Mauleko gaztelua
Mauleko gaztelua | |
---|---|
Monumentu historikoa | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Zuberoa |
Herria | Maule-Lextarre |
Koordenatuak | 43°13′09″N 0°53′11″W / 43.2192°N 0.886388°W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1261 (egutegi gregorianoa) |
Arkitektura | |
Ondarea | |
Mérimée ID | PA00084444 |
Mauleko gaztelua Zuberoako hiriburuko muino batean kokaturiko gaztelua da (195 metroko garaieran) eta Zuberoako bizkonderria sortu zenetik bertako agintarien egoitza nagusia izan zen. Gaur egun, markodun harresi batzuk geratzen dira erronda‑bideekin, zilindro formako hiru dorre ditu, zertxobait suntsituak, kasamata bat eta sarreran zubi altxagarri bat dago.[1]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinako testuen arabera, hasieran dorre bat egon zen leku horretan, eta ziurrenik, pixkanaka eraikiko zuten gaztelua. Gaztelu honi buruzko lehen aipamena 1257. urtekoa da, Ingalaterrako erregearen indarrak herrira indarrez sartu zirenekoa.[1] 1261ean, Ingalaterrako erregeak, Zuberoako bizkonde zenak, indarrak erakutsi nahian kapitain-gazteluzain bat izendatu zuen Maulen. 1272 eta 1287 artean, Edward I.a Ingalaterrakoak, bere kokapen estrategikoa zela eta, gotorlekua sendotzeko agindu zuen. 1319an eta 1374an gazteluzainek sendotze lanak segitu zituzten.
Ingalaterraren eskuetatik kentzeko hainbat saiakera izan zen, batzuetan emankor (1295ean eta 1307an), gehienetan hutsal. 1449an, Gaston IV.a Foixkoak Frantziako erregearen alde gaztelua setiatu eta konkistatu zuen, Guiena konkistatzeko kanpaina abiatuz. 1512an hil zenean, gotorlekua ez ezik bere lurralde guztiak, Zuberoa tartean, Frantziako koroaren menpe geratu ziren. 1523an, Orange-ko printzeak eta Lukuzeko jaunttoak berriro laburzki setiatu zuten. XVI. mendeko bigarren partean, gaztelua erre zuten Frantziako Erlijio Gerretan.
1642an, Louis XIII.a Frantziakoak gaztelua lurreratu eta 1648an berreraiki zuten. Bakea iristean, soldadu eta kanoi zaharrak baino ez ziren geratu gazteluan; haien lana bisitari ospetsuak hartzea zen, besteak beste, Richelieu. Richelieu 1759. urteko abuztuan izan zen gazteluan eta 24 kanoikada lau txandatan bota zituzte haren omenez.[1]
Frantziako Iraultzan kartzela bihurtu zen. 1831an, Gerra Ministroak ez berreraikitzea erabaki zuen. 1870ean Maule gazteluaren jabe bihurtu zen.
Abesti bat eta hilarri bat: Berterretxetarren heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berterretxeren abestiak gaztelu honetan gertatu agramondarren eta beaumondarren arteko borrokaren pasarteari buruz dihardu; borrokak 1434tik 1449ra bitartean iraun zuen. Berterretxe larraindar aberatsa zen, agramondarren aldekoa. Luis Beaumontek, Leringo kondeak eta lüküzetarren senideak, Larrainera bidali zuen haren bila. Mauleko errepidean hil zuten, Ezpeldoin, jakina ez den arrazoi bategatik: ihes egiten saiatzeagatik edo mendekuagatik agian.[1]
Bost mende eta erdi igaro arren, gaur egun lehen bezain ezaguna da abestia. Abestiko bi errepika dira hauek:
Jaun kuntiak berehala
Traidore batek bezala
Berterretx haigu borthala, utzuliren
[ hiz berhala
Ezpeldoiko alhaba
Margarita deitzen da
Berterretxen odoletik ahurkaz biltzen
[ari da.
Disko formako antzinako hilarri batek oroitarazten digu heriotza, Etxebarreko Ezpeldoi etxearen aurrean.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Mauleko gazteluaren ikuspegia.
-
Gazteluaren sarrera.
-
Gazteluko zubia.
-
Mauleko udaletxea atzean gaztelua duela.
-
Mauleko gazteluko ikurrina.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d Open Data Euskadi, Xipri. (Arbelbide). 'Euskal Herria' entziklopedia enblematikoa: Arkitektura zibila I - Eusko Jaurlaritzaren datu irekiak. Open Data Euskadi, 188 or. (Noiz kontsultatua: 2017-09-20).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |