Legearen aurreko berdintasun
Legearen aurreko berdintasuna, berdintasun juridikoa edo legezko berdintasuna esan nahi du pertsona guztiak berdinak direla legearen aurrean. Hortaz, legeak bermatu behar du, ez dela gizatalderik egongo beste horien gainetik edo azpitik, arraza, sexu, genero, naziokotasun, kolore, erlijio, pentsaera... etabarrengatik. Horrez gain, berdintasun juridikoa dagoen egoeretan Eskubide Zibil eta Politikoak[1] herritar guztien esku jartzen dira, eta guzti horiei epaiketa edo prozesu zilegirako eskubidea aitortzen.
Liberalismoaren eta demokraziaren oinarrietariko bat da, eta guztiz bateraezina da, esklabutza, kolonialismo, monarkia edo teokraziarekin arrazoi argiengatik. Baina baita zerga progresiboekin, aberastasunaren banaketarekin eta diskriminazio positiboarekin; berdintasun materiala lortzen bada ere, legearen aurreko berdintasuna alde batera uzten delako.
Berdintasun juridikoaren teoriak edo kontzeptuak diskriminazio zuzena baztertzen du, pertsona guztiak berdintzat jotzerakoan legearen aurrean. Hala ere, errealitatea ez du kontuan hartzen eta ondorioz, ohikoa izaten da berdintasun juridikoak zeharkako, diskriminazio nabariak sortzea.
Horren adibide garbia da Frantziako Iraultza. Hain beharrezkoa zen eskubideen adierazpena egin zen aurreko errege-erreginen sistema irauli ondoren. Hala ere, eta berdintasunaren aurrekari nagusitzat jotzen bada ere, bertan berdintasun juridikoa aldarrikatu zen "Gizonaren eta hiritarraren eskubideak" esaldiarenpean. Aurrerapauso garbia izan zen, nahiz eta herritarren erdia jokoz kanpo gelditu. Olympe De Gouges eta Mary Wollstonecraftek egin zuten benetako berdintasun juridikoaren aldeko borroka, adibide gisa Emakumearen eta Emakumezko Herritarraren Eskubideen Adierazpena proposatuz.[2]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kristo aurreko 431. urtean, Periklesen (politikari greziarra) ehorzte abestian bertako Atenaseko demokrazian gizon hiritar askeen arteko berdintasuna goraipatzen zuen bertso bat dago. Garaiko legeak aztertuz, arlo pribatuan berdintasuna aitortzen zien gizonezko herritarrei.
"Bizitza publikoaren aurrerapenak gaitasunean behera egiten du; hau da, gizarte maila edota klase izaera ez da merituarekin nahasten, pobreziak ere ez du bidea oztopatzen".[3]
Antzinaroan aurrekoa baino ohikoagoa zen berdintasunaren indarkeriazko errepresioa. Monarkia erromatarra boteretik kendu eta Erromatar Errepublika eta tribuna sakro-saindua ezarri bazen ere, Caeso (Cincinnatusen semea) legeen aurrean berdintasuna eragozteko, forora joaten ziren herritar xumeak jazartzeko talde baten buru izan zen.
Erromari dagokionez, plebearen antolakuntza eta patrizioek (aristokratak) haiekiko, langileekiko eta gerlariekiko zeukaten menpekotasunak eragin zuen Aginduen Gatazka (herritar xumeen eta aristokraten arteko gatazka) Hamabi Taulei jarraiki konpontzea, berdintasuna areagotuz. Era orokorrean esanda, inperio garaian enperadorea izan ezik, gizonezko herritar guztiak zuzenbide erromatarrean aurrean berdinak ziren. Hala ere, ez zen horrelako egoerarik lortu munduko zatirik handienean ezta Europan ere; bertan, aristokraziaren eta nobleziaren gorakadak garai modernoraino iraun zuten desberdintasuna mantentzeko sistema juridikoak sortu baitzituen.
Isonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Isonomiak eskubide politikoen berdintasuna esan nahi du. Herodoto eta Tuzidides idazleek inoiz erabilitakoa da, ezein motatako gobernu herrikoiari buruz hitz egiteko.
Friedrich Hayek ekonomialari eta teorialari politikoaren arabera, Boloniako zuzenbideko ikasleek XI. mendean berraurkitu zuten Zizeron; erromatarraren isonomia babesle gisa. Hayekek tradizio juridikoaren sorreran garrantzizkotzat ditu Boloniako ikasle horiek.
XVI. Mendean Ingalaterran sartu zen "isonomia" terminoa, horrela idatzita. Horren esanahia "edozein motatako pertsonentzat legearen berdintasuna" zen (4). Handik gutxira, Tito Livio itzultzaileak "Isonomy" forma erabili zuen, legeen berdintasuna eta magistratuen erantzukizuna zuen estatua deskribatzeko. Hurrengo mendean, geldiro-geldiro hitz hori "legearen aurrean berdintasun", "Zuzenbidezko Estatu", "legearen agintea" moduko adierazpenek ordezkatu zuten isonomia terminoa.[4]
Nazio Batuen Erakundeak onartutako Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak honela dio 26.artikuluan: "Pertsona guztiak berdina dira legearen arabera, eta eskubidea dute, bereizkeriarik gabe, legearen babesa izateko. Hartara, legeak bereizkeria oro debekatuko du, eta pertsona guztiei babes bera eta eragingarria bermatuko die, edozein bereizkeriaren aurka, arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, jatorri nazionala edo gizarte-jatorria, ekonomia-maila, jaiotza edo beste edozein gizarte-ezaugarri dela bide".[1]
Kontuan izan behar dugu, bai Espainiar Estatuak baita Frantziar Estatuak ere, biek onartu eta berretsi[5] dutela itun hori.
Liberalismo klasiko edo tradizionala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Liberalismo klasikoak legeen aurreko pertsona guztien berdintasuna aldarrikatzen du. Liberalismo klasikoaren aldekoek eta libertarioek ez zuten nahi, talde batzuetako eskubideen izenean banakako eskubideak lortu edo sustatu.
Eskubideen berdintasuna eta berdintasun materiala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Legearen aurreko berdintasuna eskubide zibil eta politikoak lortzeko tresna bezala erabili izan da. Berdintasuna materiala, ordea, berdinzaletasunak bultzatutako berdintasun material errelala bultzatzen zuelarik.
Berdinzaletasuna, adiera materialetan, legearen aurreko berdintasunarekin gatazkan sartzen da. Gizartean jada dauden ezberdintasunak ezabatzeko, egoera ezberdin horiei tratu ezberdina izango dute legean; hau da, legearen indarrak berdinduko du benetako egoera. Legezko ezberdintasun horiek aberastasunaren banaketarako eta baiezko ekintzen (diskriminazio positibo) bidez sortzen dira. Argi dago, organo legegileak nahita hartutako ezberdintze dela, ez nahigabe sortutako zeharkako egoera.
Friedrich Hayek ekonomialari eta filosofoaren ustetan, berdinzaletasuna eta eskubideen berdintasuna kontrajarriak dira; egoera materialean dagoen berdintasun eza legearen aurreko berdintasunaren ondorio zuzena baita. Hau esan zuen:
"Sekulako ezberdintasuna dago pertsonak era berean hartzearen eta berdinak egitearen artean. Lehengoa gizarte aske baterako baldintza den bitartean, bigarrena "esklabutza mota berri bat da" Alexis de Tocquevillek deskribatu gisa..."[6]
Hona hemen Olympe de Gougesek beste batzuekin, "Emakumearen eta hiritarraren 1971ko adierazpenean" idatzitako oinarrietako bat: "1 – Emakumea aske jaio da eta eskubideei dagokionez, gizonarekiko berdintasunean. Gizarte ezberdintasunak soilik egon daitezke ongizate komunean oinarrituta badaude."[2]
Berdintasun absolutua eta berdintasun erlatiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berdintasun absolutuak esan nahi du era automatikoan pertsona guztiak berdinak direla legearen aurrean (berdintasun formala). Berdintasun erlatiboan berriz, gizarte egoera edo inguruabar berdinetan dauden pertsonak dira berdinak, eta egoera ezberdinetan daudenak desberdinak (berdintasun materiala).
- Berdintasun formala: legearen aurrean guztien egoera berdina izatea da. Hori ulertzeko, kontuan izan behar dugu, antzinako erregimenean pribilegioa zela nagusi, eta, horregatik urrats handia zen berdintasun formala lortzea, nahiz eta gizonentzat baino ez lortu. Horrela berdintasun printzipioa legezkotasun-printzipioan barneratzen zen, hots, legeak berdintzat hartzen zituenak ziren berdinak. Berdintasunari buruzko pentsaera hori berdintasun formala edo legearen aurreko berdintasuna izan zen.
