua zuen eta CNT benetako anarkismo batera eramatea. Ez zituzten Pestaña, Peiró edo Juan Lópezen kolaborazionismo eta moderantismoa onartzen eta FAI-ko kide izateko ezinbesteko baldintza zen CNT-n afiliatuta egotea.

1931ko apirilaren 14an, Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zuten. 15ean, Durruti Espainiara itzuli zen eta Ascaso, Oliver, Federica Montseny, Jover eta anarkismo praktikoaren aldeko beste batzuekin batera, erakunde anarkista berria lideratuko zuten handik aurrera.

Maiatzaren 1ean FAIk lehenengo abiso serioa bota zion Errepublikari. Bartzelonako Bellas Artes jauregian mitin handi bat burutu zen eta bertan langileen erreinbindikazio zerrenda bat elaboratu zen: Guardia Zibila disolbatu, ordena erlijiosoen jabetzak nahitaez kendu, monopolioen desegerpena, ehiza kotoen banaketa... Durrutik horrela hitz egin zien han bildutakoei:

« Errepublikarrak bagina, behin-behineko gobernuak herriak eskaini dionaren garaipena ziurtatzeko gaitasunik ez duela izango esango genuke. Benetako langileak gara, ordea, eta bide honetatik jarraituz, gerra zibilerantz goazela ikusten dugu. Errepublika ez zaigu gehiegi inporta; giza demokratizazio prozesu honetako abiapuntu bezala onartzen dugu, hori bai... »

Mitina bukatu zenean, Durruti, Ascaso eta Oliver buru zihoazen manifestazio handi bat egin zuten eta Goardia Zibilak aurre egin zien. Aurrez-aurrekoaren ondorioz, 2 goardia zibil hil ziren eta asko zaurituak irten ziren bitartean, anarkista bat eta 15 zauritu bestean. Gainera, Miranda kapitainak infanteriako sodaduak bidali zituen langileak defendatzeko.

Langileria asaldatuta zegoen leku guztietan. Sabadell, Lleida, Gijón... arazoak eta greba ugariko lekuak ziren. Madril, Sevilla eta Malagan komentuak erretzen hasi ziren.

Bitartean, Emilianne Morin, Durrutiren bikotekidea, biena zen alabaz erditzen ari zen: Colette. Eta ia aldi berean, Buenaventuraren aita hil zen Leonen. Horregatik joan zen harantz, aitaren hiletetara joateko. Leoneko CNT-ko sindikatuek gonbidatu zuten egun batzuk geroago ospatuko zen mitinera eta, horren ondorioz, atxilotzen saiatu ziren. Durrutiren mehatxuak gerarazi zituen:

« Atxilo har nazazu eta, agian, bihar, Leon eta probintzia osoa ikaragarrizko greba orokor batean murgilduko dira. »

1932ko urtarrilaren 18an, mugimendu libertarioarentzako klabea izango zen zerbait gertatu zen eta Alto Llobregateko meategietan izan zen. Figols izan zen komunismo libertarioa aldarrikatu zuten lehen herria eta ondoren Manresa, Berga eta beste herri batzuk etorri ziren. Gobernuak Errepublikaren Defentsarako Legea aplikatu zuen eta Armada sartu zen, errepresioa burutuz. Atxilotu asko izan ziren eta Espainia osoan gainera. Horrela iristen zaigu Durrutiren jarrera:

« Durrutik meatzariei burges demokraziak porrot egin zuela esan zien; iraultza ezinbestekoa zela; langile klasearen erabateko emantzipazioa nahi bazen, burgesiaren desjabetzea eta estatua desegitea beharrezkoa zen. »

21eko goizean, Durruti eta Ascaso anaiak atxilotu zituzten. Otsailaren 10eko egunsentian, Alto Llobregaten izandakoaren ondorioz hartutako 125 preso atera ziren Bartzelonatik Gineara zihoan transatlantiko zaharkitu batean. Hala ere, hango gobernadoreak ez zuen Buenaventura Durruti bere jurisdikzioan onartu, bere aita gobernadore izan zenean honek erail zuela-eta. Ez zen egia, Suberviola eta El Toto izan ziren, baina Durruti eta bere kideetako batzuk Fuerteventurara eraman zituzten.

