Henryk Szeryng
Henryk Bolesław Szeryng (Zelazowa Wola, Varsoviatik hurbil, Polonia, 1918ko irailaren 22a - Kassel, Alemania, 1988ko martxoaren 3a) poloniar biolin-jotzailea izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txikitan hasi zen biolina jotzen. Hamar urte zituela, Bronislaw Hubermanek entzun zuen, eta Berlinera joateko aholkua eman zien gurasoei (1928-1932). Han Carl Flesch eta Willy Hessen ikasle izan zen.
1932an Szeryngen familiak Parisen hartu zuen bizilekua, eta Sorbonan jarraitu zituen ikasketak. Handik urtebetera eman zituen bere lehenengo kontzertuak.
1935ean Beethovenen Kontzertua jo zuen Varsovian, Bruno Walterren zuzendaritzapean. Parisko Kontserbatorioan Nadia Boulanger eta Jacques Thibaudekin lan egin zuen. Gerra hasi zenean, Poloniako gudarostean sartu zen boluntario, eta Poloniako lehen ministroaren interpretari jarri zuten (zortzi hizkuntza zekizkien).
1942an poloniar iheslari-talde bati Latinoamerikara joaten lagundu zion, eta lau mila lagunentzako lekua aurkitu behar izan zuen. Mexikon izugarrizko harrera ona izan zuen, eta gerra amaitu ondoren, bertara joatea erabaki zuen. 1946an han hartu zuen bizilekua. Hango unibertsitateko biolin-departamentua sortu zuen, eta mexikar hiritartasuna hartu zuen. Handik gutxira, Genevako Kontserbatorioko irakasle izendatu zuten, eta urtean bi hilabete han igarotzen zituen.
1956. urtetik aurrera, bira bat egin zuen Europan barrena, eta Mexikoko kultura-enbaxadore izendatu zuten. 1958an egin zuen debuta Estatu Batuetan. 1965ean Salzburgoko Jaialdira gonbidatu zuten, eta Mexikoko musika-ordezkari izendatu zuten UNESCOn. Hurrengo urtean, Mexikoko Kontserbatorioko ohorezko zuzendari izendatu zuten.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.