Katalina I.a Nafarroakoa
Katalina I.a Nafarroakoa edo Katalina Foixkoa (1468ko apirilaren 18 - † Mont-de-Marsan, 1517ko otsailaren 12) Nafarroako erregina, Montblanc, Peñafiel eta Gandiako dukesa, Foix, Bigorre eta Ribagortzako kondesa eta Bearnoko bizkondesa (1483-1517) izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aita Gaston Foixkoa, Vianako Printzea, eta ama Maddalen Frantziakoa, Louis XI.a Frantziako erregearen arreba, zituen. Nortasunez eta hezibidez, emakume adimentsu eta kultua zen.[1]
Neba nagusia Frantzisko Febus (1483) goizegi hil zenean, Nafarroako erregina bihurtu zen, ama erregeordea zuena. 1483 eta 1492 artean, bere osaba zen Joanes Foixkoak, bigarrena oinordekotzan zena, tronua lortzeko borrokatu zuen, Lege Salikoa aprobetxatuz.[2] Honek beaumondar eta agaramontarren arteko Nafarroako Gerra Zibila berpiztu zuen.
1504an, Medina del Campon Madalena bere alabaren heriotzak, Fernando Katolikoaren gatibua zena, gerrate berriak sortu zituen Leringo kondea eta Nafarroako erregeen artean (1506-1508). Konde horri, baina, aurre egitea erabaki zuten Katalinak eta haren senar Juanek, baita hura garaitu ere. Harrezkero, Katalina benetako boterea hartzen hasi zen, eta erresumako egitura administratiboak berreskuratu zituen.[1] Bortuz Harunzko Lurraldeari merindade kategoria eman zion.
Nafarroako errege-erreginek Frantziarekin zituzten harremanak eta Henrike lehensemea Louis XII.a Frantziakoaren alaba batekin ezkontzeko negoziaketak zirela eta, Fernando Katolikoak Albako dukeari agindu zion Nafarroako Erresuma konkistatzea. 1512ko ekainaren 25ean Albako dukea zen Fadrique Toledokoak Iruñea okupatu zuen. Errege-familiak ihes egin behar eta Behe Nafarroa eta Bearnon babesa bilatu zuten.[3]
Iruñean 1513ko martxoaren 23an, beaumondarrek bakarrik sortutako Nafarroako Gorteek Fernando Katolikoa "Nafarroako errege" izendatu zuten. 1515ean Gaztelako Erresumako Gorteek, Burgosen eta nafar bat ere ez zuen biltzar batean, Nafarroa Garaia anexionatu zuten.
Katalina eta Joanes Labritekoaren Erresuma berreskuratzeko saiakerak alferrikakoak ziren. 1513tik eta 1517an hil arte, Katalinak seigarren merindadea zen Behe Nafarroa baino ez zuen gobernatu. Mendi-Marzanan hil zen eta Leskarreko katedralean lurperatu zuten.
Familia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aitona Gaston IV.a Foixko kondea Bearnoko kondeordea |
Amona Leonor I.a Nafarroako erregina |
Aitona Karlos VII.a Frantziako erregea |
Amona Maria Anjoukoa |
Aita Gaston V.a Vianako printzea |
Ama Maddalen Frantziakoa | ||
Katalina I.a Nafarroako erregina |
Ezkontza eta haurrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1486ko ekainaren 14an, Katalina Joanes Albretekoarekin ezkondu zen Leskarreko katedralean.[4] Hamaika haur izan zituzten, haietako asko gazte hildakoak:
- Ana (1492-1532), Joan V.a Astaracekoa bizkondearekin ezkontzekotan zegoela.[5]
- Madalena (1494-1504).
- Katalina (1495-1532), erlijioan sartuta.
- Kiteri (1499-?), erlijioan sartuta.
- Ander Febus (1501-1503), Bianako Printzea, haurtzaroan hila.
- Henrike II.a (1503-1555), Nafarroako erregea.
- Frantzisko (1504-1512), Nafarroako infantea.
- Martin Febus (1507-1508).
- Karlos (1510-1528), Nafarroako infantea, Italian gerrako espetxean hila.[6]
- Elisabet (1514-?), Rohango Renato I.a kondeordearekin ezkondua (1536).
Aitorpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2016ko urrian Nafarroako Errege Artxiboen inguruko gune bati "Katalina Foixkoa erreginaren ingurabidea" izena eman zitzaion[7]. 2018an, Iruñeko kale nagusietako bati bere izena ezartzea adostu zen, "armada etorbidea" zeritzon kaleari izena aldatuz[8]. 2019an gobernua aldatu zelarik izen berria baliogabetu eta berriz hartu zuen aurrekoa[9][10].
Zizur Nagusiko eskola publikoak haren izena darama.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Berria.eus. «Katalina, berriz Iruñean» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-01-03).
- ↑ Woodacre, Elena. (2013). The Queens Regnant of Navarre; Succession, Politics and Partnership. New York: Palgrave Macmillan.
- ↑ Floristán Imízcoz, Alfredo. (2004). Historia de España en la Edad Moderna. Editorial Ariel, 154 or..
- ↑ Bustillo Kastrexana, Joxerra. (2012). Guía de la conquista de Navarra en 12 escenarios. Donostia: Txertoa ISBN 978-84-71484819..
- ↑ Egaña, Iñaki. (2009). Mil nuevas noticias insólitas del país de los vascos. Txalaparta, 76-77 or. ISBN 9788481365436..
- ↑ López de Meneses, Amada. (1961). «El último infante de Navarra, Carlos de Albret» Príncipe de Viana 22 (84-85): 177-211. ISSN 0032-8472..
- ↑ (Gaztelaniaz) «Dos nuevas calles en honor al Reino de Navarra. Noticias de Navarra» Noticias de Navarra (Noiz kontsultatua: 2019-11-17).
- ↑ «Katalina Foixkoak merezitako oroigarria izango du Iruñan» www.biltzarre.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-17).
- ↑ «Katalina Foixkoa etorbideak berriz hartuko du aurreko izena: Armada etorbidea | Ayuntamiento de Pamplona» www.pamplona.es (Noiz kontsultatua: 2019-11-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) Naiz. (2019-06-18). «Navarra Suma retira a Catalina de Foix su avenida para dársela de nuevo al Ejército español» iruindarra.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-17).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Rafael Altamira, Spagna, 1412-1516, Garzanti, 1999.
- Charles Petit-Dutaillis, Francia: Luigi XI, Garzanti, 1999.
- José María Lakarra, Historia política del reino de Navarra, desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla, Iruñea, 1972-1973.
- Crescencio Gallego Pellitero, Síntesis histórica de los reyes en España (Años 364-1994), Vigo, 1994.
- 2021. Foixeko Katalina. Ilustrazioak: Ainara Azpiazu Aduriz -Axpi-. Nabarralde. ISBN: 978-84-09-25562-7
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Nafarroako errege-erreginen genealogia
Aurrekoa: |
Katalina I.a Nafarroako erregina (1483-1517) bere senar Joanes III.a Nafarroakoarekin batera (1484-1516) |
Ondorengoa: |
Aurrekoa: |
Foixko kondesa Bearnoko bizkondesa (1483-1517) bere senar Joanes III.a Nafarroakoarekin batera (1484-1516) |
Ondorengoa: |