Ascaso eta Durrutik askatasuna lortu bezain pronto, 1933ko altxamendua prestatzeari ekin zioten. Durruti, Ascaso eta García Oliver izango ziren Bartzelonako altxamendua koordinatuko zutenak. Porrot itzela suertatuko zen, baina anarkistek ahaleginak egin zituzten. Andaluzian errepresioa bortitza izan zen eta Azañari egozten zaion gertaera jazo zen:

« Ez zauriturik, ez presorik! Sabelera tiro! »

Durrutik honela baloratu zuen hura:[3]

« Baldintzak ez dira nahikoak izan. Horregatik dauzkagu orain kide asko preso. Baina egia da, era berean, iraultza aurreko garai batean murgilduta gaudela eta ezin diogu burgesiari egoeraz jabetzen eta estatuaren agintaritzan egonkortzen utzi (...). Horrela hartu behar da urtarrilaren 8ko saiakera iraultzailea, ez baitugu iraultzaren arrakasta gutxiengo batek agintea hartu eta diktadura bilakatzea denik buruan izan. Gure kontzientzia iraultzailea honen aurkakoa da. Guk iraultza herriak egin eta herriarentzako nahi dugu. Ideia honetatik at, ez dago iraultza posiblerik. (...) Hori guztiagatik, gure saiakera ondo pentsatutako erasoa izan dela eta Llobregat Garaiko meatzarien altxamenduak hiltzear utzi duen sistema kapitalista eta estatalaren bihotz-bihotzera zuzendu dugula ezin du inork zalantzan jarri. »

Apirilean, Durruti eta Ascaso atxilotu zituzten berriro. Berriro ere FAI erabat desartikulatuta zegoela zabaldu zuten agintariek. Bi lagunak Bartzelonako kartzelan egon ziren uztailera arte eta, ondoren, Cadizeko Santa Mariara eraman zituzten. Ascaso bertan geratu zen urrira arte eta Durruti, berriz, azkartxoago askatu zuten eskale bezala epaitu ondoren. Durrutik hau esan omen zuen, haserre:[3]

« Niri eskaleen legea aplikatzea! Niri, bizitza osoa lanean eman dudan honi! Onartzen dut indar publikoei tiro egiteaz salatzea, edo onartzen ez dudan gizartea eraldatzen saiatzeaz, baina... eskale izatea leporatzea...! Ea dago Durruti langilea eskale moduan epaitzeko eskubidea duen epailerik! Esan horrela zuen gainekoei! »

1933ko azaroan, eskuinak irabazi zituen hauteskundeak eta Lerroux eta erradikalak hasi ziren gobernatzen Gil-Robles eta CEDAren ondoan. Gobernu berriak egin zuen lehenengo gauza Larrialdi Egoera dekretatzea izan zen, langileak altxatzeko grinean zebiltzala-eta. Abenduaren 8 hartan, greba orokorra zegoen Barcelona, Valentzia, Granada, Kordoba, Badajoz, Huesca eta abarretan eta gainontzeko hiriburuetan egoera nahastua zegoen. Aragoin aztoramendu berezia zegoen eta Barbastro, Calanda, Alcampiel, Valderrobles, Alcoriza eta beste herri batzuetan aurrez-aurreko gogorrak izan zituzten gobernuaren indarrekin. Ondoren etorri zen errepresioak 80 hildako baino gehiago eragin zituen eta kartzelak, berriz ere, lepo zeuden. Hara joan behar izan zuten Durruti, Cipriano Mera eta Isaac Puente altxamenduaren koordinatzen aritu zirelako.

