Edukira joan

Marie Goegg-Pouchoulin

Wikipedia, Entziklopedia askea
Marie Goegg-Pouchoulin

Bizitza
JaiotzaGeneva1826ko maiatzaren 24a
Herrialdea Suitza
HeriotzaGeneva1899ko martxoaren 24a (72 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Amand Goegg (en) Itzuli  (1857 -
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, editorea, emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea eta sufragista

Marie Goegg-Pouchoulin (Geneva, 1826ko maiatzaren 24a - ibidem , 1899ko martxoaren 24a) Suitzako aktibista feminista eta abolizionista izan zen, bakearen[1] eta emakumeen boto-eskubidearen alde egindako borrokagatik ezaguna. Emakumeen eskubideen alde borroka egin izanagatik nabarmendu zen, batez ere, emakumeek unibertsitatean ikasteko eskubidea aldarrikatu eta Association internationale des femmes (Emakumeen Nazioarteko Elkartea) erakundea sortu izanagatik. Horrez gain, Marie Goegg-Pouchoulinek Journal des femmes (Emakumeen egunkaria) Suitzako lehen egunkari feminista sustatu zuen.

Marie Pouchoulin 1826ko maiatzaren 24an jaio zen Genevan, errefuxiatu hugonote frantses batzuen ondorengoen familia batean.[2] Adrienne Paudex-en eta Jean Pouchoulin estatuko erlojugilearen alaba zen.[3] Lehen ikasketak amaitu ondoren, 13 urte zituela, hasi zen lanean gurasoen lantegian.

Marie Pouchoulin bere aitaren ideia sozialistek markatutako giroan hazi zen. Hala ere, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko bere usteak Europako 1848ko gertaerengatik Suitzan errefuxiaturik zeuden iraultzaile europarrekin izan zuen harremanaren ondorioz sortu ziren. Pouchoulin familiak, garai hartan, gelak alokatzen zizkien erbesteratu horiei, eta bere bigarren senarra, Amand Goegg, zirkulu horietan zebilen iraultzaile alemaniarra zen.

Bizitza pribatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Amand Goegg (1820-1897)

19 urte zituela, Marie Pouchoulin Marc-Antoine Mercier merkatariarekin ezkondu zen. Bi urte geroago haur bat izan zuten, Henri izenekoa.

1849an, Marie Amand Goegg Badeneko iraultzailearekin maitemindu zen. Amand Zurichen errefuxiatu zen, eta gero Genevan, Badeneko Errepublikaren porrotaren ondoren. Badenen Herri Batzarreko presidenteorde eta behin-behineko gobernuko finantza ministroaren funtzioak bete zituen. Mariek dibortzioa eskatu zuen, garai hartan guztiz ezohikoa zena, baina hasiera batean agintariek errefusatu egin zuten bere eskaera. Azkenean, 1856an, dibortzioa onartu zioten, eta, horren ostean, Amand Goeggekin ezkondu zen, eta hark bere lehen semea adoptatu zuen.[2] Bi seme izan zituzten elkarrekin: Egmont (j. 1854) eta Gustave Alfred (j. 1857).[4]

Urte horietan, bizileku aldaketa ugari izan ziren, Londresetik, bikotea hasiera batean bizi izan zen hiritik, Parisera, Offenburgera (Alemania) eta Biennera (Suitza). Askotan itzuli ohi ziren Genevara, non ispilu-enpresa bat sortu zuten. Bikoteak, baina, ez zien inoiz bere konpromisoei uko egin: Marie Goegg-Pouchoulinek emakumeen eskubideen eta bakearen aldeko borrokan segitu zuen, eta Amand Goeggek langileen eskubideen aldekoan. Amand, 1868an, Genevako eraikuntzako langileen grebaren antolatzaileetako bat izan zen.[5]

Goeggek 1874an Marie utzi zuen, eta baita bere ondasun guztiez jabetu ere. Handik aurrera, Marie Goegg-Pouchoulinek bere kabuz moldatu behar izan zuen, bakar-bakarrik, bere semeen beharrak asetzeko eta haien hezkuntza bermatzeko.[6] Amand Goegg 1897an hil zen bere jaioterrian, Renchen-en (Alemania).

Aktibismo feminista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marie Goegg-Pouchoulinek bere senar Amand Goeggekin batera 1867an sortu zuen Bakearen eta Askatasunaren aldeko Nazioarteko Ligan eman zituen bere lehen pausuak militante feminista gisa.[7] Ligaren biltzarrak Suitzan egiten ziren, sarritan Genevan. Marie emakumeen auzien arduraduna zen, eta Amand Goegg, bere bigarren senarra, lehendakariordea. Foro horretan, 1869an, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko hitzaldi bat eman zuen, eta haren eraginez, berdintasun printzipioa Ligaren programan sartu zen.

Marie Goegg-Pouchoulinek, 1868an, bere ideia feministak azaldu zituen eta emakumeak elkartzeko deia egin zuen Ligaren Les États-Unis d 'Europe (Europako Estatu Batuak) aldizkarian. Urte berean, Emakumeen Nazioarteko Elkartea sortu zuen. Urtebete geroago, 1869an, Suitzako lehen aldizkari feminista sortu zuen, Le Journal des Femmes (Emakumeen Egunkaria). 1875ean, Solidarité: Association pour la défense des droits de la femme (Elkartasuna: Emakumeen Eskubideen Defentsarako Elkartea) Emakumeen Nazioarteko Elkartea desagertutakoan sorturiko erakundearen presidente izendatu zuten, eta ardura horretan jarraitu zuen 1880an desegin zen arte. Halaber, Josephine Butlerren prostituten aldeko borroka babestu zuen, eta, geroago, bat egin zuen Fédération abolitionniste internationale (Nazioarteko Abolicionisten Federazioa) erakundearekin, zeinen zuzendaritza-batzordeko kide izendatu zuten 1886an.[7]

Marie Goegg-Pouchoulinek egin eta irabazi zuen batailetako bat emakumeak Genevako Akademian, gero Genevako Unibertsitatea izan zenean, sartu ahal izatea izan zen. 1872an, 30 emakumek lagunduta, Suitzan eskaera-eskubidea erabili zuen lehen emakumea izan zen. Eskaera horri esker, Genevako Parlamentuak (Kontseilu Nagusia) unibertsitate ikasketak egiteko baldintzak bi sexuentzat berak izatea agintzen zuen legea onartu zuen. Horrela bada, Genevakoa emakumeei ateak zabaldu zizkien Suitzako bigarren unibertsitatea bilakatu zen, Zurichekoak 1868an aitortu baitzien eskubide hau.[8] Era berean, Goegg-Pouchoulinek emakume ezkongabeek edo alargunek garai hartan jasaten zuten tutoretza indargabetzeko ahaleginak ere egin zituen. Vaud kantonamenduak 1874an tutoretza hori kendu zuen eta Basilekoak 1877an. Azkenik, 1912an federazio osoan indargabetu zuten.

1878an, Virginie Griess-Traut ekintzaile feminista eta bakezaleak idatzitako Gerraren Aurka Emakumeenko Manifestua sinatu zuen.[9][10]

Marie Goegg-Pouchoulinek etsi barik ekin zion emakumeen eskubideen aldeko borrokari bere azken urteetara arte. Horrela, Ligako idazkari eta kutxazain izan zen 20 urtez.[11] Europako Estatu Batuak aldizkarian kolaboratu zuen 70 urte bete arte. 1894an, 68 urte zituela, belaunaldi feminista berri batek sortutako Union des femmes de Genèveko (Genevako emakumeen batasuna) elkartearen presidenteorde aukeratu zuten 1891ko irailaren 17an[2] eta lau urtez bete zuen kargua.[6] 1896an ere Emakumeen Interesen Lehen Kongresuan parte hartu zuen.[12]