- Berdintasun materiala: helburua legearen barruan edo legearen ezarpenean berdina izatea da. Horren ondorioa, legean, hauxe da: legeak ez dute unibertsalak, orokorrak, abstraktuak eta iraunkorrak izan behar, orain litekeena da, lege singularrak egitea, gizaki batzuentzat edo talde edo alor jakin batentzat, aldi jakin baterako balio dutenak eta bereizleak direnak; orokor edo iraunkorrak izanda ere, euren hartzaileak desberdin tratatzea, zilegi bilakatzen da. [7]
Adibidez, EAEko "4/2005 Legea, Otsailaren 18koa Emakumeen eta Gizonen berdintasunerakoa", berdintasun materiala lortzeko ekintza politikoa izan zen.
Legesaren azpian berdintasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ez dago ez pertsona ez talde pribilegiaturik.
- Legeek eta autoritateek ezingo dituzte desberdintasun arbitrarioak ezarri.
Esaldiak esan nahi du guztiak direla berdinak legearen aurrean. Inor ez dago legearen gainetik. Kontzeptu hau, Zuzenbideko Estatuaren teoriatik eratortzen da. Zuzenbideko Estatuaren arabera, pertsona bat bakarrik izan daiteke zigortua, ezarri den lege bat urratzeagatik.
Legearen aurrean berdintasunak esan nahi du, ezin dela pertsona bat baztertua izan. Guztiak berdintasunez tratatuak izan behar dira, jaioterria, sexua, erlijio, arraza, kasta, aberastasuna, gizarte klase, eta abar berdin delarik.
Adibidez, delitu bat burutzen duten pertsona guztiak zigor berdina jasotzen dute. Ezin da desberdintasunik egin emakumezko gaizkile baten eta gizonezko gaizkile baten artean. Edo gaizkile pobre eta gaizkile aberats baten artean; biek delitu berdina burutu badute.
Berdintasunerako eskubideak pertsona guztiak maila berean jartzen ditu. Eskubide honek guztiak baldintza berdinak jasoko dituztelaren segurtasuna ematen du.
Legeen babes berdina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Legeen babesaren berdintasuna esaldiak esan nahi du, antzeko inguruabarretan dauden pertsonak tratu bera jaso behar dutela, horrek ere esan nahi du, inguruabar desberdinetan daudenak tratu bera jaso behar ez dutela.
Adibidez, heldu guztiak berdinak dira eta era berdinean zigortuak dira, baina erailketa bat burutzen duen ume bat ezin daiteke zigortua izan delitu berdina burutzen duen heldu bat bezala. Izan ere, heldua eta umea ez dira berdinak eta modu desberdinean tratatuak izan behar dira.
Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 7. artikuluak adierazten du, “Gizon-emakume guztiak berdinak dira legearen aurrean eta denek dute, bereizkeriarik gabe, legezko babesa izateko eskubidea. Denek dute Aldarrikapen hau hausten duen edozein bereizkeriaren aurka eta bereizkeria horren eragileen aurka babes berbera izateko eskubidea”. [8]
Monarkia parlamentarioetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eztabaida bat dago legearen aurrean berdintasuna izeneko printzipioari buruz, monarkia konstituzionala duten herrietan. Hala nola, Espainia, Erresuma Batua, Japonia edo Kanbodia. [9]
Monarkia parlamentarioetan legearen aurrean berdintasun printzipioa ez dela edo bakarrik modu arin batean dagoela dela arrazoitzen dutenak, argudiatzen dute, monarkia oro nahiz eta erregearen eta nobleen botereak pisu gutxikoak izan, berez legearen aurrean berdintasunaren printzipioarekiko kontraesan bat direla. Monarkia sistema desberdinen artean egon daitezkeen ezberdintasunak axola izan gabe, printzipioa hori ez da benetakoa izango. Izan ere, zenbait kargu publikok daukaten botere politikoa bakarrik ez dago edozein herritarrentzako eskuragarri. Hau da, soilik lortu ahalko dute kargu hori zuzenean aurreko erregearen oinordeko direnek eta horrek era garbian baztertzen du legearen aurreko berdintasuna.
Monarkia parlamentarioa legearen aurrean berdintasunaren printzipioarekin bateraezina ez dela diotenek, horren alde egiteko dituzten argudioak ezberdinak dira sistema politiko zehatzaren arabera.
