Edukira joan

Kontalari

Wikipedia, Entziklopedia askea

Literaturaren teorian narratzaile, kontatzaile edo kontalari[1] esaten zaio narratiba generoko literaturan gertakizunak kontatzen, deskripzioak egiten, narrazioaren haria gidatzen agertu ohi den ahotsari. Kontatzailea narrazioan agertuko den ezagutzeko moduko pertsonaiaren ahotsa izan ohi da edo hain erraz identifikatzen ez den norbaiten ahotsa ere izan daiteke.

Ez da nahasi behar kontatzailea eta egilea. Egileak edo idazleak ikuspuntu bat hautatu beharko du gertakizun batzuk kontatzeko eta ikuspuntu hori egileak sortuko duen narratzailearen eskutik agertuko da.

Kontatzailea idazleak sortuko dituen pertsonaietariko bat izan ohi da. Narratzailearen ahotsa pertsonaia protagonista baten ahotsa izan daiteke, bigarren mailako lekuko baten ahotsa edo erraz identifikatu ezin den norbaiten ahotsa. Narrazio batzuetan narratzailea identifikatzea joko literario mamitsua izan daiteke. Egilea, idazlea, ordea, pertsona fisiko bat edo batzuk dira beti ez narratzailea bezala.

Egileak kontatzailearen ahotsa pertsonaia bati, animalia bati edo objektu bati eman diezaioke. Oso bestelako kontatzaileen adibideak topa daitezke literaturan. Narratzailea ume bat izan daiteke, Robert Louis Stevensonen Altxorraren uhartean bezala edo Lazarillo de Tormes eleberrian bezala, narratzailea arrano bat izan daiteke Bernardo Atxagaren Sara izeneko gizona eleberriaren kapitulu batean bezala, edo arkatz bat, Manuel Rivas. O lapis do carpinteiro eleberrian bezala.

Narrazio batean narratzaile bat baino gehiago ager daitezke, narrazioaren haria txandaka erabil daiteke.

Fikziozko literaturan hainbat motatako kontatzaile deskribatu dira, sailkapen asko egin dira.

Kontatzaile motak ikuspuntuaren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikuspuntuaren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontatzaile motak sailkatzerakoan gehien erabiltzen den irizpidea ikuspuntuarena da. Kontatzailearen ahotsak harreman bat izango du kontatzen dituen gertakizunekin eta harreman estua antzeman daiteke kontatzaileak lehen pertsona erabiltzen duenean. Kontatzaileak gertakizunak lehenaldian eta hirugarren pertsonak kontatuz gero, gertakizunekiko harreman urrunagoa antzeman egingo da.

  • Hirugarren pertsona erabiltzen duen kontatzailea. Gehienetan, tradiziozko literaturan, gertakizunak eta deskripzioak hirugarren pertsona baten ikuspuntua erabilita kontatu izan dira. Hirugarren pertsonaren ikuspuntuari iraganaldiko aditz formak gehitzen bazaizkio lortzen den efektua da kontatzen denarekiko nolabaiteko urruntasuna.

"Zazpi seme eta hirur alaba bazituzten, sorthu zitzaiotenean Iñazio 1491an Loiolako jauregian. Zortzigarren seme batez erdi zela ikhustearekin, doña Marinak zerurat altxatu zituen begiak, gero bere senharrari behatzen ziola erran zion": [...]

Frantzisko Laphitz: Bi saindu heskualdunen bizia. 1867.

  • Lehen pertsona erabiltzen duen kontatzailea. Gure literaturako adibide bat, esate baterako, Ramon Saizarbitoriaren Bihotz bi, hilobi bat eleberria. Kontatzailea umea bada edo egilearekin konparatuz oso bestelakoa baldin bada, irakurleak nekez nahastuko ditu egilea eta kontatzailea. Kontatzailea, ordea, egilearen alter ego bat baldin bada, autofikzio idazlanetan ohikoa den legez, kontatzailea eta egilea nahasteko bidean jartzen da irakurle edo entzulea.
Lehen pertsona. Singular.