Emakumeen Nazioarteko Elkartearen Estatutuak

Emakumeen Nazioarteko Elkartea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marie Goegg-Pouchoulinek, 1868ko uztailaren 26an, emakumeen nazioarteko lehen erakundeetako bat sortu zuen, Emakumeen Nazioarteko Elkartea, hain zuzen, Genevako Mont-Blanc kaleko 9. zenbakian. Elkartea, hasiera batean, Bakearen eta Askatasunaren Nazioarteko Ligaren atal gisa sortu zen, eta helburu nagusia zuen "emakumeen aurrerapen moral eta intelektualaren alde eta gizartean betetzen duten lekua pixkanaka hobetzearen alde lan egitea, eta euren giza eskubideak eta baita eskubide ekonomiko, zibil, sozial eta politikoak ere aldarrikatzea".[13] Bere inaugurazio-hitzaldian, Marie Goegg-Pouchoulinek bere asmoak zehaztu zituen: gizon eta emakumeen eskubide berdintasuna hezkuntzan, emakumeen lan-askatasuna eta soldata-berdintasuna, eskubide zibil eta ekonomikoen berdintasuna (bereziki senar-emazteen arteko harremanetan, garai hartan emakumea senarraren menpe baitzegoen), eta eskubide politikoen berdintasuna eta, beraz, boto-eskubidea.[14]

Elkarteak arazoak izan zituen bere jarduerekin jarraitzeko 1870eko Franco-Prusiako Gerraren ondorioz, baina ez zen ofizialki desagertu 1872ra arte. Marie Goegg-ek Frantziako eta Prusiako emakumeei gatazka geldiarazten saiatzeko deia egin zien, baina ahalegina alferrikakoa izan zen.[15] Elkarteak ez zuen oinarri sendorik lortu, ez baitzuen inoiz kide kopuru mugatu bat baino izan, ziur aski bere helburuak garai hartan berritzaileegitzat hartzen zirelako.[3] Bestalde, erakundearen barruan hainbat desadostasun izan ziren Marie Goegg-Pouchoulinen zuzendaritza-lana zela eta; horren ondorioz, elkartearen berrantolaketa eta izen aldaketa gertatu ziren "nazioarteko" adjektiboak piztutako eztabaidaren ondoren, seguruenik 1871ko Komunarekin eta Lehen Internazionalarekin lotura izan zezakeelako.[16]

1872an, Solidarité: Association pour la défense des droits de la femme (Elkartasuna: emakumearen Eskubideen defentsarako Elkartea) taldeak ordezkatu zuen Emakumeen Nazioarteko Elkartea.[17] Talde berrian, Marie Goegg-Pouchoulinek Julie von May von Rued Nazioarteko Emakumeen Elkarteko bidaidearekin lan egin zuen, eta baita Europako beste 15 feministarekin ere, hala nola Caroline de Barrau frantziarrarekin, Josephine Butler britainiarrarekin, Christine Lazzati italiarrarekin eta Rosalie Schönwasser, Marianne Menzzer eta Julie Kühne alemaniarrekin.[18] Marie Goegg-Pouchoulin 1875etik 1880ra bitartean Solidarité elkartearen presidentea izan zen.

Emakumeen sarbidea Genevako Unibertsitatean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Genevan,1870 eta 1872 artean, eztabaida piztu zen hezkuntza publikoaren erreforma zela eta. Testuinguru horretan, Marie Goegg-Pouchoulinek, 30 emakumeren laguntzarekin —"Genevoises, mères de familles"—, eskaera bat zuzendu zion lege berria onartu beharko zuen Genevako Kontseilu Nagusiari (Parlamentua).[19] Marieren ekimenak arrakasta izan zuen, eta azkenean, Kontseiluak 1872an onartutako legean eskaeran azaldutako baldintzak jaso ziren. Horrela bada, handik aurrera ikasleei, gizon zein emakume, baldintza berak ezarri zitzaizkien Genevako Unibertsitatean ikasteko.[Oh 1] Geneva izan zen bere unibertsitateko ateak emakumeei ireki zizkien bigarren kantonamendua, Zurich 1868an lehena izan ondoren, eta gero, Pariseko Sorbonako unibertsitatearekin batera, aitzindari gisa jardun zuen arlo horretan. Lorpen hori emakumeen goi-mailako hezkuntzarako sarbidean mugarri izan arren, emakumeek unibertsitateko ikasketak egiteko arazoak ez ziren desagertu ondorengo hainbat hamarkadatan.