Printzipioa herrialdeka
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-Printzipioa Estatu Batuen Konstituzioarekiko Hamalaugarren xedapeneko zuzenketan aintzatesten da :
Estatu Batuetan jaiotako edo naturalizatutako eta bere jurisdikzioaren menpe dauden pertsona guztiak Estatu Batuen eta bizi diren Estatuetako herritarrak dira. Estatuek ezingo dute Estatu Batuetako herritarren pribilegioak edo inmunitateak mugatzen dituzten legeak sortu edo eragina eman; Estatuek ezingo dute ezta ere, edozein pertsonari bizitza kendu, askatasuna kendu edo jabetza kendu dagokion prozedura legala jarraitu gabe; ezta bere muga jurisdikzionalen barruan dagoen edozein pertsonari legeen babesa ukatu.
-El Salvadorren 1983ko Errepublikako Konstituzioaren 3. artikuluan aintzatesten da :
3. art.- Pertsona guztiak legearen aurrean berdinak dira. Eskubide zibilen gozamenerako ezin izango dira ezarri, nazionalitate, arraza, sexu edo erlijio ezberdintasunetan oinarritutako mugak. Ez dira oinordetutako lan eta pribilegioak onartzen.
-Argentinan legearen aurrean berdintasunaren printzipioa Konstituzioaren 16. artikuluan aintzatesten da:
Argentinako Nazioak ez ditu onartzen odol edo jaiotze pribilegioak : Argentinako Nazioan ez daude foru pertsonalak ezta noblezia tituluak. Herritar guztiak legearen aurrean berdinak dira, eta lan guztietan onargarriak baldintza bakarra gaitasuna izanik. Berdintasuna, zerga eta karga publikoen oinarria da.
-Nikaraguan, nazioaren arau gorena den Konstituzioaren 27. artikuluan hau adierazten da:
Pertsona guztiak legearen aurrean berdinak dira eta babes berdina izateko eskubidea dute. Ez da baztertzerik egongo jaiotze, nazionalitate, sinesmen politiko, arraza, sexu, hizkuntza, erlijio, iritzi, jatorri, egoera ekonomiko edo baldintza sozialeko arrazoiak direla eta.
Atzerritarrek Nikaraguako herritarren eskubide eta betebehar berdinak dituzte, eskubide politikoak eta legeak ezartzen dituztenak salbu; ezin dute herrialdearen gai politikoetan eskua sartu…
Estatuak Konstituzio honetan aintzatetsitako eskubideak errespetatzen eta bermatzen ditu bere lurraldean dauden eta bere jurisdikzioaren menpe dauden persona guztiei.
-Espainian Konstituzioaren 14. artikulua:
Espainiarrak legearen aurrean berdinak dira, eta ezin da inolako bereizkeriarik egin, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi nahiz bestelako inguruabar edo egoera pertsonal zein sozialak aintzat hartuta.
-Kolonbian printzipioa konstituzioaren 13. artikuluan ezarrita dago:
Pertsona guztiak libre eta berdin jaiotzen dira legearen aurrean, autoritateen babes eta tratu berdina jasoko dute eta eskubide, askatasun eta aukera berdinetaz gozatuko dute sexu, arraza, jatorri familiar edo nazional, hizkuntza, erlijio, iritzi politiko edo filosofiko arrazoiak direla eta diskriminaziorik gabe.
Estatuak berdintasuna erreala eta eraginkorra izan dadin baldintzak sustatuko ditu eta talde baztertuen alde neurriak hartuko ditu.
Estatuak bereziki babestuko ditu beren egoera ekonomiko, fisiko edo mentalagatik, ahultasun egoeran dauden pertsonak eta beraien kontra burutzen diren gehiegikeriak eta tratu txarrak zigortuko ditu.
-Txilen bere Oinarrizko Gutunaren 19. artikuluan 2. zenbakian bermatuta dago:
Legearen aurrean berdintasuna .Txilen ez daude ez pertsona ez talde pribilegiaturik.
Txilen ez daude esklaburik eta Txileren lurraldea zapaltzen duena libre geratzen da. Gizonak eta emakumeak berdinak dira legearen aurrean.
Legeak eta autoritateak ezingo dituzte ezberdintasun arbitrarioak ezarri.
