Edukira joan

Maria Ortiz de Abaroa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maria Ortiz de Abaroa
Bizitza
JaiotzaLekeitio
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaLekeitio
Jarduerak
Jardueraklur-jabea
Eragin zuenLekeitio eraldatu zuen, oin berriko etxeak eraikiz (ex novo jarduera) eta —hainbat dokumentuk erakusten dutenez— balearen olioarekin salerosketa eginez.

Maria Ortiz de Abaroa (? - Lekeitio, Bizkaia, XVI. mendea) emakume aberats bat izan zen, XVI. mendekoa. Bere ondasun gehienak 1579. urtean erosi zituen, bere senar Gartzia Uribe kapitaina hil ondoren.

Lurraren jabetzak botere-ikur nagusietako bat izaten jarraitzen zuen XVI. mendearen erdialdean, eta nobleziaren eta hiri-oligarkien aberastasun eta gizarte-ospe iturri nagusietako bat izan zen.

XVI. mendearen amaieran Lekeitioko hiribildua sute eta izurriteak suntsitu zuten eta María Ortiz de Abaroa izan zen zoritxar horien onuradunetariko bat. Bere ohiko jarduera etxeak ex novo eraikitzea izan zen; hau da, suntsituta geratu den tokian, oin berriko etxeak eraikitzea.

1580an, adibidez, harizti bat eta gaztainadi bat erosi zituen Maria Magdalena baselizaren[1] ondoan. 1598 eta 1589an, hainbat lur eta intxaurrondo erosi zituen Ispasterren. Aberastasun gehienak mahastietan, sagastietan, hariztietan eta intxaurrondoetan inbertitu zituen, batez ere Amorotoko, Ispasterko eta Mendexako elizateetan. Arranegi kalean Upa-etxea dorretxea[2] eraiki zuen. Bertan, beste hiru orube zituen, dorretxearekin muga egiten zutenak.

Buztinezko ontziak eta tinak erabiltzen ziren balearen olioa gordetzeko. 1998an Lekeition XVI. mendean funtzio horretarako erabili ziren hamabost bat ontzi agertu ziren Beheko kalean, Maria Ortiz de Abaroaren etxeko upeltegietan.

García de Uribe kapitainak eta bere emazteak 1573an Beaskokaleko etxe bat erosi zuten 105 dukaten prezioan, eta ondoren 1.500 dukatean beste bi orube gehitu zitzaizkion, etxe berri bat eraikitzeko. Etxeko upeltegiek bale-olioa ontziratzeko 21 tina zituzten.

1605. urtean etxe batzuk eraiki zituen Errege kalean, hareatzaren gainean, Zubietako dorre zaharrarekin muga egiten zutenak, eta horregatik nolabaiteko auzia izan zuen bere bilobarekin. Gainera,  dendak zituzten bi etxe txikiren jabea zen plazan. Bi etxe horiek hipotekatu egin zituen bere arimaren aldeko mezak esateko. Bereak ziren errenten dirua lur lauan eta inguruko elizateetan kokatutako etxeetan inbertitu zuen: Amorotoko elizatean kokatutako Hurguingo etxea eta baserria, bere garaiarekin, lurrekin eta jabetzekin.[3]

Lekeitioko armarria. Eskuinean hagina eta haren oinean aurrez aurre, bi otso. Ezkerretara dorre bat zelai berde baten gainean eta haren almenetan bi errege mairu.Azpian zilarrezko eta urrezko uhinen gainean, bale ontzi tripulatu bat bale bat eta haren balekumea, arpoi batekin harrapatu nahian. Armarria inguratuz, zinta bat lelo honekin: LEQUEITIO. REGES. DEBELLAVIT. HORRENDA. CETTER.S UBJECIT. TERRA. MARIQUE. POTENS.
Robert Fotherbyren margolana (akuarela,1613) Ikusten da nola irakitzen zuten balearen gantza olioa ateratzeko

Balearen banaketa eta aprobetxamendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Balea lehorreratu ostean, kirten luzeko aizkora eta aiztoekin ebakitzen ziren gantz xerra luzeak, ondoren, Kofradiako enkantean saltzeko. Enkante mahaia bi maiordomok, txalupetako patroiek eta notario batek osatzen zuten. Kandela bat pizten zen eta argiak iraun bitartean luzatzen zen enkantea. Saldu ondoren labeetara eramaten zen. Labeak herritik aldenduta egoten ziren zerien kiratsa zela eta. Harrizko egitura zirkularrak ziren eta erdian galdarak izaten zituzten. Ternuan ere antzekoak eraiki zituzten, eta teila gorrizko aterpeak egiten zizkieten eguraldi txarretik babesteko. Gantz zatiak galdaretan egosten zituzten olio bihurtzeko. Gantza urtu ostean, olioa urez betetako beste galdara batzuetara isurtzen zuten zikinkeriak hondoan gera zitezen. Balea harrapatu, zatitu eta olioa atera arteko prozesuak bi edo hiru egun iraun zezakeen. Tamainaren arabera, balea batek ia ehun upel eman zitzakeen. Eta, upel bakoitzak egungo 6.000 euro inguru balio zezakeela kalkulatzen da.

Buztinezko ontziak eta tinak ere erabiltzen ziren olioa gordetzeko. 1998an Lekeition XVI. mendean funtzio horretarako erabili ziren hamabost bat ontzi agertu ziren Beheko kalean. 1,30-1,80 metrotako altuera eta 1,10-1,45 metrotako diametrokoa dute guztiek, hau da, 17.000 litro olio gordetzeko beste. Lekeitioko herriarentzat bakarrik izateko gehiegizko kopurua. Hori dela eta, badirudi kanpora eramango zutela ontzi horietan gordetakoaren zati bat. Hainbat dokumentuk erakusten dutenez, Maria Ortiz de Abaroa, Gartzia Uribe kapitainaren alarguna zen horien jabea, Lekeitioko familia dirudun bateko kidea. Tina horietako batzuk Ateako lorategian daude ikusgai gaur egun eta beste batzuk Bilboko Arkeologi Museoan.[4][5][6][7][8][9]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]