Joanes Antxeta
Joanes Antxeta | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Azpeitia, 1533 aldean |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Iruñea, 1588ko azaroaren 30a (54/55 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | eskultorea |
Lantokia(k) | Espainia |
Joanes Antxeta[1] (Azpeitia, 1533 aldean – Iruñea, 1588ko azaroaren 30a) gipuzkoar eskultore manierista izan zen, Euskal Herriko eskola erromanistaren sortzailea. Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian lan asko egin zuen, eta Valladolid, Burgos, Briviesca, Gasteiz, Jaka eta Zaragozan ere jardun zuen. Bestalde, ikasle eta jarraitzaile asko izan zituen, haren lana areago zabaldu zutenak.
Antxetaren lanaren garrantzia garbi adierazi zuen bere maisuetako batek, Juan de Juni eskultore handiak; Junik, gaixorik, Medina de Riosecoko Santa Mariako erretaula bukatu ezin zuela-eta, Antxeta aipatu zuen testamentuan, lana amaitzeko eskultore egokiena hura zelakoan.
Bizitza eta lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antxetaren bizitza ez da ondo ezagutzen; urte askoan, gainera, bi Antxeta eskultore zirela uste izan da, Joanes bat, eta Migel Antxeta, nafarra, bestea. Egun, nahiko frogatua dago azken hori ez zela existitu, eta nahasketa bat gertatu zela, besteak beste, abizenarekin.
Ia segurua da Italian izan zela gaztetan, eta italiar eskultore handiak ezagutu zituela han: Quattrocentoko Donatello eta Jacopo della Quercia eta, batez ere, urte haietan lanean ziharduen Michelangelo. Antxetare|n lanak guztion eragina ageri badu ere, Michelangelorena du nagusia: haren David-en inspirazioa azpeitiarraren eskulturen besoek duten indarrean igartzen da; Moises hainbatetan errepikatu zuen, Jakako Aita Jainkoaren irudian bereziki, eta Tafallan Erromako Santa Maria sopra Minervako Kristo berpiztua hartu zuen eredutzat. Horiez gainera, Florentziako Medicitarren kaperako beste eredu batzuk, edota Sixtotar kaperakoak, sarritan ageri dira Antxetaren irudi eta xehetasunetan. Bestalde, Antxetaren lanak badu harremanik italiar manieristekin, Baccio Bandinelli, Giovanni Francesco Rustici eta Annibale Fontanarekin besteak beste.
1565-1570ean Valladoliden zen; baliteke Gaspar Becerraren laguntzaile gisa joan izana hara. Becerrak Astorgako erretaula handia egin zuen, eta nonbait Antxetak ere parte hartu zuen hartan. Valladoliden harremanetan jarri zen Juan de Juni eta haren taldekideekin; Juniren jarraitzaile ziren, Becerrak bultzaturiko erromanismoaren ildotik. Haien lantegietan aritu bide zen lanean, eta ofiziale gisa parte hartu zuen Simancasko Salvador elizako erretaulan, egileak Juan Bautista Beltrán eta Inocencio Berruguete erromanistak zirela.
1560etik aurrera, kanpoko lanak utzi gabe, Euskal Herrian jardun zuen, eta azkenean Iruñean zabaldu zuen lantegia. 1572an Asteasuko San Pedro elizako erretaula nagusia egiteko hitz eman zuen, Pierre Picartekin erdibana; honek Lope Larreakoarekin lan egiten zuen, eta hurrengo urtean Picartek eta Larreak haren eskubide guztiei uko egin zieten, Antxetaren alde; Antxetak 1575ean bukatu zuen lana, egun galdua.
Garai hartan egingo zuen lanik bere jaioterrian, Azpeitian; han bizi zen, eta handik egin zuen Zumaiako San Pedroko erretaula nagusia, 1577. urtean bukatua; Martin Arbizuk mihiztatu zuen. Zumaiakoa Antxetaren lan garrantzitsuenetako bat da, eta osorik dago, baina predela edo behe zerrenda bat du ondotik erantsia, goragotzen duena. Jatorrizkoak predela bat eta bi gorputz ditu, hiru kaletan banaturik, eta burua; arkitektura soila da, habe klasikoekin, apaingarririk gabea ia. Alboko kaleetan erliebeak daude, eta erdiko eskulturak ia askeak dira. Predelan Azken Afaria eta Oinen Garbiketa daude irudikatuta, eta sagrarioaren alboetan, marko biribilduetan, San Marko eta San Mateoren irudiak ageri dira; lehen gorputzean, erdian, San Pedroren irudia dago, eta alboetan haren bizitzako bi gertaera, bokazioarena eta aingeruak kateetatik askatu zuenekoa; bigarren gorputzean Jasokundea ageri da, eta Deikundea eta Andre Mariaren jaiotza albo banatan. Buruaren gainean, hainbat santuren irudiez gainera, Kalbario eder bat dago.
