Kazetaritza genero
Kazetaritza generoa kazetaritzan erabiltzen diren testuen eta diskurtsoen multzoa bateratzen duen narratibaren azpigeneroa da. Kazetaritza generoko testuek errealitateari erreferentzia egiten dioten testu tipoen multzoa da.
Testu tipo hauetan hurbiltasuna bilatu ohi da denbora-espazio ardatzetan. Hurbilekoa kontatzeko joera nabarmena egoten da kazetaritzan; duela gutxi gertatu dena, hurbil gertatu dena aipatzen da kazetaritza testu eta diskurtso ia guztietan.
Kazetaritza generoak ikuspegi objektiboak eta subjektiboak onartzen ditu. Gehien erabili diren azpigeneroak albistea eta iritzi artikulua dira baina badaude kazetaritzako beste testu tipo batzuk ere. Hona kazetaritza generoko testu tipo batzuk:
Kazetaritzako testu tipo batzuek objektibotasuna bilatzen dute, albisteak esate baterako, baina kazetaritzan subjektibotasunari bidea zabaltzen zaio. Azalpenekin batera iritziak nahaste ohikoa da.
Hizkera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kazetaritzako testu tipo gehienetan ohikoa izaten dira estilo ezaugarri hauek:
- Labur. Adierazpenak labur egiteko joera dago. Kazetariak argitaratzeko espazio mugatua, adierazpenak egiteko denbora mugatua dela kontuan hartu beharko du eta ezin izango da luzamenduetan ibili.
- Sinple. Kazetariak hartzaile arrunta, entzule edo irakurle arrunta irudikatu beharko du. Sintaxi edo joskera sinplea. Kazetaritzan hiztegi egunerokoa eta baliabide gramatikal arruntak erabili ohi dira irakurleak edo entzuleak testuak erraz uler ditzan.
- Testuaren estruktura. Hamarkada luzeetako tradizioak kazetaritza testu jakin batzuei estruktura jakin bat eman diete. Irakurleen arreta lortzeko lerroburuak, bigarren mailako lerroburuak, testu osoagoaren laburpenak eta antzeko baliabideak erabiltzen dira. Ohikoa izaten da hasierako paragrafoetan konturik mamitsuenak, erakargarrienak, kokatzea.
- Objektibotasuna/Subjektibotasuna. Kazetaritzan informazioak, azalpenak, iritziak onartzen dira. Kazetaritzaren baitako azpigenero bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu kontu hauetan. Esaterako albisteak kontatzerakoan objektibotasuna bilatu ohi da. Zer gertatu den, non, noiz... Baina iritzi artikuluetan datuen interpretazioak eta iritziak, subjektibotasuna beraz, dira testuen ezaugarrietako bat.