Donostiako Jazzaldia
Donostiako Jazzaldia | |
---|---|
Sorrera | 1966ko irailaren 10a |
Lekua | Donostia (Gipuzkoa) Euskal Herria |
Data | urtero, uztailaren 4. astea |
Iraupena | 5 egun |
Zuzendaria | Miguel Martín |
Egoitzak | Victoria Eugenia antzokia Kursaal jauregia Trinitate plaza Zurriolako hondartza |
Webguneak |
|
Donostiako Jazzaldia— Euskal Herriko eta Europa osoko jazz jaialdirik garrantzitsuenetarikoa da, eta espainiar estatuan zaharrena, Donostian antolatua 1966tik.
Uztaileko hirugarren astean egiten da, eta kokalekuei dagokienez Trinitate plaza zaharrenetarikoa eta kuttunenetarikoa da. Gainera, Kursaal jauregian, Anoetako belodromoan eta Zurriolako hondartzan jazzaldirako agertokiak izan dira. Jazzaldiak gutxi gorabehera ehun kontzertu antolatzen ditu hirian zehar; batzuk dohainik dira, eta beste batzuk ordaindu beharrekoak. 2023ko edizioan, 191.000 pertsona izan ziren jazzaldiko kontzertuetan.[1][2]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Donostiako Jazzaldia Espainiako zaharrena da eta Europako zaharrenetariko bat. Jaialdia etenik gabe ospatu da 1966tik aurrera. Jazzaldiaren historia eta jazz garaikidearen historia parekoak dira. Musikari eta abeslari ezagunak parte hartu dute jaialdian; esaterako, Charles Mingus,[3] Ella Fitzgerald, Oscar Peterson, Dizzy Gillespie, Miles Davis, Dexter Gordon, Art Blakey, Ray Charles, Sarah Vaughan, Stan Getz, Don Cherry, Ornette Coleman, Gerry Mulligan, Weather Report, Hank Jones, Sonny Rollins, McCoy Tyner, Wynton Marsalis, B.B. King, Diana Krall, Van Morrison, Liza Minnelli, Pat Metheny, Herbie Hancock, Chick Corea eta Keith Jarrett izan dira jaialdian.
Lehenengo Jazzaldia 1966ko martxoaren 10ean eta 11n izan zen.[4] Hurrengo urtean, uztailean egin zen eta ordutik uztailean egiten da urtero. Talde amateurrentzako nazioarteko lehiaketa batekin hasi zen,[5] eta emanaldi profesional bakarra izan zen, Mickey Baker gitarristak eskainia.
Antolatzaileek Trinitate Plaza aukeratu zuten Jaialdiaren kokaleku gisa. Trinitate Plaza 1963an eraiki zen, Peña Gantxegi arkitektoaren proiektuari jarraituz, hiriko harresien eraispenaren mendeurrena ospatzeko. Plaza Parte Zaharraren bihotzean kokatua dago, eta Errenazimenduko San Telmo Museoa eta XVIII. mendeko Santa María Basilika eraikinen, Urgull mendiaren eta Parte Zaharreko etxe bitxien artean egoteak atmosfera berezia ematen dio.
Trinitate Plaza Jazzaldiaren ikurra izan da urteetan zehar. Musikariek tokiaren xarma goraipatzen dute eta ikusleak agertokitik oso gertu daude. 70eko hamarkadan, parte hartzen hasi ziren musikariak esanguratsuagoak zirenez, areto handiagoak bilatu behar ziren kontzertuetarako. Horregatik, Jazzaldia kontzertuak Belodromoan eta Kiroldegian antolatzen hasi zen, baina 90eko hamarkadan Trinitate Plazara itzuli zen berriro.
Lehenengo edizioetan, jazzaren ildo nagusia, jazz tradizionala eta bluesa izan ziren nagusi programazioan eta, besteak beste, Milt Buckner, Jo Jones, Cab Calloway, John Lee Hooker edo Muddy Waters bezalako musikariak izan ziren.