Erretaula honetan bete betean ikusten da Antxetaren estiloa, erromanismoaren ezaugarri guztiak bateratzen dituena. San Pedro aita santu gisa ageri da: jantziaren tolesak zabalak eta bakanak dira, oin bat maila batean igota baitauka; gorputza, beraz, oso modu sintetikoan dago irudikatua, burua ez bezala: begitartea oso serioa du, bizarra kizkur sakonez betea, eta tiara handi bat du buruan. Jasokundea Gaspar Becerrak ezarritako ereduaren jarraipena da, ez bakarrik Antxetaren lan guztietan agertzen dena, baita erromanista ororengan ere, hala nola Lope Larreakoa, Ambrosio Bengoetxea eta abarren lanetan. Afariko eta Oin Garbiketako erliebeak ere penintsulako iparraldeko lanetan errepikatu ziren gero; Zumaiako honetan handitasuna eta eredu klasikoek ekarritako baretasuna eta zorroztasun psikologikoa elkartzen dira. Gauza bera gertatzen da San Pedroren bizitzako gertaeretan, Antxetak geroko lanetan ere erabili baitzuen, hala nola Moneoko erretaulan; beste eskultoreengan ere izan zuten oihartzunik, Lope Larreakoarengan adibidez.
1575-1576. urteetan, Martin Arbizu mihiztatzailearekin orduan ere, Zuazola komendadorearen kaperako erretaula egin zuen, Azkotiko parrokia elizan. Galdua da egun, baina ezagutzen da ikonografia: Pietatea eta Santiago ageri ziren erdiko kalean, santuak alboetan eta Kalbarioa buruan. Artean ere Azpeitian bizi zela, Gasteizko San Migel elizako erretaula nagusia egiteko kontratua hitz hartu zuen 1575ean, Esteban de Velasco gasteiztar eskultorearekin batera eta Iñigo Zarragaren diseinuaren arabera. Zergatik ez dakigu, baina arazoak sortu ziren Elizaren eta Velascoren artean; Elizak irabazi zuen auzia, eta obraren eskubideak Antxetari eman zizkion Velascok. Bakarrik ezin zuela eta, Lope Larreakoarekin egin zuen. Erretaula horretatik pieza batzuk geratzen dira: Antxetarenak bide dira Zigorraldiaren eta Arantzazko Koroatzearen erliebeak, eta Daviden eta Moisesen bi erliebe txiki.
1576-1578 bitartean, Burgosko Las Huelgas monasterioko erretaula egin zuen, Martin Ruiz de Zubiate eskultorearekin batera; erretaula hartatik erliebe eder batzuk gordetzen dira, eta Andre Mariaren eta santuen hainbat irudi. Oso interesgarriak dira, Antxetaren italiar hezkuntza agertzen baitute biluziaren edertasunaren ikusmolde klasikoan. 1580 aldean, Burgosko katedraleko erretaula nagusiko Jasokundearen eta Koroatzearen taldeak egin zituen, eta Koruko Andre Maria, De la Fuente kalonjearen eskaeraz. De la Fuente Iruñeko gotzain zela hil zen, eta haren oinordekoek Antxetari eskatu zioten haren herrian, Burgosko Moneon, hari eskainitako kaperan erretaula egitea.
Jakako katedraleko Hirutasun Santuaren alabastrozko erretaula, 1578koa, Antxetari egozten zaio; geroxeago Zaragozako San Salvador katedraleko Zaporta kaperan Mikel goiaingeruaren alabastrozko erretaula egin zuen. Nafarroan Kasedako erretaula egin zuen 1576an, Agoizkoa 1580an, eta Tafallako Santa Mariako sagrarioa 1583an; 1588an, hil zen urtean, erretaularen gainerako parteak egiteko kontratua izenpetu zuen. Haren ikasle batek, Pedro González de San Pedrok, amaitu zuen, baina estiloarekiko leialtasun handiz. Tolosako Santa Maria elizako erretaula nagusia ere hasi zuen urte horretan, baina hura ere bukatu gabe utzi zuen. Sagrarioa Santa Klara komentura eraman zuten, eta han dago, erretaula barroko baten barruan. Hiru gorputzeko lan ederra da, Eukaristiari buruzko eszenak, David eta Moisesen irudiak, besteak beste, dituena.
Joanes Antxeta Iruñean hil zen, 1588an. Katedraleko klaustroan hilobiratu zuten, idatzi adierazkor honekin: “Hemen datza Antxeta, bere obrak ez zituena, ez goretsi, ez gutxietsi”.
Estiloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antxetaren obra guztiek kalitate tekniko handia dute: trebetasun handiz garatu zituen Michelangeloren manierismoaren baliabide guztiak, hasieran aipaturiko italiar ereduen arabera. Juni ere maisu izan zuen; baina, Michelangeloren eraginez, Junik baino indar handiagoa du Antxetak, eta Juniren lanetan lazgarria dena, hunkigarri gertatzen da Antxietarengan.
Trentoren ondorengo gizona zen Antxeta, elizak mundua arau espiritualen arabera gauzatzea helburu zuen garaikoa. Hala, Michelangeloren formak Kontraerreformaren xedeen bortiztasunak beretu zituen: garai hartako nahasmen espirituala irudien gehiegizko keinuetan ageri da, haien estuasun izugarrian, adierazkortasunean; Antxetaren erretauletan gainezka egiten duen enfasia haren garai mistikoen adierazpen bortitzen pareko dela esan daiteke.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2018/10/18 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskal Wikipedian, arau orokortzat, EIMAren Onomastika lanean zehaztutako irizpideak aplikatzen ditugu. Ikus euskal Wikipediako politika, antroponimiaz.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Joanes Antxeta |
- Estornes Zubizarreta, Idoia, Anchieta, Juan de, Auñamendi Euskal Entziklopedia, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus
- (Gaztelaniaz) Juan de Ancheta, Gran Enciclopedia Aragonesa, enciclopedia-aragonesa.com