La Voz de Aragón egunkariak honela eman zuen albistea:

« Atzokoak ausardia galanta izan zuen. 7 pertsonez osatutako taldeak, pistola eskuan, orain gutxiko gertaera iraultzaileak epaintzen ari diren Zaragozako Larrialdeitako Tribulanalen egoitzan sartu ziren: erasotzaileek lanez lepo zeuden epaileak eta idazkariak hartu eta azken abenduari zegokion sumarioaz jabetu ziren, azkar baino azkarrago desagertu zirelarik. »

Azkenean, Durruti, Mera eta Puente Burgoseko kartzelara eraman zituzten hurrengo maiatzera arte. Bartzelonan tranbien grebak aurrera jarraitzen zuen, Madrilen eraikuntzan huelga deia zegoen, Tarragonan, Manresan... Zaragozan erabat aztoratuta zeuden, despidoak, atxiloketak... Espainia osoan eskaini ziren etxeak, grebak iraungo zuen bitartean, grebalarien umeak hartzeko. Erdi-erdian zegoen berriro ere Buenaventura eta neurri handi bateko giza solidaritatea sustatu zuen.

1934-1936 artean, Biurteko Beltza izan zen eta grebak, atxiloketak, tiroketak eta abarrek jarraitu zuten. 1934ko Asturiaseko iraultza izan zenean, gerora diktadorea izango zen Franco etorri zen eta errepresioa bortitza izan zen. Urriaren 5erako, Durruti berriz zegoen kartzelan.

Lerroux kargua utzi beharrean izan zen eta, ostera ere, hauteskundeak deitu zituzten otsailaren 16rako. 1936ko hilabete pare hartan, CNT eta FAI-k antolatutako mitin ugari izan zen eta batasun iraultzailearen alde egin zuten. Oraingo honetan arrisku handiegia zen abstentziora deitzea.

Herri Fronteak irabazi zituen hauteskundeak eta erreformak ezinbestekoak ziren. Horrela esan zuen Durrutik martxoaren 4ko mitinean Bartzelonan:[4]

« Ez ginen hona etorri jauntxo batzuen etorrera ospatzera. Ezkerreko gizasemeei garaipena guk eman geniela esatera etorri ginen eta gu garela arazoak di-da batean konpontzeko bidean jartzen ditugunak. Gure eskuzabaltasunak determinatuko dut apirilaren 14ko errekonkista. »

Maiatzaren 1etik 12ra arte, CNTren IV. Kongresua ospatzen zen Zaragozan eta garrantzi handia eman zitzaion. 982 sindikatu eta 550.595 afiliatu ordezkatzen zituzten 649 delegatu agertu ziren. FAIrentzako izugarrizko garaipena izan zen. Berehalako soluzioa behar zuten arazoez teorizatu zuten: nezakal erreforma, lan jornadaren jaitsiera... Kausura Zaragozako zezen-plazan izango zen mitin handi batekin emango zitzaion. Hiria anarkosindikalistez hartua izan zen eta arrakasta ukaezina zen.

Espainiako Gerra Zibilaren aldian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko uztailaren 18an izan zen altxamendu militarra. Ezkerreko izen ospetsu batzuk harritu egin ziren eta kezka nagusitu zen. CNT-FAIko militanteen erantzuna, berriz, oso bestelakoa zen eta armak eskatzen ari ziren Bartzelonan, militarrak altxatu baino lehen. Companysen ezetzak anarkistak haserretu zituen eta kalera irten ziren borrokara.

Durruti, Ascaso, Jover, García Oliver, Aurelio Fernández eta beste anarkosindikalista batzuk lideratu zituzten indar herrikoiak eta altxamendua ixilarazita zegoela uste izan zuten. Godek jenerala atxilotzea lortu zuten eta Durrutik emaitzekin gustura zegoela zirudien. Hala ere, hilaren 20an, zartako handia izan zuten anarkistek, Francisco Ascaso hil baitzuten, kopetan eman zioten tiroz. Buenaventuraren haserrea izugarrizkoa izan zen eta zuzen-zuzenean joan zen borrokan ari ziren koarteleko atarira. Lagunak ere bere atzetik joan zitzaizkion eta handik gutxira militarrak errenditu beharrean izan ziren.

