Chinua Achebe
Albert Chinụalụmọgụ "Chinua" Achebe (Ogidi, Onitshako eskualdea, Nigeria, 1930eko azaroaren 16a - Boston, Massachusetts, 2013ko martxoaren 21a) nigeriar eleberrigile eta poeta izan zen. Inglesez idazten zuen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jaiotzez, Albert Chinualumogu Achebe bezala inskribatua, gaztea zela izena aldatu zuen; Chinua aukeratu zuen igbo izen klasikoa dena. Ama eta arrebeei esker, iboen ahozko literatura ezagutu zuen. Eskolan nabarmendu zen ikasle gisa. Denbora asko ematen zuen eskolako liburutegian ingeles hizkuntzako idazleen lanak irakurtzen, hala nola Charles Dickens, W. B. Yeats, Joseph Conrad edo Robert Louis Stevenson [1].
1948an Nigeriako lehenengo unibertsitatean, University College delakoan (egun, Ibadán Unibertsitea), orduan Londresko Unibertsitatera atxikita, medikuntza ikasteko beka eskuratu zuen. Halere, ibilbidea aldatu eta literatura ikasten hasi zen aurrerantzean. Garai hartan hasi zen idatzitako ipuinak argitaratzen.
Letretan lizentziatutakoan, irakasle gisa aritu zen hilabete batzuk eta gero irratian hasi zen lanean, Lagosen testuen edizioan eta saioak prestatzen batik bat. Ondoren, 1956an Londresera joan zen BBCn prestakuntza hartzera. Itzulitakoan NBC irratian gora egin zuen eta 'Voice of Nigeria' agenzia sortu eta zuzendu zuen. Heinemann argitaletxeak kaleratu zuen Things fall Apart eta berehalako arrakasta lortu zuen. Izan ere, lan honek hasiera eman zion argitaletxeko idazle afrikarren bildumari. 1961 urtean Christiana Chinwe (Christie) Okoli andrearekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituzten. 1967-1970 urteen artean, Nigeriako Gerra Zibila izan zen eta Achebek Biafrako errepublika sezesionistaren alde engaiatu zen. Afrika eta Europan zehar bidaiatu zuen urte horietan, errepublika berriaren aldeko lanak egiten nazioartean. Literatura alorrean, poesia landu zuen etapa honetan.
1972tik 1976ra bitartean, Amerikako Estatu Batuetako zenbait unibertsitateetan irakasle gisa jardun zuen. Egoera baretu zenean, Nigeriako Unibertsitatera itzuli zen, baina pasaportea kendu zioten.[2].
1990an auto istripu baten ondorioz, elbarri geratu zen. Azken urteak literatura irakasle gisa aritu zen AEBtan.
2012an argitaratu zuen bere azken lana, There Was a Country non Biafrako gerraren inguruko gogoeta pertsonalak plazaratzen dituen eta nigeriar askoren kritikak jaso zituen, igboen ikuspuntutik egina baitago. Gaixoaldi labur baten ondoren, hil zen 2013ko martxoaren 21ean, Bostonen, Ameriketako Estatu Batuetan. Handik gutxira, jaioterrian ehortzi zuten gorpua, Ogidin.[3].
Ibilbide literarioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bizimodu modernoak Afrikako kultura tradizionalean izan duen eraginari buruzko gogoeta egiten du bere nobeletan. Ingelesez idatzi du ia beti, eta igbo herriaren bizimodua eta gizartea deskribatu ditu, britainiarren lege kolonialekiko eta mendebaldeko kulturaren zapalkuntzarekiko etengabeko borrokan.
Alde batetik, ingelesezko testuetan iboerazko hitzak azaltzen dira eta bestetik, iboen ahozko tradizioaren elementuak, hala nola, esapideak, atsotitzak, abestiak eta ipuinak. Ingelesez idazteko hautua azaltzeko, britainiarrek ezarritako hizkuntza izanik, nazioarteko trukerako bitartekari balioa azpimarratzen du.[4] Izan ere, 1962 urtean Makerere Unibertsitatean, Kanpalan ingelesez aritzen ziren idazleen batzarra izan zen, non jatorrizko hizkuntzetan idazten zituztenak ez zuten aintzakotzat hartu. Bertan, afrikar literaturaren inguruko hausnarketak zabaldu ziren, baina belaunaldi horren lana, atzerritar hizkuntzatan idazten, afroeuropar literatura gisa hartua izan da, nazioarteko argitalpenak bultzatuta.[5][6]
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere lehen nobela, Things Fall Apart (1958, Gainbehera dator dena), 50 hizkuntza baino gehiagotara itzulia izan da (tartean, euskarara), eta idazle afrikar itzuliena bihurtu da honela. Afrikar literaturako libururik salduenetakoa den honekin (zortzi milioi ale baino gehiago), ospe handia lortu zuen nazioartean. The Arrow of God (1964, "Jainkoaren gezia") eta A Man of the People (1966, "Herriko gizona") nobeletan ere, usadiozko kulturaren eta igboen hizkuntzaren arazoak darabiltza, sentimentalkeriarik gabe eta ironiaz. Girls at War (1972, "Neskak borrokan") liburuak historia laburrak biltzen ditu. Anthills of the Savannah (1987, "Sabanako inurritegiak") da bere azken nobela. Poesia ere idatzi izan du, esate baterako, Christmas in Biafra (1973, "Eguberriak Biafran"), eta baita saiakerak ere, Morning Yet on Creation Day (1975, "Munduaren sortze-eguneko goiza zen oraindik") kasu.
1971. urtetik aurrera, Afrikako literatura-aldizkari garrantzitsuenetakoa den Okike aldizkariaren argitaratze-lanetan ibili da. 1971 idatzi zuen "Dirge for Okigbo", jatorriz igbo hizkuntzan, gero ingelesera itzulita.
Lan euskaratuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Things Fall Apart izan da euskarara ekarritako Acheberen lan bakarra eta horren bi bertsio ditugu:
- Gainbehera dator dena, Irun: Alberdania, 2007. Itzultzailea: Alberto Martinez de la Cuadra
- Kito dena!, Donostia: Elkar, 1991. Itzultzailea: Jose Antonio Mujika. Kasu honetan euskara ikasten ari direnentzat egokitutako bertsioa
Sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Margaret Wrong Memorial Prize (1959)
- Nigerian National Trophy for literature (1960)
- Commonwealth Poetry Prize (1972)
- Commonwealth Poetry Prize (1979)
- Nigerian National Merit Award (1979)
- Friedenspreis des Deutschen Buchhandels, Alemaniako bakearen aldeko liburudenden saria (2002)
- 2004 urtean, Achebek uko egin zion Commander of the Federal Republic (CFR) ohorezko izendapenari, Nigeriako politikaren aurkako protesta gisa, eta 2011 urtean bigarren aldiz, korrupzzioa salatzeko [7].
- Man Booker International Prize, fikziozko idazle gisa (2007) bere obra osoagatik.
2013an Literaturako Nobel Sariarako izendatzeko kanpaina abiatu zen hil osteko izendapen gisa. Wole Soyinka idazle nigeriarra eta Nobel sariduna bera, hautapena plazaratzeko proposamenak jaso zituen, baina ez zuen bidezko ikusi.[8].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ (Gaztelaniaz)Recordando a Achebe / Sonia Fernández Quincoces Literafricas blogean[1][Kontsulta data: 2019-05-19a]
- ↑ (Ingelesez)Ezenwa-Ohaeto.-Chinua Achebe: A Biography (1997)
- ↑ (Ingelesez)Albistea argitaratua Bellanaija nigeriar blogean, 2013ko maiatzaren 24ean A Legend Goes Home! Chinua Achebe buried in His Home Town, Ogidi in Anambra State [2]
- ↑ Martinez de la Cuadra, Alberto.- Gainbera dator dena liburuaren hitzaurrean, orr. 19-20
- ↑ Jauregi, Joannes. «Hizkuntza gudu zelai» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-12-21).
- ↑ (Gaztelaniaz)Descolonizar la mente: la política lingüística de la literatura africana .- Ngugi wa Thiong'o.- Barcelona : Penguin Random House, 2015. orr. 64-66
- ↑ Albistea jasotzen duen prentsa artikulua: The Guardian egunkarian, 2011ko azaroaren 14an [3]
- ↑ (Ingelesez)Elkarrizketa Wole Soyinkari, Achebe Nobel Saria jasotzeko deialdien ingurukoa The Guardian egunkarian 2013ko maiatzaren 20an [4]