Gram tindaketa
Gram tindaketa bakterioen espezieak bi talde handitan sailkatzeko metodo enpirikoa da: Gram positiboak (koloratzaile nagusia atxikitzen dutenak) eta Gram negatiboak (koloratzaile nagusia galtzen dutenak). Bakterioen zelula hormaren propietate fisiko eta kimikoetan oinarritzen da. Gram positiboek zelula horma lodiago eta trinkoago dute, eta ondorioz erabilitako lehen koloratzailea (bioleta kristala) errazago finkatzen dute.
Metodoak bere asmatzailearen izena darama, Hans Christian Gram (1853–1938) zientzialari daniarrarena alegia. Honek, teknika hau garatu zuen 1884an, pneumokokoak eta Klebsiella pneumoniae bakterioak elkarrengandik bereizi ahal izateko.
Tindatze prozeduran bioleta kristala, lugol, alkohol eta safranina erabiltzen dira. Gram positiboak bioletaz tindaturik agertzen dira, eta Gram negatiboak gorriz (bioleta kristala galtzen baitute safraninaren kolorea hartuz).
Gram tindaketa oso lagungarria da laborategian bakterioak identifikatzeko. Bakteriar identifikazioan saio biokimikoek eta antigenikoek garrantzi handia badute ere, Gram tindaketak baieztatu dezake aurreko frogek emandako diagnostikoa.
Prozedura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Portaren gainean ur tanta bat jarri
- Mikroskopioz behatu nahi den lagina tantan jarri
- Portaren gainean zabaldu
- Giro tenperaturan lehortzen utzi
- Beroarekin edo metanolarekin minutu batez bertan finkatu
- Bioleta kristala gehitu eta minutu batez itxaron. Tinta honek bakterioei kolore morea emango die.
- Ura gehitu garbitzeko
- Lugola gehitu eta minutu erdi bat itxaron. Hau bioleta kristalaren finkatzailea da, hau da, bere afinitatea handitzen du.
- Alkohol azetona gehitu eta minutu bat itxaron. Honek bakterio Gram negatiboak bakarrik dekoloratzen ditu.
- Urarekin garbitu berriz ere
- Safranina gehitu (kolore arrosa emango die bakterioei) eta minutu erdi bat itxaron. Bakterio guztiak koloratzen ditu, baina guk aurretik dekoloratutako bakterioak bakarrik ikusiko ditugu kolore honekin.
- Azkenik, berriro urarekin garbitu eta utzi lehortzen