Uztailaren 21ean, Milizia Antifaxisten Komite Zentrala eratu zuten eta horrela osatu zuten: UGT-ko 3 ordezkari, José del Barrio, Salvador González eta Antonio López; Esquerrako beste 3, Juan Pons, Jaime Miravitlles eta Artemio Ayguadé; Acción Catalanako bat, Tomás Fábregas; Unión de Rabassaireseko beste bat, José Torrents Rosell; POUM-eko bat, José Rovira; PSOE-ko beste bat, José Miret; FAI-ko bi, Aurelio Fernández eta Diego Abad de Santillán; eta CNT-ko hiru, Juan García Oliver, José Arens eta Buenaventura Durruti. Komitea eratu eta segidan, bando bat argitaratu zuten jendea erreklutatzeko eta erretaguardiako segurtasuna indartzeko.

Testua ez zen Durrutiren gustuko izan eta Komitearekin ezadostasuna izan zuen, baina ez ziren enfretatzera iritsi. Buenaventurak laster eratu zuen bere zutabea eta Zaragozarantz abiatu zen, leku hura eurenganatzea ezibestekoa zelako. Uztailaren 24an, Durruti Zutabea Bartzelonatik irten zen Aragoira joateko. Fronterantz abiatu baino lehenago, Von Passen kanadiar kazetariak Toronto Starren argitaratuko zen elkarrizketa egin zion Buenaventurari:

« Durruti: Espainiar herriak iraultza nahi du eta lortzear dago, faxisten aurka. Hau da gure helburu orokorra. Bi bide besterik ez dugu ikusten: langileon garaipena, hau da, askatasuna, edo faxisten garaipena, tirania. Bi lehiakideek ondo baino hobeto dakite porrotaren aurrean zer gertatuko zaien. Horregatik, nire ustez, borroka gogorra izango da. Guretzat faxistak zapaldu behar ditugu, sekula bururik altxatzeko aukerarik ez dezaten izan. Faxismoarekin bukatzeko asmoa dugu, errepublikar gobernua gurekin ez badago ere.

Von Passen: Zergatik ez duzue errepublikar gobernua alde? Ez al du berak ere altxamendu faxistaren aurka egiten?

D.: Munduan ez da faxismoa suntsitzearen alde borrokatzen duen gobernurik. Burgesiak aginteak alde egiten diola ikusi bezain pronto, faxismorantz hurbiltzen da, bere pribilegioak mantentzeko xedean. Horixe gertatu zaio Espainiari. Errepublikako gobernuaren benetako nahia faxisten porrota izan balitz, aspaldi lortuta izango luke! Behar bezala borrokatu ordez, konpromiso eta akordioren bila ibili da. Une honetan ere, hainbat gobernuko kide faxisten aurkako neurri moderatuak hartzearen aldeko dira.

V. P.: Largo Caballero eta Indalecio Prietok Herri Frontearen misioa Errepublika salbatzea eta ordena burgesa berrezartzea dela esan dute. Zuk, ordea, Durruti, herriak iraultza hurrunago eraman nahi duela diozu. Nola hartu behar dugu kontraesan hau?

D.: Antagonismoa begibistakoa da. Jaun hauek, demokrata burgesak, ezin dute bestelako ideiarik izan. Baina herria, langileria, ez dute engainatzen. Langileek badakite zer nahi duten. Guk borroka ez dugu herriagatik egiten, herriarekin baizik, hau da, Iraultzagatik. Badakigu bakarrik gaudela borroka honetan eta ezin dugula beste inoren laguntzarekin konta. Hasieratik dakigu Errusiak erakutsiko duen jarrera. SESB-entzako, iraultza burges samarra egin ondoren, lasaitasuna da beher dena. Lasaitasun horregatik, Stalinek alemaniar langileriaren ekinari muzin egin dio, aurrez txinoei egin zien bezala. Horregatik guk gure arrazoi propioa eraiki nahi dugu eta gaur egitea biharko uztea baino hobea dela iritzi diogu: hurrengo Europako gerrak eztanda egin aurretik ahal bada! Horrela, gure jarrera italiar eta alemaniar langileentzako eredu izango da, eta faxismoari aurre nola egin diezaiokegun ikusiko dute. Horregatik ez dugu inork lagunduko digunik uste. Hitler eta Mussolinik, ingeles eta frantses demokratak bezalaxe, iraultzaren hedapenari beldurra die, eta Stalini ere, beste zentzu batean, baina gauza bera gertatzen zaio.