Handik gutxira, Jazzaldiak leku egin zien beste jazz estiloei, gehienbat Charles Mingusek eskainitako emanaldiak eta gero (1974 eta 1977). 80ko eta 90eko hamarkadetan galdu ezinezko puntako kultur ekimen bilakatu zen. Zenbait kontzertutan, 1981ean Chick Coreak Belodromoan eskainitakoan adibidez, 15.000 pertsona elkartu ziren. Hala ere, denboraren poderioz, ikusleak gutxitu ziren, beste zenbait musika jaialdi eta ekitaldi sortu baitziren Espainian.
1992an, Jaialdiaren antolatzaileek Belodromoa utzi eta Trinitate Plazara bueltatzea erabaki zuten, eta handik gutxira beste zenbait agertoki aukeratu zituzten –hamabi gaur egun– Jazzaldia hiri osoan zehar zabaltzeko.
Jazzaldiak antolatzen dituen kontzertuetan gora egin du ikusle kopuruak eta, honekin batera, ikusle gazteak ugaritu egin dira, gehienbat Zurriolako hondartzan eta Kursaaleko terrazetan eskaintzen diren doako kontzertuetan.
Agertokiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Trinitate plazako agertokia
Donostiako Parte Zaharrean dagoen agertoki hau jaialdiak dituen 48 urteen arima da. Bertan izan dira jazzaren izen handi guztiak. Donostiako bi monumentu historikoren artean kokatua, Santa Maria Basilika eta San Telmo Museoa, barruti paregabea da, bakarra munduan, eta giro berezia sortzen du hala musikarientzat nola ikusleentzat ere.[6]
- Kursaal auditorioa
Rafael Moneo arkitekto entzutetsuak diseinatutako auditorio modernoa. Bere 1.800 eserlekuek ikuspen eta akustika paregabea dute. Horregatik, oso eremu egokia da bakarkako eta formatu txikietako errezitaldientzako, nahiz eta agertokiaren tamainak orkestra eta abesbatza handiak programatzea ere ahalbidetzen duen.[7]
- Victoria Eugenia antzokia
Estilo italiarreko antzoki bikain honek 100 urte bete ditu 2012an. 2007tik 2011ra bitartean zaharberritze lan arretatsua egin zen, jatorrizko itxura mantenduz eta gaitasun teknikoak hobetuz. Bere edukiera mugatuari esker, 888 eserleku, oso agertoki egokia da artista eta publikoaren arteko konplizitatea sortzeko.[8]
- Victoria Eugenia Club
Victoria Eugenia Antzokiaren zaharberritzeari esker oneratu zen espazio hau, eta agertoki nagusiaren azpian kokatua dago. Argiztapen eta soinu aldetik dituen baldintzak, eta bere edukiera mugatuak, 150 ikusle, oso egokiak dira jazz klubetako giroak birsortzeko.[9]
- San Telmo Museoa
San Telmo Museoa Donostiako monumenturik zaharrenetakoa da, XVI. mendekoa, eta 2011an ireki zen berriz, hegal modernoago bat gehitu zion zaharberritze lanen ondoren. Eliza espazio paregabea da bere akustikarengatik eta José María Sert-en fresko ikaragarriengatik. Errenazimendu garaiko klaustroak giro magikoa sortzen du gaueko kontzertuetan.[10]
- Zurriola hondartzako agertokia
Jazzaldiko agertoki animatuena eta gazteena, edukiera (Zurriola hondartza guztia) eta estilo mugarik gabekoa. Gauero jendetza biltzen da hondarrean, eta ikusle kopuru historikoak bildu izan ditu: Bob Dylan (83.000 pertsona 2006an), Jamie Cullum (50.000, 2013an), B.B. King (41.000, 2011n), Simple Minds (40.000, 2022an), Patti Smith (20.000, 2010an) eta Bobby McFerrin Donostiako Orfeoiarekin (18.000, 2008an).[11] Programatzen diren artisten erakargarritasunari, testuinguru natural paregabeari eta kontzertuak doakoak izateari esker, gazteen artean Jazzaldiko agertokirik ezagunena da.[12]
- Kursaaleko Terrazak
Kursaaleko terrazak, itsasoaren parean eta hondartzaren ondoan dauden hiru agertoki dira. Publiko anitzena duen espazioa da. Era eta adin guztietako publikoak jazzaz gozatzen du bertako eta aire zabaleko doako kontzertuez.
- Nauticool
Donostiako leku pintoreskoenetako batean dago: Nautikoaren terrazan, Kontxako Badia eta portua inguruan dituela. Ilunabarrak zoragarriak dira. Agertoki paregabea da formatu txikiko kontzertuak eskaintzeko eta musikarien eta publikoaren arteko harreman estua indartzeko.
Beste agertoki batzuetan ere egiten dira kontzertuak: Kutxa Kultur, Tabakalera, Chillida Leku...
Donostiako Jazzaldia Saria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1994tik aurrera, Jazzaldiak Donostiako Jazzaldia Saria ematen dio jazz munduan nabarmena den eta Jazzaldian parte hartu duen musikari edo abeslari bati. Sari honen helburua jazzari egindako ekarpena eta etorkizuneko belaunaldietan izan duen eragina eskertzea da. Saria bera Jazzaldiaren agertoki nabarmenenaren, Trinitate Plazaren, irudia duen plaka bat da.
Sarituen zerrendak honako izen esanguratsuak biltzen ditu:
- 1994: Doc Cheatham
- 1995: Phil Woods
- 1996: Hank Jones
- 1997: Steve Lacy
- 1998: Chick Corea
- 1999: Max Roach eta Clark Terry
- 2000: Kenny Barron
- 2001: Ray Brown
- 2002: Elvin Jones
- 2003: Bebo Valdés
- 2004: Shirley Horn eta Fernando Trueba
- 2005: Keith Jarrett eta Charles Mingus (in memoriam)
- 2006: Herbie Hancock
- 2007: Wayne Shorter
- 2008: Ahmad Jamal
- 2009: Roy Haynes
- 2010: Ron Carter
- 2011: Toots Thielemans
- 2012: Jimmy Cobb eta Pierre Lafont (in memoriam)
- 2013: Lee Konitz eta Juan Claudio Cifuentes
- 2014: Toshiko Akiyoshi
- 2015: Benny Golson
- 2016: Ellis Marsalis
- 2017: Charles Lloyd
- 2018: Mary Stallings eta Michel Portal
- 2019: John Zorn
- 2020: Jorge Pardo, Chano Domínguez eta Iñaki Salvador
- 2021: Chucho Valdés eta La Locomotora Negra
- 2022: Amina Claudine Myers eta Mulatu Astatke
- 2023: Abdullah Ibrahim, Enrico Rava eta Yosuke Yamashita
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Amaitu berri den 48. Heineken Jazzaldia bere historia luzeko distiratsuenetako bat izan da»[Betiko hautsitako esteka], Heineken Jazzaldia webgunea, 2013-07-29.
- ↑ (Gaztelaniaz) https://web.archive.org/web/20140714185845/http://www.diariovasco.com/jazzaldia/noticias/heineken-jazzaldia-bate-nuevo-201307291330.html
- ↑ (Gaztelaniaz) http://elpais.com/diario/1977/04/03/cultura/228866412_850215.html
- ↑ (Gaztelaniaz) http://hemeroteca.abc.es/nav/Navigate.exe/hemeroteca/madrid/abc/1966/09/10/040.html
- ↑ (Gaztelaniaz) http://elpais.com/diario/1977/07/21/cultura/238284008_850215.html
- ↑ Trinitate plazako agertokia[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Kursaal Auditorioa (Kutxa gunea)[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Victoria Eugenia antzokia (Skoda gunea)[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Victoria Eugenia Club[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ San Telmo Museoa[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ (Gaztelaniaz) https://web.archive.org/web/20141020220409/http://www.kursaal.com.es/kursaal/de/antony-and-the-johnsons-madeleine-peyroux-y-bobby-mcferrin-estrellas-de-jazzaldia-en-el-auditorio.asp?Cod=4133&nombre=4133&sesion=14
- ↑ Agertoki Berdea[Betiko hautsitako esteka]
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- TORQUEMADA, Jesús. 40 Años/ Urte Jazzaldia Festival de Jazz Donostia-San Sebasián. Donostia: Donostiako Jazzaldia, 2004. ISBN: 84-609-5730-6
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Donostia |