"Ura zan gizona, ura! Zazpi oin ta erdi bai luze, makal zugatzaren irudira zuzen, pagorik lodiena baizen zabal, arte gogorra bezela trinko, gorosti ezearen antzera zimel. Orrela zan Joanes nik ezagutu nuanean". [...]

Txomin Agirre: Garoa. 1912.

Lehen pertsona. Plural.

"Ez ateratzeko esan zigun artzainak, eguraldia ilun zegoela, haize zoroa zebilela. Kasurik egin gabe, motxilak hartu eta bidean gora abiatu ginen. Artzain zaharra bordan geratu zen, gazteongandik gaizki esaka.

Nafarroako Arantzatik gora Mendaur. Tontorrean Trinitate ermita, eta beste aldean, behean, Ituren, gure helburua.

Ordu erdi bat ere ez genuen eginen mendian barrena, elurra hasi zuenean. Atzera egin, inondik ere ez. Nora jo ordea, bi metrora ez zen deus ikusten. Hartan ginela giza irudi bat ageri zitzaigun ondoko pinuen artean, bere elurrezko besoaz bidea erakusten zigularik. Eta handik. [...]

Koldo Izagirre: "Gauzetan" Ustela aldizkaria. 1979.

  • Bigarren pertsona erabiltzen duen kontatzailea. Mendebaldeko tradizio literarioan gutxien erabili den ikuspuntua bigarren pertsona erabiltzen duen kontatzailea da. Gure narratiban topa daitezke adibideak, esate baterako Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion.

"Haurtzaroko oroitzapenak, aireportu inguruko mendiak bezala, urruti gelditzen hasi zaizkizu eta beldurra ematen dizun zulo modukoa ari zaizu irekitzen barrenean": [...]

Lourdes Oñederra: Eta emakumeari sugeak esan zion. 1999.

Kontatzaile motak rolaren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Literaturaren teorian, bereizi izan dira, baita:

  • Kontatzaile orojakilea. Kontatzaileak gertatu diren eta gertatuko diren zehaztasun guztiak badakizkiela ematen duenean eta badirudi kontatzaileak pertsonaien pentsamenduak eta sentimenduak ere badakizkiela, Kontatzaile orojakilea esaten zaio hirugarren pertsonako ikuspuntuko kontatzaile honi. Oso ohikoa izan da kontatzaile mota hau tradiziozko narratiban erabiltzea. Gure narratibaren ohiturazko eleberrietan esate baterako, horrelako adibidea erraz topa daitezke.

"Egia esan, ahaidetasun hau bigarren edo hirugarren mailakoa zen. Izan ere, Jaun Estibarizen emaztea eta andre Mari Urtiz Irraetako elkarren artean lehengusu jatorrak ziren. Aberastasunean eta kaparetasunean Mendiolatarrek ez zuten Olasotarren mailarik iristen. [...] Olasotarrak harritu ziren, jauregiko morroi-nagusiak Jaun Estibariz Mendiolakoeren bisita iragarri zienean. [...]

Yon Etxaide: Gorrotoa lege. 1964.

  • Kontatzaile protagonista. Kontakizunetan lekukoa baino protagonista nagusia izan daiteke narratzailea bera. Adibide klasiko bat Robinson Crusoe. Kontakizunetan lekukoa baino protagonista nagusia izan daiteke narratzailea bera. Beste adibide klasiko bat Altxor uhartea.

"Gogoan daukat, gaur goizeko kontua balitz bezalaxe, nola iritsi zen ezinean ostatu atarira, mariñel kutxa atzetik jarraian zuela orgatila batean; gizon garaia, sendoa, mardula, larru iluna; motots biketsua kasaka urdin zikinaren sorbalda gainera erortzen zitzaion; [...]

Robert Louis Stevenson: Altxor uhartea (euskaratzailea: Maria Garikano).[2]

  • Kontatzaile lekukoa. Narrazioa kanpotik kontatzen du, entzun duena, jakin duena, kontatuko du narratzailearen ahotsak baina ez du dena jakingo. Irakurleak asmatu beharko ditu narrazioan dauden hutsuneak, kontatzaileak ez duelako dena argituko. Normalean kontatzaile hauek ez dute pertsonaien pentsamendu edo sentimenduei buruzko hipotesirik egiten eta ikuspegi subjektiboa izaten dute.Kontatzailea gertakizunetan parte hartu duen pertsonaietako bat izanik, bere begiekin ikusi eta bere belarriekin entzun duena eta berak ateratako ondorioak besterik ezin ditu kontatu. Kontatzaile lekukoek gehiago edo gutxiago jakin dezakete eta narrazioa aurrera doan heinean gauzak ikas ditzakete ia-ia irakurlearekin batera.

"Aste batzuz Holmes guti ikusi nuen. Ezkondu nintzenez gero Londresko beste toki batera etxez aldatu nintzen. Holmes gure Baker Streeteko geletan gelditu zen. Mediku gisa lanean ari eta ez nintzen joan haren ikustera oso lanpetua bai nintzen.[...]

Arthur Conan Doyle: Sherlock Holmesen Abenturak (euskaratzailea: Maite Gamarra).[3]

"Ura zan gizona, ura! Zazpi oin ta erdi bai luze, makal zugatzaren irudira zuzen, pagorik lodiena baizen zabal, arte gogorra bezela trinko, gorosti ezearen antzera zimel. Orrela zan Joanes nik ezagutu nuanean". [...]

Txomin Agirre: Garoa. 1912.

  • Lekuko inpertsonala izan daiteke edo gertakizunetan inplikazio handiagoa edo txikiagoa izan dezake. Lekuko inpertsonala kamera bat edo objektu bat izan daiteke. La Colmena, Camilo José Celaren nobelak, honelako kontatzailea dauka.

Kontatzaile objektibo / subjkektibo

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Kontatzaile interpretea. Gertakizunekin eta deskripzioekin batera kontatzaileak bere iritziak eta iruzkinak gehituko ditu eta nolabait saiatuko da irakurlearen iritzia bideratzen.

"Olasotarrak harritu ziren, jauregiko morroi-nagusiak Jaun Estibariz Mendiolakoeren bisita iragarri zienean. [...] Adiskidetasunak, nahiz eta ahaide artekoak, laztu egin ohi dira euren artean nolabaiteko gora-beherak sortzen direnean. Gure hauen artean ere sortu ziren. [...]

Yon Etxaide: Gorrotoa lege. 1964.

  • Kontatzaile objektiboa. Kontatzaileak bere iritziak, bere ideologia, ezkutatzen duen kontatzailea. Gertakizunak modu "zientifiko", "aseptiko" batean kontatuko ditu bere norbanako sentimenduak erakutsi gabe.
  • Kontatzaile subjektiboa. Kontatzaileak bere iritziak, bere ideologia, ezkutatzen ez duen kontatzailea. Gertakizunak modu pertsonalean, gertakizunetan bere inplikazioa erakutsiz eta bere norbanako sentimenduak erakutsiz kontatuko ditu kontatu beharrekoak.

Estilo zuzena / zehar estiloa / zehar estilo librea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontalariaren narrazioan erabiltzen estilo nagusiak estilo zuzena, zehar estiloa eta zehar estilo librea dira.

Kontalaria, narratzailea, pertsonaia nagusietako bat izan daiteke edo kontalari hutsa. Orojakilea edo pertsonaia batek dakiena besterik ez dakien kontalaria. Kontalaria ume bat[4], animalia bat, izaki mitologiko bat[5] edo objektu bat izan daiteke[6]... Kontalaria nor den alde batean utzita, kontatzeko estiloa zuzen-zuzena izan daiteke edo zeharkakoa.

