Edukira joan

Haur besoetakoa

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Haur besoetakoa
Datuak
Idazlea (1954)
Argitaratze-data1970
GeneroaEleberria
HizkuntzaEuskara
HerrialdeaEuskal Herria

Haur besoetakoa Jon Miranderen eleberri bakarra da, 1954an idatzia baina editorerik ez aurkitzeagatik 1970 urtera arte argitaratu ez zena. Gizon heldu batek bere iloba eta haur besoetako nerabearekin duen maitasun harremana kontatzen du eta horregatik polemikoa izan da urtetan. Lehen edizioak Gabriel Arestiren aurkezpen kritiko bat dakar non "liburua haur listoen eta gizon tontoen eskuetatik urruti gorde" behar zela esaten duen. Gai tabuak ukitzen ditu, intzestua, adin txikikoekiko sexu harremanak eta suizidioa, moral burgesaren itxurakeriaren aurka. Arrakasta handia izan zuen eta urtez urte edizio ugari izan ditu. Euskal narratiba modernoaren mugarrietako bat da. Miranderen Haur besoetakoa Vladimir Nabokoven Lolitarekin alderatu izan da, baina badakigu Mirandek lana idatzi zuenean ez zuela eleberri horren berri.

Lapurteraz idatzita zuelarik, gipuzkeraz jarri zuen Mirandek, horrela argitaratuko zioten esperantzarekin. Azkenik, Lur Argitaletxeak 1970ean argitaratu zuen.

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Familia diruduneko gizon batek, Teresa bere iloba eta haur besoetakoa etxean hartuko du umezurtz gelditzen denean. Gizona, gorrotoa eta nazka besterik eragiten ez dion emakume batekin ezkontzekotan dagoela, hamaika urteko neskatoaz maiteminduko da, jende guztiak gaitzetsiko duen maitasun istorioa hasiz. Gizonak, bere etxaldean, Teresa hezteko ardura oso-osorik beregain hartuko du. Jendartearen ustelkeriatik urruti, neskatoa ez du gehiago eskolara bidaliko, eta gai guztietan heziko duela erabakitzen du, baita sexu harremanetan ere. Bikoteak ezinen ditu bere asmoak aurrera atera eta istorioaren bukaera guztiz tragikoa da.

Pasarte batzuek erotismo puntu bat badute, baina ez dira Miranderen gainerako lanetan bezain gordinak. Liburua jendarte burgesaren itxurakeria eta moral bikoitzaren aurkako erasoa da. Bertan Mirandek bere filosofia antikristaua eta erasokorra agerrarazten du, Joxe Azurmendik oso ongi azaltzen digun moduan.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]