Mickey Mouse
Mickey Mouse (ⓘ) edo Mickey sagua marrazki bizidunetako pertsonaia estatubatuarra da, 1928an Walt Disneyk eta Ub Iwerksek sortua. Mickey sagu antropomorfoa da, eta galtza motz gorriak, zapata handiak eta eskularru zuriak eraman ohi ditu. Askotan, Minnie Mouse neska-lagunarekin, Pluto maskotarekin, Donald ahatearekin, Goofyrekin eta Pete nemesiarekin batera irudikatzen da, besteak beste.
Disneyren aurreko Oswald untxi zorteduna pertsonaia ordezkatzeko sortu zuten Mickey. Pertsonaiak jatorriz «Mortimer Mouse» izena izango zuen, Disneyren emazteak, Lillianek, «Mickey» iradoki zuen arte. Mickey 1928ko bi film laburretan agertu zen lehen aldiz, Plane Crazy eta The Gallopin' Gaucho (ez zirenak banatzera heldu), Steamboat Willie (1928) filmean debut publikoa egin aurretik. Pertsonaia 130 film baino gehiagotan agertu da, gehienak film laburretan, eta Fantasia (1940) bezalako film luzeetan. 1930az geroztik, Mickey hainbat komikitan agertu da (Mickey Mouse komiki tira, adibidez, 45 urtez argitaratu zen), baita istoriotxoen liburuetan ere (Mickey Mouse, adibidez). Telebistako telesailetan ere agertu da pertsonaia, The Mickey Mouse Club (1955-1996) telesailean, esaterako.
Charlie Chaplin eta Douglas Fairbanks bezalako zinema mutuko pertsonaietan inspiratuta, Mickey, tradizioz, babesgabe jator gisa karakterizatzen da, aurrera egitea lortzen duena bera baino erronka handiagoen aurrean duen adore eta talentuari esker. Pertsonaiaren irudikapena, sagu txiki bat bezala, pertsonifikatu egiten da bere altuera ñimiñoaren eta bere falsetto ahotsaren bitartez, Walt Disneyk berak sortutako ahotsa. Hasiera batean pikaro maitagarri eta lotsagabe gisa karakterizatzen bazen ere, denborarekin Mickey protagonista konbentzional eta maitagarriago gisa berrizendatu zuten, normalean heroi kementsu baina oldarkor gisa ikusia.
Bideo-jokoetan eta merchandisingean ere agertzen da Mickey, eta Disney parkeetan ezagutu daitekeen pertsonaia da. Munduko fikziozko pertsonaiarik ezagunenetako eta unibertsalki txalotuenetako bat da. Mickeyren marrazki bizidunetako hamar animaziozko film labur onenaren Oscar sarirako izendatu zituzten, eta horietako batek, Lend a Pawek, saria irabazi zuen 1941ean. 1978an, Hollywoodeko Ospearen Pasealekuan izar bat izan zuen marrazki bizidunetako lehen pertsonaia bihurtu zen Mickey.
Sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mickey Mouse Oswald untxi zortedunaren ordezko gisa sortu zen, Disney estudioak aurretik sortutako marrazki bizidunetako pertsonaia, baina garai hartan Universal Picturesena zena[1]. Charles Mintz Disneyren eta Universalen arteko produktore bitartekaria izan zen Winkler Pictures enpresaren bidez, Oswald protagonista zuen marrazki bizidunen seriean. 1928ko otsailean Mintzekin Oswalden kontratua berritzeko egindako bilera batean, Disneyk aurrekontuak murrizteko proposamen etsigarri batekin egin zuen topo, Mintzek Disneyko animatzaile garrantzitsuenetako batzuk bere estudiora pasatzen ari zirela jakinaraztearekin batera[2]. Disney estudioan geratu ziren bakanen artean Ub Iwerks animatzailea, Les Clark arte-ikaslea eta Wilfred Jackson zeuden.
Disneyk, orduan, pertsonaia berri bat sortu zen, halabeharrez eta nolabaiteko sekretupean. Hainbat mito daude Walt Disneyk Mickeyrentzat izan zuen inspirazioari buruz, hala nola artista gosetia Kansas Cityko (Missouri) Laugh-O-Gram estudioko bere idazmahaian hezitako sagu batean (edo sagu pare batean) inspiratu zela, edo Mintzekin izandako bileraren ostean inspirazio bila aritu zela tren bidaia batean[4][5]. Disneyk hala eskatuta, Iwerksek hainbat animaliatan oinarritutako pertsonaien ideia berriak zirriborratu zituen, hala nola txakurrak eta katuak, baina horietako bat bera ere ez zitzaion gustatu Disneyri. Behi eme bat eta zaldi ar bat baztertu zituzten, ondoren igel ar bat[oh 1]. 1925ean, Hugh Harmanek saguen zirriborro batzuk marraztu zituen Walt Disneyren argazki baten inguruan, ustez Disneyren beraren diseinuetan oinarrituta (familiako urtebetetze txarteletan sartzen zituenen antzekoak)[7]. Marrazki horiek inspiratu zuten Iwerks Disneyrentzat sagu pertsonaia berri bat sortzeko[6].
«Mortimer Mouse» izan zen Disneyren jatorrizko izena pertsonaiarentzat, Lillian emazteak aldatzeko konbentzitu aurretik[8][9][oh 2]. Disneyk izen bereko Performo jostailu batean izena ikusi zuela espekulatu da[10]. Gainera, Mickey Rooney aktoreak adierazi zuenez, Mickey McGuire (1927-1934) pelikulen saileko pertsonaia nagusi gisa aritu zen bitartean, Walt Disney ezagutu zuen Warner Bros estudioan, eta horrek Disney pertsonaia bere izenarekin bataiatzera bultzatu zuen[11]; hala ere, Disney estudioak garai hartan ez zeuden Hyperion etorbidean kokatuta, eta Disneyk ez zuen negoziorik Warner Brosekin[12][13][oh 3]
Elkarrizketa sekuentziak dituen lehen film luzea, The Jazz Singer, Al Jolson protagonista duena, 1927ko urriaren 6an estreinatu zen. Hainbat soinu filmek jarraitu zuten, eta zinemak beharrezko tresneria jartzen hasi ziren. Esaten denez, Walt Disneyk 1928ko maiatzaren amaieran hitz egin zuen marrazki bizidun soinudunak egiteaz[15]. Carl W. Stalling konpositoreak The Karnival Kid[16] eta Wild Waves 1929ko soinu film laburretan Mickeyri ahotsa jarri ondoren, Disneyk berak falsetto ahotsa jarri zion, jarrera lotsatiarekin, eta pertsonaiaren nortasunaren zati handi bat osatu zuen pantailan[17].
Diseinua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mickeyren jatorrizko diseinuak Oswald Untxiaren antz handia zuen, belarriak, sudurra eta isatsa izan ezik[18][19][20]. Ub Iwerksek zirkuluak (batez ere belarriak) erabiliz diseinatu zuen Mickeyren gorputza, pertsonaiaren animazioa errazteko[21][oh 4]. Sortu zen unean, Mickeyren ezaugarriek antzekotasunak zituzten marrazki bizidunetako bere aurreko hainbatekin, begi eta aho handiekin gorputz beltz baten gainean[oh 5], (adibidez, Oswald eta Felix Katua). 1929. urtearen hasieratik, Mickeyk eskularru zuriak jantzi zituen[oh 6] (Bosko eta Bimbo bezalako ondorengo pertsonaien antzekoak)[oh 7]. AEBko minstrel ikuskizunetan erabilitako aurpegi beltzeko karikaturetatik abiatuta eskema horrek bilakaera izan zuela diote hainbat iturrik[25][26][oh 8][oh 9]. Gainera, Mickeyren jatorrizko esku beltzak ezin ziren ikusi haren soinaren aurretik pasatzen baziren. Muga horrek animatzaileak animatu zituen euren poseak siluetan oinarritzera, Charlie Chaplinen filmen estiloan[29][30].
Minnie Mouseren diseinua Mickeyrenaren antzekoa zen, eta azaleko xehetasunetan baino ez zen ezberdina[31]. 1930eko hamarkadan, Fred Moore animatzailea Mickeyren gorputzari udare forma gehiago ematen saiatu zen, bere jardun tartea handitzeko; Walt Disneyri gustatu zitzaion moldaketa hori, eta adierazi zuen: «Horrela nahi dut marraztea Mickey hemendik aurrera»[32][oh 10] Moorek mantentzen zuen pertsonaia beti angelu atsegin batetik marraztu behar zela, belarriak barne, Mickey hiru dimentsiodun pertsonaia errealista gisa irudikatu beharrean[33].
Hasiera batean, Mickeyren begiak handiak eta zuriak ziren, ingerada beltzekin, eta goiko aldeak mugi zitezkeen, bekainak izango balitu bezala; begi-ninia zirkularra zen (triangelu bat moztua posterren lehen planoetan, argi islatua simulatzeko)[34]. Steamboat Willie filmetik aurrera, ingerada beltzen behealdea kendu zuten, eta, horren ondorioz, begi-niniaren kokapenak arraroa zirudien askotan. Begi-niniak puntu gisa tratatzen hasi ziren, eta horrek buru osoa mugitzera behartzen zuen, Mickeyk ingurura begira zezan. Fantasia ekoiztean, 1930eko hamarkadaren amaieran, Fred Moorek Mickey berdiseinatu zuen, begiak txikituz eta begi-ninia jarriz[35][36][oh 11], eta aurpegi-eremua azal-kolore argiarekin birdefinitu zuen. Geroago, bekainak gehitu zituzten, delineatuak eta definituak, eta gaur egun noizbehinka erabiltzen dira.
Mickeyren eskularru eta zapatez gain, normalean galtza motz bat baino ez darama, aurrealdean bi botoi handi dituena. Mickey kolorezko animazioan erregulartasunez agertu aurretik, galtza motzak gorriak edo urdin berdexkak zituen. Mickeyren koloretako pelikulak iritsi zirenean, gorriak ziren beti. Mickeyk galtza motzak janzten ez dituenean, arropa gorria janzten jarraitzen du askotan. Bigarren Mundu Gerrak ezarritako aurrekontu mugak zirela eta, Mickeyk isatsa galdu zuen aldi baterako, adibidez, The Little Whirlwind (1941) filmean[38][26].
Agerraldiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Filmak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasiera (1928)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Plane Crazy marrazki bizidunetako film laburraren probarako proiekzio batean ikusi zuten lehen aldiz Mickey, 1928ko maiatzaren 15ean, baina ez zuen publikoa hunkitu, eta Waltek ezin izan zuen berarentzako banatzailerik aurkitu. Waltek Mickeyren bigarren film labur bat ekoitzi zuen, The Gallopin' Gaucho, eta hura ere ez zen estreinatu, banatzaile faltagatik.
Steamboat Willie 1928ko azaroaren 18an estreinatu zen New Yorken. Walt Disneyk eta Ub Iwerksek zuzendu zuten. Iwerks izan zen berriro animatzaile nagusia, Les Clark, Johnny Cannon, Wilfred Jackson eta Dick Lundyren laguntzarekin. Film labur hau urte hasieran estreinatutako Buster Keatonen Steamboat Bill, Jr. filmari egindako keinu bat zen. Mickeyren hirugarren marrazki biziduna izan bazen ere, banatzaile bat topatu zuen lehena izan zen, eta, horregatik, The Disney Companyk Mickeyren debutatzat dauka. Diseinu aldetik ere bazituen hobekuntza batzuk, hala nola pelikulan errebotatzen zuen pilota baten erabilera, zuzendari eta musikariek beren musikaren tempoa pelikularenari egokitu ahal izateko.
Marrazki biziduna ez zen izan ekintzara konektatutako soinu-banda bat txertatu zuen lehena. Fleischer estudioek, Dave eta Max Fleischer anaien gidaritzapean, DeForest sistema erabiliz hainbat marrazki bizidun soinudun kaleratu zituzten 1920ko hamarkadaren erdialdean. Marrazki bizidun horiek, ordea, ez zuten soinua sinkronizatuta mantentzen film osoan. Willieren ustez, Disneyk musikariak konpasean mantentzen zituen klik pista batekin grabarazi zuen soinua. Sinkronizazio zehatz hori nabaria da «Turkey in the Straw» sekuentzian, Mickeyren ekintzak akonpainamenduko tresnekin doi-doi bat datozenean. Animazioaren historialariek luzaroan eztabaidatu dute nor izan zen filmaren jatorrizko musikaren konpositorea. Wilfred Jackson, Carl Stalling eta Bert Lewisi egotzi izan zaie behin baino gehiagotan paper hori, baina identifikazioa zalantzazkoa da oraindik. Walt Disney bera izan zen Mickey eta Minnieren bikoizketa aktorea, eta Mickeyren ahotsaren iturri izaten jarraitu zuen 1946ra arte, marrazki bizidunentzat. Jimmy MacDonaldek hartu zuen papera 1946an, baina Waltek ahotsa jarri zion berriro Mickeyri 1955etik 1959ra, ABC kateko The Mickey Mouse Club telebista serierako.
Steamboat Willie filmaren estreinaldiaren garaiko publikoa txundituta geratu zen soinua helburu komikoekin erabiltzen zelako. Film soinudunak edo «talkiak» oraindik ere berritzailetzat jotzen ziren. Marrazki bizidunen estudio gehienek film mutuak ekoizten jarraitzen zutenez, ezin zuten Disneyrekin lehiatu. Ondorioz, Mickey laster bihurtuko zen garaiko pertsonaia animaturik nabarmenena. Walt Disneyk berehala gehitu zizkien soinua Plane Crazy eta The Gallopin' Gauchori (hasieran film mutuak izan zirenak), eta horrek Mickeyren arrakasta eta ospea lagundu zuen. The Barn Dance, Mickeyren laugarren film laburra ere ekoitzi zuten; Mickey, ordea, ez da The Karnival Kid (1929) arte mintzo. Steamboat Willie estreinatu ostean, Mickey Felix Katuaren lehiakide hurbila bihurtu zen, eta haren ospea hazi egingo zen etengabe soinudun marrazki bizidunetan agertzean. 1929an, Felixek ospea galdu zuen publikoaren artean, eta Pat Sullivanek Felixen etorkizuneko marrazki bizidun guztiak soinuan ekoiztea erabaki zuen. Felixen soinurako trantsizioari ez zion ondo erantzun publikoak, eta, 1930ean, Felix desagertuta zegoen pantailatik[39].
Txuri-beltzezko garaia (1929-1935)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mickeyren lehen filmetan, sarritan ez zen heroi gisa karakterizatzen, Minnie Mouseren ezkongai ez-eraginkor gisa baizik. The Barn Dance (1929ko martxoaren 14a) Minniek Mickey Peteren alde baztertzen duen lehen aldia da. The Opry House (1929ko martxoaren 28a) Mickeyk bere eskularru zuriak daramatzan lehen aldia da. Mickeyk ondorengo ia agerraldi guztietan eramaten ditu, eta beste pertsonaia askok haren ereduari jarraitu zioten. Mickeyren eskularruen atzealdeko hiru lerroek dardoak irudikatzen dituzte eskularruen oihalean, eta eskuaren digituen artetik zabaltzen dira, garai hartako eskularruen diseinuan ohikoak zirenak.
When the Cat's Away (1929ko apirilaren 18a), funtsean «Alice Rattled by Rats» Aliceren komediaren remake bat, ezohiko agerpena izan zen Mickeyrentzat. Mickeyk eta Minniek beren ezaugarri antropomorfikoei eusten bazieten ere, sagu arrunten tamainarekin irudikatzen zituzten, eta beste sagu askoren komunitate batekin bizitzen, etxe batean izurriteak balira bezala. Geroago, Mickey eta Minnie beren inguruan gizaki arrunten tamainarekin agertuko ziren. Benetako gizakiekin egindako agerraldietan, Mickeyk metro bat inguruko altuera duela ikusi da. Mickeyren hurrengo film laburra ere ezohikoa izan zen. The Barnyard Battle (1929ko apirilaren 25a) izan zen Mickey soldadu gisa agertzen zen film bakarra, baita borrokan sartzen zen lehena ere. The Karnival Kid (1929) izan zen Mickeyk hitz egin zuen lehen aldia. Lehen txistu, barre eta marmar besterik ez nuen egin. Bere lehen hitzak hauek izan ziren: «Txakurtxo beroak! Txakurtxo beroak!», azoka batean saltzen saiatzen zen bitartean[40]. Mickey's Folliesek (1929) «Minnie's Yoo-Hoo» abestia sartu zuen, 1935. urtera arte Mickey Mouseren filmetako abestia nagusia izango zena. Abestiaren sekuentzia bera beranduago berrerabili zen atzeko animazio ezberdin batekin hogeita hamarreko hamarkadako The Mickey Mouse Cluben hasieran bakarrik erakusten zen film labur berezi batean. Pluto, Mickeyren txakurra, Mickeyren maskota bezala agertu zen lehen aldiz The Moose Hunt (1931) filmean, aurretik Minnieren txakur Rover gisa agertu ondoren, The Picnic (1930) filmean.
