Edukira joan

Nerja

Koordenatuak: 36°44′49″N 3°52′44″W / 36.7469°N 3.879°W / 36.7469; -3.879
Wikipedia, Entziklopedia askea
Nerja
Espainiako udalerria
Administrazioa
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Andaluzia
ProbintziaMálagako probintzia
AlkateaJosé Alberto Armijo Navas
Izen ofizialaNerja
Posta kodea29780
INEk ezarritako kodea29075
HerriburuaNerja
Geografia
Koordenatuak36°44′49″N 3°52′44″W / 36.7469°N 3.879°W / 36.7469; -3.879
Map
Azalera85 km²
Altuera26 m
MugakideakCómpeta, Torrox, Frigiliana, Otívar eta Almuñécar
Demografia
Biztanleria21.913 (2023)
463 (2022)
alt_left 10.921 (%49,8) (%48) 10.529 alt_right
Dentsitatea258 bizt/km²
Informazio gehigarria
Ordu eremuaUTC+01:00
Hiri senidetuakSan Juan, Pescia eta Oullins
MatrikulaMA
esnerja.com eta nerja.org

Nerja Málagako udalerria da, probintziako ekialdeko muturrean, Axarquía - Costa del Sol eskualdean dagoena. 2021eko erroldaren arabera 21.018 biztanle ditu. Turismogune garrantzitsua da izan ere populazioaren herena atzerritar jatorrikoa baita, gehienak ingelesak.

1979-1980 artean udalerri honetan Verano azul espainiar telesaila filmatu izanak oso ezagun bihurtu zuen Espainiar Estatuan. Ondasun nabarmenen artean Nerjako leizea dago.

Nerjako udalerria eremu oso malkartsua da. Almijarako mendilerroak hartzen du iparraldea eta itsas mailatik 1.832 metroaraino (Navachica mendia) igotzen da[1]. Mendilerrotik Chíllar ibaia jeisten da eta Nerjan bertan itsasoratzen da[2].

Nerja Málagako probintziaren ekialdeko mugan kokaturik dago, Málaga hiriburutik 52 kilometro ekialdera eta Granada hiriburutik 10 kilometrotako distantziara.

Aurrehistoria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nerjako leizean foka batzuen irudiak aurkitu ziren. Hasiera batean duela 42.000 urte eginak zirela datatu zen eta horrek esan nahiko luke Europako marrazki zaharrenak zirela[3]. 2017an egindako datazioek ordea askoz berriagoak direla zehaztu dute[4].

Goi Paleolitoan (duela 20.000) kokatzen da aurkitu den aurreneko asentamendua. Neolitoko aztarnak ere badaude Nerjako leizean, bai eta kultura argarikoarenak ere.

Antzinako Aroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako Aroan feniziarrek eta ondoren erromatarrek asentamendu ugari egin zituzten Nerja inguruko kostaldean baina ez da orduko aztarnarik aurkitu Nerjan bertan; akuedukto baten zimenduak eta fundiziorako labe bat baino ez.

K.o. 711. urtean musulmanek Guadaleteko gudua bisigodoen aurrean irabazi eta penintsula konkistatzeari ekin zioten. Tremecengo Almacarri historialari musulmanak Naricha toponimoa aipatzen du ("iturburu oparoa"), hortik etor liteke Nerja izena[5].

1487an Errege-erregina katolikoek Málaga konkistatu zutenean populazio islamiar garrantzitsua zegoen Nerjan eta 1492an kanporatu zituzten arte hiru kultura izan ziren herrian; kristaua, judua eta islamiarra. Nerjako Salon hondartzaren izenak iradokitzen du bertatik kanporatuak izan zirela juduak, hauek "Shalom" hitzaz agurtzen baitute elkar. XVI. mendean Nerjako populazioa asko jeitsi zen eta ordukoak dira herrian hain ohikoak diren Moreno, Herrero, Ávila, Jaime eta Leyva abzenak, kristau bihurturiko judutarrenak. Era berean ingurua gaztelarrez, asturiarrez, galiziarrek eta valentziarrez birpopulatu zen eta mugako herria izanik biztanleak armak edukitzera behartu zituzten. Guardia dorrean (gaur egun Europako balkoia) kañoiak ezarri ziren itsasora begira pirata musulmanetatik babesteko[6]. 1515. urtean Nerjak "autonomia eskutitza" jaso zuen eta Vélez-etik bereizi zen. 1567an Alpujarretako Matxinada gertatu zen baina Nerjara iritsi aurretik desegin zen.

Garai istilutsua izan arren XVI. mendean Nerja handitzen hasi zen. Jarduera ekonomiko garrantzitsuena zeta-harren ekoizpena izan zen. Mendearen amaiera lur sail berriak pretatu ziren azukre-kanabera eta melaza ekoizpenerako. XVII. mendearen amaieran Salbatzailearen eliza eraiki zen eta gaztelua berriztu egin zen.