Garai hartan, unibertsitatera sartu ahal izateko, derrigorrezkoa zen "maturité fédérale" (heldutasun federala) izeneko titulua lortzea, baina horretarako egin beharreko ikasketek (batxilergoaren baliokideak) latina barne hartzen zuten.[20] Latina, ordea, Calvin College-n ematen zen ikastaroaren amaieran lortzen zen, eta ikastetxe hartan mutilek bakarrik ikas zezaketen. Genevako emakumeek, beraz, heldutasun federala klase partikularren bidez baino ezin zuten eskuratu, eta aukera hori soilik elite baten eskura zegoen. 1900. urtera arte ez zuten aldatu neska gazteen curriculuma unibertsitatera sartzeko baldintzetara egokitzeko, eta Calvin Collegen ezin izan zuten ikasi mutilen baldintza beretan 1909. urtera arte. Hala ere, beste hogeita bi urte itxaron behar izan zuten Nesken Bigarren Hezkuntzako eta Goi Mailako Eskolak adar orokor bat sortu zezan, bere ikasleak unibertsitatera joan ahal izateko.[8][19]

Marie Goegg-Pouchoulin Genevan hil zen 1899ko martxoaren 24an, 73 urterekin. Etorkizunari begira baikorra zen, gizon eta emakumeen eskubide berdintasuna —bai legearen aurrean, eta baita hezkuntzan, familian eta lan munduan ere— lor zitezkeela irmoki sinesten baitzuen. Hala ere, helvetiar emakumeek 1971ra arte itxaron behar izan zuten boto eskubidea lortzeko, Suitza izan baitzen Europan sufragio unibertsala erdietsi zuen azken herrialdea.

Ziur nago egun batean gure borroka hau, gizaki ororentzako justizia, askatasuna, hezkuntza eta zorionaren erresuma ziurtatzea beste helbururik ez duena, irabazi egingo dugula.

Marie Goegg-Pouchoulin

Bere ideiak, batzuetan, garai hartarako lar erradikaltzat jo bazituzten ere, bere bizitzaren amaieran feministen belaunaldi berriak Marie Goegg-Pouchoulin bera "gainditu" zuen. Dena den, gizonen eta emakumeen arteko eskubide berdintasunaren alde egin zuen ekarpena eztabaidaezina da. Gaur egun, oraindik ere, Suitzako emakumeen eskubideen aitzindaritzat eta bertako lehen feminista berdinzaletzat hartzen da,[12] eta bere ideiek Suitzako mugetatik urrunago ere oihartzuna izan dutela aitortzen da.

Giuseppe Garibaldik, 1868ko apirilaren 7an, Amand Goegg-i emaztea zoriondu zezan eskatzeko idatzi zion, «bere ekimen nobleagatik, sexu ederrak tiraniak eta apaizek itota duten giza arrazoimenaren emantzipatzaileen lerroekin bat egin dezan».[21]