V. P.: Beraz, zuk, Durrutik, behin Hitler eta Mussolinik zuen arerioari laguntza eman eta gero, ez duzu Frantzia eta Ingalaterrak zuei lagunduko dizuenik?

D.: Ez dago iraultza proletario bati lagundu nahi dion gobernurik. Hala ere, inperialismoen artean dauden ika-miken ondorioek eragina izango dute gure borrokan. Francok, adibidez, egin ahal guztiak egingo ditu Alemania gure aurka jartzeko. Baina, hori ez da garrantzitsuena, lehen esan bezala, ez baitugu inoren laguntza espero, ezta gure gobernuarena ere.

»

[5]

Caspe hartzea izan zen Durruti Zutabearen lehenengo ekintza. Enparantzaz jabetu ondoren, milizianoak inguruko herrietara zabaldu ziren: Peñalba, Osera, Monegrillo, Fortlete, Bujaraloz, Candasnos, Valfarta, Pina del Ebro...

Durruti Bujaralozen instalatu zen eta kazetariak eta lagunak hartzen zituen han eta gerrarako eta iraultzarako planak egiten zituen. Durrutiren ustez, gerra eta iraultza soziala banandu ezin zitezkeen gauzak ziren. Zutabeak herri bat hartu bezain laster, nekazarien kolektibitateak jartzen ziren abian. Aragoiko kolektibizazioak lurren %70 ingurua besarkatzera iritsi ziren. 450 kolektibitate izan ziren eta boluntarioa zen atxikimendua.

Montreal Starreko kazetariari honela esan zion Durrutik:

« Auzo miserableetan bizi izandu gara, eta suntsitzen badugu ere, eraikitzeko gai ere bagara. Geuk eraiki genituen jauregi eta hiriak Espainian, Ameriketan eta baztar guztietan. Geuk sortu genitzake hiri oraindik hobeak; hondakinek ez gaituzte izutzen. Lurraren oinordeko bilakatuko gara. Burgesia, bere mailari eutsi nahian, mundua leherrarazteko gai da. Baina geuk mundu berri bat daramagu bihotzean. »

Bestalde, arma gabezia Durrutirentzat obsesio bihurtzen ari zen. George Orwellen hitzetan, gabezi hura izugarria zen eta ez zuen ulertzen nola ez zen gertatzen desertzio gehiago.

Arazoa konpondu nahian, Durruti Madrilera joan zen Largo Caballerorekin elkarrizketa izateko asmoz. Han ere ez zuen armarik lortu eta Largok Aragoira itzultzeko eskatu zion, armak erosteko dirua bidaliko ziola-eta.

Durruti Aragoira joan zen, baina dirua ez zen sekula iritsi. Durruti bakarrik geratzen ari zen. Lehen kamarada izandako batzuk, García Oliver tarteko, politizatzen hasita zeuden. Beste batzuk, Abad de Santillán kasurako, hanka bat han eta bestea hemen zebiltzen, eta ez zegoen konfiantza beraiengan jartzerik.

1936ko urrian, Madril arriskuan zegoen. Largo Caballerok batasunerako deia egin zien denei eta gobernu berri bat osatu zuten eta CNT-ko lau ordezkari bertan sartu ziren: Juan López, Juan Peiró, Federica Montseny eta Juan García Oliver. Gobernua eratu eta Valentziara joan ziren, Madrilen, Miaja jeneralaren menpean, Defentsa Junta geratzen zen bitartean. Madrileko defentsarako anarkisten kolaborazioa eskatu zuten eta Horacio M. Prieto, CNT-ko idazkari nagusia, berehalakoan joan zen Aragoira. Helburua Durrutiri Madrilerako laguntza eskatzea zen.

«Ez dago hitz egiteko ezer! Ez dut Aragoi uzteko asmorik!», erantzun zuen Durrutik. Prietok diziplina eta erantzukizuna argudiatu zituen eta Durruti haserretu zitzaion: «Nik Iraultza ez den diziplinarik ez dut ezagutzen. Beste guztiari dagokionez, ikas ezazue behingoz: ¡Haizea hartzea burokraten ardurak!».

Handik gutxira, Abad de Santillán eta Federica Montseny joan ziren Durrutiren laguntzaren bila. Presio haien guztien ondoren, Durruti eta 1.800 miliziano Madrilerantz atera ziren. Azaroaren 15erako han ziren. Anarkistei egotzitako lekua erabat arriskutsua zen eta berehala izan ziren baja asko. 18an, 1.800 miliziano haietatik 700 bakarrik geratzen ziren.

1936ko azaroaren 19an, Durrutiren milizianoak Ospitale Klinikoari eraso egiteko prestatu ziren. Gauzak ez ziren nahi bezala atera eta bere gizonek plana bertan behera utzi nahi zuteneko berria iritsi zitzaion Buenventurari. Hori jakitean, harantz abiatu zen Durruti eta hangoekin hitz egiten hasi zen beren postuetan jarraitzeko konbentzitu nahian. Adostasuna lortu eta gero, eguerdiko ordu bata aldera, Durruti kotxerantz joan zen eta, une hartan, inorena ez zen bala batek Durruti zauritu zuen bularrean. Egoera larrian, ospitalaren egoitza ezarria zegoen Ritz Hotelera eraman zuten eta hurrengo goizaldeko lauetarako hila zegoen. Autopsiak 9 mm-tako kalibreko bala batek eragindako kalteek eragin zutela heriotza esan zuen, toraxa zulatu eta errai garrantzitsuak izorratu zizkion. Gorpua Madrileko zerbitzu espezializatuen esku geratu zen, enbaltsamatzeko eta, ondoren, Bartzelonara eraman eta lur emateko. Desanimoari ekidin nahian, herriari ez zitzaion Durrutiren heriotzaren berri eman nahi.

Buenaventura Durrutiren hilobia

Desmoralizazioak gogor jo zuen anarkisten taldean. Lagunaren heriotzak hondoa jota utzi zituen. Miliziano libertario gehienak Madril utzi eta Aragoira joan ziren.

Franco hil baino 39 urte lehenago, 1936ko azaroaren 20an hil zen anarkismoaren azken itxaropen handia: Buenaventura Durruti.

Azaroaren 22ko igandean, milioi erdi bat langile izan ziren Bartzelonan azken agurra emateko Durrutiri.[1] Hilerri Berrirako bidean, hiriko zenbait kale bete ziren, Vía Layetanari, kasu, orduz gero eta gerra bukatu arte, Buenaventura Durrutiren Etorbidea izena ezarri zioten. Ziurrenik, Sobietar Batasunean Kropotkinekin egin zenean bezala, hau izango zen azken manifestazio libertario erraldoia.

Durrutiren heriotza argitu gabe geratu zen eta hipotesi ezberdinak izan dira. PCE-ren iritzi berekoa zen, Gerra Zibila irabazi lehenengo eta ondoren iraultza egingo zen, baina lurra kontrolpean izatea ezinbestekoa zen eta jarrera honek CNT anarkosindikalaren aurka kokarazi zuen. CNTren esanetan, bala faxista bat izan zen hiltzailea. Nazionalen Irratiek komunistek hil zutela esan zuten; hauek, berriz, trotskistak izan zirela zioten edo anarkistak, zuzendaritzarekin liskarretan zebilelako. Lapurrak izan zirela ere esan zuten; eta berak bere buruari egin ziola tiro ere bai.

Nolanahi ere den, Durruti 1936ko azaroaren 20an hil zen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Buenaventura Durruti Aldatu lotura Wikidatan