-Mexikon , Estatu Batu Mexikarren Konstituzio politikoaren lehenengo artikulua giza eskubideen aintzatespena ezartzen du hurrengo testuarekin:
Estatu Batu Mexikarretan Estatu Mexikarra parte den Konstituzio eta Nazioarteko Tratatuetan aintzatetsitako giza eskubieetaz gozatuko dute pertsona guztiek. [...] Aintzatespen hau, helburutzat dauka arrazoitu gabeko pribilegioak saihestea eta herritar guztiak, hau da herriari ( subiranotasuna dutenak, konstituzioaren 39. art) egoera legal berdinean kokatzea. Berdintasun juridikoa azaleko kolorean, generoan, adinean, erlijioan, lanbidean, egoera ekonomikoan et abar oinarrituta egiten diren bereizketak saihestean datza. Laburbilduz:
1.art: Konstituzioak ematen dituen bermeen gozamena pertsona guztientzat.
2.art: Esklabutzaren debekua.
4.art: Genero bereizketa gabe, eskubideen berdintasuna. ( gizona eta emakumea legearen aurrean berdinak dira.)
12.art: Nobleziaren tituluen debekua.
13.art: Foruen debekua, legeak adierazten dituenak salbu. Horrek, Mexikon subjetibitate edo partzialitate legala osatzen du.
-Ekuadorren, Konstituzioaren 11. artikuluan erregulatuta dago:
11. art.- Eskubideen erabilera hurrengo printzipioen bidez eraenduko da:
(…)
2.Pertsona guztiak berdinak dira eta eskubide, betebehar eta aukera berdinez gozatuko dute.
Inor ezin izango da baztertua izan etnia, jaioterri, adin, sexu, genero identitate, identitate kultural, egoera zibil, hizkuntza, erlijio ,ideologia, filiazio politiko, iragan judizial, egoera sozio-ekonomiko, egoera migratorio, orientazio sexual, osasun egoera, GIB/ hiesa izateagatik, ezgaitasun, desberdintasun fisiko arrazoiengatik ;ezta ere, bestelako bereizketa pertsonala edo kolektiboa , aldi baterakoa edo iraunkorra, zeina helburutzat daukan eskubideen aintzatespena, gozamena edo erabilera kaltetzea edo anulatzea. Legeak baztertze modu oro zigortuko du.
Estatuak baiezko akzioko neurriak hartuko ditu, zeinak berdintasun erreala eragingo duten, bereizketa egoeran dauden eskubideen titularren mesedetan.
(…)
Osagarritzat, Konstituzio berdinaren 9. artikuluak, berdintasuna ezartzen du ere, Ekuadortar eta atzerritarren arteko eskubide eta betebehar berdinen titulartasunari dagokionez:
9.art.- Ekuadorreko lurraldean dauden atzerritarrek Ekuadortarren eskubide eta betebehar berdinak izango dituzte, Konstituzioarekin bat eginez.
Eta Kode Zibilak printzipioa garatuz ezartzen du:
43. art.- Legeak ez du ezberdintasuna aitortzen edo aintzatesten ekuadortarraren eta atzerritarraren artean, kode hau arautzen dituen eskubide zibilen eskuratzea eta gozamenari dagokienez.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Nazio Batuen Erakundea. (1996). «Eskubide Zibil eta Politikoen Ituna» Euskadi.eus.
- ↑ a b Olympe de Gouges. (1791). [http://www.siefar.org/wp-content/uploads/2015/09/Gouges-D%c3%a9claration.pdf «DECLARATION DES DROITS DE LA FEMME ET DE LA CITOYENNE»] SIEFAR 1.artikulua.
- ↑ Translated by Richard Crawley, Thucydides. (1874). The History of the Peloponnesian War,. retrieved via Project Gutenberg.
- ↑ Origins of the Rule of Law. University of Chicago Press, 162-175 or..
- ↑ Espainiar Estatuaren berrespena, Eskubide Politiko eta Sozialen Ituna. (1966). BOE (Espainia) (A-1977-10733).
- ↑ (Frantsesez) Friedrich Hayek. (1945eko abenduaren 12an). «Vrai et faux individualisme» Discours prononcé à University College Dublin.
- ↑ Astola Madariaga, Jasone. Konstituzio Zuzenbidea III ( Apunteak). .
- ↑ (Ingelesez) The Universal Declaration of Human Rights. .
- ↑ La igualdad ante la ley, Diario Progresista, 28/1/2014. España. .