XVIII. mendean Nerjak hobekuntza handiak izan zituen. Kaleak harriztatu ziren, ureztatzeko ubideak eraiki ziren, industria berriak ezarri ziren eta meategiak ere ustiatu ziren. Málagarako eta Almeriarako errepideak eraiki ziren. Garai hartan ardoa, eztia, azukrea eta irinaren merkataritza asko garatu zen. Mendearen amaierarako 8.000 biztanle zituen.

Águila akueduktua.

XIX. mendea Iberiar Penintsulako Gerrarekin hasi zen, izan ere ingelesek eta espainiarrek osaturiko armadak Nerjako gaztelua eta La Torrecilla suntsitu zituizten frantsesak bertan babestu ez zitezen[6]. Andaluziako azukre ekoizpenaren gorakadaren baitan hainbat ingenio eraiki ziren eta azukre-kanaberaz lursail handiak landatu ziren, batez ere Maro inguruan. Burrianako hondartzatik ateratzen zen azukrea eta hara iristen ziren lantegiek behar zituzten lehengaiak. 1873an Martín Larios burgesak San José ingenioa eskuratu eta hobekuntza tekniko handiak egin zizkion[7]. 1879 eta 1880 artean Águila akueduktua eraiki zen ura ingenioetara eramateko[8].

Mendearen amaiera eskasa izan zen ordea. 1884an lurrikara bat izan zen, 1885ean filoxerak mahastiak suntsitu zituen eta Maroko ingenioa erre egin zen. Horren ondoren nerjatar ugarik Hego Amerikara emigratu zuten eta asko hazia zegoen populazioa berriz murriztu zen, mende bukaeran 7.000 biztanletan gelditzeraino.

XX. mendearen hasieran izurrite berriak iritsi ziren (kolera, tifus...), lehorteak izan ziren uztak murriztuz eta lan munduko krisiak iritsi ziren. 400 etxegabe izatera iritsi zen Nerja. 1920. hamarkadan azpiegiturak eraiki ziren eta langabezia jeitsi zenez hamarkada ona izan zen. Espainiako Gerra Zibilean aire bonbardaketak jasan zituen eta nerjatar askok Almeríarako errepidetik ihes egin zuten. Frankistek herria hartu zuten eta fusilamendu ugari izan ziren hurrengo asteetan.

1959. urtean Nerjako leizea aurkitu zen[9]. Honek prentsa eta turistak erakarri zituen eta herriak turismoa jorratzea erabaki zuen, batez ere 1968an azken azukre ingenioa itxi zenean. Costa del Sol kostaldearen boom turistikoaren parte izan zen eta populazioa nabarmen igo zen, 1970an 8.500 biztanle izatetik hamar urtetan 11.500era pasa zen. 1979-1980 artean udalerri honetan Verano azul espainiar telesaila filmatu zen Nerjan[10] eta Espainiar estatuan soilik ez, nazioartean ere ezagun egin zen, telesaila Angolan, Aljerian, Bulgarian, Frantzian, Kroazian, Polonian, Portugalen, Txekoslovakian eta Hego Amerikan ikusi baitzen.

Nerjak 21.018 biztanle ditu (2021) eta dentsitatea 247,61 biz./km² da. Nerja herriaz gain Maro izeneko pedanía bat du, 762 biztanle dituena. Erresuma Batutik etorritako 3.030 pertsona bizi dira bertan eta 630 alemaniarrak.

2003 eta 2011 artean Emma Hall Residentes Extranjeros (atzerriko biztanleak) alderdiaren inegotzia izan zen Nerjako udalean[11].

Nerjako udal gobernua 21 zinegotzi eta alkateak osatzen dute. Gaur egungo alkatea José Alberto Armijo (PP) da, 1995etik alkate izan dena (2015-19 agintaldian ezik). 2019an alkatetza berreskuratu zuen Vox-en zinegotzi bakarrak lagunduta[12]. Aurreneko alkatea ordea alderdi komunistako Antonio Jiménez Gálvez izan zen[13].

Nerjako jarduera ekonomiko nagusia turismoa da zalantzarik geba. Nekazaritza ere badu eta klima suabea izanik fruitu tropikalak landatzen dira, txirimoia, ahuakatea eta mangoa besteak beste[14].

2011. urtean, Europako Justizia Auzitegiak ebatzi zuen Nerjak oraindik ez zituela hondakin urak arazten. Betebehar hori 2000. urterako bete beharrekoa zen.[15]

Ondasun nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nerjako leizea.
  • Nerjako leizea
  • Europako balkoia
  • Águila akueduktua
  • El Salvador eliza
  • Verano azul ibilbidea: Telesailarekin zerikusia duen bost puntutako ibilbidea da, garrantzitsuena "La Dorada", Chanqueteren itsasontzia[10]
  • Hondartzak: 14 kilometro hondartza ditu Nerjak; Playazo, el Chucho, la Torrecilla, el Salón, la Caletilla, Calahonda, el Chorrillo, Carabeo, Carabeillo eta Burriana.

Karmengo Amaren jaiak ospatzen dira uztailaren 15, 16 eta 17an. 16a da egun nagusia. Amabirjina prozesioan ateratzen da eta txalupan Europako balkoiaren azpiraino ekartzen da[16].

Andaluzia kostaldeko gastronomia tipikoa du, arrainak eta fruitu tropikalak dira protagonista. Nerjako plater tipikoak honako hauek dira: ajoblnaco con uvas, ajocolorao, azukre eztizko batallitak, Nerjako aza, bokeroiak oliozpinetan, antxumea nerjar erara, kuia frijitua, ahuakate entsalada, arbendol zopa...[17]

Aipatu bezala 1979-1980 artean Verano azul telesaila grab atu zen, baina izan dira beste grabaketa batzuk ere. Channel 4 kate britainiarrak "A place in the sun" telesaileko atal bat egin zuen bertan[18].

Herriko kirol talde nagusia Club Deportivo Nerja da, 1965ean sortu zena. Futbolean Andaluziako preferente mailan jokatzen du[19].

Atletismoak ere indar handia du. Club Nerja Atletismo Málagako probintziako talde handienetakoa ezezik Estatu mailan ere arrakasta ugari lortu dituena da. Espainiako txapelketatan taldeka 29 aldiz izan da txapelduna eta bakarka 182 urrezko domina eskuratu dituzte Nerja taldeko atletek (2020 arteko datuak)[20].

Ur kirolen aukera zabala dago, udako hilabetetan batez ere; kaiak, buzeoa, esnorkela, surfa, kitesurfa, ur-motoak...[21] Senderismoa ere egin daiteke. Badira ibilbide prestatuak, Navachica mendira igotzeko[1] edota Chíllar ibaian behera jeisteko[2]. Parapentea eta puentinga ere egin daiteke[21].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b (Gaztelaniaz) «Ruta Al Navachica desde la Fuente del Esparto» www.visitacostadelsol.com 2022-09-18 (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).
  2. a b «RIO CHILLAR» Wikiloc | Munduko ibilbideak (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).
  3. (Gaztelaniaz) Ramos, Javier. (2017-06-20). «Las Cuevas de Nerja (Málaga) y sus 25.000 años de historia» www.lugaresconhistoria.com (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).
  4. (Gaztelaniaz) guiademalaga. (2018-02-08). «Cueva de Nerja, de las cuevas más espectaculares de España.» Guía de Málaga (Noiz kontsultatua: 2022-10-01).
  5. (Gaztelaniaz) «Reseña de Maro» Portal de Turismo de Nerja (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).
  6. a b «Castillo del Balcón de Europa» www.redjaen.es (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).
  7. «Larios y Herreros, Martín (1789-1874) - ARCHIVO UMA» archivocti.uma.es (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).
  8. (Gaztelaniaz) «Acueducto del Águila e Ingenio azucarero de San Joaquín (Patrimonio hidráulico)» www.malaga.es 2022-09-18 (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).
  9. (Gaztelaniaz) «Conoce todo sobre la cueva de Nerja» Nerja Turismo (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).
  10. a b (Gaztelaniaz) «Cinco sitios que debes visitar en Nerja si eres un fan de ‘Verano Azul’» Diario Sur 2017-07-01 (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).
  11. (Gaztelaniaz) Hoy, Málaga. (2016-06-19). «"No entiendo a los que quieren irse de la UE si se han ido de Inglaterra"» Málaga Hoy (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).
  12. Press, Europa. (2019-06-15). «José Alberto Armijo (PP) recupera la Alcaldía de Nerja con el voto de Vox, que no gobernará» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).
  13. (Gaztelaniaz) Tristán. «El laberinto urbanístico de Maro (y 4). La especulación urbanística de la casa Larios» revistaelobservador.com (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).
  14. (Gaztelaniaz) «D.O.P. Chirimoya de la costa tropical de Granada-Málaga» www.mapa.gob.es (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).
  15. «El Tribunal de Justicia Europeo declara que España incumple la Directiva de Tratamiento de Aguas Residuales», iAgua, 2011-04-15. Eskuratze data: 2011-04-26.
  16. (Gaztelaniaz) «Virgen del Carmen en Nerja. Patrona del Mar» Nerja Turismo (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).
  17. «Webmalaga.com, Málaga en la Red: La web de Málaga - Gastronomía» web.archive.org 2013-08-01 (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).
  18. (Gaztelaniaz) «La cadena británica Channel 4 elige Nerja para grabar su programa 'A place in the sun'» Diario Sur 2020-12-02 (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).
  19. (Gaztelaniaz) «CD Nerja Fundación: Toda la info, noticias y resultados» es.besoccer.com (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).
  20. (Gaztelaniaz) «Historia» Club Nerja de Atletismo (Noiz kontsultatua: 2022-10-24).
  21. a b (Gaztelaniaz) Sol, Costa del. «Nerja, paraíso del turismo activo y los deportes acuáticos» blog.visitacostadelsol.com (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]