Mickey Mouse Kultur Eraginean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikono Globala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mickey Mouse ez da soilik marrazki bizidunetako pertsonaia bat; ikono bat bihurtu da mundu osoan. Bere aurpegia eta belarri karakteristikoak Disney enpresaren sinbolo bihurtu dira. Mickeyk kultura globalari eragin dio, eta bere irudia askotan erabili da iragarki, produktu eta bestelako komunikazioetan.
Eskubideak eta Merchandising-a
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mickey Mouse izan da Disneyren merchandising-aren funtsezko elementu bat. 1930eko hamarkadatik aurrera, Mickeyren irudia eta pertsonaia kamisetak, jostailuak, liburuak eta beste hainbat produktutan agertu dira. Horri esker, Disneyk diru iturri handiak sortu ditu eta Mickey Mouse munduko pertsonaia komertzializatuenetako bat bihurtu da.
Ikur Kultural eta Politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Denboran zehar, Mickey Mouse mundu osoko eragin sinbolikoa izan da. Zenbait herrialdetan, bere irudiak adierazpen politiko eta sozialekin lotu izan da. Horrek erakusten du nola pertsonaia sinple bat, hala nola Mickey, mundu mailako ikur bihur daitekeen eta interpretazio anitzak sor ditzakeen.
Lagunak eta Antagonistak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Minnie Mouse
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mickeyren bikotea eta maitasun interes nagusia Minnie Mouse da. Biak 1928an sortu ziren eta beti elkarrekin agertu izan dira. Minnie Mickeyren parekoa da eta biak sarritan abenturak bizitzen ikus ditzakegu.
Donald eta Goofy
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Donald Ahatea eta Goofy Mickeyren lagunik hurbilenak dira. Donald bere izaera zakarrarengatik ezaguna da, Goofy berriz bere zoro hutsa eta umoretsua izateagatik. Hiru pertsonaiek elkarrekin hainbat abentura bizi izan dituzte.
Pete
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pete Mickeyren etsairik ezagunena da, eta Mickeyrekin hainbat film laburretan antagonista bezala agertu da. Pertsonaia hau Mickeyren lehen film laburretan agertu zen eta hasieratik bere arerio handienetakoa izan da.
Ondarea eta Aintzatespenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oscar Sari Berezia (1932)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mickey Mouse-k hainbat sari eta aintzatespen jaso ditu, baina nabarmentzekoa da 1932an jasotako Oscar saria. Walt Disney-ri eman zioten Mickeyren sorrerarengatik, pertsonaia arrakastatsu honek entretenimenduaren munduan izan zuen eragina aitortuz.
Walk of Fame (Hollywood)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1978an, Mickey Mouse-k Hollywoodeko ospearen pasalekuan izar bat jaso zuen, pertsonaia birtual batentzat izar hori jasotzen zuen lehen aldia izanik. Hau Mickeyren kultur garrantzia erakusten duen mugarri bat izan zen.
Etorkizuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun, Mickey Mouse-k oraindik leku nabarmena du entretenimenduan. Disneyk bere irudia erabili du hainbat produktu eta eduki sortzeko, hala nola, bideojokoetan, jostailuetan, parke tematikoetan eta telebistako programetan. Mickeyk, beraz, belaunaldi berrietan ere eragina izaten jarraitzen du eta oraindik ere Disneyren ikur nagusietako bat izaten da.
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Marrazki hauek beranduago erabili ziren, Clarabelle Cow, Horace Horsecollar eta Flip the Frog pertsonaiak sortzeko[6].
- ↑ Hurrengo urteetan "Mortimer Mouse" izena beste pertsonaia batzuei esleitu zitzaion, guztiak Mickey Mousen unibertsoan: Minnie Mousen osaba, hainbat komikitan agertzen dena; Minnieren maitasuna bilatzen duen Mickeyren antagonistetako bati; edo Mickeyren lehengusu Morty.
- ↑ Mickey Rooneyk ahots aktore lanak egin zituen, jada Disneyrena ez zen Oswald Untxiarenak barne, 1931eko bi filmetan[14].