Horra adibideak:

  • Estilo zuzena. Lana lortzeko elkarrizketatik irten zen eta pentsatu zuen: "Deituko dizugu esango didate, hau da ez naute lan honetarako hartuko".
  • Zehar estiloa. Lan elkarrizketatik irten zen eta pentsatu zuen ez ziotela lan horretarako lan egiteko deituko eta ohiko "deituko dizugu" zehaztu gabearekin erantzungo ziotela.
  • Zehar estilo librea. Lan elkarrizketatik irten zen. Pentsatu zuen ez ziotela lana eskainiko. Pentsatu zuen deituko ziotela esango ziotela, eta gero ez ziotela benetan deituko. Nahiko etsita zebilen.

Kontatzaile fidagarria / kontatzaile ez fidagarria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Kontatzaile fidagarria. Irakurleak antzematen du narratzaileak kontatzen dituen gauzak koherentzia erakusten dutela. Narratzaileak irakurlearen konfiantza eta sinesgarritasuna irabaziko du.

"IKEAra joan ginen sofa berriaren bila; bai, Madrilera, orduan Barakaldokoa zabaldu gabe zegoen: Madrilekoak hilabete batzuk zeramatzan irekita. Nire kapritxoan izan zen: Elenak Zallan begiratu nahi zuen, edo Balmasedan, inguru hartan, badakizue, beti bezala, baina Madrilera joateko konbentzitu nuen; furgoneta utzi zidan laneko batek. Ez, oraindik ez naiz Barakaldokoan izan, baina Madrilekoa behintzat egunekoa da, galtzeko modukoa. [...]

Iban Zaldua: Etorkizuna. 2005.

  • Kontatzaile ez fidagarria edo kontatzaile gezurtia. Irakurleak antzematen du narratzailearengan koherentzia akats batzuk. Koherentzia akats horiek errealitatearekikoak izan daitezke edo narrazioaren hariaren barne-koherentzia akatsak, besterik gabe. Horrelako, narratzaileak irakurlearen sinesgarritasuna galduko du, hein batean behintzat.

"Nire emazteak Flora zuen izena. Hura hitzeko erabaki sendoa, kamisoiaren behealdea gerrira jaso, neure gainean hankalatraba jarri eta, atsegin izateko intentzio nabermenegiaz, titiburuak atximurkatu zizkidan egunean hartu nuen.

Ordurako banekien engainatu ninduela, noski, baina ez dut uste hiltzeko erabakia hartzera bultzatu ninduen zio zuzena hori izan zenik. Beharbada, oraindik ere neure burua arrazionalistatzat jotzen dudanez, kosta egiten zaidalako onartzea Floraren lasaitu sexuala bezalako gauza arrunt eta naturalak hain erabaki gehiegizko eta erabatekoa hartzera eraman nintzakeenik.

Samuel, txantxetan, entziklopedista naizela esan ohi zidan, eta ez zuen esaten, egia den arren, entziklopediak-saltzailea naizelako bakarrik, edo hitz askoren definizioak buruz ikasi ditudalako, baizik eta Jakitea eta Arrazoia gizakiaren ezaugarririk nobleenak direla uste dudalako; sentimenduen eta instintuen gainetik, gure bidea gidatu eta argitu behar luketenak. [...]

Ramon Saizarbitoria: Bi bihotz, hilobi bat. 2001.

  • Kontatzaile taldea. Narrazio batzuetan txandaka aritzen dira kontakizunaren hariari tiraka hainbat ahots. Ahots guztiak antzekoak izan daitezke edo oso bestelakoak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. Literatura Terminoen Hiztegia
  2. [1]Robert Louis Stevenson Altxor uhartea
  3. [2]Arthur Conan Doyle "Eskandalua Bohemian" Sherlock Holmesen Abenturak
  4. Stevenson, Robert Louis. (D.L. 1991). Altxor uhartea. Ibaizabal ISBN 84-7992-043-2. PMC 434012065. (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).
  5. (Ingelesez) «LA CASA DE ASTERION BORGES PDF» Beara PDF 2019-08-13 (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).
  6. (Galizieraz) Rivas, Manuel. (1998). O lapis do carpinteiro. (3a ed. argitaraldia) Xerais de Galicia ISBN 84-8302-261-3. PMC 39356330. (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]