  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Marie Goegg-Pouchoulin» artikulutik itzulia izan da, 2022-03-10 data duen 191766516 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2022-03-10 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
  1. Legeak ezartzen duenez, "Akademian sartzeko baldintzak berdin-berdinak dira bi sexuentzat". Formulazio hori 1872ko urriaren 19ko hezkuntzari buruzko Legearen 140. artikuluan errepikatzen da. (Natalia Tikhonov, Le rôle des parents dans l’accès de jeunes filles à l’enseignement supérieur en Suisse à la fin du XIXe siècle, in: Bardet Jean-Pierre, Jean-Noël Luc, Isabelle Robin-Romero et Catherine Rollet (dir.), Lorsque l'enfant grandit. Entre dépendance et autonomie, Paris, Presses de l'Université de Paris-Sorbonne, 2003.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Bernard-Lubelski, Nicole. (1976). «Les débuts du pacifisme féminin» Les cahiers du GRIF 14 (1): 30–33.  doi:10.3406/grif.1976.1118. (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  2. a b c (Frantsesez) Grobet, Erik. (2002). «Marie Goegg, une pionnière du féminisme» solidaritéS 11. zk. (2002-03-02) (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  3. a b (Frantsesez) Ludi, Regula. (2006). «Goegg-Pouchoulin, Marie» Dictionnaire Historique de la Suisse DHS (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  4. (Frantsesez) Moreillon, Simon. (2014-07-16). «Marie Goegg-Pouchoulin: militante féministe suisse» Le Temps ISSN 1423-3967. (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  5. (Frantsesez) Bürgi, Markus. (2006). Goegg, Amand. Dictionnaire Historique de la Suisse - DHS (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  6. a b (Frantsesez) Woodtli, Susanna. (1974). «Figures de proue - Marie Goegg-Pouchoulin (1826-1899)» Femmes suisses (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  7. a b (Frantsesez) Moreillon, Simon. (2014). «Marie Goegg-Pouchoulin : Militante féministe suisse» Le Temps (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  8. a b (Frantsesez) Kaufmann Extermann, Danièle. (2014). Nous sommes des naines juchées sur des épaules de géantes. Association Suisse des Femmes Diplômées des Universités - Genève / Portrait / L'AGFDU et la Suisse (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  9. (Frantsesez) Desmars, Bernard. (2013). Traut (dite Griess-Traut), Virginie (Marie). Dictionnaire biographique du fouriérisme, notice mise en ligne en juin 2013 (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  10. (Ingelesez) Offen, Karen M.. (2000). European Feminisms, 1700-1950: A Political History. Stanford University Press ISBN 978-0-8047-3420-2. (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  11. (Frantsesez) Les Pionnières. Portraits de femmes ayant oeuvré pour le féminisme à Genève et en Suisse. Marie Goegg-Pouchoulin (1824-1899). Centre de Liaison des Associations Féminines Genevoises (CLAFG) (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  12. a b (Frantsesez) Des rues aux noms de femmes.... Département des institutions. Service pour la promotion de l'égalité entre homme et femme (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  13. (Ingelesez)Statuts de l'Association internationale des femmes (Emakumeen Nazioarteko Elkartearen estatutuak - 1870) (Noiz kontsultatua: 2022-04-13)
  14. (Frantsesez) Figarol, Thomas. (2015). «En Suisse, un programme international de lutte pour l’égalité» Clio Texte (Noiz kontsultatua: 2022-04-13).
  15. Yannick Ripa, Yannick (2020), «Une affaire de femmes», L'Histoire 469. zk., 2020ko martxoa, 42-45. or. (Noiz kontsultatua: 2022-04-13)
  16. (Ingelesez) Rappaport, Helen. (2001). Encyclopedia of Women Social Reformers. ABC-CLIO ISBN 978-1-57607-101-4. (Noiz kontsultatua: 2022-04-13).
  17. (Frantsesez) Adler, Tibère; Parzer Epp, Verena; Wirz, Claudia. (2014). Pionnières de la Suisse moderne : des femmes qui ont vécu la liberté. Slatkine ISBN 978-2-8321-0638-9. PMC 999810389. (Noiz kontsultatua: 2022-04-13).
  18. (Ingelesez) Offen, Karen M.. (2000). European feminisms, 1700-1950 : a political history. Stanford University Press ISBN 0-8047-3419-4. PMC 43167893. (Noiz kontsultatua: 2022-04-13).
  19. a b (Frantsesez) Natalia Tikhonov, sous la direction de Rebecca Rogers.. (2004). Enseignement supérieur et mixité : la Suisse, une avant-garde ambiguë in : La mixité dans l'éducation : Enjeux passés et présents. ENS éditions, 35 -52 or..
  20. (Frantsesez) Dreifuss, Jean-Jacques. (2011). La lente féminisation des études médicales (Genève, 1880-2000) - revmed. Editions Médecine & Hygiène., Rev Med Suisse 7:1832-1833 or. (Noiz kontsultatua: 2022-04-13).
  21. Garibaldik Amand Goeggi idatzitako gutuna, 1868ko apirilaren 26an États-Unis d’Europe aldizkariaren lehen urteko 17. zenbakian argitaratua. Erik Grobet-ek aipatua, "Marie Goegg, une pionnière du féminisme", SolidaritéS, 11. zk, 28. or. (2002-06-27)

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]