- ↑ John Hench eta Marc Davis Disneyren langileen arabera, hasierako diseinu hau izan zen Mickeyren arrakastaren parte garrantzitsua, askoz dinamikoagoa eta erakargarriagoa baitzen horrela.
- ↑ Walt Disneyren Mickey prototipoak ere horrela diseinatuta daude, batzuetan eskularru arinekin. Frank Thomasek eta Ollie Johnstonek azaldu dutenez, Mickeyren jatorrizko begiek begi-nini txiki bat eta betaurreko batzuen antzeko eremu zuri bat dute.
- ↑ 1927 eta 1928 artean, Robert eta Tom McKimson animatzaileek haurrentzako liburu bat marraztu zuten, Mouse Tales izenekoa, eta bertan Mickeyren oso antzeko saguak agertzen ziren. Eskularru zuriak daramatzate, baina gorputz zuria dute (eskularruak dituen leprechaun batek, berriz, gorputzaren goiko aldea iluna du, eta hanka zuriak «agerian»). McKimson anaiak Disneyko animatzaileen ikastunak izan ziren 1929ko erdialdean, eta marrazkiek sei hamarkada eman zituzten gordeta[22][23].
- ↑ Minstrel show batean, eskularru zuriak erabiltzen dituzte beltz "dandy" baten estereotipoa egiteko, ondo bizi diren zurien bizitza imitatzerakoan[24].
- ↑ Mickeyren The Jazz Fool (1929) Jolsonen filmeen parodia bat da, The Jazz Singer eta The Singing Fool (1928) izenburuen batura eginez. Mickey eta beste pertsonaia batzuetan blackface efektua nabarmenagoa da, bereziki Mickey's Mellerdrammer (1933) filman, Osaba Tomen etxola parodiatzen duena[27].
- ↑ M. Thomas Ingek dio hasierako animazio pertsonaia batzuek minstrelaren ezaugarriak mantentzen badituzten ere, Mickeyk mantendu dituela ondoren kultura beltzeko hainbat elementu, adibidez bere mugitzeko eran[28]. Eskularru zuriak beste pertsonaia batzuetan ere agertzen dira, adibidez Jiminy Cricket, Pinocchio, Bugs Bunny, Woody Woodpecker, Mighty Mouse, Mario, eta Sonic the Hedgehog.
- ↑ Ward Kimball marrazkilariaren arabera, Moore izan zen lehen animatzailea Mickeyren "kautxuzko mahuka eta zirkulu borobila" estiloa hausten.
- ↑ Ward Kimball animatzaileak Mickey berdiseinatu zuen horrelako begiekin Snow White and the Seven Dwardfs 1937ko filmaren jairako. Mooren berdiseinua ondoren beste jai batean erabili zen 1938an eta 1939an film labur batzuetan, adibidez, Mickey's Surprise Party eta The Pointer[37].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Barrier, J. Michael. (2008). The animated man: a life of Walt Disney. (1. paperback printing. argitaraldia) Univ. of California Press ISBN 978-0-520-25619-4. (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ Apgar 2015, 39 orr. .
- ↑ Apgar 2015, 77-78 orr. .
- ↑ Apgar 2015, 53–56, 60–61. orr. .
- ↑ Disney, Walt. (2006). Jackson, Kathy Merlock ed. Walt Disney: conversations. (first edition 2006. argitaraldia) University Press of Mississippi, 120 or. ISBN 978-1-57806-713-8. (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ a b Iwerks, Leslie. (2008-12-17). The Hand Behind the Mouse: The Ub Iwerks Story. Leslie Iwerks Productions, Walt Disney Pictures (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ Apgar 2015, 76-77 orr. .
- ↑ «Mickey Mouse's Magic - Tweentimes - Indiatimes» web.archive.org 2004-01-13 (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ (Ingelesez) Mickey Mouse was going to be Mortimer Mouse – Useless Knowledge. 2010-05-08 (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ Apgar 2015, 45 orr. .
- ↑ «Mickey Rooney» www.grandtimes.com (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ «The Mickey Rooney-Mickey Mouse Myth (Korkis Korner) by Jim Korkis» archive.ph 2014-04-09 (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ Korkis.
- ↑ «The Walter Lantz Cartune Encyclopedia : 1931» web.archive.org 2024-02-22 (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ Apgar 2015, 91-92 orr. .
- ↑ (Ingelesez) Generalist, The. (2020-09-03). «Mickey’s first words» The Generalist Academy (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ Apgar 2015, 12 orr. .
- ↑ (Ingelesez) «Here’s One Thing You Didn’t Know About Disney’s Origin Story» HuffPost 2015-12-10 (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ (Ingelesez) News, A. B. C.. «Lost Inspiration for Mickey Mouse Discovered in England Film Archive» ABC News (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ «Mickey Mouse - TIME» web.archive.org 2008-11-23 (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ Thomas & Johnston 1995, 125–126 orr. .
- ↑ McKimson, Robert; Kricfalusi, John. (2012). "I Say, I Say... Son!": A Tribute to Legendary Animators Bob, Chuck, and Tom McKimson. Santa Monica Press ISBN 978-1-59580-069-5. (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ «Robert McKimson’s “Daffy Doodles” (1946) |» cartoonresearch.com (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ (Ingelesez) «Blackface: The Sad History of Minstrel Shows» AMERICAN HERITAGE (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ Hainbat iturri daude:
- (Ingelesez) Caswell, Estelle. (2017-02-02). «Why cartoon characters wear gloves» Vox (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- «The Minstrel Show Never Faded Away» web.archive.org 2022-11-24 (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- (Ingelesez) Davis, James C.. (2007-06-25). Commerce in Color: Race, Consumer Culture, and American Literature, 1893-1933. University of Michigan Press ISBN 978-0-472-06987-3. (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- (Ingelesez) Sammond, Nicholas. (2015-08-27). Birth of an Industry: Blackface Minstrelsy and the Rise of American Animation. Duke University Press ISBN 978-0-8223-7578-4. (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ a b (Ingelesez) Apgar, Garry. (2014-09-30). A Mickey Mouse Reader. Univ. Press of Mississippi ISBN 978-1-62674-360-1. (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ Reynolds, David S.. (2012). Mightier than the sword: uncle Tom's cabin and the battle for America. (1. publ. as a Norten paperback. argitaraldia) Norton ISBN 978-0-393-34235-2. (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ (Ingelesez) Apgar, Garry. (2014-09-30). A Mickey Mouse Reader. Univ. Press of Mississippi ISBN 978-1-62674-360-1. (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ Thomas & Johnston 1995, 56 orr. .
- ↑ (Ingelesez) «Mickey, Goofy, Donald, Pluto — all have three fingers | San Diego Reader» www.sandiegoreader.com (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- ↑ Thomas & Johnston 1995, 551-553 orr. .
- ↑ Thomas & Johnston 1995, 125-126 orr. .
- ↑ Thomas & Johnston 1995, 127 orr. .
- ↑ (Ingelesez) Apgar, Garry. (2014-09-30). A Mickey Mouse Reader. Univ. Press of Mississippi, 303 or. ISBN 978-1-62674-360-1. (Noiz kontsultatua: 2024-10-20).
- ↑ Culhane, John. (1983). Walt Disney's Fantasia. H.N. Abrams ISBN 978-0-8109-0822-2. (Noiz kontsultatua: 2024-10-20).
- ↑ (Ingelesez) Tribune, Chicago. (1990-09-23). «THE FANTASY OF DISNEY`S `FANTASIA`» Chicago Tribune (Noiz kontsultatua: 2024-10-20).
- ↑ Holliss, Richard; Sibley, Brian. (1986). Walt Disney's Mickey Mouse: his life and times. (First US edition. argitaraldia) Harper & Row ISBN 978-0-06-015619-0. (Noiz kontsultatua: 2024-10-20).
- ↑ Thomas & Johnston 1995.
- ↑ «Arquivo.pt» arquivo.pt (Noiz kontsultatua: 2024-10-21).
- ↑ Apgar 2015, 105 orr. .
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Apgar, Garry. (2015). Mickey Mouse: emblem of the American Spirit. The Walt Disney Family Foundation Press ISBN 978-1-61628-672-9. PMC 852226387. (Noiz kontsultatua: 2024-10-19).
- Korkis, Jim. (2012). Who Is Afraid of the Song of the South?: And Other Forbidden Disney Stories. Theme Park Press ISBN 978-0984341559. OCLC .823179800.
- Thomas, Frank; Johnston, Ollie. (1995). Disney Animation: The Illusion of Life. Disney Publishing Worldwide ISBN 0-7868-6070-7..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez)"Mickey Mouse for president"