Edukira joan

Itola baserria

Koordenatuak: 43°03′14″N 2°13′30″W / 43.05397°N 2.22506°W / 43.05397; -2.22506
Wikipedia, Entziklopedia askea
Itola baserria
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaBeasain
Koordenatuak43°03′14″N 2°13′30″W / 43.05397°N 2.22506°W / 43.05397; -2.22506
Map
Altitudea201 m, itsas mailaren gainetik
Historia eta erabilera
IrekieraXVII. mendea

Itola baserria Beasaingo baserria da. Gudugarreta auzoan dago,[1] Salsamendi baserriaren mendebaldean. XVII. mendekoa da ezaguna zaigun lehenengo aipamena: Itola oinetxea aipatu zuen Lope Martinez de Isastik, bere liburuan.

Asier Olazabal Uzkudunek (Historiako lizentziaduna) 2000. eta 2001. urteen artean Beasaingo ondareaz egindako inbentarioan jasota dago.

Berezitasunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere garrantzia XVI. mendeko baserriei buruz dugun ezagutza urrian datza. Fatxadetan dituen bilbaduraren enara motako mihiztadurek adierazten dute baserria mende hartan eraiki zutela.

Oinplano laukizuzena duen eraikina, eskantzuetan zurezko zutabeak dituen harlangaitzezko hormaz egina.

Bi isurialdeko estalkia du, gailurra fatxada nagusiari elkarzut jarria dagoelarik.

Hiru solairu ditu. Bi eraikin desberdin dira nahiz eta elkar itsatsirik egon. Izan ere, hasiera bateko baserriari atzeko partean, mendebaldean, bi etxebizitzako eraikin berriago bat erantsi zaio. Aurrealdeko fatxadan, ekialdekoan, erantsita zuen eraikin baten horma arrastoak ikus daitezke.

Sarrera nagusia iparraldean dago, zurezko dintela dauka eta hormigoizko blokez itsututa dago. Lehenengo solairutik gora bertikalki, horizontalki eta zeharka jarritako habeez osatutako bilbadura baten aztarnak ikus daitezke. Zati pasiboa harlangaitzezkoa da une batzuetan baina leku gehienetan hormigoizko blokez ordezkatua izan da. Goiko zatia bertikalki jarritako oholeztadura batek estaltzen du nahiz eta ez den osorik kontserbatzen eta une batzuetan ate zahar batzuk jarri diren.

Iparraldeko fatxadan elkarren aldamenean dauden harlangaitzezko bi eraikin ditu itsatsita, estalkia baserriarenaren norabide bera jarraituz dagoelarik haren jarraian jarrita. Biek sarrera mendebaldetik dute, lehenengoak metalezko orri bakarreko ate tolesgarria dauka eta bigarrenak ez dauka hormarik alde honetan.

Mendebaldeko fatxadan, arestian esan bezala, egite berriagoa duen etxebizitza bat dauka erantsita, baina ez da bera bezain zabala. Hiru isurialde ditu eta eskantzuetan harlanduak dituen harlanduzkozko hormaz egina dago. Beheko solairuan harriak agerian daude, baina hortik gora karez zuriturik.

Hegoaldeko fatxadan zementuzko ertzak dituzten bi leiho eta erdi-puntuko arkuan eginiko sarrera bat ditu. Solairu bakoitzean hiruna leiho dauzka.

Mendebaldeko fatxadan solairu bakoitzean leiho bana dauka.

Iparraldeko fatxadan, guztia karez zurituan, hiruna leiho ditu solairu bakoitzean. Baserriaren mendebaldeko fatxadaren zati bat ikus daiteke etxebizitza berria estuagoa baita eta hemen, beheko solairuan zurezko ertzak dituen sarrera itsu bat dago eta goiko solairuan, zurezko ertzak dituen leiho bat.

Hegoaldeko fatxadaren mendebaldeko erpinean harlanduzko oinarria dauka metro bateko altueraraino eta hortik gora bertikalki, horizontalki eta zeharka jarritako habeetan oinarritutako bilbadura, fatxada osoan bezala. Ia guztia karez zuritua dagoen arren, zati pasiboa harlangaitzezkoa dela esan daiteke, une batzuetan adreiluzkoa eta beste batzuetan hormigoizko blokezkoa. Lehenengo solairuan zurezko ertzak dituzten hiru leiho ditu. Goiko zatian zati batzuetan zati pasiboa ate zaharrez eta oholez ordezkatua izan da, ekialdeko ertzean hiru bao laukizuzen ireki direlarik. Bi fatxadetako bilbaduraren zeharkako habeak enara motako mihiztadura bitartez daude josita zutabeei.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Itola baserriaren kokalekua[Betiko hautsitako esteka], Gipuzkoako Datu Espazialen Azpiegituran.
  • Martinez de Isasti, Lope. Compendio Historial de la M.N. y M.L. Provincia de Guipúzcoa. 1625. La Gran Enciclopedia Vasca. Bilbo, 1972 (berrargit.).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa